Musika eta doinuak, denboraren harian

2018-06-07

* Familian gozatzeko kultur proposamenak Garbiñe Ubeda kazetari eta idazlearen eskutik

Gure alaben haurtzaro xamurrenak arantzatxo bat du niregan, min txikitxo bat, geroztik zer pentsa eman izan didana sarri. Min txikitxo horrek damua du sorburua: nekeagatik, unean uneko ezintasunagatik, ohituretan herren ibiltzeagatik edo dena delakoagatik, ipuinik gutxi irakurri izana, bereziki oheratzerakoan. Batek daki zenbat ate berri zabalduko genizkiokeen unibertsoari, zenbat zulo beltz argituko genituzkeen, nire kantu marmarraren ordez, euskaraz dagoeneko mordoxka ditugun album eder horietan barrena murgiltzeko aukerari serioago heldu izan bagenio.

 
 
Musika eta doinuak, denboraren harian

 

Damuak damu, halakoxeak izan ziren geure ilunabarrak, istorioez urri eta musikaz aberats, notarik nota hartzen zuelako loak bere bidea, xaramelak gidatuta, gure etxeko bi neskak nini izan ziren bitartean. Ez genuen musika-estiloetan bereizketarik egin, ez diskriminazio positiborik bilatu ere, haurrentzat espresuki sorturiko abestien alde. Sinpleki, galbaheari uzten genion ardura, bertsolariari gai librean jardutea eskatzen zaion moduan, atera zezan kapritxozko perla, bota zezan segidatxo bat, egungoa nahiz iraganekoa, motela edo alaia, ona edo ez hain ona –egia esan, horrek axola handirik ez–, egoerara egokitutako doinuan abesteko… 

Hura gogora ekarrita, neroni ere seko harritzen naiz batzuetan, garaiaren eta zirkunstantzien testigu izandako pieza esanguratsu gehienak bihurtu baikenituen sehaska-kanta, geure bizitzako soinu-banda osoak izan zuen tokia. Lerrook idazten jarrita, irribarre zabalak egiten dit ihes, txikitan ikastolan ikasitakoak, musika-akademian irakatsi zizkigutenak nahiz irratian, kalean, kontzertuetan edo nonahi entzundakoak tartekatzen genituelako gaurik gau, anabasa bitxian, kronologia lineala zer den ahantzi izan balitzaigu bezala: gaur, Kortaturen La linea del frente edo Sarri, Sarri; bihar, Galtzaundiren bertsoak edo Ikusi nuanian abesti jostaria, Tolosako inauteriak gogoan; etzi, Guk taldearen Ekhi eder edo Argoititarren Alarguna; eta etzi damu, Bide Ertzean-en Geratzen zaigun denbora, edo Nire Aberriaz, Mikel Ibargurenen poeman oinarritua… Aitortu dudan bezala, erreparorik gutxi izan dut galbahetik zetorkidanari heltzeko eta moldatzeko.

Honenbestez, nire bizitza musikatu duen soinu-banda xehatzera behartzen nau ariketak; aldez edo moldez, arrastoa utzi didaten autoreak hemen eta orain aipatzera. Parrastada bat bota nezake agudo eta batere nekerik hartu gabe (Silvio Rodriguez, The Smiths, Niko Etxart, Ramones, The Cramps, Dr Feelgood, The Clash, Xabier Lete, Mikel Laboa, Cesaria Evora, The Cramberries, George Moustaki, Aretha Franklin, Anari...), hain baita luze-zabala hainbeste urtean metatu daitekeena –38 nituen alaba zaharrena jaio zenean–. Nire gustuen goraipamena egin beharrean, ordea, gomendio xume bat luzatu nahi nuke talaia honetatik: egin beza bakoitzak bere soinu-banda. Norberak bila dezala abagunea, memorian jasotzeko bezain garrantzitsu izan diren doinuak haurren artera plazaratu eta unerik goxoenean partekatzeko. Zer dira ba abestiak, sentimendu baten edo unean uneko aldartearen adierazlerik garbienak ez badira? Eta zer dira ba gaueko ipuin-kontaketak, istorio baten aitzakian egiten den konexio sentimentala baino?

Arraroa izan liteke sentsazioa, baina baita aberasgarria ere. Lehengo bizipenak transmititzeaz gain, bizipen berriak kutsatzen zaizkiolako doinuari, eta belaunaldi arteko denbora-lerro iraunkor bat josten duelako, guztiz etxekoa, propioa eta transferiezina. 

Denborak gauza bakoitza bere tokira itzultzen omen du. Egia biribila. Alabek, handitzearekin bat, sehaska-kanta gisa eskaintzen nizkien doinuen jatorrizko bertsioak ezagutu dituzte apurka-apurka, eta ekidinezina zena gertatu da: abestea “debekatu” didate. Ezin dut doinurik atera, nire kolkorako ez bada. Ez noa esatera zergatik, seme-alaba nerabeak dituen edonork ulertuko baitit.

Kantu asmoko marmarren ordezkoak

Hain zuzen, nerabezaroa iristen ari zitzaiela deskubritu zuten Go!azen. Telesail horren bueltan egin den saga osoak hartu du geroztik, nire kantu asmoko marmarraren ordezko protagonismoa, bereziki lehen bertsioak, telebistan emititzen ari ez zirenean DVDak jartzen baitzituzten noiznahi, baita oheratu aurretik ere. Hartan kontatu zirenak, Irati eta Beñaten arteko maitasun ezinezkoa, Gorka handiustearen sakoneko bakardadea, edota Julenen rola, irakasle jator eta ulerkorra izatearen garrantzia –apaiza izanagatik ere–… Korapilo estereotipatu haiek denak behin eta berriz ikusi, hausnartu eta murtxikatu ditugu etxean elkarrekin. 

Asperraldian balio izan digute, eta berdin arrangurak eztitzeko ere, edo besteen jokamoldeetatik ikasteko, kantuen bidez transmititu daitekeenaz ohartzeko. Ez dut esango Go!azen perfektua denik, eta are gutxiago gustuko izan dudanik beti, baina horra hor guraso honen erronka: besteena epaitzeari uztea; bere garaian galbahetik zetorrenari egin bezala, bere horretan hartzea.

Iragan ziren iragan, Go!azen-ek eragindako sukarrak. Gaur haren senide Bagoaz!-ek harrapatu gaitu amuan, eta ostiraletako emisioek dute geure etxeko martxa guztiz baldintzatzen. Sinetsi nahi nuke jaio ziren egunetik beretik eman diegun doinu-bildumak, nola hala interpretatua izanik ere, eman duela fruiturik, musikazale porrokatuak eta estilo aldetik mania handirik gabekoak izaki, biak ala biak.

Eta musikari aparteko pribilejioak aitortu badizkiogu ere, ezin aipatu gabe utzi pantaila handiak eskaini dizkigun plazera eta hizketarako gaia. Azkar batean, hiruzpalau film aipatuko nituzke. Lehenik eta behin, elkarrekin ikusi berri duguna, Stephen King-en liburuan oinarritutako superprodukzioa: It. Ongi egina delako, beldurrak baduelako bere funtsa, zineman garrasi egiteaz harago. Bigarrenik, Urte berri on amona. Sinpleki, mundiala. Behin eta berriz ikusitakoa. Hirugarrenik, Papa ou maman, frantses komedia bikaina. Banantzekotan diren senar-emazteek sekulakoak eta bost egingo dituzte beren hiru seme-alaba jasanezin eta gaizki heziak ardurapean ez hartzeko, dibortziatu ostean. Eta laugarrena, Totoro, marrazki bizidun film japoniarra, DVDn eta euskaraz deskubritu genuena. Inozentzia eta natura goraipatzen dira lan eder honetan, baita familia eta adiskidantza ere. Eder-ederra.