Nola eragiten du egungo moda-ereduak gazteengan?
* Maddalen Aduriz moda eta berdintasun hezitzailearen eskutik
Gaur egungo moda gure gizartearen egitura sozialaren zein ekonomikoaren isla da, eta esan daiteke gizartean nagusitzen den moda-ereduak zapaldu egiten gaituela. Gure gizartean gertatzen diren zapalkuntzak eta botere-harremanak erreproduzitu egiten dira, batik bat emakumeonganako indarkeria eta zapalkuntza. Egun dugun moda-eredua, beraz, sistema heteropatriarkal-kapitalistak bizirauteko ezinbestekoa duen tresna da, harekin betikotzen baititu sexu-, genero- eta sexualitate-rolak.
Lan-esplotazioa
Industria feminizatua dugu moda-industria, eta ez da kasualitatea. Irabazi gehien ematen dituen industrietako bat izan arren, langileei gutxien ordain-tzen dien industria da, eta esparru horretako langileak dira baldintza txarrenetan lan egiten dutenak; kontuan izan behar da, gainera, langileen % 80 emakumeak direla. Joskintza, historikoki, emakumeok esparru pribatuan egin dugun lana izan da, etxeko lanekin eta zaintza-lanekin batera. Gaur egun, gutxietsitako lanbidea da, eta, hori ulertzeko, beraz, kontuan izan behar da historikoki emakumeokin erlazionatu izan dela. Europan kontsumitzen ditugun jantzien % 70 Asian, Afrika iparraldean eta Europa ekialdean ekoizten dira. Jantzi horiek leku horietako emakumeek egiten dituzte, esklabotza-egoeran, batik bat neska gazteek eta umeek. Deslokalizazioaren atzean eskulan merkea ezkutatzeaz gain, modako lobbyek lan-eskubiderik ez duten edota eskubide lausoak dituzten langileen herrialdetara jotzen dute. Horren adibide dugu Rana Plaza (Bangladesh) eraikina erortzean hil ziren 1.137 langileen kasu larria, 2013ko apirilaren 24an gertatua; moda-saltoki ezagunentzat aritzen ziren josten eraikin horretan. Hori gutxi balitz bezala, gertakari horren harira egin diren mobilizazioak isilarazi egin dituzte, eta zapaldu egin ditu horrelakoak Bangladesheko estatuak; horrek agerian utzi du leku horietako gobernuak moda-multinazionalen esku daudela.
Gorputzaren aniztasuna
Jantziak ekoizten dituzten herrialdeetako emakumeak esklabo gisa etengabe lanean ari diren bitartean, herrialde kontsumitzaileetako emakumeok haiek sortzen dituzten arropak erosten ari gara, eta, beraz, emakumeon aurkako indarkeria kontsumitzen dugu etengabe.
Herrialde horietako emakumeak zapaltzeaz gain, gorputzen esklabotzaren aroa bizi dugu hemen. Publizitate sexistaren bitartez, behin eta berriro gorpuzten dugu emakumeon aurkako indarkeria sinbolikoa. Emakumeok argalak, gazteak, lirainak, ilerik gabeak, zelulitis gabeak, zimurrik gabeak... izan behar dugula adierazten digute, gizonentzako objektu desiragarriak, finean. Gaur egun gure gorputzekin dugun harreman gatazkatsura garamatza horrek, gure indarrak gure gorputza aldatzera bideratzera, dieta amaigabeak eginez, gimnasiora joanez, kosmetiko garestiak erabiliz, ebakuntzak eginez… Muturreko kasuetan, gaixotzera ere iristen gara. Horren erakusgarri da anorexiarekin, bulimiarekin eta elikadura-arazoekin lotutako kasuem kopuruak horren modu larrian igo izana. Saltokietako jantzien neurriak ez dira marketineko neurriak besterik, etxez etxe aldatzen direnak; patroigintza industrialean, altuera jakin bati zabalera eta proportzio jakin batzuk dagozkio. Hala ere, ez da erraza zabalera, proportzio eta altuera horiekin bat egitea, kasu gehienetan jantziak ez baitira egokitzen gure gorputzetara. Horrez gain, neurri industrial horietatik abiatuta, saltokiek nahi dituzten neurriak ahalbidetzen dituzte, gure barne-estimuarekin jolastuz gehiago saltzeko. Neurriak handitzen dituzte, esaterako, gure neurriak txikiagoak direla sinestarazteko. Gure gorputzak neurri batekin edo beste batekin parekatzea, normalen edo handien kategorietan sartzea, ez da gorputzen aniztasuna ezkutatzeko trikimailua besterik, eta estereotipoen presioa eta gure gorputzekiko indarkeria zabaltzen ditu.
Sormena
Sormenari dagokionez, joerak inposatu egiten dira. Modak dakartzan joera horien esklabo bihurtzen gara gehienok, horretarako arropa asko erosiz eta botaz, erosiz eta botaz, jantzi horiek beren bizi-zikloaren bukaerara heldu aurretik. Askotan, joera horietatik aldentzen saiatzen gara, baina beste joera batzuk sortzen ditugu, eta moda bihurtzen dugu dena. Modaren lobbyek gizartean dauden joera, talde eta mugimendu guztiak asimilatzen dituzte; hippyak, hipsterrak, punkyak, ekologistak, feministak... Horixe adierazten du, esate baterako, Inditex dendak lelo feministak dituzten kamisetez bete izanak. Baina ez dugu ahaztu behar horrek barnean biltzen duen kontraesana.
Pertsonok dugun komunikazio-tresna indartsuenetakoa da moda, huraxe baliatzen baitugu klase edo talde baten parte sentitzeko, edota besteengandik bereizteko ere. Gure janzteko moduarekin, gauza anitz komunikatzen ditugu, edo zenbait mezu helarazteko ere baliatzen dugu janzkera: zer alderdiri ematen diogun bozka, zer musika entzuten dugun, zer liburu irakurtzen ditugun, zein den gure bizi-filosofia, zer-nolako harremana dugun gure buruarekin, gorputzarekin... Horren ondorioz, oso zaila da gizarteak modaren bitartez ezartzen dizkigun mugak apurtzea. Izan ere, marra gorriak gailentzen baditugu, gizartean ezartzen zaigun kontrol sozialaren bitartez zigortuko gaituzte gure lanean, eskolan, familian, kuadrillan, taldean edo ezezagunen artean, begiradaren bidez, esaterako.
Emakumeon kasuan, zoriontasuna gure edertasunean, itxuran, apaintasunean... oinarritzen dute, gure balio garrantzitsuena eta bakarra horixe balitz bezala. Hori dela eta, emakumeok emakumeoi bideratutako produktuetan, pink tax deritzon prezio gehigarria ordaintzen dugu. Gure gorputzak maitatzen ikasi beharrean, gure gorputza aldatu eta modu jakin batean apaindu behar dugula sinestarazten digute gizon heterosexualen neurrira sortutako kanon estetikoek, gure hutsune emozionalak arroparen eta kosmetikaren kontsumoak aseko dituelakoan. Beti ongi orraztuta, margotuta, jantzita… egon behar dugu. Ez gehiegi, txolinak edo irrigarriak izan ez gaitezen. Baina ezta gutxiegi ere, narrasak, utziak izan ez gaitezen. Gure gorputza erakutsi behar dugu. Ez gehiegi, “putak” izan ez gaitezen, baina ezta gutxiegi ere, gajoak izan ez gaitezen... Bestalde, argi dago modaren kontsumoa erabat feminizatuta dagoela, bai eta harekin lotutako aisialdia nahiz sormen-lana ere. Ez da harritzekoa, beraz, modari lotutako aisialdiak gizartean duen balio gutxietsiak emakumeokin lotura zuzena izatea. Nabarmena da, balioen eskalan, maskulinoaren eta femeninoaren mailaketan, kontsumo nahiz aisialdi maskulinizatuak (teknologia, autoak, futbola...) kontsumo zein aisialdi feminizatuen gainetik daudela.
Ingurumena
Moda-industria da kutsadura gehien sortzen duen sektoreetako bat. Lehengaien ekoizpen masiboak nahiz erabiltzen diren pestizidek izugarrizko ondorio kaltegarriak dituzte ekosisteman. Lehengaiak ehuntzeak eta haien tindatze kimikoek kalte handiak eragiten dituzte zeregin horietan lan egiten duten langileen zein ingurumenaren osasunean. Herrialde horietako errekak eta ibaiak kolore batekoak edo bestekoak izaten dira, industrietan lantzen dutenaren arabera. Oihalak mozten eta josten aritzen diren langileek ere osasun-arazo larriak izaten dituzte, ehunen hauts kutsakorra arnastearen ondorioz. Horrez gain, kutsadura handia eragiten du deslokalizazioak bultzatutako etengabeko garraioen joan-etorriak. Hori gutxi balitz bezala, oihalek dituzten toxikoek ere osasun-arazoak sortzen dituzte arropa horiek janzten ditugunongan. Kontsumo basatiak ahalbidetzen duen “erosi eta bota” ziklo ez-jasangarriak izugarrizko zaborra sortzen du. Gizartean kutsaduraren inguruan sortu den kezkaren aurrean, modako multinazionalek green washing deritzon marketineko estrategia baliatu dute, beren irudia “berdez” garbitzeko, bilduma ekologikoak ekoitziz, arropa zaharrak birziklatzeko kanpainak bideratuz... Kontuan izan behar dugu, ordea, gaur egun jantziek konposizioaren aldetik duten nahasketa dela eta, ia ezinezkoa dela birziklatzea, horretarako jantziek zuntz mota bakarra izan behar baitute.
Aukerak:
- Kontsumo-kultura kontzientea
Moda-eredu nagusiaz gain, hasiak dira beren lekua egiten beste eredu batzuk ere, jasangarritasuna helburu duten diseinatzaile zein markak sortzen ari baitira. Horren adibide ditugu hemen sortu diren eta hemen ekoizten duten diseinatzaileak. Ezin ahantz dezakegu gaur egungo moda-sistema salatu eta beste balio batzuk bultzatzen dituzten mugimenduen eta eragileen lana ere. Hor ditugu, esate baterako, Setemek bideratzen duen “arropa garbia” kanpaina edota Fashion revolution mugimendua.
Ezinbestekoa dugu kontsumo-kultura kontzientea zabaltzea eta balio horietan heztea. Jantzien atzean dagoen historia ikusten ikasi behar dugu, bai eta duten balioa ematen ere. Argi utzi behar dugu arropa merkeen prezioa ez dela erreala, prezio horien atzean lan-indarraren zapalkuntza ezkutatzen baita. Kontsumo basatia bultzatzen duten moda-lobbyei planto egin behar diegu, batetik, eta presio kolektiboa egin behar dugu, bestetik. Zer, nola eta zergatik erosten dugun aztertu behar dugu; etiketak irakurri behar ditugu, non josi diren, zer zuntzekin egin diren... jakiteko. Beharren eta desioen arteko hausnarketa egin behar dugu, eta jarrera kritikoa garatu behar dugu, gure autoestimuarekin jolas egin ez dezaten eta gure hutsune emozionalak kontsumoaren bitartez asetzeko beharrik izan ez dezagun. Gorputzen aniztasuna ikusarazi behar dugu, eta gure gorputzak maitatzen eta horiekin gozatzen ikasi. Joeren bitartez sistemak ezartzen dizkigun feminitate- eta maskulinitate-rolak zokoratzeko, gure sormen propioa garatzen hasi behar dugu. Gure aitona-amonen, gurasoen... jantziak berreskura ditzakegu, duten balio sentimentalari helduz eta, bide batez, geure eginez, gure gorpu-tzetara moldatuz eta gure izaerarekin pertsonalizatuz. Arropa truka dezakegu gure lagunekin, edo truke-azoketan parte har dezakegu. Saltoki handietan kontsumitu beharrean, bigarren eskuko dendetan kontsumi dezakegu, eta, bide batez, jantziei beste bizitza bat eman diezaiekegu horrela, berdina ala desberdina... Edo, beste balio batzuetan oinarrituta, sorkuntza-prozesua zein ekoizpena hemen gauzatzen duten diseinatzaileei eros diezaiekegu.
- Joskintza, jabekuntza feministarako tresna
Joskintza historikoki emakumeek esparru pribatuan egiten zuten lana izateaz gain, emakume askorentzat beste emakume batzuekin elkartzeko eta sozializatzeko esparru bakarra zen, saretzeko baliatzen zutena. Gure aurreko belaunaldietako emakumeen ezagutza berreskuratzeko eta horri duen balioa emateko aukera paregabea dugu, jabekuntza feministarako oso tresna baliogarria baitugu joskin-tza. Josten ikasteak aukera ematen digu neurrien kontua zokoratzeko, joeren inposaketari zein estereotipoei uko egiteko nahiz moda-multinazionaletan ez kontsumitzeko. Gure gorputzak jantzietara egokitzen saiatu beharrean, gure gorputzera egoki-tzen diren jantziak egin ahal izango ditugu, ikusezinak diren gorputzen aniztasuna ikusaraziz eta aldarrikatuz. Gure sormena, nahiak, ideiak, izaera... eraiki eta gorpuztu ahal izango ditugu. Horrez gain, jantziak bota beharrean, konpondu, eraldatu zein pertsonalizatu ahal izango ditugu, bizitza berri bat emanez. Jantziak egiteak, konpon-tzeak, eraldatzeak nahiz pertsonalizatzeak dakarren sormen-prozesu osoa gure eskuekin egin ahal izateak jabekuntza zein autonomia izugarria adierazten du, bai eta aisialdiaz gozatzeko aukera ederra ere; eta modu kolektiboan bada, hobe.
- Hezkidetza
Eskoletan, hezkuntza formalari erreparatzeaz gain, gero eta garrantzi handiagoa ematen ari gara hezkidetzari. Gazteak bere banakotasun nahiz berezitasunaren arabera hezi nahi baditugu eta ez irizpide sexisten arabera, ezinbestekoa dugu, beste arloak lantzen ditugun moduan, modaren eragina ere lantzea. Modak sexu-genero-sexualitate sistema hierarkikoaren eraikuntzan duen eragina aztertu behar dugu, baita sor dezakeen indarkeria sinbolikoa ere. Testuinguru heteronormatibo eta patriarkal honetan gazteek identitatearen auto-eraketa dinamika malgu eta moldagarri bat garatzeko aukera eta askatasuna izan dezaten baliabide praktikoak eskaintzea behar beharrezkoa dugu. Moda-ereduak bul-tzatzen duen estereotipo hertsi nahiz dikotomikoaren aurrean, estereotipo horiek apurtzeko transformazio dinamikak martxan jar ditzakegu, emakume eta gizonei ezartzen zaizkigun rol zein jarrerak trukatuz eta zalantzan jarriz, adibidez. Kontsumo eredu basatiaren aurrean bestelako kontsumo ereduak ezagutarazi eta praktikan jar ditzazkegu. Gure gorputzak diren moduan onartu eta maitatzeko lanketa ezberdinak martxan jar ditzazkegu, edertasunaren inguruko eztabaida sustatuz, gorputzen aniztasuna ikusaraziz, autoestimua lantzeko ariketak eginez... Eta, nola ez, genero estereotipoetatik kanpo, norberak bere identitate propioa sortzeko aukera izan dezan joskintza lantzea aukera oso egokia izan liteke.