Maru Solores: “Ez da dokumental didaktikoa izango, xedea hausnarketa bultzatzea da"

2018-10-22

‘Aztarnak’ dokumentala ari da prestatzen, gogoratu ez arren gugan arrasto sakona uzten duten urteen inguruan. Crowdfunding kanpaina abiatu berri du finantzatzeko.

 
 
Maru Solores: “Ez da dokumental  didaktikoa izango,  xedea hausnarketa bultzatzea da"

 

‘Bizitzako lehen urteak, gogoratzen ez ditugunak, baina gugan aztarna sakona uzten dutenak’ landu nahi dituzu dokumentalean. Nondik sortu da proiektua?

Umetoki barneko bizitzatik hasi eta bizpahiru urte arteko fase hori landu nahi dut, bai. Dena dela, proiektua egiteko gogoa ez zitzaidan sortu ama izatean, geroago baizik. Egia da garai hartan gaiari buruz asko irakurtzen nuela, edoskitze taldeetan parte hartu nuen, hazieraren inguruan hausnarketa egiteko eta sustatzeko Aska taldeko kide nintzen... eta informazio asko pilatu nuen. Horrekin guztiarekin zerbait egin nahi nuela pentsatu nuen. Eta duela pare bat urte hasi nintzen proiektu honekin.

Hainbat aditu esanguratsu elkarrizketatu dituzu dokumentalean. Laura Gutman, Michel Odent, Cristina Aznar eta Ramon Mauduit, Eulalia Torres de Bea, Xabier Serrano... Esan daiteke guztiak ere errepestuan oinarrituriko hazieraren ildokoak direla. Gugan utziriko aztarnak ahalik eta positiboenak izateko bidea hori da, agian?

Dokumentalarekin ez dut plantea-tzen esatea ‘haurrak horrela hazi behar dira gero pertsona heldu zoriontsu eta solidarioak izateko’, ez. Dokumentalarekin, batez ere, hausnarketara bultzatu nahi dut jendea. Gainera, ez dago formula magikorik haurrak horrela edo hala hazi behar direla esateko, edo beste modu hartara eginez gero pertsona hobeak izango direla. Ez da hori asmoa, ez da dokumental didaktiko bat. Batik bat nire hausnarketa pertsonal bat da, daukagun informaziotik eta zientziak eginiko ikerketetatik atera ditugun ondorioetatik abiatuta. Ikuspegi artistikoa izango du proiektuak, eta nahi nuke horrek balio izatea ez erantzunak emateko, baizik eta galderak sortzeko. Egia da, gainera, galdera horiek gero eta gehiago ari direla sortzen gizartean, eta iruditzen zait momentu ona izan daitekeela lan honentzat.

Crowdfunding kanpaina abiatu duzue proiektua finantzatzeko.

Orain arte zoriotxarrez erakundeetan ez dugu babesik aurkitu, eta, beraz, crowdfunding-aren bidea abiatu dugu. Baina ez da crowdfunding kanpina arrunt bat izango, baizik eta Gipuzkoako Aldundiaren baitan dagoen Meta programaren barruan egingo dugu. Aldundiak kulturarekin loturiko 15 proiektu aukeratzen ditu, eta irailaren 18an denok batera hasi dugu kanpaina; bakoitzak bere aldetik, hori bai. Berezitasuna da Aldundiak jendearen diru ekarpenak bikoiztu egiten dituela, baldintza batzuekin eta muga batzuekin; gehienez 100 euro ematen dituzte ekarpena egin duen pertsona bakoitzeko, eta proiektu bakoitzeko gehienez 4.000 euro pasatxo jartzen ditu Aldundiak. Egia esan, aukera polita da.

Urriaren 27an amaituko da kanpaina, eta ekarpenak www.goteo.cc/aztarnakhuellaseu plataformaren bidez egin daitezke. Gutxieneko bat lortu behar da; ez bada lortzen, Aldundiak atzera botatzen du proiektua eta jendeari dirua itzuliko zaio. Gutxienekoa lortuz gero, bigarren txandara pasako ginateke eta beste 20 egun izango genituzke kanpainarekin jarraitzeko.

Noiz ikusiko du argia ‘Aztarnak’-ek?
2019n grabaketak egitea nahi nuke, kanpainarekin ateratzen dugun diruarekin. Eta 2020 hasierarako-edo amaitzea postprodukzio lanak.