EUSKARALDIA. Herritarren hizkuntza ohituretan eragiteko ariketa soziala

2018-11-13

Egun gutxi falta dira Euskaraldia hasteko, Euskal Herriko milaka herritar elkarrekin ariketa kolektibo batean murgiltzeko. Azaroaren 23tik abenduaren 3ra bitartean, hamaika egunetan, Ahobizi eta Belarriprest txapak soinean jantzita ibiliko dira. Denak erronka berarekin: euren hizkuntza ohiturak aldatzea, euskaraz jende gehiagorekin hitz egitea. Esperimentu honen oinarri teorikoak ezagutzeko aukera izan du Hik Hasik Pello Jauregi Euskaraldiko sortzaileetako batekin egonda. Eta horrekin batera, 2016an ariketa kolektibo hau egin zuten herrian izan da: Lasarte-Orian. Orain bi urteko esperientziaren nondik norakoak kontatu dizkigute eta aurtengo erronka berriarenak ere bai: 12-16 urteko gazteekin ikerketa egitera doaz.

 
 
EUSKARALDIA. Herritarren hizkuntza ohituretan eragiteko ariketa soziala

Guztion artean hizkuntza ohiturak astintzera goaz!”, irakur daiteke Euskaraldiaren webgunean. Horixe da, hain zuzen ere, Euskaraldiaren muina: herritarren hizkuntza ohituretan eragitea. Azaroaren 23tik abenduaren 3ra bitartean Euskal Herriko milaka herritarrek euren hizkuntza ohiturak aldatzeko konpromisoa hartuko dute Ahobizi edota Belarriprest izanez. 400dik gora herri eta Euskal Herri osoko erakunde publikoak sustatzaile direlarik, Soziolinguistika Klusterrak ariketa sozial honen ikerketa lana egingo du. Batetik, hizkuntza ohiturak aldatzeko prozesuak aztertuko dira; eta bestetik, ekimenaren eragina nolakoa eta zenbatekoa den ezagutu nahi da.

Pello Jauregi Soziolinguistikan aditua da eta Euskaraldiko sortzaileetako bat, eta halaxe definitzen du Euskaraldia: “Hizkuntza ohiturak aldatzeko espazio sozial berezi bat behar da, ezaugarri zehatz batzuk dituen espazioa. Baldin-tza sozialak prestatu behar dira hizkuntza ohiturak alda-tzeko eta Euskaraldiaren diseinuan baldintza sozial horiek biltzen dira”.

Aipatu baldintza horiek hiru direla dio Jauregik: kolektibotasuna, jokaera eta erosotasuna. “Hasteko, hizkuntza ohiturak aldatzea zerbait kolektiboa da, unitate txikiena bikotea da. Hizkuntza ohitura ez da inoiz zurea edo nirea, baizik eta gu biona. Biren artean eraikitzen den araua da. Alda-tzekotan, bi aldeek egon behar dute nolabaiteko adostasun edo armonia batean. Nik neuk hizkuntza ohiturak aldatu nahi baditut, baina zuk ez baduzu nahi, gatazka sortzen da eta aldaketa oso zaila izango da. Biok jarri behar dugu ados. Hizkuntza gaitasuna norberak banaka egin dezakeen zerbait da. Baina hizkuntza ohiturak beste batzuekin lortu behar den aldeko giro bat eskatzen du”, azaltzen du Jauregik. “Ohikoa izan da gure artean figura bakarrarekin lan egitea, beti euskaldunei begira, eta hori izan da kanpaina askoren fokua. Gure fokua, aldiz, hasieratik izan da kolektiboa, eta horregatik bi figura diseinatu genituen: Ahobizi eta Belarriprest. Alderdi bakoitzarentzat funtzio bat diseinatu behar da, bi aldeek egin behar dute zerbait. Hori da ikuspegi kolektiboa”.

Bigarren ezaugarria jokaerarena da. Hizkuntza ohiturak jokaerarekin du zerikusi zuzena. Jauregik dioen moduan, “ohitura jokaera bat da, behin eta berriz errepikatzen den jokaera bat, azkenean automatiko bihurtzen dena. Hortaz, jokaera da motorra; hizkuntza ohitura aldatzekotan, jokaeran oinarritu behar da”. Horregatik, garbi zuten hasieratik egin behar zutenak praktika soziolingustiko bat izan behar zuela; erabileran oinarritua, alegia. “Euskarazko praktika soziolinguistikoa egiten denean, horrek berak dakar gerora baldintza sozial hobeak izango direla erabilerari berari errazago heltzeko”, azaltzen du Jauregik. “Erabileratik erabilerarako planteamendua dago hemen. Ez dugu motibazio kanpainarik egiten, ez da gaitasun kanpaina bat; praktika kanpaina bat da. Hau da: Euskaraldiak jendeari gonbitea egiten dio hizkuntza jokaera berri bat probatzeko, esperimentatzeko edo praktikatzeko. Eta ahalik eta jende gehien anima dadin ariketa hori egitera, baldintza sozialak eraikitzen ditu: Belarriprest askoren aktibazioa, ekinbide masiboaren babesa, erakunde eta entitate ugariren atxikimendua”. Jarduera bera arrakastatsua baldin bada, orduan jendearen hizkuntza pertzepzioa aldatu egiten da: “A! Ba posible da euskaraz hitz egitea. Ez da hain zaila. Naturala izan daiteke”. Jauregiren hitzetan, “praktikari esker pertzepzioa aldatzen denean, gero pertzepzio berri horrek elikatzen du hizkuntza praktikari heltzeko. Eta praktika hori errepikatzearen ondorioz, ohitura berri bihur daiteke”. Beraz, hizkuntza praktika da planteamendu honen bultza-tzaile nagusia.

Kolektibotasunarekin eta praktikarekin batera, erosotasuna aipatzen du Jauregik. Praktika hori egiteko nolabaiteko erosotasuna behar dela dio. Alegia, lan ikaragarria eska-tzen badu edo komunikazioa oso nekeza baldin bada, zaila da pertzepzioa aldatzea. “A! Posible da!” esan beharrean “Uff, ze lana!” esaten badugu, kostu energetikoa handiegia da. Hala, pertzepzioa ez da aldatzen eta lehengo jokaerarekin jarraituko dugu.

“Horregatik planteatu dugu Euskaraldia euskaraz ulertzen duten pertsonen arteko ariketa modura. Pertsona batek euskaraz egin nahi badu eta hizkuntza ohitura aldatu nahi badu, beste pertsonak gutxienez euskaraz ulertu behar du, gutxienez tarteko gaitasuna duela. Bestela, tarteko ulermenetik behera, neurriz kanpokoa da euskaraz egiteko konpromisoa eskatzea. Gehiegi eskatzea da denekin euskaraz egitea. Horregatik, ulertzen dutenekin egiteko besterik ez zaio eskatzen Ahobiziari”, azaltzen du Jauregik.

Ahozbizi eta Belarriprest

Ariketa horretako protagonistak Ahobizi eta Belarriprest izango dira. Biak. Biak baitira beharrezkoak. Biek daukate funtzio ikaragarria. Ez dago hierarkiarik bien artean, ez da bata bestea baino garrantzitsuagoa. Kolektibo bat da. “Ezin dugu pentsatu euskararen erabilera igotzeko euskaldun guzti-guztiek kontzientzia eskuratu eta Ahobizi gisa jokatu behar dutenik. Hori ezinezkoa da”, argitzen digu Jauregik. “Ahobiziak gutxi batzuk izango dira, eta haiei kontzientzia puntu bat eskatzen zaie, konpromiso bat, denbora tarte batean erronka bati heltzeko eskatzen zaie. Ahalegin horri hizkuntza kontzientzia edo hizkuntza gogoa esan dakioke. Baina Ahobizi horiek aldamenean behar dute agian hizkuntz kontzientzia handirik gabeko baina jarrera ona eta ulertzeko gaitasuna duen eremu zabal bat: eta horiek Belarriprestak dira. Ahobiziak eta Belarriprestak elkar-tzean, onartua izango da Ahobizien euskarazko jokaera, eta horrek berezko indarra sortuko du Belarriprestek ere euskarara egokitzeko. Zenbait diskurtsok dio euskararen erabilera sustatzeko jende askok eta askok kontzientzia hartu beharko lukeela. Baina nik uste dut horrek ez dituela mekanismo soziologiko sakonak aintzat hartzen. Mugimendu sozialak aztertuz gero, beti ikusten dira sektore minoritario batzuk, prozesuak astintzen dituztenak, eta bideak urratzen dituztenak, eta mugimendu horiek nagusitzen direnean, aitzindarien ondoan beti antzematen dira giza-multzo zabalak ontzat hartzen dutenak bide-urratzaileek jorratutako bidea. Zentzu horretan, guretzat Ahobizi eta Belarriprest biak dira ezinbestekoak”.

Horrela, Ahobiziek hizkuntza kontzientzian oinarrituta euskarazko jokaerari eutsiko diote eta Belarriprestek euskaraz egiteko gonbitea luzatuko dute: ‘mesedez, egidazue euskaraz’. Belarriprestek bi baldintza betetzen ditu bere baitan. Lehenengoa: ‘nik ulertzen dut, beraz, nirekin euskaraz egin dezakezu nolabaiteko erosotasunarekin’, esaten du. Eta bigarrena: ‘gainera, jarrera ona daukat, jarrera irekia daukat, eta euskaraz egiten badidazu, gustura entzungo dut, ez dut gaizki hartuko, ez dut pentsatuko egoera behar-tzen ari zarenik’. Jauregik azpimarratzen duenez, “Zeregin hori guztiz funtsezkoa da. Zeren normalean euskaraz egin nahi dugun askok ez baitugu egiten pentsatzen dugulako bestea molestatzen ari garela, behartzen ari garela... Beraz, Ahobizi batek eroso aritzeko, pertzepzioa aldatu behar du. Eta nork laguntzen dio pertzepzioa aldatzen? Belarriprestek”.

Belarriprestek bi jarrera horiek ditu: jarrera irekia eta ulertzeko gaitasuna. Gauzak horrela, euskaraz egin nahi duenari eroso gerta dakioke halakoekin euskaraz egitea. Horrelako pertsonekin praktika egitea erraza izan daiteke. Horrek pertzepzio aldaketa dakar eta praktika berri bat sortzea. Eta praktika berri hori ohitura bihur daiteke.

Jende askok Ahobizi euskaldunarekin identifikatzen du eta Belarriprest zailtasunak dituenarekin. Eta hori ez da  beti horrela. Bi figura hauek gaitasunarekin baino gehiago jokaerarekin daude lotuta. Euskaldun batzuek Ahobiziren jokaera eta konpromisoak hartzeko prest daude, baina beste euskaldun batzuek konpromiso horiei gehiegitxo iritzita, Belarriprest eginkizuna hartuko dute. Ahobiziri bi gauza eskatzen zaizkio: ulertzen duenarekin euskaraz egitea nahiz eta hark erdaraz erantzun, eta lehen hitza beti euskaraz egitea. Orduan, egoera batzuetan Ahobizik prest egon behar du ele biko elkarrizketetan aritzeko: berak euskaraz eta solaskideak erdaraz (ulertu arren, ez baitu euskaraz jarduteko erraztasunik). Euskaldun batek ez balu bere burua ikusiko ele biko elkarrizketeei eusteko gai, ez luke Ahobizi baten zeregina beteko, eta hobe luke Belarriprest zeregina hartu. Aitzitik, euskaraz hitz egiteko gaitasun mugatua duen hainbat jendek Ahobiziren zeregina har lezake, pertsona horiek, zailtasunak zailtasun, prest daudelako 11 egunez euskara ulertzen dutenekin euskaraz hitz egiteko.

Hizkuntza simetriaren mekanismoa

Egunerokotasunean, kaleko, etxeko zein lantokiko elkarrizketetan eta hartu-emanetan badago beste mekanismo natural bat ere: hizkuntza simetriarako mekanismoa. Alegia, bi pertsona eroso sentitzen dira hizkuntza berean hitz egiten dutenean. Hori da hizkuntza simetria. Baina deseroso sentitzen dira hizkuntza desberdinetan hitz egiten dutenean. Horri hizkuntza asimetria esaten zaio. Demagun egoera asimetriko bat non batek euskaraz eta besteak erdaraz egiten duen, eta biek ulertzen dituzte erdara zein euskara. Egoera asimetriko horretan, deserosotasuna agerian izanik, erosotasuna eskuratzeko joerak eramango ditu kideak hizkuntza berean hitz egitera, elkarrizketa hizkun-tza bietako edozeinetan izan daitekeenez. Zein hizkuntza nagusituko da? Zein hiztunak berea utzi eta bestearena hartuko? Bere hizkuntzari gehien eusten dionak markatuko du bidea, eta beste solaskideari egokitzeko beharra sorraraziko dio, hizkuntza simetriarako mekanismoaren eraginez.

Ahobizien zeregina da euskarari eustea, horrek solaskideei beharra sor diezazien euskarara egokitzeko. Hizkuntza simetria mekanismoaren eraginez, Belarriprest askok euskaraz egingo du Ahobizi batekin dihardunean.  “Konturatzen gara euskararen erabilera normalizatuko bada, gutxi batzuek euskaraz egin behar dutela erabateko normaltasunarekin. Eta horiek euskarara erakarriko dituzte besteak, normalean egiten ez dutenak baina gaitasuna dutenak. Lehenengoek beharra sortuko diete bigarrengoei hizkuntza simetriaren mekanismoa dela medio”, azaltzen du Jauregik.

Zergatik 16 urtetik gorakoentzat?

Galdera hori azkar erantzun du Soziolinguistikan adituak. “Erabilera gauza kolektiboa dela esan dugu, eta sozialki gizartea ere modu kolektiboan osatzen da, belaunaldien arteko ikuspegi kolektiboan. Alegia, helduak eta haurrak. Euskararen etorkizuna haurren kontua zela pentsatu izan dugu, ahaztuta zer erlazio dagoen helduen eta haurren artean. Haurraren garapenerako motorra imitazioa da; helduei begira daude jakiteko nola jokatu behar duten, nola ez duten jokatu behar, zer espero den haiengandik, zer ez... Nerabeak gizarteari begira daude, lan mundura begira, eta han helduak ikusten dituzte. Etengabe helduei begira daude. Orduan, helduek ez badute aurrerapauso nabarmenik ematen eta desoreka ikaragarria baldin badago haurren munduaren eta helduen munduaren artean, euskalgintza hanka bakarraren baitan doa”.

Baina ibiltzeko bi hanka behar dira, eta helduena falta da. Haurrena bideratuta dago, bere zailtasunekin eta mugekin. Baina helduen mundua bizkortu behar da. “Konturatu behar dugu guk helduok daukagun hizkuntza ohitura seguraski izango dela gure seme-alabek izango dutena,. Guk jartzen dugu eredua, guk markatzen dugu bidea, gu garelako gizartearen belaunaldi aktiboa eta benetan boterea daukaguna. Helduen esparrua azpigaratuta dagoelako, bertan jarri nahi izan dugu ekimen honen fokua”, dio Jauregik. “Bigarren hanka landu behar dugu, euskalgintza zutitu eta ondo joan dadin. Zeren hanka bakarrarekin herren gabiltza, bueltaka eta toki beretik mugitu gabe. Zergatik euskaraz jakin arren, ez du euskaraz egiten haur eta gazte askok? Seguraski, helduen mundua erdarazkoa delako. Haurrak txikiak direnean azpimundu batean bizi dira, baina adinean aurrera egin ahala, gero eta gehiago daude helduei begira eta haien pareko izan nahia eta imitazioa indartzen dira. Beraz, helduoi dagokigu euskalgintzari oreka ematea, Horregatik, hortxe jarri du arreta Euskaraldiak”.

Eman dezakeen fruituari begira jarrita

Euskaraldiaren baitan dauden oinarri teoriko horiek denak aurretik landuta zituen Soziolinguistikan adituan den Jauregik. Orain dela sei-zazpi urte lan munduan Aldahitz proiektuarekin hasi ziren hizkuntza ohituren aldaketa ikertzen, Eusle metodologia praktikan jartzen eta emaitzak neurtzen. Bazegoen, beraz, oinarri sendo bat. Hortik abiatuta, kalerako egokitu zuten duela bi urte Lasarte-Orian: ikerketa baten barruan egin zuten ariketa sozial bat izan zen. Orain, Euskal Herri osoan egingo da ariketa.

Euskaraldiaren mezua oraindik jende eta sektore guztiengana iritsi ez bada ere, lehendabiziko harria ondo jarria dagoela dio Euskaraldiaren sortzaileetako bat denak. Haren hitzetan, “masiboa izango da, ilusio handia piztuko du, praktika aldatu egingo da eta zerbait geldituko da ondorenean”.

Inork ez zidan esan euskaldun izatea zein nekeza den”, abesten zuen Ruper Ordorikak. Eta hamaika egun hauetan neke hori asko arinduko da. Hainbeste jende txaparekin ikustea, bai herrian, bai herritik kanpo, kuadrilan, telebistan, politikoak, aurkezleak... “Benetan euskaraz bizi nahi duten horiek irribarre handi batekin egongo direla uste dut. ‘Honekin euskaraz egin dezaket, eta horrekin ere bai, eta harekin ere bai...’ Horrek, psikologia sozialaren ikuspegitik, ilusio ikaragarria piztuko du. Erraztasun handiak izango dituzte euskaraz egin nahi dutenek eta jende askorekin egingo dute. Handitu egingo da egun horietan euskaraz egiten dutenen kopurua, euskaraz dezente gehiago entzungo da, eta beraz, susperraldi bat, astinaldi bat egongo da. Praktika soziolingustikoa ez da ohikoa izango hamaika egun horietan, handitu egingo da. Ikusgarria izango da. Jende asko ikusiko dugu irribarre batekin. Masiboa izango dela uste dut. Eta masiboa den neurrian, oso babestuta sentituko gara, oso identifikatuta. Gerora arrastoa utziko du”.

 

LASARTE-ORIAKO EMARIA

Orain dela bi urte, 2016an, Lasarte-Orian Euskaraldia egin zen, baina beste izen batekin. “Baietz 40 egun euskaraz! Irten armairutik” deitu zioten herri-erronkari. Euskaraz ulertzen edo hitz egiten zuten lasarte-oriatar guztiei zuzendua zegoen. Batzuei, hizkun-tzaren armairutik irteteko proposatzen zitzaien, eta beste batzuei, armairutik ateratakoak anima-tzea eta laguntzea. Armairutik ateratzeak esan nahi zuen gaztelaniaz hitz egiteko ohituratik ateratzea eta hizkuntza portaera euskarara ekartzea. Eta horretarako sortu zituzten beharrezko diren bi figurak: Ahobizi eta Belarriprest.

Iñaki Arruti Lasarte-Oriako Udaleko Euskara Zerbitzuko buruak dio Lasarte-Oria ez dela berezia, baina 2016an hainbat egoera suertatu zirela, eta horrexegatik egin zutela ariketa soziala lasarte-oriatarrek gainerako euskal herritarren baino lehenago. “Hasteko, herriko euskalgin-tzako hainbat erakunderen urteurrenak ospatzen genituen 2016an: Landaberri ikastolak 50 urte, Ttakun Euskara Elkarteak 25 urte, bertso eskolak 25 urte... Halako urteurren handi baten ukitua zegoen. Eta horrekin batera, Euskararen Maratoiaren 9. edizioa genuen” azaltzen du Arrutik. Euskararen Maratoia lau urtez behin ospatzen dute Lasarte-Orian. 1986an egin zuten lehendabiziko aldiz, Agustin Mujikaren ideia zoro batetik abiatuta: herriko plazan 40 orduz segidan euskaraz aritzea. Geroztik lau urtetik behin ospatu dute eta 2016an tokatzen zen 9.a. “Orduan, pentsatu genuen ea zergatik ez genuen denok elkarrekin maratoia ospakizun zentro gisa hartzen”, gogoratzen du Arrutik. “Baina, zer egin?”.

Garai beretsuan, Donostiako Egia auzoan “Egian euskaraz” ekimena eraman zuten aurrera eta hura ikustera joan ziren Lasarte-Oriatik. Lutxo Egiak Bilbon egin zuen esperimentazioan oinarritzen zen: euskaldun elebakar bat nola moldatzen zen Bilbon. Egian jende multzo bat astebeteko txandatan ulertzen zuten guztiei euskaraz egitera konprometitu zen.

Horrekin batera beste osagai bat aipatzen du Arrutik: Lasarte-Orian Ferran Suay eta Gemma Sanginesekin egindako TELP ikastaroak. Haien Sortir de l´armari lingüistic liburua asertibitate linguistikoa lantzeko da: nolatan eutsi hizkuntza jardunari beste hizkuntzaren eskaeretara belaunikatu gabe baina agresiboa bihurtu gabe. “Baina ikastaro haiek maila pertsonalean geratzen ziren. Guk zerbait gehiago nahi genuen”, dio Lasarte-Oriako Udaleko Euskara Zerbitzuko buruak.

“Horren haritik, Soziolinguistika Klusterrak egindako Eusle metodologia ezagutzen genuen. Metodologia horrek, asertibitate linguistikoa ekintza pertsonala izatetik ekintza kolektiboa izateko aukera ematen du. Metodologia horretan planteatzen dira Eusle eta Uzle figurak eta guk Ahobizi eta Belarriprest bihurtu ditugunak”. Horri gehitzen dio Arrutik metodologia hori diseinatzen eta lantzen aritu zen Pello Jauregirekin zuen harremana eta konfiantza. Eta hortik etorri zen ariketa soziala ikerketa bihurtzeko pausoa. “Gako nagusietako bat zen ikerketa bezala planteatzea. Ahobizi eta Belarriprest bai, baina horrek zer emango du? Segituan jakingo genuen zenbat jendek emango zuen izena, baina Ahobizi bezala astebez aritzea erabaki zuten haiek arituko al ziren? Beraien astea hasi aurreko eta ondorengo hizkuntza ohiturak berdinak izango al ziren? Aldatzea lortuko al zuten? Hori ikertzeko beharra ikusi genuen eta hori izan zen gako nagusietako bat”.

Beste gakoetako bat ulermenaren orokortasuna izan zen. “25 urtetik beherako guztiek dakite jada euskaraz. Azken 30-40 urteotako inbertsioaren ondorioetako bat da. Gero eztabaida dezakegu gaitasuna nahikoa den ala ez, baina ulermena lortu da eta orain beste aukera batzuk irekitzen zaizkigu. Eta hori zen erakargarria, erakartzeko indarra duen zerbait, bihurtzeko, beste klabe bat: Lasarte-Oria bezalako herri erdaldun batean ulermena nagusitu da, eta horrek aukera ematen digu Ahobizi eta Belarripresten ariketa kolektibo masibo bat egiteko hizkuntza ohituren aldaketan. Hori da hemen dagoen kontzeptu berri nagusia. Gaitasuna bultzatzearekin ez da nahikoa, Korrika behar dugu jendea alde egoteko eta abar, baina azkenean, gakoa erabilera da. Eta erabilera ez datorkigu berez, inertziak kontra ditugu eta ondorioz, aldaketak sorrarazi behar ditugu, bereziki hiz-kuntza ohituretan. Horretarako balio duen tresneria berri bat probatu genuen guk”.

Proba hori egiteko beste bi osagai garrantzitsu ere bazituzten: ludikotasuna eta azpiegiturak. “Euskararen maratoian zortzikote bat aritzen da oholtzan eta edozer gauza egiteko prest daude beti. Azaleko kontua dirudi, baina hor bai dugula altxor txiki bat herrian. Euskara plazara modu alai, berritzaile eta eraginkor batean ateratzen asko laguntzen du eta egiten ari den horretan sinesten duen ekipo bat bihurtu da Udaleko euskara-zerbitzuaren eta Ttakunekin uztartuta. Osagai horiek eta ekintza soila behar zuena ikerketa-ekintza bihurtu izana izan ziren orain bi urte egindakoaren muina.

Eta azpiegitura aldetik ere ondo gabiltza. Kritikatu egiten ditugu azpiegiturak eta nik ere bai batzuetan, baina Euskara Zerbitzu eta Euskara Elkarte indartsu bat egon ezean, ideia hauek bere horretan gelditzen dira: ideia zoroetan. Baliabideak behar ditugu, XXI. mendean gaude, munduan hizkuntza gutxituak galtzen doaz, eta serio heldu behar diogu, baliabideak jarriz”, dio irmoki Arrutik.

Lasarte-Oriatik Euskal Herrira

Ariketa oso ondo atera zen eta Pello Jauregik ikerketaren emaitza kuantitatiboak zein kualitatiboak neurtu zituen. Kuantitatiboak, nabarmentzekoak, hasteko, ia 2.000 pertsonak parte hartu zutela, eta Ahobizien hizkuntza ohiturei dagokienez, erronkarekin hasi aurretik % 62ak egiten zuen euskaraz bere harreman-sarean eta astebeteko erronkaren ondoren, berriz, % 84ak. Eta hiru hilabete ondoren, ohiturari ia bere horretan eusten zioten: %81. Nahiz eta ariketa epe mugatukoa izan, denbora luzerako marka utzi zuen.

Datu kualitatiboak jasotzeko, berriz, kuaderno bat sortu zuten eta txanda aldaketan parte hartu zuten Ahobizi guztiek lau galderari erantzun zieten bertan. “Jasotako erantzunetan energia sentitzen zen”, gogoratzen du Arrutik. “‘Zerbait berezia izan da, ikaragarria izan da’... horrelako esaldiak zeuden. Eta kontuan hartu behar da ez garela ari festa batean parte hartzeaz, baizik eta norberaren hizkuntza ohiturak aldatzeaz”.

“Gureak ez zeukan gerora hartu duen lan-lerroa izateko pretentsiorik. 2016 berezi hartan egin genuen eta kito”, dio Arrutik. “Baina Topaguneko Iker  Martinez de Lagosi kontatu nion ze emaitza geneuzkan, ze sentsazio... Estitxu Alkorta Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako Sailburuordetzako Euskara zuzendaria herritarra dugu. Zuzen-zuzenean ezagutu zuen esperientzia eta harekin ere bildu nintzen”.  Batari zein besteari bota zien enbidoa. Eta baita 2017ko Udaltop-en bildutakoei ere. “Euskal Herriko Euskara Zerbitzuok urtero jardunaldi bat egiten dugu eta 2017an hizkuntza ohituren aldaketa hartu genuen gaitzat. Oinarri teorikoak eta han eta hemengo esperientziak aurkeztu ziren. Eta handik, oinarri batzuk prestatu eta Euskal Herri osoan egiteko Euskaraldia iragarri zen”.

Lasarte-Oriatik atera zen gaia, baina hasi aurretik beraien ereduaren oinarriak zein ziren azaldu zuten lasarte-oriatarrek. Azpiegiturak garrantzitsuak diren moduan, elkarlana ere garrantzitsua zela azpimarratu zuten. “Hau udalen elkarlanik gabe eta euskalgintzarik gabe ezin da egin”. Eta hori izan da Euskaraldiaren oinarrietako bat: herri batek izena eman badu, eman du herri hortako erakunde publikoak eta herri hortako euskalgintzak (euskara elkartea, eskola... dagoena) bat egin dutelako, adostasun bat egon delako.

Euskaraldiaren ikerketaren ardura Eusko Jaurlaritzako Hiz-kuntza Politikako Sailburuordetzak hartu du eta Soziolinguistika Klusterrarekin batera bilduko dituzte datuak. Herri bakoitzak bere datuak jakiteko aukera ere izango du.

Euskaraldia ez da aurtengo kontua soilik izango. Arrutik definitzen duen moduan, “ez da etxafero bat, edo ez du etxafero izan nahi, lan-ildo bat baizik”. Udaltopen 2018ko jardunaldian aurkeztu zen lan-ildo iraunkor bat izango dela. Lehen urte honetan herritarren ariketa sozial masiboa egingo da. Eta beste urte batean kolektibotasunean jarriko da fokoa, hau da, erakundeetan. Ahobizi eta Belarriprest erakunde batekoak diren neurrian, erakunde horri neurriren bat edo beste hartzea eskatuko zaio Ahobizi eta Belarriprest horiek praktika linguistikoa errazagoa izan dezaten. Ideia gehiago landu behar da, baina horiek dira oinarriak.

Lasarte-oriatarren erronka berria: gazteen hizkuntza ohituretan eragitea

Esperimentaziorako gogoa gelditu zitzaien lasarte-oriatarrei, eta aurten, gainerako herrietan bezala Euskaraldia egiteaz gain, beste erronka bat planteatu dute: 12-16 urteko gazteekin esperimentatzera doaz, baina aurreko formatoan: ikerketa esperimentu bat egingo dute, ikerketarekin eta prozesu antolatu batean, ikusteko ea adin tarte horretan hizkuntza ohituren gaineko lanketa egin daitekeen, ea emaitzarik baduen eta ea esportagarria den.

2017an Landaberri ikastolak eta Lasarte-Oriako institutuak bat egin zuten, Oriarte institutua sortuz. Hizkuntza ikuspegitik kezka sortu zuen fusio hark, eta egoera baliatu nahi izan dute esperimentua egiteko. Ikastetxeak baiezkoa eman du, Udalak ere bai, Ttakun Euskara Elkarteak dinamiza-tzaileak jarri ditu, lan talde bat ikerketa bera eta antolaketa guztia elikatzen ari da, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren sostengua izango du. Ikerketa den heinean, ondorioak eta emaitzak aterako dira eta liburu-gida batean argitaratuko dira gero, jendeak eskura izan dezan eta erabil ditzan.

Euskaraldia nerabeentzat egokitzen ari diren honetan, hiru arlo nagusi landuko dituzte Lasarte-Orian: ariketa bera, lehendik martxan dauzkaten Elemeleka sentsibilizazio saioak eta gazteen batzordeak. Iñaki Eizmendi ikerketa lan taldean buru-belarri dabilen kideetako bat da eta josten ari diren hariak ondo ezagutzen ditu. “Hasieratik argi izan dugu gazteentzat lorgarria den zerbait egin behar dugula. Gure herriko egoera soziolinguistikoa kontuan hartuta, oso-oso zaila da gazteak Ahobizi izatea, eskatzen duen konpromisoa betetzea. Izan ere, 11 egunetan beraien inguruko guztiekin euskaraz egin behar dutela esan nahi du (denek ulertzen dutelako...) eta Lasarte-Oriako errealitatean nerabe batentzat hori oso-oso zaila da. Gauzak horrela, gure helburua da Belarriprest figurari pisua ematea eta daukan kutsu pasiboa kentzea. Belarriprestek ez du esan nahi pasiboa izan behar duzunik, oso aktiboa izan zaitezke, etengabe euskaraz egiteko gonbitea egiten ari baitzara. Belarriprestek esan nahi du: ‘niri euskaraz egitera gonbidatzen zaitut’. Bi Belarriprest baldin badaude, bata besteari euskaraz egitera gonbidatzen ari da. Hori da bul-tzatzen duguna. Baina ez du derrigorrean euskaraz aritzeko konpromisorik hartzen, Ahobizi batek bezala. Presio hori kendu nahi diogu”.

Behin Belarriprest aktibo asko lortuta, presioa kenduta eta giroa sortuta, Ahobizi batzuk sartuko dituzte. Baina mugatuak izango dira, ez nahi duten guztiak. Lasarte-Oriako planteamendua honako hau da: ‘zein zaudete Belarriprest izateko prest?’ Hori landuko dute. Eta gero, horren barruan Ahobizi batzuk proposatu. “Beraientzat lorgarria den zerbait egin behar dugu. Badakigu zaila dela, baina gazteek ikusten badute euskara gehiago erabiltzeko ahalegina egin dutela, saiatu direla, gustura aritu direla, ondorio batzuetara iritsi direla eta abar, horrek izugarrizko eragina du jarreretan. Hizkuntza ohituretan bai, baina jarreretan ere bai”, dio Eizmendik.

Ariketa honek beste alderdi interesgarri bat ere badu: herriko helduekin lotura egiteko aukera izango dute. “Askotan kexatzen gara nerabeek ez dutela erreferentziarik hizkuntza ohiturei dagokienez, ereduak falta zaizkiela.  Ez dutela ikusten benetan jendea euskara erabiltzeko ahalegina egiten eta hizkuntza ohituretan jende koherentea”, dio Eizmendik. “Bada 11 egun horietan Ahobizi eta Belarriprest pila bat ikusiko dituzte herrian. Eta egoera hori aprobetxatu nahi dugu gazteen eta helduen arteko lotura egiteko”. Horretarako hainbat erronka proposatuko dizkiete gazteei. Esate baterako, lau Ahobizirekin argazkia ateratzea eta zergatik diren Ahobizi galdetzea. Eta beste egun batean beste lau Belarriprestekin argazkia ateratzea eta haiei ere zergatik hautatu duten rol hori galdetzea.

Institutu berean Batxilergoa egiten ari diren 16-18 urte bitarteko gazteek Ahobizi eta Belarriprest txapak eramango dituzte, Euskaraldian parte hartuko duten gainerako herritarrek bezala. 12-16 urte bitartekoek, aldiz, ez dituzte txapa berberak erabiliko. Beraiek asmatutako marrazkiz egindakoak erabiliko dituzte.

Elemeleka saioak

Oriarte institutuarekin Elemeleka izeneko programa bat dauka hitzartuta Udalak. Euskarako eskoletatik aparte egiten diren saioak dira, institutuan bertan, 15 egunero Ttakun Euskara Elkarteko dinamizatzaileekin, eta DBH 1-4 eta Bartxilergoko 1-2 mailakoek hartzen dute parte. Hizkuntza hainbat arlotatik lantzeko programa jarraitu bat da, ukitu soziala duena eta praktika soziolinguistikoak bultzatzen dituena. Horren barruan hainbat ekintza egiten dira: sen-tsibilizazio saioak, motibazio ikastaroak, gazteen jergaren azterketa, asertibitatearen lanketa aurrena eta gero hizkun-tzaren asertibitatearena, kale neurketak eta emaitzen azterketa… Eta aurten, hori dena Euskaraldiarekin lotu dute. Elemeleka programa hizkuntza ohituren aldaketan zentratu dute aurten eta egingo duten ariketa-ikerketarako erabiliko dituzte lehendik antolatuta dauden saioak.  “Lasarte-Orian dauden nerabe guztiekin lan egiteko aukera ematen digu Elemelekak”, gaineratzen du Eizmendik.

Irailetik abendura bitartean DBH 1-2ko talde guztiekin hiruna saio egingo dituzte eta DBH 3-4 eta Batxilergokoekin launa saio. Guztira ia 100 saio emango dituzte Ttakuneko dinamizatzaileek. Azken saioak Euskaraldiaren ondoren egingo dituzte, abenduan, balorazioa egiteko. Eta gainerakoak aurretik. “Saio horietan Euskaraldiarekin lotuta zer landu nahiko genukeen irudikatu dugu”, azaltzen du Eizmendik. “Saio bakoitzak helburu bat dauka eta saio guztien artean lotura egina dago, bilakaera bat dago”. Alde batetik, Euskaraldiaz hitz egin dute, duela bi urteko esperientziaz eta aurtengoan nola parte hartuko duten. Eta bestetik, eleaniztasunaz eta hizkuntza ohiturez hitz egiteko baliatu dituzte saioak. Eleaniztasunaren aldeko mezua zabaldu dute, euskara jakiteak zein abantaila dituen ezagutaraziz eta identitate kolektiboaren ideia landuz. Hizkuntza ohiturei dagokienez, euskaraz gehiago hitz egin nahi dutenek edo interesa eduki dutenek zer zailtasun izan dituzten izan dute hizpide. “Esate baterako, DBH 3-4koekin, oro har, ohiturez hitz egin genuen eta astebetean institutuan bertan hizkuntzarekin zerikusirik ez zuten bi ohitura aldatzea proposatu genien: kolore desberdinetako galtzerdiak janztea, txapela janztea... Ahal zela institutuko dinamika oztopa-tzen ez zuen ohitura bat”, kontatzen du Eizmendik. “Bigarren saioan zer moduz atera zen hitz egiten zuten: zaila izan al zen, ondo pasa al zuten... Eta ondoren, hizkuntza ohitura bat aldatzea proposatu zitzaien: aukeratu pertsona bat, egoera bat eta saiatu aurrerapauso txiki bat ematen. Ariketa xume bat, baina ohiturak aldatzeak dakarrena ikusteko baliagarria”, dio Eizmendik.

Gazteen batzordeak gazteen neurrira

Elemelekako ia 100 saio horiei beste dinamika bat gehitu diete Lasarte-Orian: gazte batzordeak. Elemelekako saioetan nerabeei gazte batzordeak sortzeko proposamena luzatu diete. “Oso ohikoa da institutuetan gazte batzordeak egotea. Normalean irakasle batek hartzen du batzordearen ardura eta ikasgela bakoitzetik ordezkari bat hartzen da. Gero, euskararen egunerako zerbait prestatzen dute, Korrika datorrenean... Horrela funtzionatzen du leku askotan”, esplikatzen du Eizmendik. “Guk, ordea, beste planteamendu bat egin dugu: borondatezkoa izatea bertan parte hartzea, hau da, nahi duenak ematea izena, eta dinamizatzailea ez izatea irakasle bat, baizik eta herriko beste gazte bat, beraiek baino helduxeagoa. Beraiei erreferente bat jarri nahi diegu, eta hobe horrelako erreferente bat irakasle bat baino”.

Hala, Ttakuneko bi gaztek dinamizatzen dituzte sortu diren gazte batzordeak. Nerabeak bi eraikinetan daude Lasarte-Orian eta bakoitzean gazte batzorde bat sortu dute: eraikin batean DBH 1-2koekin eta bestean Batxilergokoekin. “DBH 3-4koak Batxilergokoekin batera daude, eraikin berean. Hasieran horiekin ere sortzeko asmoa genuen, baina Batxilergoan deialdia egin eta 30ek eman zuten izena. DBH 3-4koekin gauza bera pasaz gero 60ra gindoazen eta gehiegi zen dinamizatzeko. Beraz, momentuz, bi gazte batzorderekin geratu gara”, dio Eizmendik.

DBH 1-2ko gazteen batzordeak herriko girotze lanean hartuko du parte, deialdiak egingo dituzte, Batxilergokoekin batera ekintza batzuk egingo dituzte eta abar. Batxilergokoek lip-dub bat egingo dute eta ingurukoak Belarriprest izan daitezen animatuko dituzte.

Batzordeak martxan daude jada, beraz, eta abendura bitartean Euskaraldiaren inguruko dinamika izango dute. Haatik, aurrerantzean ere jarraituko dute beste dinamika batzuekin. Betiere gazteen hizkuntza ohiturak erdigunean jarrita. “Soziolinguistika Klusterrak ikerketa bat egin zuen duela zortzi urte-edo gazteen hizkuntza ohituretan zein faktorek eragiten zuten ikertzeko”, azaltzen du Eizmendik. “Oso interesgarria izan zen, oso faktore garbiak ikusten baitira: erreferenteak direla, hizkuntza zein balioekin lotzen duten, hizkuntza arauak... Arlo horietan lan egin daitekeela planteatu diegu. Horren barruan nahi dutena egin dezakete, baina egiten dutenak zentzua eduki dezala eskatzen diegu”.

Ikerketa honek bi fruitu emango ditu. Alde batetik, Elemelekako abenduko saioak balorazioa egiteko erabiliko dira, zer eragin eduki duen neurtzeko. Neurketa kuantitatiboa zein kualitatiboa egingo dute. Ikerketak eman duena liburu batean bilduko da, Gipuzkoako Foru Aldundiaren lagun-tzaz. Eta bestetik, DBH eta Batxilergoko gazteekin egin diren saioak eta ekintzak programatu egin dira, adin tarte bakoitzerako gauza desberdinak eta egokituak eginez: saio bakoitza planifikatu, bakoitza bere helburuarekin, garapen batekin, lanketa batekin eta bukaeran ebaluatu. Guztira ia 100 saio egin dituzte eta oso material aberatsa bilduko dute. Horri gazte batzordeetan egin den lana eta ekin-tzak gehitu behar zaizkio. Iñaki Arruti Udaleko Euskara Batzordeko buruak dioen moduan, “honek arrastoa utziko du. Denok gaude adin horiei begira eta ez dakigu zer egin. Bada, txapak jartzeaz gain, goazen fundamentuzko zerbait egitera, egiten dugunak balio duen edo ez ikustera, eta goazen material hori guztia argitaratzeko moduan jartzera”. Hori da bigarren zatia eta Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak egingo duena. Eizmendik dioen gisa, “ez dago formula magikorik, baina egindakoa hor egongo da eta interesa duen edonoren eskura jarriko dugu”.

 

EUSKARALDIKO EGUNETARAKO ZENBAIT IDEIA IKASTETXEENTZAT

Hainbat ikastetxetatik Euskaraldiaren inguruko aholkuak eta proposamenak eskatu dizkiete Ebete-ri, haur eta gazteen euskararen erabilera sustatzeko baliabideak eta tresnak eskain-tzen dituen elkarteari. Iñaki Eizmendi bertako ardurduna jakitun da hainbat eskola eta institututan dagoeneko bidea garatzen ariko direla eta planteamendu onekin, gainera. Edonola ere, eskaerari erantzuteko asmoz, Ebetetik zenbait proposamen aurkeztu dituzte ikasleek Euskaraldian parte har dezaten. Ekarpen horren laburpena duzue ondorengoa. Informazio gehiago nahi duenak Ebeteren blogean aurkituko du: www.ebete.eus/hezitzaile-berritsuak

Zer hartu kontuan?

Euskaraldia 16 urtetik gorakoentzako ekimena da. Ariketa sozial horren helburua, berriz, helduen hizkuntza ohituretan eragitea da, eta ezaugarri guztiak horren arabera landu dira. Beraz, ez da komenigarria Euskaraldia besterik gabe haur eta nerabeei bere horretan eskaintzea:

  • Ahobizi eta Belarriprest rolak betetzea 11 egunetan oso zaila egingo zaie. Beharbada, testuinguru euskaldunetan ez, baina bai beste guztietan. Ez da euskararen aldeko kanpaina bat, hori baino askoz gehiago da.
  • Helduei begirako ekimena haurrentzako jai bat bihurtzeko arriskua nabarmena da eta, gainera neurri handi batean, eskolarekin lotutako zerbait.

Baina, bestalde, Euskal Herrian azken hamarkadetan sortu den ekimen berezienetakoa izango da eta hedapen oso handia izango duena. Ondorioz:

  • Hainbat eta hainbat herritan Ahobiziak eta Belarriprestak kalean oso nabarmen ikusiko dira. Hizkun-tza ohiturei dagokienez ikasleek inoiz izan dituzten baino erreferente eta eredu gehiago izango dituzte inguruan.
  • Aukera bikaina da haurrekin eta nerabeekin hiz-kuntza ohiturei buruz hitz egiteko, beraiekin saiakeraren bat egiteko edo beraiek eragile bihurtzeko.

Ebetetik honako proposamena egiten dute:

  • Ekimena bere horretan ez kopiatu eta aurrera eraman. Ikasleei begira ez da egokia eta herri mailako ekimenean eragina izan dezake.
  • Baina ekimena egokitu eta baliatu liteke ikastetxeen eta institutuen helburuei begira.

Euskaraldiko egunetarako zenbait ideia

Ez.
Ez erabili Ahobizi eta Belarriprest txapak ikasleen artean banatzeko. Ikasleei ekimena proposatu nahi badiezue izena eta irudia, pixka bat bada ere, aldatu. Ikus dadila ikasleei begirako ekimena dela. Adibidez: Eskolako Ahogozoak, Ikastetxeko hiztunak edo dena delakoa. Herriko helduen ekimena eta ikasleena ez nahastea komeni da. Lotuta egitea ondo dago, baina arriskua dugu haurren ekimen moduan ikusteko eta hori baino askoz gehiago da Euskaraldia.

Ez proposatu besterik gabe Ahobizi edo Belarriprest izan nahi ote duten. Hobe beste figura bat sortzea eta ikasleen ezaugarrietara egokitzea.

Bai.
Bai. Ekimena moldatu. Izen berri bat jarri eta 11 egun horietan egin. Erronka edo zeregina ere moldatu. Hainbat modutara egin daiteke:

  • 11 egun horietan zehar euskara gehiago erabiltzeko ahalegina egin behar dute (horrek ez du esan nahi denbora osoan egin behar dutenik, ahalegindu behar dutela soilik). Egunero tarte batean baloratu egingo da ahalegindu diren.
  • Guztiei (edo prest daudenei) 11 egunetan euskara gehiago erabiltzeko proposatzea baino, egun bakoitzerako erronka zehatz bat proposa dakieke: gaur patioa, gaur pasiloa, gaur jantokia... Ez du esan nahi beste tarteetan ez dutenik ahalegindu behar, baina bereziki momentu horietara ekarriko da ahalegin kontzientea, beraientzat lortzea errazagoa izan dadin.

Bai. Ekimen hau jokaeretan kokatzen da batez ere. Ez hartu kontuan zer gertatzen den Euskaraldiaren ondoren.Baliatu egun horiek beraiek gehiago erabiltzeko ahalegina egitera eta irakasleak horri errefortzu positiboak ematera.

Bai. Irakasleek Hezitzaile Berritsu oso aktiboak izan beharko dute Euskaraldian zehar. Pasiloetatik eta patioan asko ibili, elkarrizketa askotan parte hartu... Euskara asko erabiltzen lagundu behar zaie, proposatutako ariketak betetzen eta, irakasleak horrela badabiltza, askoz errazagoa izango da errefortzu positiboak ematea edota ahalegin txikiak eskatzea beraiekin balorazioak egiten direnean.