Iker Galartza: “Zirkuak bizia ematen dit, zeozer geurea egiteko aukera"
Poxpolo eta konpainiako artistekin gure zirkua sortu du Iker Galartza aktore, gidoilari eta pailazoak. Euskal Herrian barna ibili dira udan dozena bat artista gehi familiakoak. Errutinatik atera eta gauzak sortzeak motibatzen du galartza eta aukera hori eman dio zirkuak.
Saltsa askotako perrexila da Iker Galartza (Amezketa, 1977): pailazoa, aktorea, gidoilaria, telebistan eta an-tzerkian aritua eta dabilena... Poxpolo eta konpainian, Goenkalen, Vaya Semanitan... Bertsotan hastea bakarrik falta zaiola esango luke batek baino gehiagok. Bada ez, bertsotan ez, zirkuan hasi da. Gure zirkua sortu eta pasa den udan Euskal Herrian barna ibili dira ume zein helduak entretenitzen eta alaitzen. Barrura sartu eta ikusleak ahozabalik uzten dituen zirkua. Sartu orduko etxeko sentiarazten duen zirkua. Jendeak gustura eta pozik kanpoaldean artistekin
hizketan egiteko aukera duen zirkua. Gure zirkua.
Nondik nora bururatu zitzaizun zirku bat sortzea Euskal Herrian?
20 urte egin ditut Poxpolo pailazo bezala, 16 urte Poxpolo eta Mokolo bikote gisa eta beste lau daramatzat Poxpolo eta konpainiarekin. Azkenaldian gero eta gehiago kostatzen zi-
tzaigun formato horretan lan egitea: herrietara joan eta bi tripode jarri, lana egin, gero dena jaso eta joan... Bukaera eman behar zitzaion kontu hari. Baina nik banekien pailazo nin-
tzela, eta nahiz eta telebistan lan egin, Poxpolorekin jarraitu nahi nuen.
Zirku zalea ere banaizenez, zirku batzuetan hasi nintzen kolaboratzen; bai kanpora joanez eta baita hona etortzen ziren zirkuetan parte hartuz. Bagaude zirkua gustatzen zaigun talde bat eta Frantzian Bordelera, Daxera... joan izan gara zirkuak ikustera. Bati baino gehiagori entzuten nion: ‘Nik erretiroa hartzen dudanean, nik dirua dudanean... horixe da egin behar dudana, karpa txiki bat erosi eta horrekin gozatu’. Nik neure artean zera pentsatzen nuen: ‘Nik dirua eduki arte itxaroten baldin badut, ez dut behin ere edukiko eta ez dut behin ere erosiko. Eta jubilatu arte itxaroten baldin badut, ez dut egingo. Orduan, orain egin behar dut, ez dut gerorako utziko’. Orain energia daukadala, 41 urte eta telebistan lanean ondo nabilela, orain da momentua.
Eta hala, bigarren eskuko karpak begiratzen hasi nintzen Interneten, beste batzuk autoak begiratzen dituzten moduan. Badago merkatu bat Frantzian, Belgikan... Nola familiako zirku txiki asko dauden, badago salerosketa mugimendua. Eta halaxe hasi nintzen begiratzen, karpa hau topatu nuen arte.
Zein ezaugarri eman nahi izan dizkiozu Gure zirkuari?
Klasikoa, goxoa, etxekoa eta geurea. Hau da, guk dakigunarekin, gauza nabarmenegiekin hasi gabe. Gure saioak duela 2.000 urte greziarrek egiten zituztenak dira: alanbrean ibili, malabareak, trapezioa... Argi neukan ez nuela transformer bat aterako, auto batean transformatzen den ez dakit zer, edo Patrulla Canina haurrentzat edo Disneyko kontuak. Ez. Banekien gurea izan behar zuela: geure pailazoak, geure artistak, geure musika...
Orain, beti esaten dut zirkuak ateak irekita eduki behar dituela. Gaur Kataluniatik curriculum pare bat iri-tsi zaizkigu. Akaso datorren urtean iragarriko dugu ‘Kataluniatik etorri zaizkigu...’. Edo norbaitek ekialdeko musika proposatzen baldin badu saio jakin baterako, entzun eta ikusi egingo dugu ea lekurik izan dezakeen. Zirkuak beti ateak irekita eduki behar ditu.
Eta alaia. Argi neukan alaia izan behar zuela.
Gustura gelditu al zara osatu duzuen emanaldiarekin?
Nik uste dut diziplina onak eta politak dauzkagula. Ikusi egiten da artistek egiten duten esfortzua. Magoa, esate baterako, aurrez aurre ikusten da. Ez da goian eta urrutian ikusten den zerbait, ‘nola egin ote du’ pentsatuz... Bertan ikusten da. Gauza txikiak ere pixka bat goratu egiten dira eta espresioak ere garrantzi handia du zirku honetan. Ez dago zirku handietan bezala dena hain handi egin beharrik berrogeigarren ilaratik ikusi behar delako. Hemen nahikoa da irrifar bat egitea publikoa harrapatzeko.
Publikoa pozik ateratzen da, gertu sumatzen zaituztete. Nola lortzen duzue konplizitate hori?
Azkenean, guk hemen elkarbizitza bat daukagu: emanaldia bukatu ondoren denok elkarrekin afaltzen dugu, barre batzuk bota, eguneko saioa komentatu, hurrengo goizean elkarrekin gosaldu... Hemen egoten gara denok autokarabanetan, batzuek karpa barruan egiten dute lo, horrelako kanpin dendarik ez baitago inon. Eta nik uste dut hori dena transmititu egiten dela. Ez gara emanaldia baino ordubete lehenago geratzen garen aktore batzuk. Egun osoan elkarrekin gaude: elkarrekin iltzeak sartu ditugu, goizean gaizki zegoen bonbila bat konpontzen aritu gara, elkarrekin muntatu dugu dena, bitartean bat igerilekura joan da, bestea korrika egitera...
Horrek nortasuna ematen dio. Horrek energia positiboa ematen dio. Zirkua ikusi eta atera direnak kontentu atera dira. Eta askotan ez dakigu zergatik. Zeren askoz ere saio zailagoak ikusi dituzte. Youtube jarri besterik ez dago. Youtube-n trapezistak begiratu eta munduko onenak agertuko dira. Baina gure zirkuko trapezista gure Iraitz da, Xabier Leteren Habanera entzuten da, Mikel ari da fokoekin, Poxpolok eta Don Martinek Geuria da ta abesten dute publikoarekin... Gu geroni ari gara egiten eta gure energia jartzen diogu goizetik, bezperatik, bidean ekarri dugunarekin eta munta-tzerakoan osatuz joan garenarekin... Hori iristen zaio jendeari.
Karpara sartu aurretik magoa truko batzuk egiten aritzen da ilaran dagoen jendearen artean. Leku gehiago dagoen tokietan monozikloarekin ibiltzen da artista bat. Hasieratik espektatiba sortzen joaten gara: zer egingo ote dute barruan? Behin barrura sartutakoan, artistak beraiek egoten dira harrera egiten. Eta gero konturatzen da jendea esertzen lagundu dion hori dela trapezioan dabilena. Hori gustatzen zait.
Amaitutakoan, berriz, artistak kanpora ateratzen dira eta jendeak beraiekin hitz egiteko edo argazkiak atera-tzeko aukera izaten du. Hartu-eman berezia sortzen da eta hori ona dela uste dut.
Zer du desberdina zirkuak telebistarekin, antzerkiarekin... konparatuta?
Telebistak kafe-makina dauka, aire egokitua dauka, berogailua dauka... Eta barruko antzerkiak ere bai. Hemen, zirkuan, garai bateko komedianteak bezala, denetik ikasten da: autoari gurpil bat aldatzen ikasten duzu, foko bat konpontzen ikasten duzu,
iltzeak sartzen, taladroa maneiatzen, egurra mozten... Garai bateko komedianteak horrela ibiltzen ziren: bidean gurdia puskatzen bazitzaien ere iritsi beharra zegoen emanaldia egiteko, zeren emanaldirik egiten ez bazuten ez baitzuten afaltzekorik izango. Antzeko esperientzia bizitzen ari gara. Umiltasun osoz diot, erraza baita nik hori esatea gero azaroan berriz Antena 3ra joango naizela jakinda eta lana edukiko dudala jakinda.
Zirkuan denetik ikasten da. Eta erabateko artista edo komikoak denetik pixkat bat jakin behar duela iruditzen zait niri. Ez dakit. Ni pertsonalki asebete egiten nau horrek. Niri gustatu egiten zait iltzeak sartzea, azkoinak lotzea, soldaduran aritzea, aurrenekoan gaizki eta hurrengoan ondo... Eta zuk zerorrek egiten duzunean, adibidez karpako egurrezko eserlekuak, zure eskuekin, zure lagunekin, asebetetzea mundiala da.
Telebistan ez dago horrelakorik. Han gidoi on bat eduki, hura ikasi, ondo kobratu eta gero oporretan Port Aventurara joan, mundu guztiak egiten duen bezala. Niri asko gustatzen zait telebista eta urte asko darama-tzat hor lanean, menderatzen dudan medio bat delako eta oso gustura joaten naizelako. Baina honek, zirkuak, bizia ematen dit, indarra, energia ona, errutinatik atera eta zeozer gurea egiteko aukera; geuk sortu, geuk margotu, geuk muntatu, artista bakoitzak bere saioa proposatu eta prestatu... beti dago zeozer egiteko. Eta horrek motibatzen nau. Furgonetan letrak margotu ditugu, batzuk okerxeago, besteak zuzenxeago. Baina binilorik erosteko dirurik ez dago eta harro gaude furgoneta txuri erdoildu hura hemen margotuta zirkuaren aurrean jartzeaz.
Zirkuan artistak berea ematen du. Telebistan gidoia egina ematen dizute eta ezin da asko aportatu. Antzerkian zer lan ematen dizuten, batzuetan gehiago eta bestetan gutxiago aportatu dezakezu. Zirkuan, aldiz, artista bakoitzak bere saioa proposatzen du. Esate baterako, gurean magoak esaten du zer egin nahi duen, entseatu egiten dugu, gero bazkaltzera joaten gara, gero berriz beste buelta bat, beste buelta bat eta horrela magoak oso saio polita eta fina lortu du. Eta berak egin du.
Hortik gutxi dago gaur egun. Esan duzun moduan, ia dena egina ematen da. Egindako gidoia jasotzen badugu, aldatzeko eta sortzeko aukera gutxi gelditzen da. Zu bide horretatik ateratzen zara zuk zeuk sortu nahi duzulako. Nolakoa da sortze lan hori?
Nik egiten dudana ez da nik asmatu dudan zerbait. Nik urteetan zehar jaso eta jan dudanetik eta beste batzuengandik ikasi dudanetik egiten dut: erritmoak, tenpo-ak, gauzen ordena inportantea da, eskaleta, gauzak zer ordenetan aurkezten diren... Emanaldiek parabola bat eduki behar dutela esaten da. Nik uste dut parabola baino aldapa gora behar duela, eta aldapa gora hori markatzen edo bilatzen saiatzen naiz ikuskizuna prestatzeko garaian. Zirkuko artistak aldapa gora horretan kokatzen ditut. Ez du esan nahi aldapa goian dagoenak ondoen egin duenik. Behekoek ere bultza egiten dute. Ondo hasi behar da. Gozo hasi behar da.
Horrez gain, telebistako lanarekin Sevillara joan-etorrian ibiltzen naizenez, kilometro asko egiten ditut atzera eta aurrera. Eta horretarakoxe ematen dit: trenean jarri eta pentsatzeko. Papera eta lapitza atera eta bidaiak horretarako aprobetxatzen ditut. Ez naiz jartzen pentsatzen mahai batean eserita.
Nola antzematen duzu sormen hori ume eta gazten artean?
Gazteak langileak dira, baina kontzeptua desberdina da. ‘Badaude gonbidapenak zirkurako?’ entzuten diet. Gonbidapenak? Ainhoa Aierbek esaten zidan: “Gu antzerkitik bizi gara eta gure gurasoak antzerkira joaten direnean ordaindu egiten dute gu ikusteagatik”. Zuri, ileapaindegira joaten zarenean kobratu egiten dizute ilea mozteagatik. Autoa mekanikoarengana eramateagatik eta olioa aldatzeagatik bakarrik kobratu egiten dizute. Gure kasuan hau da gure lana! Zergatik gonbidatu behar dugu? Gonbidatu ditzala norberak nahi dituenak haientzat sarrerak erosita! Gu hontatik bizi gara. 12 euro. Ez dugu garestiago jarri nahi izan. Jende asko gabiltza hemen lanean eta denok soldata atera behar baldin badugu, ezin dugu merkeago jarri. Hasi baloratzen baloratu behar dena! Gero zinera joan, palomita batzuk erosi eta 15 euro gastatuko dituzte. Eta McDonalds batera joateak ez die tripako minik ematen.
Egin behar duguna da lana ondo egin eta jendeak ikus dezala merezi izan duela. ‘Ze ondo! Ze lan ona! Lan egiten dute bai, hauek!’, esan dezatela. Lana, gure ofizioa, gure bizibidea duin bihurtu behar dugu.
Gazteen artean antzematen al duzu horrelako lanetan aritzeko gogorik?
Talentu handiko gazteak ikusten ditut. Orain, lana egin behar da. Oraingo gazteen telesailekin badirudi segituan, taka, kamera baten aurrean jarri eta berehala ezaguna egiten zarela. Eta kito. Baina hori ez da horrela. Lan egin behar da eta gazteek ere jakin beharko dute hori ez dela betiko izango, guk jakin behar izan genuen bezala Goenkale ez genuela betiko izango. 7:00etatik 15:00etara oso gustura joaten ginen eta niri iruditzen zitzaidan bizitza hura zela. Baina ez da hala.
Nolako harrera izan duzue udalen aldetik?
Ni harrituta gelditzen naiz udaletako tasen kontuarekin. Gu barrakak, txosnak eta txurro-dendak epigrafean gaude. Ferietako salerosleak gara. Hau ez da arte eszenikotzat hartzen. Hau ez da artea kontsideratzen. Eta orduan, azoketako sarelosle bezala, ordaindu egin behar dugu herrietara joateagatik. Herri batzuek, gainera, tasak kobratu nahi izan dizkigute okupatzen dugun espazio publikoagatik. 4.000 euroko tasak! Edo gu izateagatik 1.800 eurotara jaitsiko dizkigutela esan digute. Baina, nola? Ezin dugu! Emanaldi bakoitza 1.500 eurotik gora kostatzen da-eta! Udalei eskatzen diegun gauza bakarra da komunak eta argi-indarra. 10.000 watio ez ditugu kontsumitzen emanaldi batean. Hori Joselu Anaiak-en dantzaldi batek baino askoz gutxiago da!
Ez dira konturatzen guk ere ematen diogula herriari, jendea erakartzen baitugu eta herriari bizia ematen baitiogu. Herrietan hartu-eman polita sortzen da bertakoekin. Aian udaleku irekietako umeak etorri ziren gure zirkuaren inguruko mural bat margotzera. Ekainek malabareak egin
zizkien, Poxpolo herriko igerilekura joan zen goiz batean... Hori zoragarria da! Ez dut ulertzen legeak eta araudiak nola dauden. Errazteko partez zailtzen. Herri txikietan erraztasun gehiago ditugu.
Amorrua ematen dit udal batzuei eta politikari batzuei ahoa nola betetzen zaien ikusteak: euskaraz egiten dutenentzako diru-laguntzak... horrelako hitzak darabiltzate, izugarrizko meritua balitz bezala euskaraz aritzea. Sarritan diru-laguntzak euskaraz egiten dutenei ematen dizkiete eta batzuk euskaraz egiten dute diru-laguntza horiek jasotzeko, gustura gazteleraz egingo luketenean. Gu, berriz, euskaldunak gara, euskaraz bizi gara eta euskaraz ari gara lanean. Eta horri ez zaio meriturik aitortzen.
Zirku eskola sortzeko ideia buruan dabilzu.
Udan herriz herri ibili dugun karpa hau neguan garaje batean jasota eduki beharrean nonbait muntatuta edukitzea gustatuko litzaidake, bertan tailerrak egiteko aukera emanez.
Konturatzen naiz eskolaz kanpoko jardueratan zirku tailerrak eskaintzen badira ume askok parte hartzen duela, beste edozein kiroletara baino jende gehiago joaten dela. Horregatik, garrantzitsua iruditzen zait tailer horiek eskaintzea.
Zirku tailerrak gauza asko ikasteko aukera ematen du: exijentea da, errutina batzuk eskatzen ditu, gauzak behin eta berriro egin behar dira eta saiatu egin behar da. Jarduera bera lantzeaz gain, beste hainbat gauza erakusten dira: trapezioa muntatzen, soka jartzen, bakoitzak bere aparatua zaintzen eta garbitzen, hurrengorako ondo egon dadin beste batek erabili behar badu. Zirkua jarduera osoa dela iruditzen zait.