LITERATURA. Gehiegi babesten al ditugu haurrak?

2019-01-14

Walt Disney-k kolore arrosaz margotu badu ere haurtzaroa, Juan Karlos Alonso psikologoak gaurko haurrek ere otsoaren beharra badutela azpimarratzen du. Ipuin klasikoak aldarrikatzen ditu, haurraren barruko gatazkak lantzen dituztelako. Fikzioaren, fantasiaren eta irudimenaren munduan murgiltzeko gonbitea egiten die helduei.

 
 
LITERATURA. Gehiegi babesten al ditugu haurrak?

 

Haurrek ipuin bat kontatzeko eskatzen digutenean, ipuin egokiena aukeratzeko hautuak hainbat buruhauste sortu izan dizkie gurasoei. Ipuin tristeegia ez ote den izango, pertsonaia beldurgarriek euren haurra zeharo asaldatuko ote duten, balore ezkorrak agertzeak haurrarengan ere horiek areagotuko ote dituen, ipuinean ageri den biolentzia horrek modu negatiboan eragingo ote dion... Eta maiz, ia oharkabean, ipuin batzuk alboratu eta balore hezigarriagoak lantzen dituztenetara jotzen da, horrek haurraren garapen psikologiko eta afektiboan modu positiboago batean eragingo duelakoan.

Juan Karlos Alonso psikologoak helduon beldurrak ikusten ditu jokaera horien atzean: “Gaur egungo guraso asko alerta-egoeran ikusten ditut beraien seme-alaben beldurrak direla eta, esfortzuarekiko, ez sufritzeko, frustrazioa saihesteko… Eta horregatik haurrak gehiegi babesten ditugu; gainbabestu egiten ditugula esango nuke. Eta literaturan eta fikzioan ere joera bera ikusten dut, haurrak gehiegi babesten ditugu eta nahastuta gaudela iruditzen zait”.

Guraso eta irakasleekin egiten du lan Alonsok, eta aipatzen duenez, gainbabestearen ondorioz, azken boladan ikusi du beti aurkezten dizkiegula haurrei ipuin ponpoxoak: laguntasuna lantzen dutenak, eskuzabaltasunaren ingurukoak, aniztasunaz hitz egiten dutenak…. Baina haurrek ipuinez gozatzea nahi bada, ipuinak zirrara sortu behar diela dio, eta hor kokatzen du ipuinaren ahalmen psikoafektiboa.

 

Ipuinaren ahalmenaz

Ipuinek, metafora eta pertsonaia desberdinen bidez, hitzez adierazi ezin daitekeena irudikatzeko ahalmena daukate. Psikologoaren arabera, haurrak ipuinarekin konektatzen du, lehenengo eta behin, haur literaturak maila psikoafektibo berean hitz egiten diolako eta ulertua sentitzen delako: “Gai bat aurkezten zaio, eta haur txikiak bere fantasiatik, bere ulertzeko modutik, bere sentimendutik, eta batez ere, bere egozentrismotik abiatuko du literaturaren bidea. Eta maila berean izango ditu ipuina eta bere mundu magiko hori, hain zentzugabea eta irreala dena garai honetan”. Eta, zentzu berean, ipuinek, eta batez ere ipuin klasikoek, bere sentikortasuna ukitzen diotelako erakartzen dute haurra”.

Ipuinen bidez emozioak lantzen

Haurra ere gizakia da, eta bere alde onak ditu, baina gizaki guztiok bezala, baditu sentimendu ezkorrak ere. Haurrek beldurra, bakardadea, agresibitatea, jeloskortasuna… sentitzen dute. Horren aurrean, psikologoaren ustez, heldu askok uste dute ipuin klasikoak edo beldurrezko ipuinak kontatzeak, edota pertsonaia gaiztoak agertzeak beldurra eragingo diotela haurrari, baina ez da horrela: “Literaturak eta fikzioak ez dute haurrarengan beldur berririk sorrarazten. Eta hitz gakoa sortu da. Izan ere, horrek ez du esan nahi haur batek ipuin klasiko edo beldurrezko ipuin bat entzutean ez duenik beldurrik sentituko. Ulertu behar duguna da ipuina entzutean haurrak bere barruan dituen beldurrak ihesbide moduan azaleratzen dituela, proiektatu egiten dituela. Horregatik, heldu bezala beldurra ezkutatzen badiogu, horrek ez du esan nahi bere barneko beldurrak kenduko dizkiogunik, baizik eta ez dira azaleratuko eta kito. Eta haurrek behar dute ihesbide hori bere barneko emozioak lantzeko”. Horregatik fikzioaren, fantasiaren eta irudimenaren munduan murgiltzeko gonbitea egiten die guraso eta hezitzaileei.

Haurraren barruko gatazkak lantzen dituztelako aldarrikatzen ditu ipuin klasikoak Alonsok. Hainbat ikerketa egin izan dira ipuin klasikoen inguruan eta liburu oso onak argitaratu izan direla aipatzen du. Horien artean Bruno Bettelheim-en Psicoanálisis de los Cuentos de Hadas liburua. Psikologiaren ikuspegitik aztertzen baditugu ipuin klasikoak, Alonsok dio ohartuko garela haurraren sakontasunean sartzen direla, eta oso gai garrantzitsuak lantzen dituztela, esaterako, heriotza, bakardadea, beldurrak, jeloskortasuna, gezurrak… ipuin klasikoak psikodramak dira, eta, bere ustez, haurrek behar dute intriga apur bat edo beldur pixka bat, “beraien sentikortasuna ukitzen dutelako. Horregatik dituzte hain gustuko”.

Ipuin klasikoak aldarrikatzearen atzean bada, Alonsoren arabera, beste arrazoi bat, eta ipuin mota honen egiturarekin dauka zerikusia. Ipuin klasikoek egitura berbera errepikatzen dute, ondo definitutako hasiera batekin, eta argumentuak aurrera egiten du amaiera pozgarri batera iristeraino. Psikologoak lau zati aipatzen ditu ipuin klasikoen egituraren adierazgarri: “Lehendabiziko zatian, bazen behin esapidearekin, haurrari aukera eskaintzen zaio bere irudimenean eta bere barruan sartzeko. Bigarren zatian, ipuinaren mamia agertzen da. Hor aurkeztuko zaizkigu pertsonaiak, zintzoak eta gaiztoak. Hirugarren zatian korapiloa agertuko da, eta gaizkia deuseztatu egin beharko da. Eta oso inportantea da horrekin bukatzea, batez ere sentipen ezkorrak ageri diren ipuinetan, bestela antsietatea sorrarazten da. Eta laugarren zatian kokatzen da ospakizuna, bizitzaren zailtasunak gainditzen direlako”.

 

Otso gaiztoak eta munstro ankerrak

Walt Disney-k kolore arrosaz margotu badu ere haurtzaroa, gaurko haurrek ere otsoaren beharra badutela azpimarratzen du Alonsok: “Ipuin klasikoek pertsonaiak irudikatzen dituzte bi aldetatik, eta gure haurrek ere badituzte zati onak eta zati txarrak. Zati onek irudikatzen dituzte pertsona guztiok ditugun helburuak hezteko, onak izateko... gizaki izateko, azken batean. Baina, aldi berean, identifikatu behar ditu bere barnean sentitzen dituen sentimendu ezkorrak ere. Eta pertsonaia gaiztoak behar dituzte, sentimendu horiek bideratzeko, euskarri psikologikoaren funtzioa egingo dutenak”.

Arrazoi horregatik ipuin klasikoek izugarrizko sinbologia daukatela aldarrikatzen du psikologoak. Bere ustez, haurrek sinbologia positiboa agertzea behar dute, bai, baina horrekin batera baita sinbologia negatiboa ere: “Haurrak bere agresibitatea islatuko du, adibidez, sorginengan. Edota bere beldurrak proiektatuko ditu otsoengan. Gauza bera gertatuko da jeloskortasunarekin ere, Edurne Zurin edota Mari Errauskinen ahizpaordeetan. Eta pertsonaia askoz gehiago agertzen dira, sinbologia positiboa irudika-tzen dutenak baina baita sinbologia negatiboa ere: iratxoak, amandreak, altxorrak, perlak, uharteak, errautsak, labirintoak edota piztiak, besteak beste”.

 

Jatorrizko bertsioen garrantzia

Ipuin klasikoen jatorrizko ber-tsioen garrantzia azpimarratzen du Alonsok: “Guk, heldu bezala, gainbabesten badugu, eta dena politikoki zuzena bezala aurkezten badiogu fikzioan ere, haurrari ez diogu aukerarik ematen bere barruko sentimendu ezkor horiek era sinbolikoan proiektatzeko. Eta hor alukeria izugarria egiten diogu”. Modu bertsuan, ipuin horien bertsio samurragoak eginda “ipuin horiek deskafeinatzen baditugu, galdu egiten zaigu ipuin horien benetako funtzioa”, psikologoaren esnetan.

Horren atzean bada, Alonsoren hitzetan, helduon partetik daukagun uste oker bat: “Uste dugu ipuinen bidez hezi behar ditugula haurrak. Eta ez da hori. Haur literaturak eta ipuinek balio dezakete heziketan laguntzeko, baina literatura, batez ere, gozamenerako, errealitatea transgreditzeko eta norberak bere barruko lanketa egiteko da”.

Horregatik, ipuin klasikoak beste begirada batez ikusteko gonbitea egiten du. Bere esanetan, “haur txikiei galdetzen badiegu zein ipuin nahi duten kontatzea, betikoak agertzen zaizkigu: txanogorritxu, hiru txerritxoak, zazpi antxumetxoak… Edota txotxongilo ikuskizunetan, pertsonaia zintzoak eta gaiztoak agertzen direnean, galdetzen badiegu haur txikiei gaiztoak zer egingo duen, erantzungo digute, ‘jan! Jan egingo du!’ Eta guk esaten badiegu ez du jango, hitz egin behar dute, ados jarri behar dute... Beste maila batean gaude eta izugarrizko altxorra galtzen dugu”, dio Alonsok.

 

Kontatzea hobe

Ipuin klasikoen jatorrizko bertsioak hobesten ditu psikologoak, eta beraiek irakurri ordez helduak konta-tzen badizkio hobe. “Ipuin klasikoek jatorria ahozkotasunean daukate. Eta eragin psikologikoa ez da berdina haurrari esaten badiogu urruneko baso batean otso bat bizi zela edota erakustea otso baten marrazkia. Haurrak askatasuna behar du bere imaginarioa eraikitzeko, bere buruan, eta bere beharren arabera. Horregatik da aukera hobea ahozko kontaketa”. Baina hori ez da beti erraza izaten helduentzat: “Egia da gaur egungo guraso eta irakasle askok ez dutela ahozkotasunaren kultura hori. Eta beti jotzen dugu euskarri ilustratuetara. Modu horretan haurrek ez dute berdin eraikitzen istorioa beren irudimenean”.

Dena dela, nabaria da, eta ipuin klasikoekin batera, gaur egungo haur literaturan ere oso ipuin onak daudela gaineratzen du Alonsok. Sortzailearen funtzioa azpimarratzen du, bai idazleena eta baita ilustratzaileena ere, eta zentzu horretan, asko aurreratu dela aipatzen du: “Gaur egun oso literatura ona egiten da Euskal Herrian ere. Tipologia asko dago eta gero eta gehiago ikusten da fantasia haurrentzako ipuinetan. Haur poesiak ere izugarrizko onurak ditu haurrengan eta hor dugu gure inguruan, esaterako, Juan Kruz Igerabide idazle aparta”. Hortaz, haur literatura genero desberdinak erabiltzea proposatzen du: “Egun batean album ilustratu bat, bestean ipuina, istorio bat inolako euskarririk erabili gabe, abesti bat, zeure anekdota propio bat, poesia… aniztasuna, bai istorio motetan, bai kontakizunean, bai estetikan”.

 

Afektibitatearen magalean

Heldu bezala, beldurrari aurre egitea gomendatzen die Alonsok guraso eta hezitzaileei: “Beldurra ez ezkutatzeko, eta beraiek ere partekatzeko haurrekin sentimendu ezkor horiek. Haurrak goxo-goxo hartu eta denetik irakurtzeko, baita beldurrezko ipuinak ere, eta otso eta sorgin gaiztoenak”. Psikologoarentzat oso garrantzitsua da afektibitatearekin lotzea momentu horiek eta haurrek sentitzea heldua ondoan dutea. Hori guztia hezteko helburuarekin soilik? Bada ez: Alonsoren ustez, “momentu atsegin bat pasatzeko, bizitzeko, uneaz gozatzeko eta heldu bezala haurraren alboan egoteko”.