Pedagogo sortzaileak: ELBIRA ZIPITRIA

2019-02-12

* Arantxa Urbe irakaslearen eta Hik Hasiko kidearen eskutik

Pedagogo sortzaileak izeneko monografikoa eguneratzen dihardu Hik Hasi egitasmo pedagogikoak, eta ikasturte honetan emango du argitara edizio berritua. Hainbat pedagogo liburuxkan txertatu aurretik, ordea, hik hasi aldizkarian argitaratuko du haien inguruko informazioa, pedagogiako zein psikologiako adituen eta arituen eskutik. Elbira Zipitriaren inguruko ekarpen hauxe da zerrenda horretan hamargarrena.

 
 
Pedagogo sortzaileak: ELBIRA ZIPITRIA

Elbira Zipitria Irastortzak, isilpean eta ausarki jokatuz, Gipuzkoako lehen euskal etxe-eskola sortu zuen frankismoaren urte beltzenetan. Abertzalea, euskaltzalea, kristau fededuna eta klase-kontzientzia handikoa, Ikastolaren hazia eta Euskal Eskolaren 36ko gerra aurreko eta gerra ondorengo mugimenduaren lokarria izan zen.

Andereñoa, pedagogoa, idazlea, politikaria eta hizkuntzalaria izan zen. Ekarri oparoa egin zuen jorratu zituen arlo guztietan. Aipagarria da euskal gramatikari egin ziona, NOR-NORI-NORK terminoen asmatzailea izan baitzen.

Hainbat ohar bibliografiko

Zumaiako (Gipuzkoa) Narrondo auzoan jaio zen, 1906ko maiatzaren 28an.

Muñoatarren ikastolan hasi zen lanean 1926an, Donostian. Garai hartako eskoletan, euskararen presentzia hutsaren hurrengoa zen. Gai horrekiko zuen sentsibilitateaz gain, Emakume Abertzale Batzako (EAB) kidea zen. Handik, etengabekoak ziren euskal eskolen eraikuntza-lanetan parte hartzeko deiak. Emakume ugarik erantzun zioten deiari: Zipitriarekin batera, Julene Azpeitiak, Madeleine Jauregiberrik, Robustiana Mujikak eta Maritxu Ituartek, besteak beste.

EABk indar handia hartu zuen, eta haren itzalean emakume haiek egin zuten lana ezinbestekoa izan zen ikastolak sortzeko eta indartzeko. Hala, Eusko Ikastola Batza (EIB) eratu zuten. Baina 36ko gerrak dena zapuztu zuen: euskararen irakaskun-tza debekatu zuten, eta euskararen gaian buru-belarri murgilduta zebil-tzanak zigortu egin zituzten.

Sarara (Lapurdi) erbesteratu zen. Han, berehala hasi zen eskolak ematen labaiendarren etxean. Hantxe ezagutu zuen Joxemiel Barandiaran, eta gustuko zituen Frantziako korronte pedagogiko berrietatik edateko aukera izan zuen.
Erbestetik Donostiara itzuli zenean, 1942an, ikastolaren bigarren aldia antolatzeari ekin zion. Ikasle bakarrarekin hasi zen, Down sindromea zuen Mielmari Egiarekin. Hurrengo urtean, Arriola sendagilearen etxean aritu zen, lau ikaslerekin. Euskal kulturaren alde egiten ari zen lana gero eta ezagunago bihurtzen joan zen, eta azkar aurkitu zituen ikasleak kezka hori zuten familia ezagunen artean.

Etxez etxe ibiltzeari utzi, eta Donostiako Fermin Kalbeton kaleko 26 zenbakiko 2. solairuan zuen etxean ireki zuen ikastola, isilpean. Gehienez, 10 neska-mutileko taldeak izaten zituen. Alde batetik, talde txikietan lan egin nahi izaten zuen, eta, beste alde batetik, garaiko legediak kopuru horretako taldeak eskola partikular gisa baimentzen zituen. Bere etxe hartan 20 urtez aritu zen lanean, eta sarri izaten zituen ikuskarien eta polizien bisitak. Urte horietan guztietan asmatu, landu eta garatu zuen bere metodoa.

Ikasleek 9 urte bete ondoren, gaztelaniako ikastetxeetan jarraitu behar izaten zituzten ikasketak: Zipitria arduratzen zen eskola horietarako sarrera-azterketa prestatzeaz, 8 eta 9 urteko ikasleei gaztelaniako eta frantseseko gramatika irakatsiz.

Iluntzean, berriz, ikasleen gurasoen euskara sakontzen zuen gau-eskolan.

Ondoren, 1949an, irakasle berrien prestakuntzari ekin zion, beste lan-ildo bat zabalduz: euskal andereño gazteen prestakuntzaz arduratu zen. Ekimen berri hori ere bere etxean garatu zuen. ORIXE ikastola sortu zuen gero, 1969an, beste hiru andereñorekin, Donostiako Alde Zaharrean.

Erabat murgilduta zegoen euskararen irakaspenean. Ikasleek euskararen alorrean egiten zituzten aurrerapenak jendaurrean azaltzeko erakustaldiak antolatu zituen, eta egunkariek ere eman zuten horren berri. Ikasleak Mañura (Bizkaia) eramaten zituen trenez, 100 urteko amamarekin egotera, hark euskaraz nola egiten zuen ikasleei erakusteko.

Euskararen gaineko kezka handia zuen. Lazkaoko (Gipuzkoa) beneditarrei euskarako eskolak ematen aritu zen bi urtez. Beneditarrek asko goraipatu zituzten ikastaro haiek, eta, batez ere, aditzaren gainean egin zituen ikerketak. Ondoren, beneditarren komentu hori euskara ikasteko eta sakontzeko gune garrantzitsu bilakatu zen.

Euskal gramatikari egin dion ekarri nagusia NOR-NORI-NORK terminoen asmakuntza izan da. Haren ikasle izan zen Antton Valverde kantari ezagunaren aitak tresna bihurtu zuen aditz-gurpila, eta oparitu egin zion. Gurpilak sekulako eragina izan du euskararen hedapenean, izugarri erraztu baitu aditzaren ikaskuntza.

Euskara batuaren kontrakoa zen, ordea. Herrietan, batuaren aldeko mugimendua hasi zenean, herriko euskara sustatu zuen, euskara bateratzeko egiten zen proposamenaren aurrean: “izpirituak bizitza dakar, letrek il egiten dute” zioen.

Batuaren nagusitasuna ikastolaren legeztatzearekin lotzen zuen. Horren eta H letraren ezarpenaren aurka borrokatu zen. H-aren erabilera-arauak onartzeak eta jendeak barneratzeak ondorio zuzenak izan zituen haren osasunean.

Idazle gisa, Ira goitizenez sinatzen zituen bere lanak. El Dia egunkariko euskal orria atalean idatzi zuen, baita ARGIA eta beste hainbat argitalpenetan ere.

Haurrentzako antzerki-lanak eta ipuinak idatzi zituen: Leoi-kumea. Paris, 1948, esaterako. Euskal Idaz-leen Federazioan eta euskaltzaleen jardunaldietan aritu zen, bestalde.

Zipitriak harreman estuak izan zituen garaiko euskal kulturako adituekin: Orixe, Joxemiel Barandiaran, Telesforo Monzon, Resurreccion Maria Azkue, Tene Mujika, Faustina Carril, Koldo Mitxelena, Nemesio Etxaniz, eta Manuel Lekuona, esaterako.
Elbira Zipitria Irastortza Donostian hil zen, bakarrik, 1982ko abenduaren 26an.

Asko gustatu zitzaion munduari begiratzea; ez zuen jakin, ordea, berak hainbeste borrokatu eta defendatu zituen ildo berri haietan aurrera egiten. Bere ideietan itxi eta itsutu zen. Jokaera horrek kontrako jarrera eta sentimendu asko sorrarazi zituen. Hala ere, ezagutu zuten askok maitatu zuten. Eta ezagutu zuten guztiek Zipitriari asko zor diotela diote, eta Euskal Herriak ere asko zor diola.

Zipitriaren hezkuntza-ereduaren oinarriak

Haren lehen urratsa eskola desberdina egitea izan zen; horretarako, teorizazio pedagogiko sakonetatik abiatu beharrean, saiatu zen hizkuntzak, kulturak eta tradizioaren aldeko konpromisoak eta eguneroko jarduerek planteatzen zizkioten hainbat arazori aurre egiteko erantzun praktikoak ematen. Horren ondorioz, haren pedagogia-estrategiez, teknikez eta baliabidez beterik dago. Hastapenean, hezkuntza eta hezkuntza-prozesua ulertzeko modu bat dago.

Elbirak irmoki sinetsi zuen haurraren izaeran eta dituen ahalmenetan. Haren ustez, haurraren izaera hori uholdearen gisakoa da; haren indarra bideratu behar da, baina hezkuntzak ez dio indar horri kontra egin behar.

Bestalde, eskola berriaren beharra aurrean zuela, aukera metodologiko bat bilatu behar izan zuen, tresnatzat hizkuntza bat hartuta.

Haurtzaroari buruz zuen ikuspegi dinamikoaren arabera, haurrarengana eta haren lorpenetara bideratu zuen hezkuntzaren indar guztia: lehenik eta behin, zenbait eskuratze-prozesu desintelektualizatu egin behar ziren; gero, ikasteko metodo natural bat bilatu behar zen, haurrari eskolan bizitzan bezala ikasteko aukera emango zion metodo bat, alegia.

Horren ondorioz, jarraibideak zehaztu zituen; haur txikiak ibiltzen eta hitz egiten ikasten zuen eran ikasi behar zuen haur nagusiak irakurtzen eta idazten. Beraz, metodoak haurraren jarduera zuen ardatz; hots, txikiak ibiltzen ibiliz eta hitz egiten hitz eginez ikasten zuen era berean, geletako haurrek marraztuz, idatziz edo irakurriz ikasten zuten marrazten, idazten edo irakurtzen.

Zipitriak proposatu zuen lana teknikaz eta baliabide didaktikoz lagunduta zegoen: kideen arteko kidetasuna, zotzak, puxtarriak eta makilak erabiltzea, esate baterako. Teknika eta baliabide didaktiko horiek egin zioten ekarpenik handienetako bat, hain zuzen, eskola aldatzeko prozesuari: haurrek libreki bozkaz aukeratzen zituzten testuak, eta haur bakoitzaren ahalmenen arabera egokitzen ziren lanak, finkatzen ziren lan-erritmoak eta banatzen ziren ardurak. Horren guztiaren bidez, ikasleek irakurtzen, idazten, marrazten eta behatzen ikasten zuten; baina, gainera, lankidetzan aritzen, beste pertsonekin harremanak izaten eta beren lanez arduratzen ikasten zuten, besteak beste.

Zipitriaren pedagogia indibidualismoaren, norberaren lorpenen eta pertsonalismoaren kontrakoa zen. Pedagogo euskaldunaren helburua, gelako jarduerak antolatzeko eran ez ezik, geroago irakaskuntzan aritu zirenei eman zizkien praktiketako eskoletan eta bere jardunaren funtsean ere agertzen zen. Zipitriak irakaspen horien bidez antolatu zuen eskola eraldatzeko bere metodoa.

Bestalde, metodo hori oso zorrotz garatu zuen. Maistrei ikasleei adina eskatu zien, praktiketako eskola horiek baliatu izan baitzituen bere berrikuntza metodologikoak hedatzeko; behin eta berriro esan dugunez, didaktikaz zuen ikuspegiaren ondorioz, ez zituen bere pedagogiaren ildo programatikoak idatzi nahi izan, eta beti ahozko transmisioaz baliatu zen berarekin praktiketan aritu zirenei metodoa azaltzeko.

Oinarri teorikoak gauzatzen egindako bidea

Gerra ondorenean, Euskal Herriak eskola librea, modernoa, euskalduna, europarra eta berria behar zuen, eta, behar horretatik abiatuz, Zipitriak jakin zuen ikastola izango zenaren lehen hazia ereiten; 36ko gerra ondorengo hezkuntza-sistema ilunean bere lekua egin zuen.

Europako hainbat herrialdetan gertatzen ari ziren berrikuntza pedagogikoei eta garaiko adituak garatzen ari ziren punta-puntako ikerketei adi zegoen, eta Euskal Herrira ekarri zituen: abertzaletasunarekin eta erlijioarekin batera, haren metodoaren oinarri izan ziren.

Zipitriak bere etxean bertan zabaldu zuen euskal etxe-eskolan sortu zuen metodoa, eta han landu zuen. Ondoren, Orixe ikastolan egin zuena kopia bat besterik ez zen izan. Horrela garatu zuen ondoren sortu ziren ikastoletan segida izan zuen eredu pedagogikoa. Lan egiteko modu edota estilo horrek bazituen ezaugarri batzuk:

  • Hasiera-hasieratik, jolasa eta kantua baliatu zituen irakasteko.
  • Haren jardunean, kanpoko zein barruko bizipenak ziren ikasleen eskolako eta ikasteko jardueraren abiapuntuak. Ziurtatu nahi zuen ikasleen bizitza errealarekin harremana zutela beti. Horren ondorioz, hezkuntzaren esku-hartzea ez zuen oinarritu ahoz transmititutako informazioan, baizik eta bizitzako esperientzietan eta gertaeretan. Eskola bizia zen.
  • Ostegun arratsaldero, Urgulleko gaztelurantz igotzen zen ikasleekin; ibili eta haizea hartzeaz gain, ikastera joaten ziren.
  • Ez zuen ikaslibururik erabiltzen, ikasle bakoitzak bere koadernoa eramaten zuen. Xabiertxo liburua soilik erabiltzen zuen.
  • Matematika lantzeko, berriz, zotzak eta puxtarriak zituen. Zenbakiak eta letrak lurrean egiten zituzten, zotzak erabiliz.
  • Lurrean eserita egiten zuen lan. Bere etxean, hormara altxatzen zen mahai bat zuen, eta idazteko soilik erabiltzen zuen.
  • Ulermena eta logika lantzean, garrantzia handia ematen zion ekintzari eta manipulazioari.
  • Arreta berezia eskaini zion betidanik aniztasunaren trataerari, hezkuntza-premia berezia zuten ikasleekiko sentiberatasun handia erakutsiz. Pertsonen arteko berdintasunean sinesten zuen; heziketa jasotzeko eskubide bera zutela uste zuen, eta ikasteko gai zirela, gainera. Sinesmen horiek oso aurreratuak ziren garai hartarako. Izan ere, behar bereziak zituzten haurrak ez ziren joaten eskolara.

Haurrekin lanean hasi zenerako, finkatuta zuen bere helburu nagusia: haurrek euskara ikastea eta erabil-tzea. Hezkuntza-arloan egin zuen ibilbideak bi zutabe izan zituen: euskara eta berrikuntza pedagogikoa.

Zipitriaren nahia izan zen haur euskaldunek beren etxeko hizkuntzan jasotzea hezkuntza, jakituria euskaraz landu ahal izatea. Garai hartarako, nahikoa ezohikoak eta oso aurrerakoiak izan ziren ideia horiek guztiak: Pestalozzi, Montessori, Ovidio Décroly, Jean Piaget, Freinet edo Pedro Poveda izan ziren bere erreferentziak, besteak beste.

Eskola-eredu tradizionalekin puskatu behar zela sinetsi zuen, bide berriak urratu behar zirela. Zipitriak neskak eta mutilak elkarren ondoan hazi zituen, berdintasunez. Pedagogia eta metodologia-sistema berritzaileenak aplikatzen zituen. Irudimen eta jakin-min handia zuen, horiek izan ziren bere bitartekoak baliabide didaktikoen falta gainditzeko. Eskolako ateak bizitzari zabaldu zizkion, batez ere. Eta hori guztia euskaraz egin zuen. Bere etxean hartu zituen ikasleen familiekin asmo bera partekatu zuen, guztiek amets bera zuten: Euskal Eskola berria nahi zuten.

Elbira Zipitriaren lanak gaur egun duen eragina

Euskal hezkuntza osoan oso zabaldurik daude Zipitriak erabili zituen baliabideak (zotzak, puxtarriak, ipuinak, kantak, dantzak); azaldu zuen berrikuntzako grina; eleaniztasunaren aldeko jarrera; aniztasunaren trataera; euskal kultura, eta haren trataera: tradizioak; neurri indartzaileak eskaintzea ama-hizkuntza euskara ez dutenei; irteerak; ikasleen lanen erakusketak; heziketa-lanaren garrantzia.

Elbira Zipitria izan da Euskal Herrian euskarazko irakaskuntza berriztatzeko argia piztu zuenetariko bat, eta, era batera edo bestera, guztiak daude txertatuta gaur egungo irakaskuntzan.

Adin desberdineko haurrekin egiten zuen lan. Beraz, aipagarria da mailako estrategiak eta sekuentzializatuak erabiltzeko plangintza bati jarraitzen ziola, kontzeptuak, edukiak eta prozedurak ulertuz barneratzen zirela ziurtatzeko. Hori antzematen da haien ikasleen koadernoetan.

Bestalde, ahalegindu zen bere ikasleek esparru instrumentalak, irakurketa/idazketa, kode matematikoa, mapen irakurketa eta abar ezagutzeko interesa izan zezaten. Elbirak bazekien ikasleek ulermen-zailtasun handiak zituztela ikasgai horiek barneratzeko; ulermen hori errazteko, abestiak, jolasak, olerkiak eta bestelakoak erabiltzen zituen.

Elbirak azterketak eta taldeko eztabaidak baliatzen zituen informazioa eta ikuspegiak trukatzeko eta ezagu-tzaren eskemak berrantolatzeko. Gelaren antolaketa, ikasleen lankidetza ahalbidetzeko, jendarteko gertaerei eta eraginei buruzko gogoeta elkarrekin egiteko; gatazkak gainditzeko aukerak irekitzeko zegoen eginda. Horren ondorioz, gelaren itxura aldatu egiten zuen, landu nahi zuen gaiaren arabera.

Beste modu batera esanda, Elbiraren iritziz, ikasleek ikertzeko eta beren kasa konponbideak bilatzeko gaitasunari lehentasuna eman behar zitzaion, haien autonomia pertsonala eta morala indartzeko bidea baitzen. Horretarako, adibidez, ikasleak egunean bi orduz joaten ziren eskolara, baina ikasitakoa aplikatzeko beste zenbait jarduera egiten zituzten; esaterako, etxeko lanak: bakarkakoak edo taldean egindakoak.

Elbira Zipitriak ez zituen bere printzipio pedagogikoak eta metodologikoak idatzi. Horren ondorio da, hein handi batean bederen –eta jorratu zituen beste hainbat arlotan gertatutakoaren kontra–, gaur egun hezkuntza-arloan aditu gisa ezaguna ez izatea, eta zor zaiona aitortu ez izatea, berarekin praktikak egin zituzten ikasle haien ikastoletan izan ezik, ikastola horietan ezagutu eta zabaldu ahal izan baitute zuzenean Elbirarengandik jasotakoa. Ondoren, beste ikastoletara eta eskoletara hedatu ziren.