Pedagogo sortzaileak: MARIA MAEZTU

2019-03-22

* Ainhoa Azpirotz, Hik Hasi-ko kidearen eskutik

Pedagogo sortzaileak izeneko monografikoa eguneratzen dihardu Hik Hasi egitasmo pedagogikoak, eta ikasturte honetan emango du argitara edizio berritua. Hainbat pedagogo liburuxkan txertatu aurretik, ordea, hik hasi aldizkarian argitaratuko du haien inguruko informazioa, pedagogiako zein psikologiako adituen eta arituen eskutik. Maria Maezturen inguruko ekarpen hauxe da zerrenda horretan hamaikagarrena.

 
 
Pedagogo sortzaileak: MARIA MAEZTU

 

Garaiko emakume asko bezala, ahaztua edo gutxi aipatua izan da Maria Maeztu gasteiztarra (1881-1948). 1915etik 1936ra bitarteko garaia erabakigarria izan zen kulturaren eta hezkuntzaren garapenerako Espainian eta Euskal Herrian, batez ere, klase ertaineko emakumearen prestakuntzarako. Garapen hori ezin da ulertu Maria Maeztuk egindako lanik eta ekarpenik gabe.

Hasieratik, emakumeen hezkuntza librea defendatu zuen gasteiztarrak. Ideia horri bultzada eman zioten egitasmo ugari jarri zituen abian, Madrilen sortutako Andereñoen Egoitza bereziki.

Ibilbide osoan zehar egindako urratsek ondo marraztu zuten haren bidearen arrastoa: behartsuen hezkuntza-eskubidearen alde borrokatu zen, eta, emakumeek ikasteko zuten eskubidea aldarrikatzeaz gain, praktikan aukera hori izatea lortu zuen. Eta guztia, ildo pedagogiko berriekin.

Hezkuntzaren bidez emakumearen egoera hobetzera bideratu zituen bere jarduna eta bizitza.

Zenbait ohar bibliografiko

Ukaezina da Maria Maezturen familia-bizitzak eta ingurune sozialak haren hezkuntza-jardueran eragin handia izan zutela, eta asko lagundu ziola ingurune horrek.

1881eko uztailaren 18an jaio zen, Gasteizen. Gurasoak Manuel Maeztu Rodriguez eta Juana Whitney zituen, kubatar jatorriko ingeniaria eta diplomaziako ingeles baten alaba, hurrenez hurren. Gasteizen jarri ziren bizitzen, eta han jaio zen Maria, bost anai-arrebetan hirugarrena. Aita 1894an hil zen, eta galdu egin zuten Kuban zeukaten ondare ekonomiko guztia. Juana Whitney eta haren bost seme-alabak oso egoera ekonomiko larrian geratu ziren. Hala, Bilbora joan ziren bizitzera, eta Andereñoen Egoitza ireki zuen Juana Whitneyk. Kultura-zentro bat zen, eta emakumeei ikasketak egiteko aukera ematen zitzaien han. Ordurako, Gasteizko Irakasleen Eskola Normalean irakasle-ikasketak burutu zituen Mariak (Bilbon oraindik ez zegoen ikasketa horiek egiteko aukerarik), eta 17 urterako lortu zuen irakasle-titulua. Amari laguntzen hasi zen Bilboko egoitzan, eta hizkuntzak ikasten jardun zuen. Oposaketetara aurkeztu zen handik gutxira, eta plaza lortu zuen 1902a, Santanderreko haur-eskola publiko batean. Han hasi zen lanean. Bost hilabete geroago, Bilboko Gorte kaleko eskola batera lekualdatu zen. Eskolak ematen hasi zen han, eta eginkizun horretan nabaritu ziren haren metodologia berritzaileak: aire librean ematen zituen eskolak, oroimenerako metodo berriak erabiliz, eta, horrez gain, hezkuntza laikoaren alde egin zuen.

Bitarte horretan, ikasketekin jarraitu zuen: 1907an, Batxilergoko ikasketak egin zituen Gasteizen, eta handik bi urtera, Salamancako Unibertsitatean matrikulatu zen, ikasle ez-ofizial bezala. Horrela, Bilboko egoitza antolatzen lagundu zion amari. Salamancako unibertsitatean, Miguel Unamunoren ikasle izan zen eta haren etxean hartu zuen ostatu.

1909an, Madrilera joan zen, eta han osatu zituen ikasketak, alde batetik Irakasletzako Goi Ikasketak (1912an eskuratu zuen andereño titulua), eta beste aldetik, Filosofia eta Letretakoak (1915ean lizentziatu zen). Madrilgo Irakasletzako Goi Eskolan, Jose Ortega y Gasset izan zuen Filosofiako irakasle. Haren ideia filosofikoek eragin handia izan zuten Maezturengan eta gertuko harrenama izan zuen berarekin.

Ordurako, lotura estua zuen Irakaskuntza Librearen Erakundearekin (Institución de Libre Enseñanza) eta hark defendatzen zituen hezkuntza-berrikuntzaren ideiekin (Francisco Giner de los Rios-en ideiak, besteak beste). Erakunde hartatik sortu zen Ikasketa eta Ikerketa Zientifikoen Hedapenerako Batzordea (Junta para la Ampliación de Estudios e Investigaciones Científicas), irakasleen prestakuntza bultzatzeko asmoz. Kulturaren erreformak irakasleen prestakuntzatik hasi behar zuela uste zuten. Horregatik, bekak ematen zituzten, irakasleak Europara joateko eta hango berrikuntza eta espiritua ekartzeko. Maeztuk hainbat beka lortu zituen, atzerrian egonaldiak eta ikasketak egiteko.

1915ean, bere bizitzako lanik garrantzitsuena izango zenari ekin zion: Andereñoen Egoitzaren (Residencia de Señoritas) zuzendaritzari. Emakumeei zuzendutako unibertsitate mailako lehen prestakuntza-zentroaz gain, espazio kultural eta sortzaile bat zen.

Lan pedagogikoarekin jarraituz, 1918an institutu-eskola bat eraiki zuten, eta, beste maistra batzuekin batera, Lehen Hezkuntzakoa zuzen-tzeko deitu zioten Maezturi. Horren ostean, Madrilgo Lyceum Club Femenino erakundea zuzentzen hasi zen 1926an. Elkartearen helburuak emakumeen talde-espiritua bultza-tzea eta emakume ezkonduei etxeko hormetatik harago leku bat eskain-tzea ziren.

Bidaiak eta hitzaldiak

Ikasketekin eta lanarekin batera uztartu zituen bidaiak eta hitzaldiak Maeztuk. 1909tik aurrera, nortasun propioa izaten hasi zen, Bilboko Gorte kaleko eskolan egindako lana ezaguna izaten hasi zenean eta agerian jarri zenean konferentzietan eta kongresuetan haren komunikazio gaitasuna.

1908an, Londresera joan zen, eta hezkuntza-metodo eta ikuspegi berriak gertutik ezagutzeko parada izan zuen, esperientzia hari esker. Han ikusitako berrikuntzak ezartzen joan zen bere eguneroko jardunean. 1909an, hitzaldi bat eman zuen Eibarren. Bere gai kuttunez mintzatu zen, jomuga zuen eskolaz eta herrien bizitzan hezkuntzak bete behar zuen eginkizunaz, zehazki: “Itsu-itsuan sinesten dut hezkuntzan. Horregatik, erreguka natorkizue, denoi esatera: hazi eta hezi itzazue zeuen seme-alabak, eta etorkizunean borrokan aritu ahal izango dira, bozkatu ahal izango dute, politikariak trebatu ahala izango dituzte, garaile izango dira, arrakasta lortuko dute... Aire zabaleko eskolak ditut xede, lorategi bihurturiko eskolak, barre-hotsak, kantu-doinuak, txoriak eta loreak eskaini ahal izango dizkietenak haur txiroei” (La Voz De Guipuzcoak eman zuen hari buruzko albistea).

1920an, Eusko Ikaskuntzak Iruñean antolatutako kongresuan hartu zuen parte. Lehen Hezkuntza, Bizkaiko eskolak, politika eta hezkuntza, familia, eskola eta gizartea, eta irakasleen prestakuntza izan zituen hizpide.

1909-1910 bitartean, Europan bidaiatzeko beka lortu zuen. Zurichen, Pestalozzi-ren pedagogia sozialaz blaitu zen, eta Alemanian, Nartop-en pedagogiaren oinarri filosofiko humanistak eta naturalistak ezagutu zituen.

1919an, Amerikako Estatu Batuetara joan zen, Andereñoen Egoitzaren eta International Institute for Girls in Spain erakundearen arteko elkarlan bat kudeatzera. 1926an, Hego Amerikatik deitu zioten, eta hainbat hitzaldi eman zituen Argentinan eta Uruguayn. 1927an, Kuban izan zen, eta 1929an Kuban eta Mexikon.

1936an Gerra Zibilak eztanda egin zuenean, bere anaia Ramiro (nazionalista eskuindarra) errepublikaren aldekoek fusilatu zuten, eta asko eragin zion gertaera hark. Andereñoen Egoitzaren zuzendaritzatik baztertu zuten. Egoera hartan, lanik ezin zuela egin ikusirik eta anaiaren heriotzak sortu zion izuak eraginda, AEBetara egin zuen ihes. Columbia Uniber-tsitatean egonaldi bat egin ondoren, Argentinara joan zen. Hezkuntza- eta literatura-lanarekin jarraitu zuen han, Buenos Airesko Unibertsitatetik. Hezkuntzako katedra eman zioten han, eta hantxe jarraitu zuen hil zen arte, 1948ra arte. Bere hilotza Lizarrako familiaren mausoleora aberriratu zuten.

Lehen jarduera pedagogikoa: Bilboko Gorte kaleko haur-eskola

Bilboko Gorte kaleko eskola batean hasi zen Maeztu 1902an. Hiriburuko auzo behartsuena zen, marjinatua, prostituzioaren auzoa, eta San Frantziskoko etxebizitza sozialetatik eta Morro meategitik gertu zegoen. Ezaugarriak ezaugarri, lanari sutsu eta gogo biziz ekin zion. Erortzeko zorian zegoen antzoki zahar baten patioan ematen zituen eskolak, eta, halere, oso pozik zegoela zihoen, bokazio handia baitzuen, eta han behar baitziren gehien haren maitasuna eta sakrifizioa, auzoko neska behartsuen onerako.

Lanerako grina horretan, erabateko eragina izan zuen haren eskuetara etorri zen liburu batek: Pestalozziren Nola erakusten dien Gertrudisek bere seme-alabei. Irakasteko lanean, bere porrotak eta mugak aitortzen zituen Pestalozzik, eta, aldi berean, gainditzeko aholku zehatz batzuk ematen zituen: hainbat oinarri jarri zituen amen esku, seme-alabei irakurtzen ikasteko, giza prestakuntzaren hiru ardatzak aintzat hartuta; burua, bihotza eta eskua. Pestalozziren planteamenduetatik abiatuta, irakaskuntzako metodo berriekin batera, ohitura berriak ezarri zituen, hauek, adibidez:

  • Garbitasuna: bere soldatarekin, oihal puskak erosten zituen, neskei mantalak josteko. Xaboia erosten zuen, etxekoek garbi joateko aitzakiarik eduki ez zezaten. Ikasle behartsuak eta guraso ezezagunetakoak txukun eta garbi joatea lortu zuen.
  • Txukuntasuna eta estetika: loreekin apaintzen zuen eskola. Haren ahizpa Angelak berogailuak estaltzeko zituzten bionboak margotzen zituen, eta baita gortinak josi ere, leihoak apaintzeko eta auzokoen patioak disimulatzeko. Haurren arkatzak etxera eramaten zituen, punta ateratzeko eta gehiago irauteko, materiala urria baitzen. Garai hartan ohiko ez zen garrantzia ematen zien txukuntasunari eta garbitasunari: haurrentzat eskola ahalik eta atseginena izan zedin nahi zuen. Eta eskolarik atseginena eta ederrena izatea lortu zuen.
  • Errealitatearekiko kontaktua: kanpora irteten zen eskolak ematera.
  • Memorizazioa baztertu zuen: ezer ulertu gabe buruz ikasteko eskatu ordez, ikasleei marraz-kien eta eskulanen bitartez erakusten zizkien gauzak aurrena. Esate baterako, lehendabizi arbelean irudi geometrikoak marrazten zituzten ikasleek, eta gero ikasten zituzten irudi horien izenak. Aurrena objektuak kontatzen ikasten zuten, eta gero hasten ziren zenbakiekin kontatzen.
  • Eskolako udalekuak: osasun-arazo larriak zituzten umeentzat (errakitismoa, tuberkulosia eta desnutrizioa), eskolako udalekuak prestatu zituen. Euskal Herriko aisialdiko heziketaren aitzindaritzat har daiteke.
  • Diziplina-arauak eta zigorrak kendu zituen, eta elkarbizitza malguago bat posible egiten zuten neurriak hartu zituen.
  • Jangela: etxean baino goxoago egoten ziren eskolan hainbat ume, etxeko bizi-baldintzak ez zirelako onak. Hori dela eta, jangela moduko bat jarri zuen, gutxienez haur behartsuenei salda emateko.

Metodologia berri horiek erabiltzeagatik, sari bat eman zioten 1905. urtean, Bilboko Erakusketa Pedagogikoan. Gorte kaleko haur-eskola horretan prestatu, entseatu eta eman zien forma bere ideia pedagogikoei.

Bizitzako lanik garrantzitsuena: Andereñoen Egoitza

Ikasketen eta Ikerketa Zientifikoen Hedapenerako Batzordeak nesken-tzako egoitza egitea erabaki zuen, 1915ean. Bazegoen mutilentzat, eta, urte hartan lekuz aldatu zutenez, haiek utzitako lekuan neskena egitea erabaki zuten. Egoitzaren zuzendari-tzarako, Maria Maeztu ikusten zuten egokiena.

1915an ireki zituen ateak Andereñoen Egoitzak. Helburua, gainerako herrialdeetan bezala, emakumeak ere ikasketak egitera animatzea eta bitartekoak jartzea zen. Zehatzago esanda, egoitza bat eskaini nahi zitzaien ikasten jarraitu nahi zuten neskei, unibertsitateko fakultateetan, Irakasletzako Goi Mailako Eskolan edota beste ikasketa-zentro batzuetan jarraitu nahi zuten neskei. Baina ez hori bakarrik; ostatua eskaintzeaz gain, hainbat eskola eta ikastaro eskaintzen zitzaizkien, beraien prestakuntzan sakondu zezaten: Maeztuk zuzenean ematen zituen Pedagogiako eta Filosofiako eskolak, Fisiologia, Fisika eta Kimika, Natur Zientziak, Gramatika eta Literatura, Historia eta Geografia, Aritmetika eta Geometria, Artearen eta Kulturaren Historia, Musikaren Historia, Marrazketa, Mineralogia, Botanika, Biologia eta Zoologia, Farmazia Praktikoa, Anatomia, Histologia, Zuzenbide Politikoa eta administratiboa.... Eta atzerriko hizkuntzak ikasteari garrantzi berezia ematen ziotenez, frantseseko, ingeleseko eta alemanerako eskolak ere eskaintzen ziren.

Naturarekiko kontaktua zen heziketaren ardatz nagusietako bat, eta hori dela eta, garrantzi handia ematen zitzaien kirolari eta txangoei. Oso sarri irteten ziren kanpora, normalean, Natur Zientzietako irakasleen gidaritzapean. Ikuspegi didaktikoa zuten irteerek: ingurunea eta gizartea modu zuzenean eta bizian ezagutzea, eta ez testuliburuen bidez. Fisika eta Kimikako gaiak lantzeko, laborategi txiki bat zuten. Aire libreko kirola eta jolasak ere eskaintzen ziren egoitzan.

Liburutegia zen beste elementu preziatuetako bat. Kulturarako oinarrizko elementua izaki, arreta handiz zaintzen zuten, eta emakumeek oso gogoko zuten leku hura.

Ideia moralak ezartzeko, ez zuen zigorra erabiltzen; aitzitik, adibideak erabiltzen zituen, jokamolde egokien tradizioari eutsi zion, giza duintasunaren zentzua azpimarratu zuen, eta estimulu zitalak urruntzen saiatu zen.

Era berean, gizonezkoen egoitzan bezala, hainbat hitzaldi antolatzen ziren, eta garai hartako pentsalari eta filosoforik entzutetsuenak izan ziren han: M. B. Cossío, Luis Zulueta, Gregorio Marañón, Maria Curie, Maria Montessori, Clara Campo-
amor, Azorín, Baroja, Garcia Morente, Ortega y Gasset... Federico García Lorcak Poeta en Nueva York poema irakurri eta komentatu zuen, 1931-1932 ikasturtean.

1915ean egoitzak ateak ireki zituenean, emakume gutxi ziren Madrilen goi-ikasketak egiten zituztenak: 65 ziren unibertsitateko ikasle ofizialak, eta 43 ikasle libreak. Lehen ikasturtean (1915-1916) 30 emakume izan ziren egoitzan. Horietatik gehienek Irakasletzako Goi Eskolan ikasten zuten, edota han sartzeko prestatzen ari ziren. Gutxi ziren unibertsitateko ikasketak egiten zituztenak. 1920. urtetik aurrera, ordea, unibertsitateko ikasketak egiten zituzten emakumeak ugaritzen joan ziren.

Urtetik urtera, jende gehiago etorri zen egoitzara, eta bi atal sortu zituzten: Maria Maeztuk Fortuny 30ean zuzendutako atal orokorra, batetik, eta unibertsitateko atala bestetik; azken hori International Institute for Girls in Spain-ekin lotuta zegoen.

Hasieran unibertsitate-ikasketak egitera zihoazen emakumeei bidera-tzen bazitzaien ere, ikuspegia zabaldu egin zen gerora, eta goi-mailako ikasketak egin nahi ez zituztenei edo egin ezin zituztenei ere ireki zitzaizkien egoitzako ateak. Zeuden baliabide materialekin (gelak, logelak eta abar), askotariko ekintzak eskain zitezkeen, bai eta ikasketa-aukera zabala ere.

Elkarbizitza eta feminismoa ardatz

Andereñoen Egoitzan, irakasleak eta ikasleak elkartzen ziren, eta denen arteko bizitza komunitarioan heztea zuen xede. Askatasunaren printzipioetan oinarritzen zen egoitzaren antolaketa. Taldearen edo kolektiboaren ideia zen nagusi: trebatutako belaunaldiek berriei irakasten zieten, zuzendaritzaren prestigio intelektuala eta morala markatzen zen, eta denen arteko elkarbizitza sustatzen zen. Hori guztia, jolasarekin, kirol eta ariketa fisikoarekin eta garbitasun eta higienearekin uztartuz, artea eta jokamolde egokiak bultzatuz, tratu egokiarekin eta elkarrenganako errespetuz. Elkartasun hori bultzatzeko, unibertsitatean ikasketa desberdinetan zebiltzan ikasleak elkarrekin bizitzea defendatzen zuen, gremio desberdinetako elkarteak bezalatsu. Ikasketa batzuetako ikasleak ezin ziren bereizi beste ikasketa batzuetatik, are gutxiago irakasleak, zeinak denbora luzean bakartuta bizi izan ziren.

Arratsaldeko bostetako tea erritual garrantzitsu bihurtu zen. Elkarbizitzarako espazioa zen: atsegina zen norbera egiten ari zen lana utzi eta hara hurbiltzea. Elkartze horrek egoitzako ikasleen arteko ezagutza eta laguntasuna bideratzen zituen.

Andereñoen Egoitzaren arrakastaren giltzarria Maria Maeztu izan zen. Batzordearen akta batean hala jaso zen: “Denbora oso laburrean eta askotariko zailtasunei aurre eginez, erabateko borondatearekin eta sarritan bere osasuna kinkan jarriz, Maria Maeztuk lortu du egoitzako taldeak batasuna izatea, talde-espiritua izatea, lan-giro egokia lortzea, eta interes intelektualak laguntasunarekin, errespetuarekin eta konpromiso pertsonalarekin lotzea”.

Hark idatzia da: “Egia da nire arima guztia jarri dudala obra honetan; ez naiz inoiz neska hauetaz bezainbeste arduratu beste ezertaz nire bizitzan. Nire maitasuna dira. Ez dut zuek [Batzordekoek] eskerrak ematerik nahi; dena beraiengatik egiten dut. Zintzotasun osoz, uste dut nire bizi-tzak gutxi balio duela obra honekin konparatuta, eta horregatik, ez dit axola sakrifikatzeak”.

1935-1936 ikasturtean, 250 emakume zeuden. 30 emakumerekin bi hoteltxotan irekitako egoitza hura 250 emakumeko eraikin duin bilakatu zen, estilo amerikarreko college, kosmopolita eta hainbat herrialdetako emakumeei irekia. Bere bizitzako lanik garrantzitsuena huraxe izan zen.

Lan horrek guztiak lotura izan zuen haren ikuspegi feministarekin. “Feminista naiz, eta lotsa emango lidake hala ez izateak, uste baitut pentsatzeko gai den emakume orok behar duela sentitu, norbanakoa denez gero, giza kulturaren obra orotarikoan esku hartzeko gogoa. Nirekiko, horixe esan nahi baitu, lehenik eta behin, feminismoak: batetik, emakumeak duen eskubidea, kultura-alorreko lan batean aritzeko; eta, bestetik, gizarteak duen betebeharra, emakumeari hartarako eskubidea emateko”. Horrelaxe, hitz horiekin, feministatzat jo zuen bere burua, La mujer moderna aldizkarian argitaratu zuen “Eskatzen dugun bakarra” artikuluan.

Hasieratik defendatu zuen emakumeen hezkuntza-eskubidea, haren ustez hori baitzen erabateko txirotasun-egoeratik irteteko lehen pausoa, eta baita beren burua gizarteratzekoa ere. Aurrena, beraz, emakumeen hezkun-tza-eskubidea aitortzea eskatzen zuen, eta gero, politika-eskubidea. Emakumeek bozkatzeko eskubidea izatearen alde agertu zen behin baino gehiagotan. Guztiz zentzugabea iruditzen zitzaion Andereñoen Egoi-tzako unibertsitate-ikasleetako inork ez izatea bozkatzeko eskubiderik, eta bai, ordea, etxe hartako atezain “analfabeto eskolagabeak”.

Ekarpen berri bat: institutu-eskola

1918an JAEk (Junta para la Ampliación de Estudios) Institutu-eskola sortu zuen esperimentu moduan, Giner de los Riosen filosofian oinarrituta, eta Maria Maeztuk lan sakona eta emankorra egin zuen. Bigarren Hezkuntzan egiten ziren erreformen porrota ikusirik, Bigarren Hezkuntza osoa zentro bakar batean jartzeko esperimentua egin zen, beste erreforma bat egin aurretik. Izenak berak aditzera ematen duen moduan, eskolaren eta institutuaren arteko banaketa gainditu nahi zuen, Lehen Hezkuntzaren eta Bigarrenaren arteko haustura hautsi. Horrela, hezkun-tzari jarraipena eman nahi zitzaion, 4 urtetik 18 urterako prestakuntza orokorra eta jarraitua izan zedin. Irakaskuntzak gizaki integrala prestatzeko prozesu ziklikoa izan behar duela uste zuten.

Era berean, irakasleentzat ere pedagogikoki proba egiteko lekua izan zen. Horregatik hautatu zituzten tentuz irakasleak, haien prestakuntzari garrantzi berezia emanez. “Irakaslea erreferentzia-puntua da, hezkuntza-prozesuko funtsezko organoa, eta horrexegatik, ahalik eta ondoen prestatu behar du, eta ahalik eta gehien indartu behar da”, zioten.

Hango irakasleak prestatzeko, plan bat egin zuten, eta hauek ziren oinarriak:

  1. Praktikak institutu-eskolan: ikasle talde bati gai bat irakastea, eta institutu-eskolatik at diziplina, ordena eta jokamolde egokiak lantzea.
  2. Prestakuntza zientifikoa.
  3. Ikasketa pedagogikoak eta filosofikoak.
  4. Atzerriko hizkuntzen ezagutza (frantsesa, ingelesa eta alemana).
  5. Atzerrian ikasketak sakontzeko aukera.

Institutu-eskolaren helburua ez zen ikasleei soilik ezagutzak ematea; aitzitik, prestakuntza integrala eman nahi zitzaien. Horregatik, irakasleak ez ziren eskolak ematera eta lanak zuzentzera mugatzen; horrez gain, jolasak gainbegiratzen zituzten, irakasle baten falta elkarren artean betetzen zuten, ordenari eta jokamolde egokiari eusteaz arduratzen ziren, txangoetara joaten ziren ikasleekin, eta familiei aholkuak ematen zizkieten. Laburtuz, balio hezitzailea duten eta ikasleen izaeran eragina duten funtzio guztiak betetzen zituzten, eta horixe zen institutu-eskolaren azken xedea.

Institutu-eskolako ikasleak bi taldetan banatu ziren: 1) Prestakun-tzaren urtea (3 urte): 8-10 urteko ikasleentzat; eta 2) Batxilergoa (6 urte): 11-16 urtekoentzat; lehen lau urteak denentzat berdinak, eta azken bi urteak aukerakoak.

Maeztuk prestakuntza-urteetako zuzendari kargua bete zuen eta, besteak beste, bitarteko eta metodologia hauek erabili zituen:

  • Ekintza: garrantzitsua ez zen haurrek irakasten zitzaiena ikastea eta errepikatzea, baizik eta hausnartzea, egiaztatzea eta egitea. Ikasketa guztien abiapuntua gertaerek izan behar zuten, behaketak. Ikasleak gauzak egitera bultzatu behar ziren, ez zitzaien dena eginda eman behar. Natur Zientzietako eskoletan, ikasleek ez zuten hostoen edo intsektuen sailkapena ohikoa zen moduan ikasten; txangoak egiten zituzten, landareak eta intsektuak biltzeko, eta eurek egiten zuten sailkapena. Gainerako ikasgaietan, gauza bera egiten zuten.
  • Irakurketa eta idazketa: haurrek ez zuten testulibururik erabiltzen, koadernoak erabil-tzen zituzten, eta euren laburpenak idazten zituzten horietan. Horrek ahalegin handia eska-tzen zien batez ere txikienei, baina, Maeztuk zioenez, “horrela entzuten dituzten gauzen esanahia interpretatzen ikasten dute, jasotako ideiak berreraikitzen, euren kabuz ikasten eta pentsatzen, euren energien eta gaitasunen arabera”.
  • Erlijioaren irakaskuntza: erlijio-espiritua lantzeari ematen zitzaion garrantzia, eta ez erlijioa dogma gisa erakusteari. Horregatik, askatasun erlijiosoa errespetatzen zen, eta hautaz-koak ziren erlijioko eskolak.
  • Ahaleginaren pedagogia: esfortzuari balioa eman behar zitzaiola defendatzen zuen Maeztuk. Diziplina, borondatea, etengabeko lana eta ahalegina beharrezko ikusten zituen, ongi hezitako gizakia lortzeko.

Bibliografia
- C. Gamero Merino: Aproximación a la labor pedagógica de Maria de Maeztu. Revista Española de Pedagogía, XLIII. urtea, 167. zbkia, 1985eko urtarrila-martxoa.
- M. Josefa Lastagaray Rosales: Maria de Maeztu Whitney. Una vida entre la pedagogía y el feminismo. La Ergastula, Madril, 2015.
- A. Serafín Porto Ucha eta R. Vázquez Ramil: Maria de Maeztu. Una antología de textos. Dykinson, Madril, 2015.