INKLUSIOA eskolan eta... gizartean

2019-04-17

Inklusioaz eta berdintasunaz hitz egiteko parada egon zen martxoaren hasieran Berritzeguneek Bilbon antolatutako ‘Eskola abian: inklusioaren eta berdintasunaren bidean’ jardunaldietan. Abagune hori probestu zuen Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak eskola inklusiboa eta hezkidetza garatzeko planak aurkezteko. Bi hanka horietako bat hartu da ardatz erreportaje honetan: inklusioarena. Dibertsitatea, aniztasuna, inklusioa txanponaren alde batean. Eta esklusioa, errendimendua, diskriminazioa beste aldean. Txanpona gora botaz gero, alde bat zein beste atera daiteke, zoriak erabakitzen duena. Gai hau, ordea, garrantzitsuegia da zoriaren esku uzteko. Jardunaldietako hizlariek argi erakutsi zuten inklusioaren aldeko apustua egin dutela eta arlo horretan zer egiten ari diren azaldu zuten.

 

 
 
INKLUSIOA eskolan eta... gizartean

 

Inklusioari buruzko jardunaldia Tony Booth-en hitzaldiarekin hasi zen. DBHko irakasle ohia eta Cambridge-eko Unibertsitateko katedraduna da eta inklusioaren bi aitetako bat, bestea Mel Ainscow da (83. Hik Hasi, 2003ko abendua). Inklusioaz hitz egiten duenean etorkizunera eta gizartera begira jartzen da Booth. Ez du eskolarekin edo hezkuntzarekin soilik lotzen inklusioa, gizarte osoarekin baizik.  “Has gaitezen pentsatzen zer esan nahi duen inklusioak gizartean. Jendea kale gorrian bizitzen daukagu. Zer esan nahi du inklusioak hirian oraindik emakumeak lan eta kargu batzuetatik at baldin badaude? Emigrazioa eta klima aldaketa dira gaur egungo gizarteko arazo handienetako bi. Nola erantzun behar die eskolak arazo larri horiei? Nola  prestatu behar ditu eskolak gazteak gizarte honetarako?”. Galdera horiek planteatzen ditu Boothek. Eta armiarmaren adibidea jartzen du. “Armiarma zaintzailea edo harrapakaria izan daiteke. Bere kumeak eta arrautzak zaintzen ditu, baina beste intsektuak harrapatu ere bai. Nolako armiarma sarea eraikiko dugu gizartean gure seme-alabentzat? Inklusiorako, babesteko, esklusiorako...”. Hor dago gakoa.

Hortik abiatuta, bi galdera nagusi planteatzen ditu: nola bizi nahi dugu elkarrekin? Eta, zer jakin behar dugu ongi bizitzeko eta elkarrekin bizitzeko? Galdera horien baitan kokatzen ditu inklusioa eta eskola. Inklusioa denak kontuan izatea da Boothentzat, denak barne hartzea, gizarteko partaide guztiak, denen iritziak jaso eta errespetatzea eta denak elkarrekin harremanetan egotea. Lehen aipatutako armiarma sare hori, alegia. “Horretarako, sare hori josteko, inklusioaren balioak landu behar dira”, dio katedradunak. Eta berak zerrendatuta ditu inklusioaren balio horiek: berdintasuna, eskubideak, parte-hartzea, komunitatea, dibertsitatearekiko errespetua, jasangarritasuna, indarkeriarik eza, konfiantza, kuraia edo prestasuna, edertasuna, errukia, maitasuna, gozamena, itxaropena, konektibitatea eta jakinduria. “Zerrenda luzeegia irudituko zaie batzuei”, dio Boothek. “Kendu ditzakegu azkeneko batzuk, baina orduan mugatuago geratzen gara. Eduki dezakegu hezkuntza maitasunik edo jakinduriarik gabe? Nik uste dut balio horiek denak posible egiteko eta praktikan jartzeko saiakera egin behar duela hezkuntzak. Prestatuta egon behar dugu heziketa munduan kontzeptu zail horiek posible egiteko”.

Aldi berean, ez du ahanzten balore horiekin batera, txanponaren beste aldean, baztergarriagoak diren beste balore batzuk agertzen direla: “Gure eskoletan baloreak hierarkiak ordezkatzen ditu, zuzenbideen ordez aukerak dauzkagu, parte-hartzearen ordez kontsumoa, komunitatearen ordez talde txiki bateko partaide izatea, aniztasunarekiko errespetuaren ordez kultur bakartasuna, jasangarritasunaren ordez esplotazioa, konfiantzaren ordez zelatatzea, zintzotasunaren ordez irudia, biolentziarik ezaren ordez diskriminazioa, errukiaren ordez egoismoa, maitasunaren ordez autoritatea, itxaropenaren ordez fatalismoa, alaitasunaren ordez saria-zigorra, edertasunaren ordez eraginkortasuna, konektatuta egotearen ordez espezializazioa, jakinduriaren ordez ahalmena”.

Horren guztiaren jakitun izanik, inklusioa garatu nahi bada, balore inklusibo horiek ekintzekin lotu behar dira, eta inklusiboak ez diren baloreak alde batera utzi.

Inklusioa eskolan lantzen

Eskolak inklusiboa izan nahi badu, balore inklusiboak landu behar dira Boothen iritziz. Eta balore horiek ekintza inklusiboekin lantzen dira. Horretarako index bat asmatu zuten duela 20 urte Mel Aiscow eta biek, eta inklusio maila neurtzeko erabiltzen da. Horrez gain, beste ideia bat ere gehitzen du Boothek: “Hori guztia martxan jartzeko beharrezkoa da ezagutza jakin batzuk eskuratzea eskolan. Hau da, ikasketa planak diseinatzerakoan ez da heziketaren alderdia soilik hartu behar kontuan, baita ezagutza mailarena ere”. Alegia, gizarte honetan bizitzeko hainbat ezagu-tza beharrezkoak direla esan nahi du. “Hiri inklusibo eta jasangarri bat nahi baldin badugu, horri buruzko ezagutza behar dugu”. Gizarte inklusibo batean bizitzeko zer-nolako ezagutza behar dugun gogoeta egitea proposatzen du, horrenbestez. Alegia, zer jakin behar dugu ongi bizitzeko eta elkarrekin bizitzeko? Heziketaren zeregina gaur egungo arazoei erantzuteko gai diren pertsonak heztea da, eta horretarako eskolan landu beharreko ikasgaiak edo ezagutzak hauek izan beharko luketela dio:

  • Elikadura
  • Ura
  • Jantziak eta gorputz apainketa
  • Dekorazioa, eraikuntzak
  • Mugikortasuna, merkataritza eta garraioa
  • Osasuna eta harremanak
  • Komunikazioa eta komunikazio teknologiak
  • Literatura, artea eta musika
  • Lurra, eguzki sistema eta unibertsoa
  • Energia iturriak
  • Lana eta jarduerak
  • Etika, boterea eta gobernua

Gai horiek guztiak hiriko maparen gainean jartzen ditu berak; hiri horretan bizitzeko horiei buruz jakin beharko genukeela dio. Hau da, hiri horren garapenarekin zerikusia duten gaiak direnez, horietatik ikasi beharko genuke. “Harritzekoa bada ere, ikastetxeetako hezkuntza planek ez dute horrelakorik planteatzen. Horregatik diot oso serio hartu beharreko kontua dela”.

Immigrazioaren gaia jartzen du adibidetzat. Ikasleei galdera hauek egitea proposatzen du: zergatik eta nola mugitzen da jendea bere herrialdearen barruan edo herrialdetik kanpora? Izan daiteke gerren eraginagatik, lurrak galtzeagatik, klima aldaketaren ondorioengatik… Eta hori jakinda, ezagutza hori edukita, ikasleek hobeto ulertuko dute pertsona batzuk zergatik erabakitzen duten herrialde batetik beste batera joatea arrisku handiak hartuz.

Klima aldaketaren ondorioak ikusita, gazteen artean mugimendu bat sortu berri da. 16 urteko suediar emakume batek ostiralero greba egitea erabaki du. Parlamentuaren aurrera joaten da “eskolako greba klima aldaketagatik” pankartarekin. Mugimendua beste herrialde batzuetara ere hedatu da eta gazteak ostiralero irteten dira kalera gobernuei klima aldaketa dela-eta, neurriak hartzeko eskatzera. “Gazteak konturatu dira gauza baliotsuak egin behar dituztela. Zergatik? Ikasgela ez delako lau hormetara mugatzen, planeta osoa delako ikasgela”, dio Boothek. Horregatik uste du alternatibak badaudela eta bidean gaudela. “Irakasleek ‘egia erakutsi behar dugu’ baldin badiote, egin daiteke. Orain, muturreko aldaketak egiten hasi behar dugu”. Eta berriro ere armiarmaren sinboloa darabil. “Erabaki egin behar dugu zer-nolako hezkuntza bultzatuko dugun hemen eta mundu osoan. Armiarma sare bat eraikiko dugu gure seme-alabei ondo bizitzen laguntzeko? Etorkizunerako beharko dituzten gauzak emango dizkien irakaskuntza bat eskainiko diegu ondo bizi ahal izateko? Ala esango dugu ‘ez, hori zailegia da eta jarrai dezagun orain arte bezala’. Nik uste dut egin beharra daukagula, gizateriak bizirauteko modu bakarra dela”, gaineratzen du Boothek.

 

GaituzSport, kirola bitarteko

Gizarte inklusiboa lortzeko urratsak ematen hasita daude hainbat erakunde eta ikastetxe, eta horietako bat da GaituzSport (www.gaituzsport.eus). Kirol Egokituko Euskal Federazioak bultzatako proiektu bat da, Europan aitzindaria dena. Proiektuaren helburua inklusioa da, eta kirola edo ekintza fisikoa erabiltzen du xede hori lortzeko bitarteko moduan. Federazioak proiektua lau esparrutan garatzen du: herrietan, elkarteetan, hezkuntzan eta osasunean. Hezkuntzaren arloa Kirolene-n garatzen da, Eusko Jaurlaritzako Kirol Irakaskuntza Zentroan, eta hiru tresna eskaintzen ditu: formazioa, aholkularitza eta orientazioa, eta materialen mailegua.

Xabier Leizea GaituzSport-eko koordinatzaileak dio eurentzat inklusioak aniztasuna eta aukera berdintasuna esan nahi duela. Hortik abiatuta, inklusioak komunitatea sortzeko balio behar duela dio: “Eskolako hormetatik atera eta ikasle guztiek gizartean lekua izan behar dute, ez goizeko 9etatik arratsaldeko 5etara soilik. Zeren, zer gertatzen da gure ikasleekin arratsaldeko 5etatik aurrera? Desgaitasunen bat dugunok eta eskola integratzailean bizitu garenok, gure zailtasunekin, baiezta dezakegu ondoen goizeko 9etatik arratsaldeko 5etara gaudela. Benetako amildegia arratsaldeko 5etatik aurrera dago. Horregatik, hortik aurrerakoa landu beharra daukagu”. Horretarako transferentzia soziala egin behar dela azpimarratzen du: hau da, eskolakoa kalera ere luzatu behar dela. Eta horixe egiten saiatzen dira; transferentzia sozial hori bideratuko duten baliabideak garatzen jartzen dute indarra.

Kirolaren boterea

Booth eta Ainscow-ek, indexari jarraituz, kultura inklusiboak sortzea proposatzen dute: balio inklusiboak aurrena, politika inklusiboak gero eta praktika inklusiboak ondoren. GaituzSport praktika horietako bat izango litzateke.

Transferentzia sozial hori egiteko kirola oso baliagarria da. Nelson Mandelak esana da: “Mundua aldatzeko ahalmena du kirolak. Inspiratzeko eta jendea elkartzeko ahalmena du. Gobernuek baino ahalmen handiagoa du gizarte oztopoak botatzeko”. Ideia hori hartuta, garbi adierazten du Leizeak: “Orduan, goazen kirola erabiltzera, baina ez kirola praktikatzeko soilik, baizik eta hesi horiek (arrazistak, sozialak…) hausteko”.

Transferentzia sozialari begira erraminta oso baliotsu bat daukagula konturatu ziren GaituzSportekoak: jolasa. “Jolasa, arlo curricularrean, garapen motorra da. Orduan, Gorputz Hezkuntzako ikasgaiaren bitartez gai baldin bagara berditasun baldintzetan parte-hartzea erraztuko duten estrategiak eskaintzeko, gelan dauden umeek hor egiten dutena arautu gabeko espazioetara eraman ahal izango dute. Hori da gure programaren testuingurua eta izateko arrazoia”, laburbiltzen du Leizeak. Beste modu batera esanda, gelan egiten dutena gero kalean egin dezaten lortu nahi dute. Horri deitzen zaio transferentzia soziala. Eta horrela, gela inklusiboa kale inklusibo bihur daiteke.

Ikasi eta egin

GaituzSporten lan-ildoak hiru dira:

1. Formazioa: Gorputz Hezkuntza ikasgaian lantzeko estrategia inklusiboen gaineko formazioa eskaintzen dute. Eskola inklusiboaren barruan, desgaitasuna duten umeek parte hartzeko zailatasun gehien Gorputz Hezkuntzako saioetan zituztela jabetuta zeuden. Orduan, erronka garbia zen: nola egin 24+1 izan partez 25 izateko? Alegia, ez zuen balio rol pasiboetan jartzea ume horiek. “Nik ordu pila bat pasa ditut Gorputz Hezkuntzako saioetan apunteak hartzen, arbitroa izaten, sokari eragiten eta abar”, gogora-tzen du Leizeak. “Eta hori ez da inklusioa. Rol aktiboetan parte hartzea da inklusioa eta hori da lortu behar duguna”.

Rol aktiboa eta eraginkorra azpimarratzen du Leizeak. Parte-hartze hori errazteko estrategiak lantzen dituzte formazio honetan. “Ez dugu errezetarik ematen, hau da, ‘zer egingo dut ume hau jolas honetan sartzeko edo nola egingo dut ume hau egokitzeko’. Ez, hori ez, baizik eta testuinguru inklusiboak lortzeko ibilbideak proposatzen ditugu”, azaltzen du Leizeak. Askotan ekintza bat eralda-tzeko saiakerak egiten dira, desgaitasuna duen ume batek parte har dezan. Eta agian hobe da beste ekintza bat egitea. Horregatik, formazioan denen artean soluzioak bilatzen saiatzen dira, egoera desberdinak simulatzen dituzte, eta betiko jolas edo ariketak egin beharrean estrategia berriak planteatzen dituzte desgaitasuna duten ikasleak hobeto senti daitezen eta lortu nahi duten helburua berak ere lor dezan.

Formazioa ez da Gorputz Hezkuntzako irakasleentzat soilik, baizik eta Behar Berezietako irakasleentzat, aholkularientzat, orientatzaileekin, tutoreentzat, hezitzaileentzat… Formazioa diziplina anitzekoa da, pertsona guztiak baitira garrantzitsuak inklusioa lortzeko.

2. Aholkularitza eta orientazioa: formazioa egin ondoren jarraipena egiten dute, irakasleei egunerokoan laguntzeko eta ahaldundu daitezen.

3. Materialen mailegua: material garestiak eta lortzeko zailak direnak erabiltzen dituztenez, mailegatu egiten dituzte.

 

Mendizabala: institututik lan mundura

Desgaitasuna duten gazteei heldutasunerantzako garapenean laguntzeko lanean ari dira Gasteizko Mendizabala institutuan duela 25 urtetik. Orduan hasi ziren Lanen Ikaskuntza Gelak ikasgaia eskaintzen 18-21 urteko ikasleentzat. Lanbide Heziketako bi zikloko ikasketak dira eta lortzen duten tituluak lana bilatzeko aukera ona eskaintzen die gazte horiei. Ur Garaizar Mendizabalako irakasle teknikoak azaltzen duenez, “orain dela hiru urte Arte Grafikoetako zikloa eskaintzen hasi ginen ikasle hauentzat. 2015-16. ikasturtean, berriz, Administrazio Zerbitzuak eskaintzeko esan ziguten, lan munduan aukera gehiago zituelako. Orduan, bien arteko konbinazio bat sortu genuen “Oinarrizko Administrazio Zerbitzuak eta Edizio Grafikoa” zikloa. Azken urteetan gure jomuga alternatiba berriak bilatzea da, funtzionalitate handiagoa duen eskaintza egitea, ikasle hauentzat lan nitxoak topatzea… Horregatik, administrazio lanetara bideratzen ari gara gure ekintzak, nitxo horiek hor egon daitezkeela uste baitugu”.

Interes handia piztu zuen eskainitako ziklo berriak eta 7 ikasleko gela bat edukitzetik 17 ikasle izatera pasa gara; lerro batetik bi lerro edukitzera”. Izaera profesionala duen zikloa da eta hainbat modulutan banatuta dago: oinarrizko formazioa, formazio teknikoa, lan orientazioa, tutoretza eta praktikak. Lan egiteko moduari dagokionez, ikaskuntza kooperatiboan eta proiektuetan oinarritzen dira. “Ikaskun-tza kooperatiboaren bidez ahalduntzeko gaitasunak elkarri erakusten dizkiete ikasleek. Gaitasun gutxiena duenari erakusten diogu guk, gero hark besteei erakusteko”, azaltzen du Garaizarrek. Proiektuka lan egiteak, bestalde, talde lana eta autonomia lantzeko aukera ematen die. Eta gainera, proiektuak errealak dira. “Bi proiektu ditugu: kopiagintza zerbitzuak eta atezaintza laguntzak. Institutuak 800 ikasle baino gehiago ditu eta haientzako kopiak egiten dituzte, modu errealean eta zuzenean”, azaltzen du Mendizabalako irakasle teknikoak. “Diruaren erabilera eta komunikazioa ere lantzen dituzte modu horretara, eta horrek garrantzitsuagoa den beste gauza batera garamatza: beren gaitasunez jabetzen dira eta institutuko egunerokoan inklusioa lortzen dute. Gure ikasleen eta institutuko gainerako ikasleen arteko harremanak garatzen dira hartu-eman horretan”.

Oraindik martxan jarri gabeko bi proiektu lantzen ari dira une honetan Mendizabalan. Bata ikastetxeko biltegiaren kudeaketa. Proiektu honen barruan beraien zeregina izango litzateke material suntsigarriaren eskaria egitea, biltzea eta antolatzea, banatzea eta abar. Eta beste proiektua ziklo hau Bizkaian eta Gipuzkoan ere eskaintzea izango litzateke. Modu horretara, ikasle arabarrek Bizkaiko edo Gipuzkoako tutoretzapeko pisu batera joan beharko lukete eta horrek autonomia garatzeko eta besteekin elkarbizitzeko aukera emango lieke. Praktikak egiteko ere enpresa edo leku gehiago izango lituzkete.

Ikasketa hauekin ikasleei bizitzarako gaitasunak hartzen laguntzen diete; hala nola, autonomia, herriaren ezagutza eta lan munduan sartzea. 2017-2018 ikasturtea bukatutakoan Gasteizko udalak sei ikasle kontratatu zituen lan egiteko: harreran, datuak sartzen, oporraldien kudeaketa antolatzen, barruko posta gestionatzen… Lan hori egiten duten gainerako langileen soldata eta baldintza berberekin kontratatu zituen. “Horrela, lan munduan eta gizartean inklusioaren bidea egiten ari gara”, dio Garaizarrek.