"Euskal Herrian erreferente diren PEDAGOGOAK" liburua argitaratuko du Hik Hasik; ekainaren 18an egingo da aurkezpena Donostian

2019-06-06

Ekainaren 18an, 19:00etan, "Euskal Herrian erreferente diren PEDAGOGOAK" izeneko liburuaren aurkezpena egingo du Hik Hasi Egitasmo Pedagogikoak Donostiako Udal Liburutegiaren sotoan (San Jeronimo kalean, Konstituzio plazaren atzean).

Pedagogo sortzaileak, teorien iturburu izeneko monografikoa argitaratu zuen Hik Hasik 2005eko abenduan. Oso harrera ona izan zuen liburuxka hark. Baina, dagoeneko badira bi urte monografiko hura agortu zela. Harrezkero, monografiko hartan jasotako edukia berritzen eta eguneratzen aritu gara, eta joan diren bi urte hauetan egindako lanaren emaitza da "Euskal Herrian erreferente diren PEDAGOGOAK" liburua.

Gonbidatuta zaudete denok aurkezpenera!

 
 
"Euskal Herrian erreferente diren PEDAGOGOAK" liburua argitaratuko du Hik Hasik; ekainaren 18an egingo da aurkezpena Donostian

Euskal Herriko ikastetxeetako eguneroko jardunean eragina duten 25 autoreren —pedagogoak, psikologoak, maisu-maistrak...– berri jasotzen da liburuan. Hezkuntzaren historian eragina izan duten eta uneotan ere ekarpenak egiten ari diren autoreen ideia nagusiak biltzen dira. Aniztasuna da nagusi autoreon artean, garai, toki, ildo pedagogiko... ezberdinetakoak baitira. Baina irizpide nagusi bat izan dugu iparrorratz beroiek hautatzean: Euskal Herriko ikastetxeetan momentu honetan egiten ari diren praktika pedagogikoan eragina izatea, kontzienteki edo inkontzienteki, inplizituki edo esplizituki, zuzenean edo zeharka...

Pedagogo sortzaileak, teorien iturburu izeneko monografikoa argitaratu zuen Hik Hasi Egitasmo Pedagogikoak 2005eko abenduan. Oso harrera ona izan zuen liburuxka hark. Erreferente ere bilakatu zen hezkuntzarekin lotutako Euskal Herriko zenbait fakultatetako ikasleen artean. Baina, dagoeneko badira bi urte monografiko hura agortu zela. Harrezkero, monografiko hartan jasotako edukia berritzen eta eguneratzen aritu gara, eta joan diren bi urte hauetan egindako lanaren emaitza da liburu hau. 13 ekarpen berrirekin dator, gainera. Gaur egungo euskal hezkuntzako praktikan eragina duten zenbait autore berri txertatu dira; hala nola, Emmi Pikler, Bernard Acoutourier, Imanol Urbieta, Elbira Zipitria edota Angélica Olvera. Hezkuntzaren munduko hainbat adituk hartu dute parte testuok idazten, eta azken bi urteetako aldizkarietan argitaratu dira beroien gaineko artikuluak. 2005eko monografiko hartan ageri ziren beste autore batzuk, ordea, albo batera uztea erabaki da, eta mantendu direnak ere —besteak beste, Maria Montessori, Jean Piaget, Lev Vigotski edota Howard Gardner— eguneratuta eta egokituta jaso dira. Eta denak, jaiotze-dataren arabera ordenatu dira.

Autore bakoitzaren ideia pedagogiko nagusiak, praktikan izandako eragina eta esperientzia errealak bilduta ondu da liburu hau, Hik Hasi-ren ekimenez, baina kolaboratzaile sare zabalaren laguntzaz. Eskerrak eman nahi dizkiegu liburu hau osatzen parte hartu duten idazle, irakasle, pedagogo, psikologo... denei; gaian aditu eta aritu diren guztiei. Espero dugu liburu hau baliagarri eta erabilgarri izatea irakasleentzat eta irakaslegaientzat ez ezik, baita hezkuntza arloan lanean diharduten profesionalentzat edota heziketarekiko interesa duten banakoentzat ere.

Eta hezkuntza-komunitate osoa gonbidatu nahi dugu ekainaren 18an, 19:00etan, Donostiako Udal Liburutegiko sotoan (San Jeronimo kalean) egingo den aurkezpenera!