Umeen irudiak sarean partekatzean

2019-09-12

Orain arte ez da izan hain haurtzaro publikoa izan duen belaunaldirik. Hori diote adituek. Facebook-en lehenengo haurrek 12 urte bete dituzte dagoeneko eta fenomeno honen eragina ikusteko dagoen arren, ‘sharenting’-ak, edota sarean seme-alaben argazkiak partekatzeak hainbat ondorio izan ditzakeela uste dute.

 
 
Umeen irudiak sarean partekatzean

Emozioak partekatzea gizakion berezko beharren artean dagoela esan daiteke. Eta guraso izatearekin batera emozio askotarikoak sorrarazi eta bizitzen dira. Hain polita dirudi haur jaioberriak, hain gozo ageri da lokartu berritan, bere lehen urratsak ematean pizten duen ilusioa hain da berezia, edota hondartzan hondarrarekin egin duen gaztelu erraldoia ustekabean olatuak harrapatzeak eragin dion amorrazioa eta helduari horrek egin dion grazia. Ingurukoekin emozioak edo esperientziak partekatzea ohikoa izan da gizaldietan. Baina zer gertatzen da seme-alaben argazkiak Interneteko sare sozialetan partekatzen direnean? Gehiago edo gutxiago, gaur egun, praktika hori errealitate bihurtu denik ezin uka. Eta esaerak dio izena duen oro existitzen dela, eta antza dinamika honek ere badauka jada bere izena: sharenting-a. Share (partekatu) eta parenting (haziera, hazkuntza) hitzen loturatik dator eta Collins hiztegi britaniarrak dagoeneko bere egin zuen 2016an. 

Iratxe Esnaola Arribillaga Informatika-ingeniaria eta Hezkuntzan doktoreak azaltzen duenez, “argitaratze horiek, batez ere, eta modu intentsuan, haurraren lehen 24 hilabeteetan egiten dira. Garai oso aldakorrak dira haurrarengan. Lehen aldiz egiten du barre. Lehen aldiz katuka. Lehen aldiz mozorrotu dugu. Lehen aldiz dabil hondartzan. Lehen aldiz hartu du edalontzia bere kabuz. Dena lehen aldiz. Eta hain senti-tzen gara harro eta pozik, lehen aldi hori partekatu egiten dugula. Gure emozio horiek besteei erakusteko beharra asetzen dugu horrela. Behar naturala da, hein batean”. 

Oraindik fenomeno honen eragina ikusteko dagoen arren, hain arrunta bilakatu den sharenting-ak hainbat ondorio dakartza irakaslearen arabera: “Ondorio nagusia da jaiotzetik haur horien aztarna digitala eraiki-tzen ari garela apurka-apurka”. Baina zertaz ari gara aztarna digitalaz hitz egiterakoan? Esnaolak azaltzen duenez, Interneten pertsona bakoitzari buruz dagoen informazioa da aztarna digitala eta haur, nerabe zein helduei eragiten die. “Haurren kasuan, hala ere, esan behar da beraiek ez dutela erabaki aztarna digital hori eraikitzea eta kontuan izan behar dugu, era berean, hain haurtzaro publikoa izan duen belaunaldirik ez dela izan orain arte. Testuinguru horretan, eta sharenting-aren bidez, seme-alaben argazkiak sarean partekatzean, kontziente izan behar da jaiotzetik haur horien aztarna digitala eraiki-tzen goazela”. 

Aztarna digital hori, gainera, askotan ez da norberak argitaratutako informazioarekin bakarrik osatzen, eta hori ere oso kontuan hartu beharrekoa da irakaslearen aburuz: “Beste norbaitek ere argitaratu dezake egun sarean gure seme-alaben argazki bat, esaterako. Eskolak ere lagundu dezake aztarna digital horretan, segun eta ze argazki igo-tzen dituen ume bakoitzaren aztarna digitalean bere aletxoa jartzen ari da”. Eta hein batean, eskolaren eta familien jardunak gurutzatzen dira hemen ere. “Eskolak zentro gisa bere ardurak ditu, baina ume ezberdinak hartzen dituen heinean, ume horien intimitatearen gaineko erabakiak gurasoek hartzen dituzte. Erabaki horiek ezin ditu eskolak hartu, hortaz, galdetu egin behar du”. Galdetzeko moduak, baina, beste eztabaida baterako hizpidea ematen duela gaineratzen du irakasleak: “Aztertu beharko litzateke nola galdetzen den, zer helbururekin egiten den, galdetzen den horretan zehaztasunak zein puntutaraino ematen diren… Esate baterako, ondo ikusi dezaket nire haurraren eskolako aldizkari ofizialean nire haurra agertzea, baina agian ez dut nahi sare sozialetan agertzea. Aldizkaria paperean dago eta iritsiko da iritsi behar duen lekuetara, baina sarean dagoenaren gaineko kontrola erabat galtzen da. Zentzu horretan, galdetzeko modua ere aztertu beharrezkotzat jotzen dut, gauza batek ez duelako bestea kentzen”. 

Sareko lagunen zenbaki dantza 

Sarean seme-alaben irudiak partekatzen direnean horien hedapenaren gaineko kontrola galtzen dela aipatzen du adituak. Badirudi uste dena baino jende gehiagorengana iristen dela argitaratutakoa, eta baliteke ustekabeko oihartzuna izatea argitaratutakoak, horretarako asmorik izan ez denean ere. Esnaolak honela azaltzen du fenomeno hori: “Sare sozialetan zerbait partekatzen duzunean, zure ingurunean partekatzen duzu, nahiz eta 500 lagun eduki Facebook-en. Horietako batzuk segur aski ez dituzu ezagutuko eta beste zenbait ezagunak izango dira baina urrunekoak. Orduan, berez, ez duzu argitaratu 500 horiengana iristeko helburuarekin. Beste gauza bat da argitaratutakoa 500 horiek ikusten dutela. Baina, berez, Interneten konektatua daukazun gertuko sare sozial horrekin partekatu nahi duzulako argitaratu duzu. Nolabait partekatzean zure behar bati erantzuten ari zara. Izan ere, partekatzea —bere horretan eta sare sozialik gabe ere—, pertsonok behar dugun zerbait da, izan poza, tristura, harridura… Baina partekatze hori sare sozialetan egiten dugunean, kontuan izan behar dugu Interneteko enpresa batek doan ematen dizun zerbitzu batean argitaratzen ari zarela. Eta horrek, kontziente izan edo ez, ondorio batzuk ditu”.

Hazi Hezi aldizkariaren 24. zenbakian Pantallas Amigas ekimeneko Urko Fernandezek ere gogora ekarri zituen Evan Spiegel-ek, Snapchat-en asmatzaile eta Facebook-eko lehendakari izanak esandakoak, alegia, Facebook, bere filosofia eta bere tresnak, jendearen energia eta atentzio guztia harrapatazeko teknika psikologikoekin sortu zela. “Beraien interesa da gu harrapatuta egotea, beti pendiente, gure bizitza soziala tresna horren barruan egitea, eta gure informazioa eskuratzea. Hori lortzen dute badakitelako guk behar batzuk ditugula pertsona bezala: lagunekin egotea, onartuak izatea, lagunen berri jakitea…” 

Esnaolak alderdi honetan ere kontzientzia hartzearen garrantziaz hitz egiten du, are gehiago sharenting bezalako praktiken testuinguruan. “Seme-alaben irudi bat sare sozialetan partekatzen duzun momentu hori, lizentzia baten azpian egiten duzu. Eta lizentzia hori ez da zurea. Ez zara argazki horren jabe. Orduan, inoiz ezin dugu jakin argazki hori zenbatek ikusi duten, ez zenbatek ikusiko duten, ez noraino iritsiko den, ez argazki horrekin enpresa horrek zer egingo duen. Gauza da kontrola galtzen dela zentzu horretan, eta horren kontzientzia hartu beharra daukagu”. 

Facebook-en lehenengo haurrek 12 urte bete dituzte

Oraindik sharenting fenomenoaren eragina ikusteko dago, baina Facebook-en lehenengo haurrek, jada, 12 urte bete dituzte. Hein batean, sharenting-aren bidez, haurtzaro nahikoa publikoa izan duten lehenengo haurrak dagoeneko nerabezaro garaira iristen ari dira, eta ikusteko dago fenomeno honek nola egingo duen aurrera. Esnaolaren arabera, “beraiek mugikorra izan bitartean gurasoak haurtzaroko irudiak partekatzen ibili badira, gaztetxo horiek ikasi dutena hori izango da. Ez dira asaldatuko, ez dute ahanzturarako eskubidea eskatuko, eta segur aski beraiek ere praktika honekin jarraitu egingo dute. Beraientzako praktika arrunta izan delako irudiak sarean partekatzearena”.

Egoera aldatu egiten da, hala ere, gaztetxoak eurak hasten direnean beraien irudiak sarean zabaltzen. Guraso askori eragiten die kezka gai horrek. Esnaolarentzat “oso garrantzitsua da beraiekin egiten dugun bidearen gaineko hausnarketa egitea, txikiak direnetik, hori izango baita ikasiko dutena. Bizitza per-tsonala sarean partekatzea zerbait positiboa bezala hartzen da, ez dago pribatutasunaren zentzurik, sarean partekatzeak dituen ondorioen gaineko kontzientziarik… Horregatik uste dut gaztetxo hauek ez direla haserretuko, zoritxarrez eremu horretan hazi direlako”. 

Adin tarte honi dagozkion berezitasunetan, baina, esan daiteke sare sozialen eraginak pisu handia duela. Honela aipatzen du irakasleak: “Nerabezaro garaian, garatzen ari zaren heinean, eta zure lekua egiten ari zaren heinean, lehen ere garrantzitsua zen besteek zutaz zer pentsatuko zuten. Adibidez janzkerak markatzen zuen hori. Orain hori asko bideratzen da sare sozialetara. Hor proiektatzen duzu proiektatu nahi duzuna, eta hortik neurtzen duzu zutaz duten irudia. Orduan, kanalak aldatu dira, talde pertenentzia, nortasunaren aitortza, gure lekua, hori dena kudeatzeko kanalak aldatu dira. Eta nik ez dut esango aurreko kanalak nahiago nituenik, baina besteei begirako jendarte bat izate horretan, asko sakondu da sare sozialekin. Eta hortaz dena egiten dugu besteen aitortzari begira”.

Pribatutasunaren balioa

Pribatutasuna errespetatuz argitaratzea gomendatzen dute adituek: haurren aurpegiak ez agertzea, partekatzerakoan geolokalizazioa desaktibatzea eta pribatutasun ezarpenak zaintzea. 2018ko maia-tzaren 24ko Datuen Babeserako Europako Lege berriak ere herritarrek euren informazio pertsonalari buruz dituzten eskubideak areagotzea lortu nahi du. Bere helburuen artean dago enpresek eremu digitalean erabiltzaileen datuekin egiten duten erabilera arautzea, eta batez ere, Interneten egiten den datuen erabilera okerretatik norbanakoak babestea. Besteak beste, ahanzturarako edo ezabatzeko eskubidea, edota zure datuen erabilera ukatzeko eskubidea aipatzen dira legedi berrian.

Pantallas Amigas ekimeneko Urko Fernandezek gaineratu zuen bezala: “28 urte bete dira Haurren Eskubideen Deklarazioa onartu zenetik, eta Interneten ere eskubide horiek existitzen direla aldarrikatu behar dugu, babestuak egon behar direla”. 

Egoera hobetzeko gakoa norberarengan dagoela uste du Esnaolak: “Sare sozialak, mugikorrak eta gailu informatikoak ez dira joango, geratzeko etorri dira. Tresna horiek ezin ditugu birdiseinatu, Interneteko enpresek beraien estrategien arabera antolatu dituztelako eta guk ez dauzkagu horiek moldatzeko bitartekoak. Hortaz, egin dezakegun gauza bakarra da tresna horiek gure bizitzan nola txertatzen ditugun erabaki. Hori da aldatu dezakegun bakarra eta ”.