Beldurra, bizi osorako bidelaguna

2019-12-19

‘Txikitako beldurrak’ gaiaren inguruan egin ditu Hik Hasik aurtengo Haur Hezkuntzako jardunaldiak, Bilbon eta Donostian. Guztira 700 hezitzailetik gora batu ziren, Jon Arana, Myrtha Chokler, Alexander Barandiaran eta Katty Homar entzutera: “Izuak bizi osoan izango ditugu ondoan, eta beharrezko ditugu”, ondorioztatu zuten laurek.

 

 
 
Beldurra, bizi osorako bidelaguna

Beste herri bateko jaietara joan, plaza jendez gainezka, eta lau urteko alabak besotan hartzeko eskatzen dizu. Edo, dagoeneko bere gelan lo egiten duen 2 urteko haurrak, korridoreko argia piztuta uzteko eskatzen dizu, badaezpada ere. 3 urteko ikasgelan hiru txerrikumeen ipuina kontatzera zoazenean, borobiletik altxa eta zurbil magalera etortzen zaizu haur bat… Beldurraren hainbat aurpegi dira, berritasunari izua, zaratari ikarra, iluntasunari beldurra… Haurtzaroko pasarte asko betetzen ditu izu laborriak, baina ez soilik haurtzarokoak, beldurra bizi osorako bidelaguna baita.

Eta eskerrak beldurra bizi osorako bidelagun dugun! Bidelagun deserosoa hori bai, baina beldurrak bizirauten laguntzen digu. Hik Hasik azaroaren 15ean eta 16an Bilbon eta Donostian antolaturiko Txikitako beldurrak jardunaldian lau hizlariek, Jon Aranak, Myrtha Choklerrek, Alexander Barandiaranek eta Katty Homarrek bat egin zuten ideia horretan: bizirauteko mekanismo bat da beldurra. “Gizakiak, beste animalia batzuk bezala, bizirauteko estrategia ebolutiboak ditu, eta horietako bat da beldurra”, adierazi zuen Barandiaranek. Atxikimendua, esplorazioa, erasoa, agresio jokabidea... dira bizirauteko beste estrategia ebolutibo batzuk. “Beldurra berezkoa da eta bizitza guztian gure ondoan egongo da, belaunaldiz belaunaldi heredatu egiten dugu, eta horri esker iraun ahal izan dugu gaur arte”.

Beldurrak, beraz, zentzu ebolutiboa dauka, bizirauten laguntzen digun emozioa da. Baina izuak baditu plano gehiago ere, Aranak azaldu zuenez: “Antropologiaren ikuspuntutik, beldurrak zentzu sozial bat dauka, beldurraren ñabardura batzuk interesgarriak dira erlazio sozialak erregulatzeko, adibidez, lotsa, errudun sentimendua...  Psikologiaren ikuspuntutik, gure portaeraren garapenean eragina dauka beldurrak”. Badu, beraz, beldurrak, alderdi argirik edo positiborik. Baina ikarak baditu alderdi ilun eta negatiboak ere, Aranaren arabera, “torturatu baino ez gaituztela egiten sentitzen dugu; absurduak direlako edo larregizkoak direlako eta beren jatorria ulertzen ez dugulako edo gainditu ezin ditugulako.”

Non dago beldurraren jatorria?

Aranak eta Barandiaranek azaldu zutenez, beldurra genetikoki heredatzen den emozio bat da, baina beldurrak gure “programazio” genetikoari, gure behar biologiko eta ebolutiboei lotuta badatoz ere, oso modu goiztiarrean lotzen dira gure esperientziekin ere, hau da, ditugun esperientzien arabera beldurrak sortuko zaizkigu, ala ez. Jaiotzetik beretik, gure garapenaren hastapenean sortzen diren beldurrak bi norabidetatik datozela zehaztu zuen Aranak, “batetik, gorputzaren esperientzien eta sentsazioen bidetik, eta bestetik, komunikazioaren bidetik, esperientzia sozialetatik”. Haurrak bizi dituen esperientzia goiztiar horietan sortzen diren beldurrak beldur arkaikoak dira, eta horiei buruz mintzatu zen Jon Arana, Kiribil gabineteko psikologo eta psikomotrizista: “Beldur arkaikoek gure izaeraren eta portaeraren muinaren eraikuntzan eragin handia dute”.

Bi beldur arkaiko nagusi daude, Aranaren arabera: gorputzaren osotasunaren galerari buruzko beldurra eta atxikimendu figuren galeraren beldurra.

Gorputzaren osotasunaren galera: haurrak gorputza osotasun bat dela sentitzen du, baina hori galtzeko arriskua sentitzen duenean, erreakzio-alerta bat sortzen du. “Umeak bere gorputz-sentsazio guztiak erregistratu egiten ditu: gosea, gosearen mina eta asebetetzearen lasaitasuna; gorputza hustutzea; hotza, beroa; etzana egotea edo altxatua izatea, manipulatua izatea...“ Dinamika horiek ziklikoak dira, erritmikoak dira eta patroiak sortzen dituzte: “Gorputz-sentsazio horietako batzuk atseginak dira, beste batzuk ez hainbeste; eta beste batzuk mingarriak dira, eta umearen gorputzak erregistratu egiten ditu. Sentsazio mingarriak oso goiztiarrak dira, baina ez daukate, oraindik, leku psikiko bat gorputzean 'loturik' gelditzen zaizkigu eta eragin kaltegarriak ekar ditzakete. Beldur inkontzienteak sortzen dituzte”. Ondoren, hainbat arazotan islatuak agertzen dira beldur arkaiko horiek.

3 urte arte gorputz galerari zor zaizkion beldurrak oso garrantzitsuak dira, Aranaren arabera, “beraz ordura arte bereziki ondo, oso ondo, zaindu behar da haurraren gorputza; gero ere ondo tratatu behar da, noski”. Haurraren gorputza zelan tratatu ikasteko, Emmi Piklerren lana oso garrantzitsutzat jotzen du psikomotrizistak, “lan ildo horrek deskubritu zuen ordura arte aintzat hartzen ez genuen mundu bat”. Ildo horretatik, Piklerrek mugimendu autonomo librearen ikuspegitik defendatzen zuen prozesua betetzen ez denean eta haurra bere kabuz iritsi ezin den postura batean jartzen duenean helduak, non ez daukan bere gorputzaren kontrola — bere kabuz esertzeko gai ez den 

haur bat eserita ezartzea, esate baterako—, bere gorputzarekiko angustia bat garatzen hasten da”. Euren gorputzaren kontrola bermaturik sentitu ez duten ume horiek izan ohi dira, Aranaren arabera, salto egiteko, oreka mantentzeko edo psikomotrizitate gelan ikusten diren beste zailtasun batzuk dituztenak.

Beldur arkaikoak gainditzen badira ere, ondorioak gelditu egiten dira eta ondorio horiek umeen jolasetan ikusten dira, psikomotrizistaren ustez. Baina haatik, gorputzaren galeraren beldurra ongi kudeatzen ez denean aztarna sakonagoak gelditzen dira eta hainbat trastornoren forma ere har dezake beldur arkaikoak: janariarekin lotuak, esfinterren kontrolarekin lotuak, mugimenduaren inhibizioari, ukitzearen inhibizioari, arropa kentzearen zailtasunari , ikarari lotutako beldurrak, alerta etengabean egotea...

Atxikimendu figuren galeraren beldurra: atxikimendurako portaera oso inportantea da haurraren nortasunaren eraikuntzan, “indar handiko portaera instintiboa da”, atxikimenduak segurtasuna ematen baitio garatzen ari den haurrari: “Atxikimendu figuraren zaintzak eta komunikazioak emango diote haurrari mundua ulertzeko gaitasuna, eta baita dinamika bakoitzaren zentzua, eta batez ere, norberaren jarraipenaren sentipena (gauzak aldatu egiten direla, baina norberak norbera izaten jarraitzen duela historian zehar)”. Atxikimendu figura, beraz, funtsezkoa da haur txikia ongi sentitu dadin eta ongi gara dadin. Haatik, haurrak egunero bizi du, nolabait, amaren —atxikimendu figuratzat hartua— “galeraren” esperientzia: “Amarekin egoteko desioa, grina, sortzen da, baina behar hori egunero frustratu egiten da” eta horrek, psikomotrizistaren hitzetan, haurra alertan jartzera behartzen du, beldurra eragiten baitio. “Larritasun hori normaltasunetik larregikeriara igarotzen denean arazo handiak sor daitezke.”

Haurren jokabide asko, beraz, gorputz galeraren beldurrek eta atxikimendu figuraren galerak utzitako arrastoetatik datoz, Aranaren arabera. Baina etapa goiztiarrenean garatzen diren izu arkaikoez gain, bizitza osoan zehar aktibatzen eta desaktibatzen dira beldurrak, barneko nahiz kanpoko estimuluekin, eta egoera anitzetan. “Bizitzak berak beldurrak dakartza, ez dago besterik. Bizitza arriskuei aurre egitea da, beraz, beldurrei aurre egitea da bizitza”, adierazi zuen Myrtha Chokler psikomotrizista argentinarrak.

Chocklerrek bere hitzaldian nabarmendu zuen protohaurtzaroan edo 0-3 urte bitarteko lehen haurtzaroan haurrak aski lan baduela bere Nia eraikitzen: “Ondorioz, hain adin txikiko haurrekin gauden helduok gauza bat eduki behar dugu beti presente: bilatu gabe ere, bizitzak beldurrak ekarriko dizkio haurrari,  ez diezazkiogun, bada, guk beldur gehiago ezarri bidean. Niaren eraikuntza prozesuan, bere buruarengan segurtasun eta egonkortasun handiagoa izateak eraikitzen ari den hori baieztatzen eta ziurtatzen lagunduko diote, eta hori abantaila handia izango da lan neketsu horretan. Kontrolatu ezin dituen egoeretara eta galeretara jazartzea, haurraren Niaren eraikuntzaren kontra egitea da”. Chocklerrek adierazi zuenez, haur txikia egoera arrotzetan jartzen dugun bakoitzean, bere buruaren eraikuntzan oztopoak jartzen ari gatzaizkio, “egoera arrotzek beldurtu egingo dute haur txikia, eta horrek urrundu egingo du bere Nia eraikitzeko behar duen segurtasunetik”. Egoera arrotzak ugari izan daitezke, eskola berri bat, betiko eskolan irakasle ordezko bat, edo betiko eskolan betiko irakaslea mozorrotzea bera aski da lehen haurtzaroan haur batek egoeraren kontrola galdu duela sentitzeko. Beraz, eraikuntza-lanetan aski buruhauste duen haur bat egoera berri baten aurrean jarri aurretik, ongi pentsatzea eskatu zien helduei Chocklerrek: “Niri hezitzaile bezala agian ekintza oso dibertigarria irudi dakidake mozorrotzea, edo material gelatinakarak edo hauskorrak aurkeztea, baita jolas gisa airera bota eta ondoren besarkatzea ere... baina oreka menderatzen ez duen haurrarentzat edo bere gorputza barreiatzen ari dela sentitzen duenarentzat, angustia ikaragarria da galera hori guztia bizitzea, eta haurrak behar dituen segurtasuna eta autonomia bultzatu beharrean, intseguritatea eta helduarekiko mendekotasuna bultzatzen ari naiz”. 

Zerk aktibatzen du beldurra? 

Arrotzak, berritasunak beraz, beldurra eragin dezake haurrarengan. Eta Choklerrek aurkeztu zuen ideia hori harago garatu zuen Alexander Barandiaran HUHEZIko irakasleak. Berez, berritasunak Barandiaranek azaldu zuenez, hiru egoera aktibatzen ditu: jakin-mina, erasoa edo beldurra. “Haurrak egoeraz egiten duen ebaluazioaren arabera aktiba daiteke beldurra, jakin-mina edo erasoa, eta ebaluazio hori pertsona bakoitzak aurrez izan duen esperientziaren eta momentuan bizitzen ari denaren araberakoa izango da”. 

Jokaera arrunta da berritasunari beldurra izatea. Ondorioz, Barandiaranek behin eta berriz azpimarratu zuen haurra garapenaren etapa hain emankorrean dagoen urte hauetan bereziki ongi zaindu behar dela pertsona, egoera, leku eta material berriekiko harremana. “Haur Hezkuntzan berritasun bat sartzen dugunean, material berria, ekintza berria, pertsona-ordezko berria… asko zaindu behar dugu haurra: umearen baretasuna eta segurtasuna oso kontuan izan behar ditugu eta asko zaindu behar dugu une hori, bestela, jakin-mina aktibatu beharrean beldurra aktibatu dezakegu”. Bare edo lasai ez dagoen haur baten adibidea jarri zuen: “Etxetik, dena 

delako arrazoiagatik, estresaturik etorri den haur bati berak espero ez duen ekintza edo material berri bat eskaintzen baldin badiogu, jakinmina piztu beharrean agresioa edo beldurra aktiba dakioke. Guk, hezitzaile bezala, ustez proposamen interesgarri bat pentsatu arren, haur bat edo batzuk ez badaude une horretan esperientzia berri horretarako prest, beldurra edo erasoa sor daiteke. Edozein adinetako haurrei zerbait berria proposatu behar diegunean ziurtatu egin behar dugu bere gogo aldartea barea dela”. 

Berritasunek bezala, beste hainbat estimulu naturalek beldurra aktiba dezakete haurrarengan: arrotzak diren pertsonek, mehatxuzko keinuek —“umeekin erabiltzen al dugu mehatxuaren pedagogia?”— egoera arrotzek.... baina baita  iluntasunak, bakardadeak, minak, zaratak... “Horrek esan nahi du haurrei eskaintzen diegun giroa asko zaindu behar dugula, bat-bateko soinu altuak, argi-ilunak... saihestuz”. Horrez gain, animalia batzuek, eta letaginek eta ahoak bereziki, beldurra aktibatzen dute haur txikiengan. 

Hori guztia kontuan izan behar dugu egoerak diseinatzerako garaian. “Beldurraren prebentzio lan bat egin beharko genuke. Ikasturte hasieran hezitzaileok daukagun erronka nagusia ikasleak eskolan seguru sentitzea da. Horretan denbora asko inbertitu behar dugu”.

Hezitzaileei ez ezik, gurasoei ere luzatu zien hainbat ekintza birpentsatzeko gakoa Barandiaranek: “Helduok nahi dugu haurrak bere kabuz bere logelan bakarrik lo egiten ikastea, baina bakardadeak eta iluntasunak beldurra aktibatzen badute, ez ote da konplikatuegia egoera horretan lasaitasuna sentitzea?”.

Estimulu naturalek bezala, ikasitakoek edo estimulu kulturalek ere beldurra eragin dezakete. “Estimulu ikasiak mugagabeak dira, pertsona bakoitzak izandako esperientzia traumatikoen araberakoak baitira; gertaera txar horietan zeuden elementuak, aurrerantzean gaizki pasatze horrekin lotzen dira, eta baldintzatuta gelditu daitezke etorkizunean”. Hortik sortzen dira fobiak; “fobiak beldur ikasiak dira, ez dira beldur naturaletatik eratorriak”. Horrek ere eskolan esku-hartzeko garaian kontuan izan beharreko pista batzuk ematen dizkigu, beste behin: “Ziurtatu egin behar dugu umeari eskaintzen dizkiogun esperientziak ezin direla txarrak izan; eskolan bizitako esperientzia txar batek, eskola bere osotasunean, esperientzia beldurgarri bezala bizitzera eraman dezake”. 

Estimulu ikasiek eta kulturalek eragina daukate, baina baita pertsona esanguratsuek dauzkaten jarrerek ere, hau da, pertsona esanguratsuak bere ikarak transmititu egin diezazkioke haurrari: “Gurasook, askotan nahi gabe, gure beldurrak transmititzen dizkiegu haurrei”. Baina haur batek helduarengandik eta bereziki gurasoengandik jaso dezakeen beldurrik handiena banaketa eta abandonuari loturiko mehatxuetatik eratortzen da. Barandiaranen arabera, ume bati ezin zaio sekula esan “ez zaitut gehiago maitatuko”; suntsitu egingo genuke haurra. Zerbait behar baldin badu, haurrak seguritatea behar du bizirauteko. Ikaragarrizko beldurra eta, ondorioz, kaltea ereingo genuke haurrarengan”.

Seguritate horretan barnebiltzen da, Chocklerren arabera ere, beldurren gaia: “Beldur arkaikoak, beldur naturalak, eta oinarrizko beldurra bestearen galeraren beldurra dira funtsean, besteak eskaintzen digun segurtasunaren galera, babesaren galera, atxikimendua galtzea... besteak ematen dio haurrari lasaitasuna eta sosegua, eta neutralizatzen dizkio beldurrak. Bestearen galera bestearen begiradaren galera da, maitasunaren galera, onespenaren galera, haurrak bestearen estimua galdu duela sentitzen duenean, bestea, osorik galtzen duela sentitzen du”

Zergatik batzuk bai, eta besteak ez? 

Zergatik beldurtzen dira ume batzuk gauza batzuekin eta besteak ez? Ezberdintasun indibidualek eragina dute beldurren aurrean, Barandiaranek azaldu zuenez; batetik genetikoki ditugun desberdintasunek eragiten dute; baita baldintza neurobiologikoek ere; testuingurua filtratzeko gaitasunak —haur batzuk sentiberagoak dira soinu edo argietara, eta lehen hilabete eta urteetan giroaren eta argitasunaren eta soinuaren arabera giro oso lasaiak eraiki behar ditugu, ume batzuek estimulu horiek ez baitituzte gehiegi filtratzen, eta ondorioz, ingurunea bera mehatxagarria da ume horientzako—; nekeak edo estres egoeran ere edozein estimulu negatibotzat hartzen dugu… “Umeak oso nekatuta edo loguratuta daudenean, edozein proposamen txartzat hartzen dute, eta negarrera jotzen dute”.  

Nola desaktibatzen da beldurra? 

Alexander Barandiaranek esperimentu bat egin zuen Bilbon eta Donostian batu ziren hezitzaileen aurrean: beldurrezko pelikula baten pasarte bat jarri zuen… iluna, soinua bat-batean altutzen eta baxutzen zen, letagin zorrotzeko pertsonaia arriskutsu bat zegoen, bakarrik zegoen haur bat… ikusleen artean izua gailendu zen. Eta nola desaktibarazi zuen beldurra? Ondokoa besarkatzera gonbidatuz. 

Aurrez aurkeztu zuen beldurren abaniko zabal hori, beldur naturalak, ikasiak edo kulturalak, helduek transmitituriko beldurrak edo mehatxuetatik datozenak… guztiak desaktibatzeko gakoa azaldu zuen: “Beldurra segurtasuna ematen duen pertsonarekin, pertsona esanguratsuaren kontaktuarekin desaktibatzen da”. Zehaztu zuenez, beldurraren intentsitatearen arabera, kontaktua oso estua izan beharko da eta denbora luzean, “eta ez hainbestekoa beldurra 

ez bada hain handia”. Helduaren erantzukizunari egin zion beste behin erreferentzia Barandiaranek: “Honek harremanaren eta heziketaren funtsera garamatza: helduaren ardurara; beldurren gaian ere ezinbestekoa da heldu arduratsua: kalitatezko kontaktua behar du haur txikiak heldu esanguratsuarekin, berarekin egon behar du haurraren beldurra desaktibatzen dela ikusi arte. Behin desaktibatzen denean, haurrak zerbait interesgarria ikusten baldin badu, orduan aktibatu daiteke beste jokabide bat, esplorazioarekin eta jolasarekin zerikusia izango
duena”. 

Zer gertatzen da beldurra desaktibatzen ez bada? 

Angustian sartzen gara. “Beldurraren aktibazioak ez baldin badauka bukaera bat, ez baldin bada desaktibatzen, angustian gelditzen gara, eta angustian ez dugu ondo pasatzen”. Angustiara iritsi gabe ere, txikitako beldurren ondorioz baldintzatuak gelditu gaitezkeela aipatu zuen Barandiaranek: “Beldur naturalek nahiz ikasitakoek ondorioak uzten dituzte eta ondorioak txikitako beldurraren dimentsioaren araberakoak izango dira, batzuetan, esan bezala, fobietara iristeraino”. 

Heldu esanguratsua da, beraz, beldurra desaktibatzeko baliabide funtsezkoetako bat, baina hizlariek beste hainbat gako ere eskaini zituzten: prebentzioa da oinarrietako bat. Zaintza da prebentziorik handiena, eta hizlariak bat etorri ziren horretan. Jon Aranak hainbat errezeta eman zituen beldurrak gorpuztea ekiditeko: “Umeen gorputzak ondo tratatu, bereziki ondo zaindu ume txikien gorputzak (gogoratu Pikler-Loczyren lana) eta haurrak ez abandonatu. Eta bestetik, konfiantza eskaini, komunikazioa eta errespetua”.

Gorputza bezala, giroa zaintzeko gomendioa egin zuten hizlariek: “0-1 urte bitartean haurrei eskaintzen dizkiegun espazioak oso zainduak izan behar dute argitasun, zarata, usain eta jendeari dagokionez —azaldu zuen Barandiaranek—. Lehenengo sei hilabeteetan, pertsona hauskorren den garaian are eta gehiago zaindu behar ditugu baldintza horiek, eta ondoren, 3 urte arte ere arreta handia jarri behar dugu ingurunean”. Haur Hezkuntza guztian prebentzioari heltzea gomendatu zuen HUHEZIko irakasleak: “Eskoletan prebenitu egingo nuke, aurreikusi zer gertatu ahal den eskolan planteatzen ditugun esperientzia guztiekin. Haurtzaroa oso-oso fin zaindu behar dugu, detaile txikienak ere bai, haurtzaroko esperientziek baldintzatu egiten baikaituzte. Eta eduki buruan beldurra, beldurra aktibatu daitekeela haur batengan edo gehiagorengan. Hala eta guztiz ere, aktibatzen baldin bada, helduok hor egon behar dugu, eta hori da hezitzaileon oso funtzio garrantzitsua: hor egotea”.

Beldurrak ez gorpuzteko lau hizlariek eman zuten beste gakoa izuak kanporatzea izan zen. “Badaude printzipio batzuk ezin direnak ahaztu —adierazi zuen Aranak—. Beldurrak ez dira ukatu behar. Ezin ditugu alfonbra azpian gorde. Beldurrak errekonozitu egin behar dira. Esplizitatu, hitzez ez bada jolasaren bidez”.

Haurrek hitz egin dezaten, ordea, askotan heldua da lehenago hitz egin behar duena, bere emozioak agertzeko, Katty Homar psikomotrizistaren arabera: “Haurrek euren emozioez hitz egin dezaten nahi badugu, geu gara eredu eman behar dugunak eta geure emozioez eta sentimenduez hitz egin behar dugunak. Haurrak oso txikitatik ulertzeko gai dira”. Hitz egiteko, ordea, nolabaiteko gaitasun bat garatua behar du haurrak, adin bat, hiztegi bat, ohartarazi zuen Chockleerrek: “2-3 urteko haur bati ezin diogu eskatu bere emozioa identifikatu eta hitzez azaltzeko, gehiegi da hori; garrantzitsuena emozio hori duela jakitea da, eta ondoan duen helduak esatea ‘konturatzen naiz beldurturik zaudela’”.

Beldurra kanporatzeko hainbat bide proposatu zituzten hizlariek: marrazki bidezko errepresentazioak, kontakizuna, antzezpena… “dena delakoa, baina beldurra proiektatu egin behar dugu”, adierazi zuen Aranak. Jolasa da bide oparoenetakoa Barandiaranentzat. "0-6ko umearen bizitzan izua kanporatzeko modurik onena jolasa da. Jolasa delako umearen bizitzan egiteko garrantzitsuena, baita bigarren egiteko garrantzitsuena eta hirugarrena ere. Ume garenean jolasean bizi dugu mundua”. 

Orain, beldurrak prebenitzen saiatu arren, eta beldurrak kanporatu arren... berriak etorriko dira. Ezin baita, ez eskolan, ez etxean, ez bizitzan, inongo beldurrik gabe bizi, nahiz eta intentsitate txikikoa izan, ezin da. Beldurrak bizi osorako bidelagunak dira. “Eta behar ditugu!”, aldarrikatu zuen Homarrek: “bizitza honetan beldurra izateko arrazoiak daude, ardi larruz jantziriko bi hankako otsoak daude, eta garrantzitsua da horiei beldur izatea, eta haurrei emozio hori identifikatzen laguntzea, eta ihes egiten edo laguntza eska dezaten erakustea”. Hona Barandiaranek aurkeztu zuen paradoxa: “Ez diogu beldurrari beldurrik izan behar”. 

LAU DIMENTSIO DITU IZUAK

Beldurtzen garenean irudi batzuk sortzen ditu gure buruak, ilunak, beltzak, eta gorputza estutu egiten zaigu, arnasa larritu, giharrak tenkatu... Beldurra aktibatzen zaigunean, emozionalki, irudimenaren aldetik, alderdi motorretik eta neurobegetatibotik erreakzionatzen baitugu. Alexander Barandiaranek azaldu zuenez, beldurra, lau dimentsio dituen jokabidea da.

Dimentsio emozionala: izuaren emozioa mailakatua da, gutxitik hasi eta paralizatu arteko intentsitate desberdinetan gertatzen da beldurra. Hiztegiak berak jasotzen ditu intentsitate-mailak: “Beldurtuta, nahiko beldurtuta, izututa, ikaratuta... abaniko osoa dugu emozio hori deskribatzeko eta intentsitate desberdineko beldurrei erreferentzia egiteko”. 

Irudimenezko dimentsioa ere aktibatzen zaigu beldurtzen garenean. Honek beldurturik gaudenean gure buruan sortzen diren irudiei egiten die erreferentzia: “Sortzen diren irudiak mehatxuzko eszenatoki arriskutsuak dira. Beldurraren kasuan gertatzen da ez naizela gauza sentitzen ikusten ditudan irudi horiei aurre egiteko eta irudikatzen ditudan eszena horiek beldurgarriak dira”. Izuturik gaudenean errealitatea bere alderdirik txarrenetik ikusten dugu, eta honi pentsamendu negatiboa deitzen zaio. “Edozein gauza berriren aurrean dena negatiboki ikusten duten pertsonak badaude”. 

Dimentsio motorrean, ihes jokabidea aktibatzen da. Izutzean egiten ditugun mugimenduei egiten die erreferentzia dimentsio motorrak; mugimendu horietako batzuk berezkoak ditugun arren, beste batzuk ikasiak dira. “Baina nora egiten dugu ihes? Non bilatzen du umeak segurtasuna?”, galdetu zuen irakasleak: “Heldu esanguratsuan. Beldurrak atxikimendu jokabidea aktibatzenn du eta atxikimendu jokabideak esan nahi du umeak helduaren presentzia behar duela”. Haatik, beldurturik gaudenean ihes egiteko jokabidea aktibatzen den arren, badaude kasuak beldurra maila gorenera iristen denean pertsona ihes egiteko gaitasunik gabe sentitzea, “gerta liteke paralizatzea edo panikoa sentitzea”. 

Dimentsio neurobegetatiboa: Izuak ihes egiteko jokabidea aktibatzen du eta ihes egin ahal izateko, dimentsio neurobegetatiboa aktibatzen da: “Iheserako gorputza prestatu egin behar da barrutik, giharrak tenkatu, odola ponpatu, arnasketa azkartu, defentsa hormonen aktibati, kortisola disparatu...

IPUINEAN GORDETZEN DIRA BELDURRAK

Beldurrak, gaindituko badira, kanporatu egin behar direla adierazi zuten lau hizlariek, eta ipuinak baliabide bikaina dira beldurrak ezagutzeko eta gainditzen laguntzeko. Haurrak barnean dituen beldurrei forma ematen die otsoaren, munstroen, mamuen eta sorginaren bidez. “Gero eta beldur handiagoak, orduan eta munstro handiagoak”, azaldu zuen Katty Homarrek. 

Maitagarrien ipuin klasikoak edo izuak ukitzen dituzten ipuinak kontatzea ez da, Aranaren hitzetan, haurrak beldurren aurrean jartzea, “helduok ez ditugu ipuinetan figura mehatxagarriak sadismoagatik sartzen”, zehaztu zuen, “guk ematen diegu umeari helduleku bat bere beldur arkaiko eta inkontzienteak errepresentatzeko eta puntu horretan daudenean, dagoeneko sinbolo bat daukate, eta sinboloekin dagoeneko jolastu dezakegu, jan ditzakegu, jolastu, hil, matxakatu... eta irabazi”.

Behin ipuina kontatutakoan, liburua itxi eta bertan gelditzen dira izuak: “Haurrei galdetzen diet zergatik itxi behar dudan liburua —esan zuen Homarrek—, eta erantzuten didate hartara otsoa liburuaren barruan gelditzen dela, eta han gelditzen bada, ez dela gehiago euren ametsetan agertuko”.

Zein ipuin kontatu?

Ipuin bat edo beste aukeratzeko, Myrtha Choklerrek oinarrizko gomendio bat eman zien hezitzaileei eta gurasoei: “Galdetu behar diogu geure buruari zertarako eta zergatik kontatu nahi diegun ipuin hau haur hauei eta zein helbururekin. 2 urteko haurrei hiru txerrikumeen ipuina kontatzeak ba al du zentzurik, haurrek ez badute gaitasunik ipuinaren metafora ulertzeko?”

Ipuin bat kontatu aurretik, Choklerrek dio kontuan izan behar dugula haur bakoitzaren garapen-prozesua eta Niaren eraikuntza erritmo desberdinetan doazela, eta, era berean, ulertu behar dugu ume guztiek ez dituztela premia berdinak. “15-20 umeko gela batean guztiei ipuin bera kontatu nahi badiet, ulertu behar dut hori nire nahia eta premia dela, eta ez ume horiena”. Choklerrek proposatzen du ipuina kontatzen hastea eta hiru edo lau haur gerturatzen badira, haiei kontatzea. “Ipuinaren momentua oso une berezia iruditzen zait, baina ez gela guztiari zuzenduriko ekintza bezala”.

Beldurrak ipuinen bidez errepresentatu eta gainditu ahal izateko, haurrak gai izan behar dira ipuinaren karga sinbolikoa ulertzeko, “garapen sinbolikoaren maila garrantzitsu batera iritsi behar du haurrak”, zehaztu zuen Choklerrek: “ulertu behar du ipuineko txerritxoak ez direla osabaren baserriko txerriak”. 

Hiru txerrikumeen ipuina da, izan ere, ipuinetan ipuin nagusia. “3 urteko gelan esperientzia handia dut, eta hau da gehien eskatzen duten ipuina”, esan zuen Homarrek. “Eta beti modu berdinean kontatu behar diegu, haurrak beldurra gainditzen joan ahal izateko”. Adituaren arabera, berezitasun bat du ipuin honek maitagarrien ipuin tradizionalen aldean: “Ez da haurride txikia otsoa gainditzen duena, nagusia baizik”. Izan ere, Choklerrek aipatu zuen eran, “agian ez dira hiru txerri, agian bat bera da heldu bilakatu dena eta otsoa gainditu duena”.

Noiz kontatu?

Hizlari guztiek nabarmendu zuten ipuinaren unea berezia dela eta ongi aukeratua izan behar dela. Aranak pista bat eman zuen: “Noiz sartu otsoaren, sorginaren edo mamuaren figura agertzen duten ipuinak? Guk ez baditugu sartzen eurek aterako dituzte euren jolasetan eta, azkenean, helduko da adin bat non haur batek besteari jazarpena egingo dion, batak hartuko du otsoaren rola, eta hasiko dira jazarpen jolas horretan; bada momentu horretan prest daude ipuin horiek entzuteko”. 

Noiz horrez gain, nola ere garrantzitsua da Homarrentzat: ipuinak goxatu gabe kontatu behar dira, beldurrak beldur izan daitezen eta gainditu ahal izateko. Haatik, denborak eta moralak leundu egin ditu ipuinak, Grimm anaiek eta Perraultek deskribatzen zituzten izuetatik gaur arte. “Hainbeste edulkoratu ditugu ipuin tradizionalak heriotza agertu ere ez dela egiten, baina heriotza bizitzan agertu egiten da. Haurtzaroa angustia eta beldurrez betea dago, munstro bakarti, gautiar biolentoz betea eta fantasiaren bidez lortzen dute haurrek katarsia, eta beldurrak gainditzea”.