Yolanda Arrieta, idazlea: “Umeei galdera inteligenteak egitera ausartu behar dugu”
Etxeko sukaldean ikasi zuen aitarekin balsean dantza egiten eta duoan kantatzen. Amak, jostuna izanik, erakutsi zion gauzak egin egiten direla, ideia paperera eta ondoren soinera eramateko, egin egin behar dela. Aitaren musikaltasuna eta amaren egitea uztarturik ondu du bere literatur ibilbide oparoa. Genero guztiak ukitu dituen ibilbidea, Haur eta Gazte Literaturan, nola helduenean, genero guztiak ukitu baititu. Azkena zientzia fikzioa, 'Ataria' lanean. Pentsamendu bakarraren arriskuaz ohartarazten du bertan. Eta baita elkarrizketa honetan ere. Eskolan pentsamendu bakarra gailentzeak dituen arriskuez dihardu eta antidoto gisa, literatura eta, oro har, sormena balioesten ditu.
Idazketa sortzaileari buruz ikastetxez ikastetxe, urterik urte eskaini dituen lantegi eta formazioek zorroztu dioten begirada pribilegiatutik, eskolak oinarrietara joan behar duela ikusten du.
Galtzagorri elkarteak eta Hizkuntzaren eta Literaturaren Didaktika Sailak (EHU), Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak babestuta, 'Haur- eta gazte-literatura eskolan' ikastaro osagarria antolatu du, eta antolakuntzan aritu zara zu Galtzagorritik. Bitartekariak ahalduntzeko premia ikusten duzue?
Ni, batez ere, hasieran egon nintzen. Iritzi eske etorri zitzaizkidan Eusko Jaurlaritzatik eta udan hainbat bilera egin genituen haiekin, gaiaren inguruan, aspaldiko kezka bati erantzun nahirik, alegia, nola zabaldu eta indartu haur eta gazte literatura hezkuntzan eta jendartean. Beraz, delako ikastaro osagarriaren zirriborroan parte hartu nuen Galtzagorri Elkartekoekin. Gero, Ibon Egaña EHUtik eta Asun Garikano Galtzagorritik aritu dira guztia josten eta ehuntzen, haiek dira ikastaroaren arduradun akademikoak.
Zure galderari erantzunez, argi daukat egiteko garaia dela. Esparru honetan gabezia hain da handia, ekin egin behar baitiogu, bidean hobetzen eta osatzen joateko, eta bide horretan ekarpen inportantea da hau, bitartekarien formakuntza, nahiz eta helburu nagusia −edo ideala− zera den: haur eta gazte literatura irakasgai tronkala izatea, behin edo behin, Irakasle Eskolan, hori lortzeko traba burokratiko handiak gainditu behar diren arren.
Ikastaroa irakurketaren inguruan gaurko gizartean eta, bereziki, hezkuntza-esparruan dagoen kezka bati erantzuteko asmoz sortu dugu. Hain zuzen, irakurketa literarioak eskoletan duen lekua hobetu, eta irakurketan bitartekari diren irakasle edo irakaslegaien formazio literarioa aberasteko eskaintza egin nahi dugu. Ikuspegi integral edo sistematiko batetik, egin ere, nondik gatozen eta zer egiten ari garen zabaltzeko. Esate baterako: zeri deitzen diogu haur literatura? Psikologia aldetik zer ekarpen egiten du haur eta nerabeen garapenean? Irakurketa literarioaren testuinguruak ezagutzeko orduan, zer leku hartzen du irakurketak ikastetxean? Ahozkotasunaren garrantzia: ipuin kontaketak, haur poesia, antzerkia… Genero narratiboak eta genero ikonografikoak ikasgelan… Gauza gehiago ere badaude jorratzeko, baina oraingoz hauxe eskainiko dugu.
Dena den, bitartekariak diogunean ez gara ari bakarrik irakasleez. Haurraren hezkuntzan parte hartzen dugun guztiok gara bitartekari. Eta, jakina, gurasoak ere hor daude. Eta hor daude, bestelako zaintzaileak ere: aitona-amonak, monitoreak, hezitzaileak… Haurren gaur egungo etxea-k gune asko ditu eta gune horietan guztietan lagun dezake literaturak haurraren barne-mundua orekatzen, hizkuntzaren ikuspegi afektibo-sentsoriala garatzen, munduari buruzko ikuspegia zabaltzen eta komunikazioa hobetzen. Baina horretarako, ezinbestekoa da bitartekariak trebatzea.
Gatozen eskolara: noiz utzi zitzaion literatura eskolako baliabide gisa erabiltzeari? Euskal haur eta gazte Literaturaren abiapuntu garrantzitsuetako bat izan zen, hain justu ere, ikastolen mugimenduarekin euskara ikastetxeetan sartu zenean. Anjel Lertxundik, adibidez, hala kontatzen du. Beraz, loraldia, neurri handi batean, eskolari esker etorri zen, eta gaur egun, zer gertatzen ari da?
Mugimendua hasi zenean, derrigorrez ikuspegi integrala zegoen, dena zegoelako egiteko euskaraz, eta horrek berak ikuspegi holistiko bat edukitzea eskatzen zuen. Gero, euskarazko materiala sortzen hasi zenean utzi zitzaion literatura baliabide bezala erabiltzeari. Apalak egiten hasi ziren: hau, honetarako; hau, honetarako, hau, honetarako... Materialgintzak jokabidea eta pentsamendua zatikatu egin zituen, eta zatiketa horretan indarra hartu du gobernuek nahi dutenak: zenbakiek. Guztia ekonomiarekin lotua dago: eskolako materiala egiteak industria sortu zuen, eta hori ondo etorri zen arren liburugintza beste era batera ikustea ere ekarri zuen.
Gaur egun, literatura zirkulutik kanpo geratu da. Liburuak askoz gutxiago erabiltzen dira, plataformetara igotzen dira, edo eta eskola askotan proiektuka lan egiten da... Irakurketa lantzen da, baina irakurketa instrumentala da lantzen dena, eta hori oso desberdina da; irakurketa instrumental horrek ez du irakurketa literarioa ordezkatu behar. Irakurketa literarioari ez zaio garrantzirik eman, igual ez zaiolako diskurtsoetan ere beharrezko garrantzia eman, edo igual ez dugulako literaturaren garrantzia esplikatzen asmatu.
Azal dezagun bada, literaturaren garrantzia.
Literatura da informazio sozio-kulturala pertsonaren galbahetik pasatuta. Eta hori oso garrantzitsua da denontzat, emozioak sartzen direlako. Mundua hor dago, historia, zientzia, soziologia hor daude, eta hori irakurtzen ari gara, baina literaturak eta arteak pertsonaren galbahea dauka. Eta hor dago emozioa. “Zer eragiten dit gertatzen denak?” Hori ezin denez banaka kontatu, fikzioa sartzen dugu, adibideak sartzen ditugu. Pertsonak gauzak nola bizi ditugun, adibideak eskaintzen dizkigu literaturak, adibideen bidez kontatzen digu mundua literaturak, eta “ah, hori neuri ere gertatzen zait”, pentsatzen eta sentitzen dugu irakurtzen dugunean. Hori da literatura. Irakasleei hori horrela esplikatzen diedanean, konturatzen dira, “hori ere egin behar dugu”.
Eta orain gauden puntuan, nola berrezar genezake literatura eskolako baliabide gisa?
Oinarrietara itzuli behar dugu. Irakasle asko ikusten ditut gauzak hobetu nahian, asmo on askorekin... baina hainbeste eskatzen zaie irakasleei! Emozioak landu behar dituzue; ingurugiroa landu behar duzue; harremanak, enpatia, berdintasuna… eta, gero, zientziako gauza guztiak, gehi partaidetza... gehi etorkinak datoz... Gauza gehiegi da, eta ia-ia egunean dabiltza irakasle asko. Exijentzia guztiei ezin zaie erantzun, eta behar dena, nire ustez, ikuspegi orokor bat da: “Ea, eskola hau guk antolatu behar dugu; zer erakutsi behar dugu?”. Uste dut momentua dela oinarrietara etortzekoa eta ikuspegi orokorra argi izatea.
Bat: niri iruditzen zait eskolak irakurtzen erakutsi egin behar duela, umeak mundua ulertzeko eta irakurtzeko tresnak behar dituelako. Alde batetik, irakurketa instrumentala ikasi beharko du: A eta M eta A, AMA da, bai; A eta I eta T eta A, AITA da; baina, horrez gain, informazioa pertsonaren galbahetik pasatu behar da, hori da literatura, eta literaturaren bitartez, haur batek gauza asko ikasiko ditu: historia, soziologia, zenbakiak eta mundu matematikoa, espazioa, ezagutuko du denboraren eragina pertsonengan(ikasiko du gauzak ez direla beti berdinak, beste modu batera izan direla eta izan daitezkeela gero ere; eta non zauden, gaur egun ere, gauzak desberdinak direla); eta, batez ere, ikasiko du, “ene, ez nago bakarrik; ni bezalakoak dira besteak, baina, era berean, ni eta besteak, denok gara desberdinak”.
Zer gehiago erakutsi behar du eskolak? Zenbatzen jakin behar dute haurrek. Eta irakurketarekin eta zenbakiekin loturik dauden hainbat galderari erantzuten ere erakutsi behar dio: “zein naiz ni? Non nago? Eta norekin nago?” Eta kito. Beste guztiak adarrak dira. Oinarriak finkatzeak esan nahi du beste gauza asko alboratu egin behar direla, ez ez direlako onak, baizik eta oinarri sendoak behar ditugulako gero adarrak atera ahal izateko. Berdintasuna txertatu behar dugu, bada “non zaude?” eta “norekin zaude?” erakusten badiogu umeari, besteekin dagoela ikusiko du. Eta irakurtzen ari zarenean, ikuspegi ezberdinak lantzen ari zara, hau da, enpatia lantzen ari zara.
Ez diogu guztiari amen egin behar; eskola gu gara, eta eskolak bere lekua dauka, bere auzoa, bere umeak... Gutxieneko elkarbizitza bat behar dugu, eta munduan mugitzen jakiteko oinarriak behar ditugu. Ez da duela 40 urte bezala: orduan informazioa eman behar zitzaion umeari; gaur egun, informazio gehiegi dauka umeak. Dieta egin behar du eskolak, umeak enpatxaturik baitaude.
Gaur eguneko haurrek informazio-enpatxua dutela esan nahi duzu?
Estimulu gehiegi dauzkate, eta estimulu azkar gehiegi: botoi bati eman eta dena dago eskura. Drogaren efektua da. Txokolate ontza bat jan, eta gero beste bat eta gero beste bat, eta azkenean, antsietatez, tableta osoa jaten dugu. Hori da estimulu azkarrekin gertatzen dena, momentuko antsietatea ito egiten da, baina, gerora, hau dena hutsik dago. Hori ari da gertatzen gaur ume askorekin. Hainbeste estimulurekin ohitu dira, kontzentratzeko arazoak dituztela. Beraz, orain kontzentrazioa ere landu egin behar dugu, kontzentrazio horrekin arreta etorriko da, eta horrekin etorriko da haurraren harridura.
Literatur-kontaketa egiteko, estimulurik gabeko leku bat aukeratzeko esaten diet irakasleei; leku garbia, hartu titanluxa eta horma zuriz margotu; kendu adornuak, kendu zaratak... Eta behin lekua aukeratuta, literatura ahotsera ekarri. Gorputzera ekarri behar dugu informazioa, eta esperientzia bihurtu behar dugu, orduantxe trankilduko da haurra, eta norbait dela sentituko du. Hizkuntzaren alderdi sentsoriala erreibindikatzen dut, galdu egin baitugu.
Ikuspegi pribilegiatua duzu, batetik, ibilbide luzea egin duzulako, ez zara gaur goizean hasi eskolarik eskola formazioak ematen; eta horrez gain, kanpotik etortzen zara, ez zara ez gurasoa ez irakaslea... Urte hauetan guztietan, zer-nolako bilakaera ikusi duzu haurrengan eta eskoletan?
Arreta asko jaitsi da, asko-asko-asko. Badaude umeak eserita egon ezin direnak, nola ba? Kontaketa bat ahotsez eta beste euskarririk gabe egiten dudanean izerdi asko bota behar izaten dut umeen arreta mantentzeko. Hala ere, ikusi dut baita ere, egin eta egin eta egin, umeak ohitu egiten direla. Haur poesian, “zu, ni eta kontatzen ari garena” dago, eta umeak ohitu egiten dira horretara. Baina horrek denbora eta espazioa eskatzen ditu: isil-isilik eta goxo egongo garen leku bat, kolorinik gabe eta zaratarik gabe. Eskola guztietan dago taladro bat eskola orduetan! Eskizofrenia handi batean bizi gara: masterrak ari gara egiten arretari buruz, eta gero ikastetxeak beti obretan daude eskola orduetan. Oinarrietara joan behar dugu. Kontzentrazioa landu behar badugu, burrunba kendu egin behar dugu, eta hori egin daiteke. Horrek guztiak irakaslearen jarrera eskatzen du, “egin egingo dut, hasi egingo naiz”.
Baina irakasle asko nekatuta daude, eta beldur ere badira, gurasoen beldur, umeen beldur.... aldaketa hori ere ikusten dut.
Nik garrantzi handia ematen diot tutore on bati. Tutore ona izateak esan nahi du, nire ustez, gela ondo ezagutzen duela, gelako ume bakoitzaren norabideak ezagutzen dituela eta ez ezagutu bakarrik, gestionatzeko gai dela. Eta gestionatzeak esan nahi du mugak ezartzen badakiela, eta ez daukala beldurrik esateko, “neu naiz hemen heldua eta neu naiz zuen antolamendua gobernatzen duena”. Gobernatzea beharrezkoa da, baina gaur egun ez da mugarik jartzen. Mugekin alde batetik bestera joan gara: lehen autoritarismoan geunden eta orain beste aldera joan gara; autoritatea dabehar dena. Helduok bitartekariak gara, eta beraz, ondorengo belaunaldiaren guraso gara, nahiz eta seme-alabarik izan ez, eta hori onartu egin behar dugu. Hori onartzen ez badugu, 50 urterekin ume izaten jarraituko dugu (zentzu ahulean).
Pertsona baten nortasunaren eraikuntzan 0-6 etapak zer-nolako garrantzia duen erakutsi digu psikologiak. Gauza bera esan liteke literaturaz? Hau da, literaturaren hastapenek, 0-6 urte bitarteko esperientzia literarioak, sormenari begira zutabeak ezartzen dituela esan liteke?
0-6 urte bitarteko garaia oinarrizkoa da, horrek ez du esan nahi, ordea, hor gertatzen dena erabakigarria denik. Ikasten den guztia desikas daiteke gauza berri bat ikasteko eta ohitura eta kultura berriak sortzeko, horregatik sinisten dut hezkuntzan.
0-6an umeak ez du informazioa behar, umeak pertsona heldua behar du, eta entzuna, babestua eta maitatua sentitu behar du. Eta jolastu egin behar du. Haur txikia berehala konturatuko da hizkuntzarekin jolas egin daitekeela: “krak” entzuten duenean poz-pozik jartzen da, “krik-krak, banoa eta banator, krik-krak krik-krak, banoa eta banator”, bat-batean asmatu dudan poesia honekin haurrak heldua gertu sentituko du eta jolas egingo du. Eta hori gorputzarekin eta antzerkiarekin lotzen badugu, ikaragarrizko balioa hartuko du.
Antzerkia ere baliabide aparta dugu eskolan, baina gaur egun kurtso bukaeran gurasoei egiteko ikuskizun bilakatu dugu, eta ez da hori! Horra helduko gara heltzen bagara! Eskolak egin behar duena da antzerkia egitera jolastu; idazle izatera jolastu; kontalari izatera jolastu; zientzialari izatera jolastu; biologo izatera jolastu; ile-apaintzaile izatera jolastu; hori bermatu behar du eskolak. Eta horren bitartez goaz pertsona izaten ikasten; besteekin bizitzen ikasten; mundua irakurtzen eta mundua ulertzen ikasten.
Sormena jolasarekin lotzen duzu zuk... bada sormena neurtu eta lehiatu al liteke?
Sormenari ere kendu behar diogu kutsu lehiakor amerikano guaia. Garbigailutik pasa behar dugu sormen hitza. Sormena gertatzen diren arazoei irtenbidea ematea edo oraindik egin gabeko gauzen aurrean jartzea da, bizitzak eskaintzen dizkigun erronkei aurre egiteko behar dugun baliabidea da. Jolas bat da: daiteke-ra jolastea da. Etenik gabe egon gaitezke daiteke horretan. Jolasaren zentzuan bultzatu behar dugu sormena, orduan ikusten baitugu “ah, sortzen ari naiz, ez da hain zaila”. Sormenari kendu egin behar diogu argazkian ateratze hori, eta lehia kutsua ere bai. Ipuin lehiaketak eta marrazki lehiaketak antolatzen ditugu, baina lehiaketak kendu egin behar dira umeen artetik, hori antigoalekoa da, eta txarrerako. Esan mesedez, herri guztietako zinegotziei, ipuin lehiaketak antigoalekoak direla, eta kentzeko. Horrek ez du sormena bultzatzen; jarri tailerrak.
Niretzat sormena bizi-jarrera bat da: “Nik zer egin dezaket?”. Baina, oro har, uste dut, pentsamendu sortzailea lo dagoela, erabiltzen ez dena lokartu egiten baita. Eta ez haurren kasuan soilik, helduok, eta bereziki irakasle eta bitartekariok pentsamendu sortzailea erne eduki behar dugu. Ez badaukagu pentsamendu sortzailea aktibatuta, jasotzaile huts izaten bukatzen dugu, delegatu egiten dugu, eta azkenean, besteen mende geratzen gara. Gaur egun, estimuluak kendu egin behar ditugu pentsamendu sortzailea erne mantentzeko. Duela 30-40 urte pizgarriak jarri behar ziren sormena aktibatzeko; orain kontrako momentuan gaude: pizgarriak kendu egin behar ditugu pentsamendu sortzailea aktibatzeko.
Aldarrikatzen duzun pentsamendu sortzaile horren lokartzeaz eta pentsamendu bakarraren gailentzeaz diharduzu idatzi berri duzun Ataria zientzia fikziozko liburuan. Errealitatetik ihes egiteko premia izan duzu, hain justu, eskoletako errealitatea kontatzeko?
Mundua hain da konplexua, distantzia bat ezarri behar duzula kontatzeko. Zientzia fikzioa da azken batean, gaur egun ikusten ditugun fenomenoak esajeratzea eta fikzionatzea. Nik ikusi eta sumatu egiten dut pentsamendu bakarrerantz goazela. Eta pentsamendu bakarra pertsona batzuek, gobernu batzuek, indar batzuek, sortzen dute. Pentsamendu bakarra indarra hartzen ari da, eta hori guztiok egunero nabari dugu: “Zenbat egin dut nik gaur neuretik?”
Ondorengo belaunaldien guraso naizen aldetik, badaukat zerbait esateko beharra, sentitu egiten dut behar hori. 30 urte daramatzat gauza hauetan, beldur eta lotsa asko kendu ditut, eta kezkatzen nauten gauzak esan egin behar ditudala pentsatzen dudanean, esan egiten ditut. Badoa mundu bat, sukaldean txapa gainean arropa lehortzen, ama irratia jarrita josten eta ni etxeko lanak egiten, periodiko paperaren gainean koadernoa jarrita… mundu hori joan egin da, baina nik hori nire barruan daukat, eta kontatu egin behar dut.
Idazle-lana beti horrela bizi izan duzu, esateko behar horretatik, edo hasierako bulkadak beste batzuk ziren?
Ni oso lotsatia nintzen, eta letxetxarra nuela esaten zidaten. Ez zen hori, bulkada handia neukan eta erraz betetzen nituen orriak. Nire eskolako kidea hasterako, nik orria beteta neukan. Baina inork ez zuen hori ikusten balio bezala.
Aitak Markinako banda munizipalean jotzen zuen, belarri ona zeukan eta solfeo pixka bat erakutsi zioten. Musika zeukan bere barnean eta nire etxeko sukaldean ikasi dut dantzatzen, kantuan, duoak egiten... Nire ama jostuna izan da, eta nik ama ikusi dut etxeko sukaldean, irratia itzali, Aitaren egin, paketeak egiteko paper marroia mahai gainean jarri eta lehenengo patroiak egiten eta gero tela mozten, gero albaintzen, probatzen eta josten… Hor ikusi nuen egin egiten direla gauzak. Ama andreei neurriak hartzen ikusten nuen, udaberrian etortzen ziren asko Santiagotan izaten zirelako jaiak eta ordurako soinekoa egitera. Denetariko emakumeak etortzen ziren, lepa okerrak, argalak, lodiak... eta guztiei neurrira egiten zien soinekoa.
Aitaren musikarekin eta amaren eginarekin hazi naiz ni. Eta, gero, bidean irakasle onak izan ditut. Maistra frankista zen, ¡Viva España! ere kantatzen nuen berarekin, baina gauza asko erakutsi zizkigun, diziplina, esate baterako. Ondoren, Iñaki Mendiguren eta Jexux Garmendia izan nituen Eskoriatzako Irakasle Eskolako irakasle. Tertuliak egiten genituen Jexuxekin, ikaragarri irakurri genuen. Iñakirekin euskal literatura irakurri eta lantzen genuen, eta nobela bat idatzi beharra izan genuen. Orduan ez zegoen Internetik, eta nire lagunek liburuetatik kopiatu eta itzuli zuten, eta nik, berriz, gozatu egin nuen idazten. Nobela hura izan zen Jostorratza eta haria-ren lehendabiziko hazia. Bitartekariak eta irakasleak, niretzat, oso pertsona inportanteak izan dira.
Irudikatu duzun garai haietatik hona, liburuaren balioa ere aldatu da. Lehen gutxi izanagatik, balioa ematen zieten familiek liburuei. Orain, guztia eskura dugun honetan, familia askotan badaude liburuak egon, baina beste familia askotan ez dago apenas libururik. Irakaslea izango da haur horientzako liburuetara iristeko bitartekaria.
Horrelako kasu asko ikusten ditut. Baina hor, berriro ere, pentsamendu sortzailea behar dugu irakasle bezala. “Bale, ez daukagu libururik, baina zer daukagu?” Eskoletan esaten ari naiz: umeen urtebetetze eguna denean, pastela eraman beharrean (ze alergia bat ez denean bestea da...), nahaste horiek saihesten laguntzen du liburu bat eramateak. Egin liburuen zerrenda bat urtero, eta bakoitzak eraman dezala liburu bat. Adostutako gauza bat izan daiteke: pastel bat eraman beharrean liburua eraman.
Irakasle batek argi baldin badauka irakurketa zergatik den garrantzitsua transmititu egingo die familiei. Eta gurasoek euren umeentzako gauzarik onena nahi dute. Fisikoki liburuak etxean eduki egin behar ditugu. Liburuak erosteko beldur hori kendu egin behar da. Begira kiroletan hasten direnean zapatiletan bakarrik zenbat gastatzen dugun! Zapatilak berehala gelditzen dira txikiak, liburuak ez dira inoiz txiki gelditzen, eta gainera oparitu egin ditzakegu, eta partekatu... Eta horrez gain, liburutegiak herri txikienetan ere badaude.
Iazko urrian hainbat eragilek Azpeitian antolatu genuen Sormenean hezi, kulturan bizi jardunaldian izan zinen. Bertan zure ikuspegia eman zenuen eta oso kezkaturik agertu zinen kultur sormenaren transmisioaz. Ez dugu asmatzen euskal kultur sormena eskolan transmititzen?
Ez, eta gainera, ez da erraza. Etenik gabeko informazioa sartzen da, azkar, eta bizkorren sartzen dena pentsamendu bakarrarekin lotutako informazioa da, kontsumoarekin eta mendekotasunarekin loturikoa. Informazio erraz horrek gustuak markatzen dizkigu, non lan egin behar dugun, gure denbora librean zer egin behar dugun markatzen digu. Informazio horiek medio handietatik datoz, eta medioak gobernuek kontrolatzen dituzte. Medio horietatik sartzen den mundu horretako gauza batzuek euskara dute, baina % 99ak ez dauka euskararik. Gure gazteei hori sartzen zaie. Filtroa ez badugu landu txikitatik, galbahe lana egiten ez badute ikasi, hau da “eta nik zer nahi dut?” galdetzen ez badute ikasi, denbora guztian pentsamendu sortzailea entrenatu ez baldin badugu, 11-12 urteko gaztetxoak, irentsi egingo du Disney horrek esaten dion guztia, koloreek, hiru dimentsioek, mila estimulu bizkorrek eta abarrek harrapatu egiten dute umea eta joan da; bere aisialdia medioek eraman dute.
0-9 urte bitartean mundu sentsorial indartsu bero bat eskaini behar diegu umeei. Gabezia handiak ikusten ditut alor horretan, gabezia afektiboak esate baterako, azkarregi goazelako: hau ez da pertsonaren erritmoa. Pertsonaren erritmoa bihotzak markatzen du eta bihotza hankekin doa, eta gu orain hegazkinean goaz. Horrek desoreka bat eragiten du, eta desoreka horretan daude ume asko. Gabezia hori aukera bezala hartu eta goazen mundua euskaraz erakustera, kanpotik hain erraz datorren mundu handi horren alternatiba bezala. Horretarako, lehenik goazen bitartekari gabiltzan helduok beldurrak kendu, elkartu, indartu eta ahalduntzera.
Kulturaren barruan, tradizioaz asko idatzi duzu. Oroimena eta irudimena bizilagun direla diozu, hau da, ez dugula sortzen hutsetik.Gure gizartean, ordea, badirudi tradizioarekin gatazka bat daukagula: batzuek bere horretan mantendu nahi dute; beste batzuek erabat baztertu nahi dute. Zer egin dezakegu tradizioarekin eskolan?
Iruditzen zait tradizioarekin ere penduluarena gertatu dela. Alde batetik bestera joan gara. Neu izan nintzen lehenengoa tradizioa begiratu egin behar genuela esan zuena duela 15 bat urte. Bazirudien bekatua zela. Baina hortik, tradizioa ukatzera joan gara. Eta hori asmo ezkertiar bat izan arren, jokaera eskuindar bat da. Ezin dugu informazioa ukatu. Umeari jaten eman behar diogu, gauza desberdinak eman behar dizkiogu jaten, eta berdin literaturarekin ere, eta jaten ematen diogunarekin batera, izpiritu kritikoa lantzen joan behar dugu. Tradizioa erakutsi egin behar dugu, eta horrek ausardia eskatzen du. Umeari ezin diogu tradizioa ukatu, ezin diogu informazioa ukatu, bera ere bizi dugun munduaren zati bat baita. Haurrak jakin behar du zein kulturatatik gatozen, non gauden, zer esan duten besteek... Lehenengo tradizioa erakutsi eta ondoren kudeatu egin behar dugu informazio hori. Tertuliak egin behar ditugu umeekin, hitz egin... Zer aldatu da lehendik gaur egunera? Ipuinean agertzen diren gauzen eta gaur egunekoen artean, zer da berdina eta zer da desberdina? Umeei galdera inteligenteak eginez gero, umeek buruari eragin egiten diote eta batzuetan ustekabeko erantzun inteligenteak ematen dituzte.
Zeuk ere gatazka handia izan duzu Mari Xor tradiziozko maitagarri ipuinarekin; aitari aurre egiten dion neska ausartarena da. Saiakera bat eta album bat egin dituzu Mari Xor-en inguruan. Gainditu duzu gatazka?
35 urteko borroka izan dut Mari Xor-ekin, eta dagoeneko kendu zaizkit beldurrak eta hasi naiz umeekin tertulietan ipuina lantzen. Hasteko, azaltzen diet ipuin bat dela; pertsonok jana behar dugu gorputza elikatzeko; lagunak, bihotza elikatzeko; eta ipuinak eta fikzioa, arima elikatzeko. Hori antropologian ikasi nuen, eta neure lematzat daukat. Betidanik kontatu behar izan ditugu gezur sinesgarriak geure munduarekiko pertzepzioa (“Zer eragiten dit munduak?”) ulertzeko. Ipuina da, fikzioa, ez da egia, eta ulertu behar dugu zer esan nahi digun horrek, eta horretara jartzen ditugunean umeak, ulertu egiten dute. 3. eta 4. mailakoekin egin daiteke dagoeneko hori, eta 5. eta 6. mailakoekin tertuliak fenomeno joaten dira. Tertulietan azaltzen diet iritzi guztiak direla onak, ez dagoela bat ona eta bestea txarra, eta arrazoi bat edo bi bilatu behar dituztela euren iritziari eusteko.
Tertuliak egiteko, lehenengo, bitartekariak ahaldundu egin behar du, nik heldu bezala, ezin dut haurren pare egon. Nik informazioa kudeatu behar dut, eta ausartu egin behar dut galdera inteligenteak egitera. Adibidez, galdetzen badiezu “neska eta mutilen inguruan, lehengo ipuinetatik hona zer aldatu da nesken eta mutilen kasuan?”, “ipuinean agertzen da mutila dela maiorazkoa eta etxearen jabea, eta orain neskak ere badira etxe jabeak” esaten dute; edo, “ipuinean neska guztiak etxean agertzen dira, baina orain kalean ere lan egiten dute”. Umeei galdera inteligenteak egitera ausartu behar dugu.