Besteekin erlazionatzeko kodeak
Zer egin gure seme-alabak jarrera disruptiboak dituzten umeekin erlazionatzen direnean? Nola jokatu beste umeek jotzen, iraintzen edota mintzen dutenean? Ane Ablanedok hainbat klabe ematen ditu erasotzaileen jarrera ulertzeko eta haur
erasotuak defendatzeko.
Ikasgelan izan daiteke, edo dantzako eskolan, edo ingeleseko orduan, edo kiroletan, edo patioan… jarrera oldarkorra duten haurrek jo, iraindu edota min egiten duten haurrek beste umeengan eragin zuzena dute, esperientzia lazgarriak biziaraz diezazkiekete beste haurrei. Jarrera disruptiboa duten haurren gurasoek badaukate aldaketarako espaziorik, ahalegindu daitezke euren seme-alabaren beharrak asetzen, jarrera oldarkorraren zergatiak ulertzen eta laguntzen… Baina zer egin dezakete beste haurren jarrera disruptiboa pairatzen duten haurren gurasoek?
Ane Ablanedo irakasle eta pedagogia berritzaileetan formatzaileak haurren babesgabetasunaz hausnartzeko premia ikusten du lehenik. Oro har, haur guztiak ikusten ditu egoera babesgabean gizarte-eredu honetan, baina bereziki euren premiak aseak ez dituzten haurrak. “Haur bakoitza bere gurasoena da, eta gurasoen nahien arabera hezia izango da, baina guraso bati ongi iruditzen zaiona edo ez zaiona pairatuko du haurrak, onerako zein txarrerako. Nire ustez, denok izan beharko genuke haur guztien hezitzaile, eta saiatu beharko genuke paradigma aldatzen: euren beharrak asez hezi behar ditugu, eta zirkulazioan jarri behar dugun ideia da hori. Haurrak bere beharrak ongi aseak izan behar ditu ongi garatzeko; hori ez bada betetzen, hortik aurrerako guztia arazo izango dugu”.
Bitartean, gizartean funtzionatzeko eta besteekin erlazionatzeko klabeak eman behar dizkio helduak haurrari, Ablanedoren aburuz. Masturbatzen den haur baten adibidea jarri du: “Masturbatzea oso sanoa da, plazera ematen du, eta guraso bezala badakizu hori esperientzia ona dela haurrarentzako. Baina badakizu, baita ere, gizarte honetan haurrak topa ditzakeela masturbatzearen inguruan beste pentsamendu batzuk dituztenak, agian bere aitona, amona edo izeba... eta haurrari edozein astakeria esateko arriskutik babestu egin beharko dute gurasoek. Erantzun edo begirada itsusirik ez pairatzeko, klabeak eman beharko dizkiote, eta esango diote, esate baterako, intimitatean egiteko. Beste alorretan ere, haurrei klabeak eman behar dizkiegu euren burua indarrean dauden jokaeren aurrean babesteko”.
Haurren arteko harremanetarako klabe lagungarriak eskaintzeko, garrantzitsua da Ablanedorentzat ohartzea helduak ere era desberdinean erlazionatzen garela etxekoekin (espazio seguruetan) eta kanpokoekin: “Gurasoaren egitekoa da haurrari ulertaraztea besteek beste era batera funtziona dezaketela, eta kanpoan aurki ditzakeela etxean ohikoak ez diren erlazionatzeko modu batzuk, zakarragoak”. Enpatia lantzea proposatzen du Ablanedok, “gurasoek euren seme-alabarekin landu dezatela jarrera disruptiboa duen haurrak zergatik egiten duen hori, etengabe jotzen duen haurra ongi ez dagoen haur bat dela ulertzen lagundu behar diogu”. Berezkoa eta beharrezkoa den agresibitatea indar suntsitzaile bihurtu zaien haur horiek, mina duten haur gisa ikusi beharko genituzke, Ablanedoren iritziz, gaizto etiketa hiztegitik erauziz: “Amorrua pilaturik daukatelako, eta orainean zerikusirik ez duen gatazka bat medio ez denean ere jotzen duen haur bati zerbait gertatzen zaio.Ume horrekiko ikuspegia ere aldatu egin behar dugu, haurrak berez onak direla ulertu behar dugu, eta zerbait gertatzen zaielako jotzen dutela ulertu behar dugu. Hori lehenik helduok ulertu behar dugu, eta ondoren haurrei transmititu behar diegu”.
Jotzen duen haurraren jarrera ulertzen saiatzeaz gain, norbere burua defendatzeko tresnak lantzea ere garrantzitsua da irakaslearentzat, haurrak dauzkan baliabideak ez apaltzea. Adinaren arabera, tresna desberdinak izango ditu: hitza hartzen doan neurrian, gorputzaren erabilera apalduz joango da. Haatik, artean hitza erabiltzeko gai ez den haurrak gorputza erabiliko du, hori delako daukan tresna. “Agresibitate hori normala eta naturala da, ez genuke zertan apaldu. Bulkada hori eten beharko genuke mugak jarrita, ondoan egonda”.
Mina tartean denean Ablanedok funtsezko ikusten du heldu bat gertu egotea, mina ekiditea printzipiotzat baitu. “Heldu batek egon behar du mina ekiditeko, baina mina dagoenean, haurrak klabeak izan behar ditu ulertzeko zer gertatzen den eta nola jokatu horrelako egoera baten aurrean. Sanoena litzateke haurrak ulertzea badirela beste funtzionatzeko modu batzuk eta modu horien aurrean defendatzen eta kokatzen jakitea”.
Defentsarako klabeekin batera, sendotasuna eman behar zaie haurrei. “Bizi garen testuinguruan, gure asmo handiena haur sendoak heztea izan beharko litzateke, karakterialki sendoak, bizitzan eta beren inguru hurbil edo zabalagoan topatuko dituzten ataka horien aurrean kokatu ahal izateko, eta emozionalki ez daitezen ahulak izan”. Sendotasun hori, Ablanedoren aburuz, gurasoen esku dago: “Lehen urteetan sendotasuna berma dezakete gurasoek, haurraren behar naturalak asez. Horrela, mundura aterako direnean sendoak izan daitezela, gertatuko zaizkien gauzei aurre egiten jakiteko”. Haur txikien kasuan, gurasoen ardura izango da sozializazio primarioa nola gauzatzen den eta osoki haurra norekin eta zein espaziotan egoten den. Haatik, handitzen doan heinean, gurasoen presentzia eta laguntza txikitu egingo da, nahiz eta garrantzitsua izaten segituko duen. Handiagoak direnean ere izango dute gurasoen beharra, ohartarazi du: “Gurasoen laguntza behar dute haurrek, egoeren aurrean nola jokatu eta zer aukera dituzten erakusteko, eta gauzak ulertzeko”.
Behin 6-8 urteetara iritsita, haurraren jokamoldea helduen antzekoagoa izango da, erlazioei dagokionez. Lagunak aukeratzean erabakiak hartzen hasiko da. “Adin tarte horretan badago intelekto maila bat gauzak ulertzeko, eta enpatia garatuago dago. Beraz, helduaren klabetik hurbilago legoke haurra: helduok bezala, ikasiko du erabakitzen zein lagunekin zer egin dezakeen, eta zeinekin zer ezin dezakeen egin; edo ikasiko du pertsona batzuengandik urruntzen, harremana esperimentatu duelako eta ezer onik ez duelako atera. ‘Nik horrekin ez dut jolastu nahi beti bukatzen dugu joka, ez nau errespetatzen…’”. Adin-tarte honetan gurasoen egitekoa aukerak erakustea izan daiteke, eta baita ere jarrera disruptiboak dituzten haurren alde onak ikusaraztea: “’Begira, honetan agian ezin duzu horrekin jolastu, min egingo dizulako, baina beste horretan bai’. Haurrei ere erakutsi behar diegu pertsona bakoitzak dituen alde onak, gauzak ez direla edo txuri edo beltz. Eta momentu batetik aurrera, erabakia izan daiteke horrekin ez jolastea, baina txikitatik eraikitako sendotasunari esker, erabakia berea izango da”. Erabakitzeko gaitasun hori edukitzea positiboa da Ablanedorentzat: “Haurrak ikusiko du dibertsitatea dagoela, badirela jokatzeko modu batzuk ez direnak guk nahi bezain sanoak eta horrek lagunduko dio bizitzaren aurrean kokatzen. Diferentzia markatzen duena esparru intimoko harreman sanoak izango dira, etxean eta familian errespetuz jokatzen denean, haurrak klabe horiek barneratuko ditu eta gero, beste jokabide batzuen aurrean, egokitu egin behar duela ulertuko du”.