Amatasun bizigarriagoa xede
Amatasuna eta feminismoa. Feminismoak ekarpen ukaezinak egin dizkio andreen askapenari, baina amatasunaren mataza ez dauka guztiz askatua oraindik ere. Zaintza erdigunean jartzearen aldeko diskurtso feministetan amatasuna ere erdigunean jartzeko premia dago, andre askok, gaur egun, presio eta bakardade handiz bizi baitute amatasuna.
Gaur eta hemen, seme-alaben zaintza ez da erraza —ezta zaintza, oro har ere—. Gurasotasuna zaila da, baina zehazki amatasuna are zailagoa da, oraindik ere. Ideal, zama, eskakizun, epai eta bakardade handiarekin gauzatzen da, oro har hitz eginda, amatasuna. Emakumeen askapenerako ezinbesteko tresna izan bada ere, feminismoak alor honetan ez dizkie aski erantzun ematen gaurko amei, edo hala sentitzen dute bederen askok, ez emakumeei banaka ezta kolektibo gisa ere, amatasuna modu bizigarriagoan, askatzaileagoan edo asetzaileagoan bizitzeko. HAZI HEZIren sorreratik ikusi dugu, zenbat ama bakarrik, zenbat ama epaituak, zenbat erru, ze presio, ze estres... bizi duten amek. Haur bat munduratu eta ezinean sentitu dira emakume asko.
Durangoko V. Topaketa Feministe-tan gaia mahai gainera irten zen, Amatasun Praktika Errealak tailerra egin zuten institutuko aretoa bete emakumek, eta han ere gisako hitzak ahoskatu zituzten behin eta berriz, Cafe para madres taldeko Silvia Allende tailerraren antolatzaileetako baten arabera: "Super-woman, autoexijentzia, entrega, zama, lotura, idealizazioak, bakardadea, kulpa, kulpa, kulpa… Oso bizipen negatiboak deskribatu zituzten emakumeek, 2020ko esperientziak baino gehiago 50eko hamarkadakoak irudi lezaketenak". Allendek kontatzen duenez, ama izatean "zulo batean" erori izana deskribatzen zuten andre askok: "Ama askoren errealitatean leku gutxi dauka amatasunaren alderdi boteretsuak, eta esperientzia horrekin gozatu eta ahaldundu beharrean, inguruak (hain matxista, kapitalista, neoliberal, kontsumista, indibidualista, hain exijente eta deshumanizatzaileak) ito egiten gaitu, eta amatasuna ikusezin, bazterrean, bakardadean, gutxietsirik bizitzera garamatza; gizarte anker honek ez digu uzten ez esperientziaz, ez eta geure gorputzez eta geure seme-alabez gozatzen, ezta amatasunaren esperientzia izan daitekeen ederra bere horretan bizitzen ere”.
Harreman zaila izan dute amatasunak eta feminismoak urte luzez. Izan ere, patriarkatuak sendoturiko ideia (emakumearen destinua amatasuna dela) ukatzea, izan da feminismoaren sorburutik borroka garrantzitsuenetako bat, emakume-ama binomioa haustea, “emakume oso” izateko ama izan behar zela zioen ideia desmuntatzea. Hor kokatzen da bigarren olatu feministaren sorburua eta Simone de Beauvoirren Bigarren Sexua (1949), esate baterako. Eta amatasunaren ikuspegi kultural eta soziala azpimarratzen dituen borroka horrek lorpen handiak ekarri ditu, batik bat amatasuna emakumeen destinu izan beharrean aukerazko izatearen norabidean. “Asko zor diegu gure aurreko feministei —dio Allendek—, 70 eta 80ko hamarkadetako feministen lanari esker, ama onaren ideala ere aldatu egin da, baina oraindik ere asko estutzen duen kortsea da eta ito egiten ditu emakume asko”.
Lorpenak lorpen, feminismoek ez dute oraindik amatasunaren gaia askatzea guztiz lortu, eta amatasuna oraindik ere ezinegonak sortzen dituen gaia da feminismoentzat, “eta feminismoen barruan pauso gehiago behar dituzte emakumeek patriarkatuak marrazturiko amatasun ideala desmuntatzeko eta amatasun errealak askatzaileago izateko”.
Bi lan lerro, feminismoentzat
Amatasunak ezinegonak sortzen dizkie emakume askori — baita ama ez izatea erabakitzen dutenei ere—, aukeratzen duten egiteko modu edo haziera-eredua dena delakoa izanik ere (lana utzi eta umeen zaintzara ezartzen den emakumeari, lanari emana zaintzak delegatzen dituen amari eta muturreko bi ereduen artean bizirauteko ahaleginean dabiltzan guztiei ere), ezinegonak sortzen zaizkie. Zergatik? “Exijentziaz beterik bizi garelako emakumeok, eta horietako bat da oraindik ere, ama onaren ideala”, Zaloa Basaberen iritziz. Basabe Iruñeko Udaleko Berdintasun Teknikaria da eta militante feminista. “Ama onaren irudi ideala —patriarkatuak zizelkatua— zainetaraino sartua daukagu, ideal horrekin hazi baikara neska guztiok txikitatik; ama perfektua, etxeko aingerua, sekula kexatzen ez dena... Baina, era berean, emakumeoi asko eskatzen zaigu lan mundutik... Beraz, ezinezkoak diren eskakizunak lotzen dira amatasunarekin”.
Emakume bakoitzak bere etxean egiten duen zaintza-lana —amatasunaren esperientzia pertsonala— baldintzatua dago amatasunaz patriarkatuak bultzatzen duen ereduarekin, Basaberen arabera, biak, nahi ala ez, eskutik baitoaz. Eta bi planoak ditu borrokagai feminismoak. Ondorio horretara iritsi da Estitxu Fernandez psikologo perinatala ere, Basabe eta biak abiapuntu ezberdinetik abiatu badira ere. Basabek politika publikoetatik begiraturik, goitik behera, amatasunaren instituzioa deseraiki beharra ikusten du eta, era berean, praktika asegarriak bilatzeko premia. Fernandezek, aldiz, behetik gora, praktika partikularretatik abiaturik egiten du topo aurrez aurre amatasunaren sistemarekin: “Ni, psikologo perinatal bezala, esperientzia partikularretan zentratzen naiz, baina ezinbestean, segituan egiten dut topo sistemarekin. Ikusi behar dugu emakumeen historiek zer zailtasun dituzten sistema honen barruan, nola bihurtzen den amatasuna gogorra, kondenatorioa eta murriztailea, entrega gehiegizko bat bihurtzen zaigu amatasuna, emakume den-denok pairatzen dugulako sistema patriarkal honen errepresioa, modu batera edo bestera”.
Basabek eta Fernandezek proposatzen duten ikuspegi bikoitz hau, dagoeneko, 70eko hamarkadan teorizatu zuen Adrienne Richek apirilean euskaraz izango dugun Emakumeagandik jaioak liburuan. Simone de Beauvoirrek amatasuna muga gisa ikusten bazuen (eta ondoren ideia hori muturrera eramango zuen Shulamith Firestone feministak, amatasunak eta haurdunaldiak emakumearen alienazioa zekartela zioen eta ugalketak emakumeen indibidualtasuna sakrifikatzea zekarrela. Ondorioz, amatasun biologikoa bukatu eta ugalketa artifiziala eta zaintza familiatik atera eta kolektibizatzea proposatzen zuen), Richek, amatasuna muga eta opresio-iturri gisa ikusi beharrean, botere-espazio eta indar gisa kontsideratzen zuen, eta haurdunaldiaren, erditzearen eta, oro har, emakumearen gorputzaren berjabetze bat proposatzen zuen, ahalduntzetik, ahizpatasunetik eta gozamenetik. “Gainjarrita dauden amatasunaren bi esanahi bereiztea proposatzen dut —idatzi zuen—: edozein emakumek bere ugalketa gaitasunarekin eta seme-alabekin izan dezakeen harreman boteretsua; eta instituzioa, zeinaren helburua botere hori —eta emakume guztiak—gizonen kontrolpean ezartzea den”. Ia mende erdi geroago, sailkapen bera darabilte bi adituek feminismoek amatasunei egin diezazkieketen ekarpenez galdetzean, amatasunaren instituzioa —arrakalatu beharrekoa— eta esperientzia pertsonala —bizigarriago egin beharrekoa— bereizten dituzte.
Zirkuluaren koadratura da Basaberen aburuz, feminismoei eskatzen zaiena: “Ezinezkoa da gaur egun daukagun testuinguru patriarkal kapitalista batean amatasun praktika indibidualetatik eredu erabat askatzaileak lortzea”. Basabek estrategia dual bat proposatzen du. “Feminismoak bi lerroetan egin behar du lan, aldi berean: burua bi lekuetara begira izan behar dugu, instituziori eta praktikari. Biak aurrera eraman behar ditugu. Feminismoetatik ez dugu soilik norberaren bizi baldintzak hobetzearen alde borrokatzen, baizik eta emakume guztiondako eta, oro har, jendarte parekide bat bultzatzeko lan egin behar dugu. Baina, bitartean, biziraun egin behar dugu: emakumeek ezin dute sistema eraldatu arte itxoin ama izateko edo beren praktikak ahalik eta askatzaileen eta bizigarrien egiteko”.
Amatasuna, patriarkatuaren erdian
Baina nola borrokatu ikusezina dena? Izan ere, Fernandezek eta Basabek dioten eran, sumatu sumatzen da patriarkatuaren eragina amatasun praktika indibidualetan, baina ez da ikusten. “Hasteko, patriarkatuak kontraerran batean ezartzen ditu emakumeak. Patriarkatuak sinetsarazi nahi digunaren arabera, emakume gisa erabat asetzeko ama izan behar dugu, hori da emakumearen balio gorena sistema honetan, baina gero amatasunari ez zaio aitortzen inolako balio sozial, ekonomiko ez politikorik”. Kanpora soilik ez, Basabek ohartarazten du barrura ere begiratu behar dugula patriarkatuaren eragina neurtzeko: “Patriarkatua ez da gauza bat topatzen duguna kalera ateratzen garenean, ispiluan agertzen da hortzak garbitzen ditugunean, eta gure gorputza zeharkatzen du. Begirada eta lege patriarkalek zeharkatzen dituzte gure gorputzak eta gure bizi baldintzak. Amatasun praktika oso desberdina izango da segun eta ze baldintza dauzkagun”.
Basaberen aburuz, borrokarik handiena eta zailena, “amatasun instituzioa higatzea eta ama perfektuaren ideia desmuntatzea” dira: “Patriarkatua sistema antolatzen duen egitura hierarkizatu bat da, non botere harreman asimetrikoak ematen diren eta emakumeak mendeko egoeran gauden emakume izate hutsagatik. Mendekotasun egoera horretan eraikitzen da patriarkatuaren amatasunaren irudia edo instituzioa, hau da, amatasuna da patriarkatuaren zutabe nagusia”. Basaberen iritziz, amodio erromantikoarekin batera, amatasuna dago patriarkatuaren erdigunean. “Egitura horretan emakumea mendeko egoeran egonik, amatasunarekiko agindu sozial pila bat ezartzen zaizkio oraindik ere, amatasuna erabiltzen baitu patriarkatuak emakumea mendeko egiteko”.
Patriarkatuari, gainera, kapitalismoa batu zitzaion duela mende erdi inguru, “eta emaitza da emakumea mendeko egiteko konbenientziazko ezkontza perfektua”, Basaberen hitzetan. “Kapitalismoak lan-merkatuaren interesak sistemaren erdigunean jartzeaz gain —horrek esan nahi duen guztiarekin, merkatuaren interesak erdigunean baldin badaude, pertsonaren eta bizitzaren jasangarritasuna ez daude erdigunean—, sexuaren araberako lan banaketa dakar. Banaketa horretan emakumeok zaintza-eremuetan egon behar dugu, ezkutatuta eta ikusezin”.
Beraz, ikusi ez, baina sumatu bai. Patriarkatuak amatasuna goratzearekin batera, eskakizun asko egiten dizkie emakumeei. Fernandezek kontsultan askotan ikusi izan ditu halakoak: bakardadeaz, erruaz, ezintasunaz, estresaz, epaiez, agindu sozialei buruz mintzo zaizkio emakumeak. “Baldintza ekonomiko, sozial eta politikoek eragin zuzena daukate gure kasu partikularretan ere, kontua da, ordea, bakardade handia dagoela, amatasuna ikusezin delako. Amatasunaren eragin politiko, sozial, ekonomikoa ikusten ez den bitartean, emakumeok ukazio askorekin biziko dugu amatasuna. Ama batek, edozer gauza egiten duela ere izugarrizko epaia sentitzen du, eta gaizki egiten ari dela uste du. Oraindik ere horrela gaude, biberoia ematen badiogu, gaizki; baina titia luze ematen badiogu ere gaizki. Epaiketa horietatik datoz erruduntasuna eta muga”.
Basabek berak bizi izan zuen Fernandezek deskribatzen duen juizioa. “Hiru alaba ditut, eta alaba bakoitzarekin gauzak desberdin egin ditut, baldintzak desberdinak zirelako; bai edoskitzeari, loari edo lanari dagokienez, hirurekin dena ezberdin egin dut, eta ama berdina naiz. Eta kasu guztietan kuestionatua izan naiz. Ez dago ekuazio bat: nik aldagai guztiak mugitu nituen, eta kasu guztietan epaitua izan nintzen, beraz, dena ezberdin eginagatik, praktika guztiak lupapean daudela esan nahi du”.
“Epaiketak eta erruduntasunak geure burua besteen aurrean ukatzera garamatzate”, dio Fernandezek. “Ez gaitu ahalduntzen, txikitu egiten gaitu erabat. Horrek ekartzen du, baita ere, bakardadean bizitzea. Eta hori ez da, inondik inora, askatzailea”. Errua da sistemak erabiltzen duen “mekanismo maltzurrena”, Basaberen ustez, “eta beraz perfektuena; aldi berean, emakumeak mugitu ez daitezen. Errua erabat loturik dago amatasunaren instituzioarekin eta emakumearen eraikuntza sozialarekin. Kulpa ez da soilik amok gurekin daramagun zerbait, errua emakume guztiok daramagun zerbait da. Emakume garen neurrian, agindu batzuk ditugu, aspalditik datozenak, eta nahi izanda ere ezin ditugunak bete denak, horrela formulatuak baitaude, beraz beti edukiko dugu errua. Terriblea da. Beraz, kulpa kudeatzen ikasi behar du norberak, hezur-muinetan garatzen baita”.
Kulpa eta bakardadea izan ohi dira amek gehien deskribatzen dituzten ezintasunak. “Ustez egin behar genukeenera ezin iristearen kulpak sufrimendura eramaten gaitu eta amatasuna bakardadean bizitzera. Baina hazierak ezin du bakardadean bizi, ez gaude prestatuak haur bat bakarrik hazteko. Tribua behar dugu. Amok oso bakarrik eta batere laguntzarik gabe gaude”, dio Fernandezek.
Amatasuna bizigarriago egiteko estrategiak
Durangoko topaketetako tailerrean ere, sarearen edo triburaren garrantzia nabarmendu zen amatasuna esperientzia bizigarriago eta osasuntsuago egiteko: “Zaintzaren kolektibizazioa funtsezkotzat jo zuten emakumeek, eta baita ahizpatasuna eta elkar ez epaitzea ere, lehen ere aski epaitzen baikaitu obstetriziak, medikuntzak, zinemak, arteek, irakaskuntzak…” Tribua edo komunitatearekin batera, gozamena erdigunean jartzen du Fernandezek amatasun-esperientzia asegarriak bilatzeko estrategia gisa. “Nik gozamenetik ulertzen dut amatasuna. Umeak gozatzetik, hortik handitzen eta hazten da umea, eta berdin ama eta aita ere. Baina gozamenetik haztea zeinen zaila den sistema honen barruan.”
Gorputza zeharkatzen duen esperientzia
Gozamenari lekua egitea gorputzari ere lekua egitea da, Fernandezentzat. Alde batetik, ikusten du amatasunak dakarren gorputz-esperientzia indartsua ahalduntze-prozesu gisa bizitzearen garrantzia, haurdunaldia, erditzea, erditze-ostea eta edoskitzea ala ez erabakitzea mendeko ez eta ahalduntzeko prozesu gisa ulertzen ditu psikologoak: “Ikusten dut biologiari begira bakarrik egoteak esentzialismoan erortzeko arriskua duela, baina, era berean, ez nago prest gorputza ukatzeko. Feminismoek amatasunaz hitz egitean gorputzari gehiago begiratuko baliote, esperientzia asegarriagoak izango genituzke”.
Patriarkatuak berak amatasuna emakumeen gorputza kontrolatzeko tresna gisa erabili izanak, zenbait diskurtso feminista —Beauvoirren eta Firestoreneren ildotik— amatasunaren ezaugarri biologikoak baztertzera eraman duela uste du Fernandezek, gorputza eta haurdunaldia eta erditze-prozesua bera ukatzera. “Prozesu horien guztien jabe egin behar dugu, ezagutu prozesuak eta geureganatu. Haurdunaldia, erditzea, erditze ostea eta neure edoskitzearen edo neure biberoia ematearen jabe egitea, neure haurdunaldia etetearen jabe izatea, hau da, prozesuak geureganatzea, nik, sistemaren kontrako borroka gisa ulertzen dut”.
Maila kolektiboan, berriz, “zuloa” ezin du norberak bakarrik saihestu, “zulo hori estali egin behar da. Zulo hori estaltzeko, eragile askotarikoen jarduera koordinatuak behar dira”. Lehenik, sistema interpelatzen du Basabek: “Sistemak amei eragiten dizkien sufrimendu eta ezinegonak sistemari berari itzultzea proposatzen dut, amok bizi ditugun kontraesan eta ezinegon horiek guztiak sorburura itzuli behar ditugu, hau da, sistemara; ezin ditugu bakoitzak bere etxean kudeatu”. Gizartearen erdigunean merkatua ez eta mugimendu feministak aldarrikatzen duen eran, zaintzak jarriko badira, auzotik hasi eta zaintza-lanaren kontzeptua ere aldatu egin behar dela uste du: “Zaintza-lanekiko oso pentsamendu asistentzialista daukagu zabaldua, eta zaintza-lanak hitzaldi bat ematen denean ludotekak jartzearekin lotzen dugu; eta ez da hori”.
Zaintzen inguruko paradigma aldaketa behar dela ikusten du Iruñeko teknikariak. “Zaintzen inguruko paradigma aldatzen badugu, guztiok onartuko genuke pertsona orok zaintzak behar dituela, eta pertsona orok zaintzak emateko gaitasuna izan behar duela”. Zaintza-lanak egin ahal izateko gaitasunak eduki behar direla ikusarazteak, Basaberen ustez, balioa ematen dio eginkizun horri: “Bestela pentsatzen dugu maitasunetik egiten dugula zaintza, eta ez, zaintza-lanetan ongi aritzeko gaitasun tekniko batzuk behar dira, zaintza-lanak ere formazioa behar du. Gainera, horrela balioa ematen diogu lan horri. Goazen formazioa ematera, goazen plazetara ateratzera, eta ikus dezagun guztiok behar ditugula zaintzak eta guztiok garela zaintzeko gai, eta orduan, pertzepzio horretatik abiatuta has gaitezke zulo hori pixka bat betetzen, eta agian berdin-berdin eroriko gara zuloan, baina ez da hain sakona izanen zulo hori”.
Zaintzaren eztabaida berkokatu egin behar dela uste du Fernandezek: “Emakumearen ahalduntzea ezin dugu beste batzuen bizkar egin, eta norbaiten egoera zaurgarria bada, umeena da. Noski, ezin dugu amatasuna begiratu, denbora guztian, umeen zaurgarritasunetik, ez da askatzailea, baina momenturen batean umea ere ikusi beharko dugu. Eta haurrak behar handienak dituen etapaz ari garenean, 0-3 urte bitartekoaz, zaintza praktika guztiak ikusi behar ditugu eta familiek zer behar dauzkaten, eta sistemak zer eskaintzen dien.”
Zaintzaren paradigma aldaketan, feminismoetatik ere zaintza erdigunean jartzeko eta zaintza-lanak ikusarazteko eta balioan jartzeko egiten ari diren ekarpenen osagarri, amatasunaren inguruko teorizazioaren beharra ikusten du Fernandezek. Eta ondorio berera iritsi zen Allende Durangon: “Feminismoen barruan, amatasunek duten garrantzia aitortu behar da. Ez gara emakume guxi batzuk biberoia edo titia ematearen inguruan ditugun gatazkez ari garenak. Zaintza erdigunean jarri behar dugu, bai, baina amatasunak ere bai”.
Horrek ezinbestean, beste behin, sistema interplatzera darama Fernandez: “Lanaren sistema maskulinizatu hori berriro pentsatu behar dugu. Zaintza noiz da aukerazkoa eta noiz da halabeharrezkoa? Baina berdin gertatzen da lanarekin ere: noiz da aukerazkoa eta noiz behartua? Noiz egiten dugu lan gozamenetik? Zenbait asetzen gaitu lanak? Zer satisfazio eta errealizazio pertsonal eskaintzen dizkigu, benetan, lan-sistema maskulino horrek? Amatasunarekin ere galdera berdina egin behar dela uste dut: Zer satisfazioa ematen digu gure umeak hazteak modu honetan? Hor ba al dago errealizaziorik?”
Amatasuna politikoa da
Feminismoen eskutik, amatasuna politizatzeko beharra ikusten dute adituek, batetik amatasunaren ideala deseraikitzeko, eta bestetik amatasun praktika bizigarriago egiteko. Horixe da Allenderen, Fernandezen eta Basaberen aburuz, feminismoek amatasunen gaian gaur eta hemen dituzten bi erronka nagusiak. “Amatasunaren eragin politiko, sozial eta ekonomikoa ikusten ez den bitartean, etxeko zokoan eta modu pribatuan egiten den zerbait dela esaten diguten bitartean, nekez izango da amatasunaren praktika askatzailea”, dio Fernandezek. Eta antzeko iritzia du Basabek: “Eraldaketarantz jo beharko genuke bokazio feminista batetik, ezin diegu praktika pertsonalei modu partikularrean begiratu. Praktika horiek izan daitezke asegarriak modu indibidualean eta horri ez diot garrantzia eta balorea kendu nahi, baina ez diot eragin politikorik ikusten”. Etxe barruan, pribatutasunean gorde izan dena herriko plazara ateratzea bezala ulertu behar da amatasunaren politizazioa: “Politizazioa ekonomiaren eta desberdintasun sozialen terminoetan azterketa egiteko gonbidapena da, bizitzaren jasangarritasunaren ardura duten eragileen interpelazioa egiteko, emakumeengandik harago —azaldu du Basabek—; hau da, estatuaren, komunitatearen eta herritarren zeregina nabarmentzeko”.
Feminismoen barruan ama feministek espazioa hartu behar dutela uste dute hiru hizlariek, antolatu eta artikulatu. “Egia da emakumeok oka egiteko min asko dauzkagula eta terapia-lan handia dagoela alor honetan —dio Basabek—, batzuetan badaukagu bizipenak patologizatzeko joera, baina geure burua ama feminista bezala hor kokatuta leku arriskutsuan uzten dugu, politizatu egin behar dugu amatasuna eta artikulatu”, dio Basabek. “Guk geronek ere feminismoaren barruan hartu beharreko espazio bat dugu", dio Fernandezek. "Eskatu beharrean mugimendu feministari ‘egin guri toki bat’, guk hartu behar dugu espazio hori. Sistemak zokoratzen gaituen bezala, eta ikusezin bihurtzen gaituen bezala, guk geuk ere gure praktika indibidualetan murgilduta segitzen dugu, baina guk hartu behar ditugu beste espazio batzuk. Eta espazio horietan emakume guztien kontaketa guztiek izan behar dute garrantzia, praktika eta eredu guztiek”.
Allendek ere amatasunaren errelatoak feminismoen lehen lerrora etorri behar dutela uste du: “Esperientzia anitz eta oso desberdinak eta aberatsak ditugun emakume asko gaude, eta guztion ahotsa entzun behar da eredu hegemonikoa birrintzeko. Ez baitago ama bat, ezta beraz amatasun bakar bat ere. Asko daude”. Ereduen aniztasuna funtsezkoa da Basabarentzat ere, barneraturiko ama idealaren irudia gainditzeko: “Kontua ez da ereduak eskatzea, kontua ereduak eraikitzea da, beldurrik gabe. Goazen sortzera eredu batzuk... Guk emaitza ikusi nahi dugu, baina amatasun feministak bilatzea prozesu bat da, non gure erronka den eragile gehiago inplikatzea amatasun feminista hori egiteko”.
Feminismoetatik hartu beharreko estrategia bat, ahizpatasuna da Fernandezentzat. “Muturreko bi ereduen inguruan hasten garenean kritikatzen, bata bestea epaitzen eta kritikatzen hasten garenean, uste dut hori ez dela bidea. Amatasun guztiek eduki behar dute lekua, ulertuta denek pairatzen dugula, modu batera edo bestera, sistemaren eragina, inor ez da libre hortik. Denon artean bilatu behar dugu ea nola askatzen garen”.