Garaiak hainbeste aldatu direlarik, bermatuta al dauka Antzuolako herri-eskolak bere eskola-proiektua?
Andoni Arguiñano: Erantzuna ulertzeko, beharbada, interesgarria litzateke aurretik Antzuola Herri Eskolak izandako bilakaeraren inguruko zertzelada batzuk ematea. Tesian azaltzen den moduan, lau dira aldagai nagusiak proiektuen biziraupenerako: hezkuntza-komunitatea, komunitate horren barnean dauden irakasleak, ikastetxearen antolamendu-eredua eta administrazioak proiektu berritzaileak babesteko hartzen duen ardura.
80ko hamarkadan, Antzuolako hezkuntza-komunitateak herriko eskola eta ikastola batzea erabaki zuen batzar bidez. Eredu pedagogikoaren ildoak eraikitzeko, klaustro bakar bat osatu zuten. Klaustroan, aldaketaren beharra ikusi zuten, eta aldaketa hori aurrera eramateko pausoak zein izango ziren erabaki zuten. Kabinete psikopedagogikoaren bitartez ezagutu zituzten lehen ildo metodologikoak, eta, ildo horiek guraso-batzordearekin batera adostu ostean, aldaketa-prozesua abian jarri zuten. Ildo horiek jarraitzen zituen eredu metodologiko jakinik topatu ez zutenez, ikastetxeak eredu propio bat eraiki behar izan zuen, kanpo-aholkulariek azaldutako teoriei kasu eginez, ikerkuntza-ekintzaren bidez eta, batez ere, eguneroko lanean bizi zituzten esperientzien inguruko hausnarketen bidez.
Hasieratik, herrian erroturiko
eskola-proiektua
Eredua hezkuntza-komunitatearekin batera eraiki izanak eskolarekiko atxikimendu-sentimendu bat sortu zuen herrian. Hasiera ez zen erraza izan, familia batzuk aldaketaren alde bazeuden ere, beste batzuek erresistentzia eta zalantza handiak azalarazi baitzituzten. Baina denbora igaro ahala eta ikastetxetik egindako lanari esker, familiak eskolara gerturatzea lortu zuten. Familiek sentitu zuten entzun egiten zituztela, proiektuaren zergatia bere osotasunean ulertu zuten eta eredua bere egin zuten. Familiak ahal zuten guztian laguntzera bultzatu zituen horrek, eta, esate baterako, familiak administrazioko arduradunekin bildu ziren irakasleak finkatzeko, ikasgeletako zaintzak egin zituzten irakasleak presta zitezen, edota, proiektuka lanean hasi zirenean, familiek beren ezagutzak eskolara eraman zituzten. Familiak izan ziren ereduaren lehen babesleak. Gainera, garai hartan ikasle zirenak gaur egun ikastetxeko ikasle diren haurren familiak dira orain; beraz, eredua babesten duten agenteak izaten jarraitzen dute. Denboraren poderioz, hezkuntza-eredua herriko ondare kultural bihurtu da.
Irakasleen egoera desberdina da. Arestian aipatu den moduan, komunitateak ezarritako xedeetara iristeko, irakasleek eredu berri bat eraiki behar izan zuten hausnarketa bidez. Hori ahalbidetzeko, derrigorrezko aldagaia da irakasle identitatea elkarrekin garatzea, eta, identitate hori elkarrekin garatzeko, ezinbestekoa da hausnarketa kolektiboak eginez luze aritzea. Hausnarketa bidez eredu bat garatzearen onura guztiak jaso daitezen, lantalde finko baten beharra dauka eskolak. Hausnarketa kolektiboak oso garrantzitsuak izan dira elkarren arteko konfiantza eskuratzeko, helburuak eta ideiak bateratzeko, beldurrak partekatzeko eta elkarri laguntzeko. Elkarrekiko zaintza oso garrantzitsua izan da beti, zailtasunen aurrean babestuta sentiarazi ditu, eta aurrera egitea ahalbidetu die horrek. Irakasleen esanetan, elkarri aktiboki entzuteak garrantzi handia izan du.
Balio berdinak baina zailtasun berriak
Gaur egun, balio berdinak dituzten arren, zailtasun berriak agertu dira. Irakasle berriak horrelako proiektu batean kokatzeko, ezinbesteko aldagaia da denbora. Iristen diren irakasleek ikastetxe honen ezaugarriak ezagutu behar dituzte lehendabizi. Esaterako, irakasleek betetzen duten gidari-rola ulertu eta barneratu behar dute; ikasleen desira, ideia eta asmoei kasu eginez lan egin behar dute, ikasleen interesetatik abiatzen den proiektua curriculumarekin lotzen ikasi behar dute, testuliburu batek eman dezakeen segurtasunik gabe lan egitera ohitu behar dute... eta hori ez da egun batetik bestera lortzen, horrek denbora behar du.
Urte askoan, irakasle berriei proposamenak egiten utziz, beren ideiak entzunez, parte hartzera animatuz eta beren beldurrak partekatuz, proiektuaren parte sentitzea lortu zuten. Gaur egun, lan berdina egiten jarraitzen duten arren, irakasleak batetik bestera ibiltzen direnez, irakasle berriek denbora-tarte laburrak pasatzen dituzte ikastetxean. Ez dute proiektuaren parte sentitzeko denbora nahikorik izaten. Denbora dutenek eta ohitu eta geratu nahi dutenek ere, urte amaieran, ez dute ikastetxean jarraitzeko aukerarik izaten. Hori guztia gutxi balitz bezala, proiektua hasi zuen irakasle talde egonkor hura erretiroa hartzen hasia da, eta, horren ondorioz, geroz eta esperientziadun irakasle gutxiago dago irakasle berriak prestatzeko.
Egoera horri aurre egiteko antolaketa-estrategia batzuk garatu zituzten irakasleek bere garaian. Esaterako, esperientzia handiko hainbat irakasle proiektuetako zein zirkulazio libreko aholkulari moduan jarduten dira. Haiek arduratu izan dira irakasle berriak prestatzeaz, baina diote dagoeneko gailendu egin dituela irakasle esperientziadun eta berrien arteko proportzioak.
Egoera horren aurrean, administrazioa da zuzeneko eskumena duen entitate bakarra. Proiektua hasi zen urteetan, familien presioari esker eta irakasleek beharrezko pausoak eman ondoren (oposizioak atera, lekualdatze-lehiaketetan parte hartu …), administrazioak eskolako lantaldea finkatu zuen. Antzuolako proiektua babestu nahi bada, beharrezkoa da hango irakasleen egoera egonkortzea. Antzuolan altxor paregabea daukagu, egindako lana berresten duten bi doktoretza-tesi argitaratu dira, badira gutxienez haien praktika onen inguruko hamar artikulu zientifiko, hezkuntza-praktika onen erreferente bat dira nazioarte-mailan.
2019ko irailaren 24an, Eusko Jaurlaritzako Legebiltzarrean, EH Bilduren, EAJren, Podemosen, PSOEren eta PPren aldeko bozkekin, Antzuola Herri Eskolako proiektua babestea erabaki zen; ez dakigu zein modutan pentsatu duten babestea, baina beharrezkoa izango da administraritza alde izatea. Berrikuntzak hasi eta mantentzeko talde iraunkorren beharra ez da Antzuolako ezaugarri esklusiboa. Berrikuntzan diharduten ikastetxe guztien beharra da. Baina behar horrek presa handia du Antzuolan, 2023 urterako ez baita geratuko 10 urte edo gehiagoko esperientzia duen irakaslerik.
Etorkizunari begira,
aldagai batzuk bermatuak ditu
Eredua bermatzeko beharrezkoak diren aldagaiak aztertu eta egungo egoera apur bat azaldu ostean, eta etorkizuna aurreikustea oso zaila dela kontuan izanik, hasieran planteatutako galderari erantzuten saiatuko naiz.
Antzuolako Hezkuntza Proiektuak etorkizun oparoa izateko aldagai batzuk bermatuta ditu: familiek hezkuntza-eredua ulertzen eta babesten dute, bada eredua ondo ezagutzen duen irakasle talde gazte bat, eta aspaldian zehaztu zuten antolaketa-ereduaren bitartez ezagutza-transmisio hori berma daiteke. Baina aldagai guztiak elkarren artean lotuta daude, eta azken aldagai bat ezinbestekoa da orain bizi duten egoeran: transmisio hori bultzatu ahal izateko talde egonkor eta sendo bat.
Kontuan izan behar da Antzuolako eredua ikastetxean lan egiten duen komunitateak eratu duela. Eredua bera, pertsonak eta testuinguru soziala aldatu den heinean, ñabardura berriak hartuz joan da. Beraz, hezkuntza-eredu berbera mantentzea ezinezkoa dela esango nuke. Funtsezko printzipioak betetzen dituen eredua mantentzea izango da erronka.
Irakasleak finkatuz gero, hezkuntza-ideiari eutsiko zaio, egin den lan guztia ez da ezerezean geldituko, baina eredua aldatu egingo da halabeharrez. Ez da hobea ez eta okerragoa izango, baina desberdina izango da.