Jaume Funes: “Nerabeek ere atera behar dute; itundu dezagun zein ardurekin aterako diren, baina bakarrik ateratzen utzi behar diegu”
Martxoaren 25ean Jaume Funes psikologo, hezitzaile eta kazetariak gutun-dekalogo bat idatzi zien nerabeei: “Nola biziraun zure gurasoekin itxialdi luze batean”. Horren aurretik gurasoei beste gutun-dekalogo bat idatzi zien, zer egin galdezka zituelako. Baina bidezkoa iruditu zitzaion nerabeen ikuspegia ere aintzat hartzea, bai haien egoera ulertzen laguntzeko eta baita haien lekuan jartzeko ahalegina egin nahi duten helduei laguntzeko ere.
Orain, umeak ateratzeko aukeraz hitz egiten den egun hauetan, nerabeez ez da ezer esan. Haurrak baino ahaztuago daude, nahiz eta berdin-berdin daramatzaten bost aste etxean. Funesek ozen aldarrikatzen du nerabeek ere atera behar dutela, haiekin hitz egin eta negoziatuta.
Badirudi 14 urtetik beherako haurrek kalera ateratzeko aukera izango dutela Hegoaldean apirilaren 27tik aurrera. 14 urtean jarri da muga. Non geratzen dira nerabeak? 18 urtera artekoak eta haien beharrak?
Hasi gara gutxiengoen eta gehiengoen gaiarekin. Haurtzaroaren ikuspegia aintzat hartzen ez denean, nerabeena are gutxiago. Nik ulertzen du egoera honetan agintariek eta adituek erabakiak hartzean arrazoi eta aldagai asko edukitzea, horrez gain gu haurrekin eta nerabeekin gogaitzera etortzeko. Baina jada gehiago jasan ezin den egoerara iritsi gara. Honek ezin du horrela jarraitu. Haurrengan eta nerabeengan pentsatu behar dute. Bost aste pasa dituzte haiengan pentsatu gabe, baina seigarren astean jada beste modu batera pentsatu behar da.
Hori bai, ateratzen hasten diren egunean —apirilaren 27an edo gure presidente maiteak ados jartzen diren egunean— denek atera behar dute, umeek eta nerabeek, eta ahal duten azkarren.
Gizarteak beti ulertzen ez duen dikotomia bat dago: bi alderdi zaindu behar dira, osasun fisiko-mentala eta osasun epidemiologikoa. Biak konbinatu behar dira. Kalera aterata kutsatu gehiago edukiko ditugu, ea zenbat; baina neurotiko gutxiago edukiko ditugu, ea zenbat. Hau da, orekatu egin behar dira bi alderdiak.
Nik garbi ikusten dut umeak eta nerabeak denak batera hasi behar dutela kalera ateratzen, ez diot zentzurik ikusten hala ez egiteari. Eta orain jada premiazkoa da horrela planteatzea: ume eta nerabeek beste mota bateko harremana eduki behar dute, ez haiengatik bakarrik, baita gurasoengatik ere, familia onenetan ere heziketaren tolerantzia-maila hustutzen ariko baita.
Haurren beharrak aipatzen dira kalera ateratzeko aldarri eta eskarietan. Nerabeen kasuan, zein behar dituzte?
Bi behar nagusi dituzte: lagunekin egotea, eta hori da kudeatu behar dena; eta gurasoekin ez egotea. Kontua ez da gurasoekin gaizki daudenik edo jasan ezin dutenik, baizik eta ez dutela egun osoan haiekin egon nahi. Beraz, gurasoen etengabeko presioak erregulatu gabeko denbora-tarte bat behar dute. Nerabe batzuei ez lieke inportako kalera ez ateratzea, etxeko gainerakoak kalera atera eta etxean bakarrik geratzeko aukera izango balu. Edo agian atera nahiko luke. Esan nahi dudana da, garrantzitsuena ez dela ateratzea edo ez ateratzea, baizik dauden dinamikatik ateratzea: “Inork ezin du ulertu helduen logika zentzugabeko hau eta beraiek ere ez naute ulertzen ni”, “ezin dut nahi dudana egin”, esan ohi dute. Konfinamendu egoera honetan “ezin dut nahi dudanarekin egon” da. Hortik ateratzea ezinbestekoa da nerabeentzat.
Horrez gain, noski, batzuek tentsioak kanporatzeko beharra edukiko dute, gero eta tentsio eta amorru gehiago pilatzen baita. Ostikoak emateko boxeoko zaku bat edukitzea ez da ideia txarra. Modu batera edo bestera, bideratu egin behar da amorrua, eta zailtasunak dituzten nerabeekin lan egiten dutenek ondo dakite hori. Nolabaiteko normaltasunera itzultzean amorru hori modu batera edo bestera kanporatzen lagundu beharko zaie, baldintza konplexuetan bizitakoek premia edukiko dute-eta. Gainera, gurasoen tolerantzia maila eskasa bada, are eta premia handiago edukiko dute. Nerabeak gaizki digeritutako lau ondoez baldin baditu eta konpondu gabeko bi tentsio... denak odola irakiten egon daitezke.
Hezitzaile, guraso, agintari eta aditu askok esaten dute “nerabe hauei ez zaie ezer axola, ez polizia etortzea eta isuna jartzea, ez ezer. Denetaz paso egiten badute, nola utziko diegu kalera ateratzen?” Ideia hori nahiko zabaldua egon daiteke, eta oztopo izan daiteke nerabeei kalera ateratzen uzteko?
Ezin ditugu etxean utzi aurreikusten duguna ez dutela egingo pentsatuz. Argi dago ezin dutela gurasoekin atera, horixe baita, hain justu, nerabeek nahi ez dutena. Hori planteatzen bazaie, beraiek izango dira atera nahiko ez dutenak. Eta nik uste agintariak hor daudela geldituta; ez dute horrelakorik planteatzen edo ez dute nahi, eta beti bezala, arriskua saihesteko, mugatu eta kito.
Hamarkadak daramatzat gai honekin borrokan. Jada ez dira haurrak eta oraindik helduak ere ez, eta umea ez den eta heldua ez den nerabeak erlazio eta kudeaketa sozial desberdina behar du.
Mugatu egin gaitu konfinamenduak, baina muga hori ez da izan itxita uztea, baizik eta jende askoren bizitzak enkajatu edo ahokatzea, eta hori arazorik gabe ulertzen dute esplikatu nahi baldin bazaie behintzat. Edota negoziatu nahi bada, noski. Inork ez du esan erraza denik, baina 3 urteko ume bati parkera ezin duela joan esatea ere ez da erraza, are gehiago kasketa harrapatzen badu. Baina halere asmatzen dugu nola eta zer esan. Bada, nerabeekin ere gauza bera. Denon beharrak posible denarekin eta posible ez denarekin egokitu behar ditugu. Posible bada haurrak ordubete gurasoek lagunduta ateratzea, posible izan behar du nerabeak ordubete bakarrik ateratzea, nola egin mugatuta.
Nola antolatu daiteke nerabeen kaleratzea?
Haiekin hitz eginez, negoziatuz eta itunduz. Ezin ditugu poliziak jarri 14 urte dituzten edo ez zelatatzen eta kontrolatzen.
Aipatu ditugun bi behar nagusiez gain (lagunekin egotea eta gurasorik gabe egotea), badago beti ahaztu egiten dugun beste bat: egin ditzagun arduratsu. Badakit helduentzat haiekin fidatu ezin daitekeen arduragabe koadrila bat direla. Baina egon dira bost aste gurekin eta gehienek erantzukizun handia erakutsi dute —aldagai askorekin—: etxean lagundu dute gutxiago edo gehiago haiekin eztabaidatu ondoren, nahi izan dutenean kolaboratu dute, munduarekin konektatzen lagundu digute, kokatzen lagundu digute... Alegia, baldintza normaletan eta muturreko baldintzetan arduratsuak direla erakusten dute. Beraz, kalera irteteko garaian negoziatu dezagun zein ardurarekin aterako diren. Utz diezaiegun ardura beren gain. Haurren kasuan gurasoekin atera behar duten bezala, nerabeek ezin dute gurasoekin atera. Ezin dute, libre izan behar dutelako, gu gabe egon nahi dutelako.
Beraz, itundu dezagun haien erantzukizuna, zein ardurekin aterako diren. Itundu eta berrikusi egin beharko da adostutakoa, berriro esan, okertu egingo dira, aurreikusi ez duguna egingo dute, heldu askok egiten duten moduan —erosketak egitera joaten naizenean ikusten ditut nahi dutena egiten duten helduak eta horiena baino arduragabekeria handiagorik ez dago—. Kontua ez da orain ateratzen uztea nahi dutena egin dezaten. Ez, hemen denok ari gara ahal duguna egiten, beraz, hitz egin dezagun, badago mugimendu aukera bat eta ea nola egiten dugun.
Zer da hitz egin, negoziatu eta adostu behar dena?
Lagunekin egon nahi dute, baina noski, hamar lagun kale izkinan ezingo dira elkartu. Beraz, hori da hitz egin behar dena: zenbat lagunekin elkartuko diren, norekin, non, noiz, nola, zenbateko tartea mantenduko duten... Kutsatu zaitzakete edo kutsatu ditzakezu? Bada, orduan, etxera etorritakoan desinfekzio neurriak hartu. Euren portaeraren erantzule egin behar ditugu. Mugekin baina bakarrik ateratzen utzi behar diegu.
Zer ikasi dezakete nerabeek bizipen honetatik?
Arrisku, kutsadura, harreman... gaiez gehien ikasiko duen biztanleria izango da. Gainera, historia hau errespetatu beharko dute, hau da, gainerakoekin elkarbizi beharko dute norberaren bizitzako arriskuak kudeatuz.
Asko ikasi dezakete bizitzaz, helduak eurengan konfiantza duen bitartean. Helduak esaten baldin badu “badakit lau laguni deituko diela eta ez hiruri eskatu diodan bezala, badakit, baina esango diot behin eta berriro eta negoziatu egingo dugu”. Gutxienez, elkarri musurik ez ematea lortu dezake. Garrantzitsuena nerabeei ardura ematea eta helduak hori kudeatzea da.
Ni nerabeekin harremanetan egon naiz itxialdian eta esan diet honetatik guztitik munduaren esplikazio batekin atera behar dutela: desberdintasunak, nor den etsaia, nola kudeatzen duten euren bizitza helduek egin duten mundu zentzugabe honetan... Mundu honen atzean dauden tranpa handiak deskubritzen ikasi dezakete. Esate baterako, guraso eta nerabeei proposatu nien asteburu batean lehiaketa bat egiteko ea nork birtwiteatu edo berbidali duen egun hauetako gezurrik handiena duen whatsappa. Zeren, nola kudeatzen da inorekin ez fidatze hau? Nola kudeatzen da esaten diguten ezer ez dela dirudiena? Nola kudeatzen da Google-eko lehen pantaila ez dela informazioa? Nola ikasten da mundu horretan duela bi egun borrokan ari baginen whatsapp-a eta mugikorra gelan ez sartzeko?
Asko ikasi dezakete bizipen honetatik, baina ez babesten baldin baditugu, baizik eta beste jarrera eta bizi-behar batzuk dituzten subjektu bezala tratatzen baldin baditugu. Utz dezagun umetzat hartzeari. Munduaz duten ikuspegia ahula eta galdua da, jakina, batzuetan helduena baino galduagoa, eta beste batzuetan ez, zeren helduak ere oso galduta daude egun hauetan. Baina nerabeek mundua jateko gogo hori dute, euren bizitza egiteko gogoa, eta muga bakarra besteekin batera elkarbizi beharko dutela da, beren bizitza besteenarekin lotuta dagoelako.
Har ditzagun pertsonatzat, sarritan gurasoek baino kriterio gehiago dituzten pertsonak baitira, eta baita gurasoek baino gehiago dakitenak ere. Gainera, helduek baino gaitasun handiagoa dute tentsioak eta krisiak kudeatzeko, helduak lanean esplotatuta eta gainezka eginda egon baitira azken urteetan.