Telelana nola eta zerekin; doakoak eta libreak diren aukerak

2020-04-23

Aste hauetan inoiz baino jende gehiagok jo behar izan du telelana egitera, halabeharrez COVID-19aren ondotik ezarritako konfinamendua dela-eta. Etxetik, ordenagailuarekin eta Interneteko baliabideak erabiliz lan egiten ere ikasi egin behar da, askotariko tresnak, baliabideak eta plataformak baitaude, beharrak eta bitartekoak adina. Beraz, hasteko, ezagutu egin behar dira, eta horrez gain, norberaren beharretara egokien moldatzen direnak aukeratu.

 
 
Telelana nola eta zerekin; doakoak eta libreak diren aukerak

 

Bide horretan lagungarri izateko xedez, Librezale taldeak komunikazio eta elkarlanerako tresna libre batzuk aztertu eta gomendatu ditu:https://librezale.eus/2020/03/15/komunikazio-eta-elkarlanerako-baliabideak/.
Telelana edo teleikaskuntza tresna libreekin eta euskaraz egin nahi duenak eta pribatutasuna errespetatua izatea nahi duenak honako aukera hauek ditu eskura:

Nagibatzaileak
- Firefox
Mozilla fundazioaren nabigatzailea da. Euskaraz dago eta puntako ezaugarriak ditu: gehigarri andana, estandarren betetze maila altua eta estandar berriak adosten laguntzen duen komunitate zabala.


- Tor Browser
Pribatutasuna asko zaintzen duen web-nabigatzailea da.

Ikaskuntza
- Moodle
Online moldeko ikastaroak sortzeko programa-multzoa da eta euskaraz dago. Hezkuntza konstruktibo soziala planteatzen du, eta bertan ikasleek ere hezkuntzako esperientzian ekarpen garrantzitsuak egin ditzaketela azpimarratzen da.
Hiru modulu-mota nagusi ditu: baliabideak (eduki estatikoak), jarduera-moduluak (interaktibitatea duten ikasmaterialak: foroak, txatak, wikiak, blogak, glosarioak, datu-baseak, zereginak, tailerrak...), eta blokeak (ikastaroaren orri nagusiaren eskuin aldean agertzen den gainerako informazioa: egutegia, kalifikazio-liburua...).
Moodle-ren ezaugarriek hau erakusten dute: ikasleek foroan galdetu eta erantzun dezakete, glosarioan terminoak gehitu ditzakete, tailerretan elkarlanean aritu eta autoebaluatu eta koebaluatu dezakete edo wiki batean elkarrekin lan egin dezakete.

- eXeLearning
Hezkuntza baliabideak sortzeko editore librea eta erabilerraza da. Webgunetik erraz eta doan deskargatu daiteke eta sistema operatibo guztiekin erabili daiteke. Edukiak katalogatzeko eta formatu desberdinetan argitaratzeko aukera ematen du. Proposatzen dituen hezkuntza estandarrak Moodlekin eta beste IKS Ikaskuntza Kudetatzeko Sistema batzuekin erabil daitezke. HTML propioa dauka eta horrek lanak erraz inprimatzeko aukera ematen du. Liburu elektronikoa egiteko aukera ere ematen du. Horrez gain, menura joanda diseinu askotarikoak aukeratu daitezke eta norberak bere diseinu propioa egiteko parada ere ematen du.

- H5P
Baliabide honek eduki interaktibo askotarikoak sortzeko aukera ematen du, beharren arabera egokitu ahal izateko. Hezkuntza jardunerako 40tik gora tresna eskaintzen ditu: bideo interaktiboak, aurkezpenak, eskemak, irudi sekuentziak, aritmetikako ariketak eta azterketak, audio grabaketak, grafikoak, collage-ak, zutabeak, elkarrizketarako txartelak, diktaketak, dokumentaziorako erremintak, testuak eta irudiak leku batetik bestera eramateko gailuak, irudien muntaketa, irudien sekuentziak, berehalako feedbacka duten entseguak, hutsuneak betetzeko testuak, hizki-zopak, hiztegi-txartelak, galde-erantzunak irudiekin, aukera askotariko galdera sortak, test moduko galdetegiak, memoria jokoak... Horietako bakoitza nola sortu deskribatzen da pausoz pauso.

Konferentziak
Audio eta bideokonferentzietarako tresna ohikoenak hauek dira:
- Jitsi
Tresna generalista bat da, erabiltzeko erraza eta doako hainbat zerbitzu aurki daitezke nabigatzailearekin sartu eta erabiltzeko prest. Ez da konturik sortu behar, konferentzia bat sortzeko honi izen bat eman eta esteka partekatzea nahikoa da. Beraz, aurrez ia ezer prestatu gabe erabil daiteke. Euskaraz ez dago.

- BigBlueBotton
Euskaraz badago eta jitsik ez dituen zenbait funtzionalitate ditu, online irakaskuntzan bereziki interesgarri egiten dituztenak. Urruneko irakaskuntzara zuzendutako zerbitzua da, ikasteko eta irakasteko bilerak egiteko bideokonferentzia zerbitzua duelarik. Hezkuntzan, batez ere Moodle euskarriari lotuta erabili ohi da. Arbela funtziona dauka eta beste kideekin partekatu daiteke. Moderatzaile, aurkezle eta ikusle rolak ditu. Elkarlanerako funtzio aberatsak ditu: pantaila partekatzea, txata, testu partekatua, inkesta eta abar.

Beste batzuk:
- OpenMeeting
- Mumble
- Talk

Txatak
Aurretik aipatutako audio eta bideo konferentzia tresnek testu bidezko txatak ere bazituztela aipatu da. Honako hauek, ordea, mezularitzako tresnak soilik dira, bideo eta audiorik gabe. Lehendabiziko laurek pribatutasunari garrantzia handia ematen diote eta kanpo auditoriak egin zaizkie.

- Signal
Oso erabilerraza da. Telefono zenbakia eskatzen du eta horren bidez aurkitu daitezke erabiltzailearen kontaktuak. Moderazio aukera mugatuak ditu taldeetan.

- Briar
Zerbitzaririk gabeko mezulari zifratua da. Ez du zerbitzaririk behar, Tor bidez funtzionatzen du lehenetsita, eta internetik gabe ere futziona dezake. Foroak eta blogak ere sor daitezke.


- Delta Chat
Txat mezulari itxura duen e-mail bezeroa da eta komunikazioa modu gardenean zifratzen du beste bezero bateragarriekin komunikatzean. E-mail kontua behar da, IMAP protokolo estandarrekin bateragarria dena. Gmail zerbitzuarekin erabiltzeko aparteko konfigurazioa eskatzen du.

- Fox
Mezularitza tresna honen berezitasuna pribatutasuna da.

Beste batzuk:
- Matrix/Riot
- Rocket.Chat
- Mattermost

 

Informazio gehiago:
Librezale taldea
https://librezale.eus


Hezkuntzan ere Librezale
https://hezkuntza.librezale.eus/


Komunikazio eta elkarlanerako tresna libreak
https://librezale.eus/2020/03/15/komunikazio-eta-elkarlanerako-baliabideak/