Hik Hasi Tafallara doa 25. urteurrenean

2020-09-29

Agerraldiarekin elkarlanean, Hik Hasik Nafarroako Erdialdean antolatu ditu hezkuntza jardunaldiak bere 25. urteurrenean. Urriaren 30 eta 31n izango dira eta  “Autonomia, iniziatiba eta sormenaren lanketa jaiotzetik nerabezarora” gaiaren bueltan ariko dira adituak. Izen-ematea zabalik dago dagoeneko hikhasiren webgunean.

 
 
Hik Hasi Tafallara doa 25. urteurrenean

Hik Hasik eta Agerraldiak hezkuntza jardunaldiak antolatu dituzte elkarlanean eta Tafallan izango dira urriaren 30ean eta 31n.

Hik Hasik bere 25. urteurrena du aurtengoa eta, ospakizun modura, Nafarroako Erdialdera hedatuko du bere jarduna. Urte hauetan guztietan Nafarroako ehunka hezitzailek hartu dute parte Hik Hasik antolatutako topaketetan, jardunaldietan eta bidaia pedagogikoetan. Nafarroako ikastetxeetako esperientziak eta ekarpenak jaso izan dira aldizkarian eta Hik Hasiren formazioan aditu nafarrek presentzia finkoa izan dute. Nafarroako harpideak,  halaber, hik hasiren babes garrantzitsu dira.

Oraingoan, urrats bat gehiago ematera doa Hik Hasi: Nafarroara bertara joan eta hango hezitzaile eta harpideei bertan egingo die hezkuntza formaziorako eskaintza. Egitasmo hau Agerraldiarekin elkarlanean eramango du aurrera. Errigorak iaz abiatu zuen Agerraldia proiektu kulturala, saltzen dituzten saskietatik ateratzen duten irabazien zati bat euskalgintzara eta kulturara bideratzeko asmoz. Horrela, Erdialdeko herritarrek eskualdean bertan onura sozial eta kultural hori jasotzeko aukera dute.

 “Autonomia, iniziatiba eta sormenaren lanketa jaiotzetik nerabezarora” izenburupean honako aditu hauek hartuko dute parte: Nora Salbotx, Jaume Funes, Xabier Tapia,  Ane Ablanedo, Iñaki Arana eta Iñaki Eizmendik. Nora Salbotx, Amaiurko herri eskolako maistra eta zuzendariak eskainiko du sarrera hitzaldia, eta bizi dugun testuinguruan hezkuntzak duen garrantziaz ariko da; Xabier Tapiak haurtzaroaren erreferentziazko markoa ezarriko du, eta Jaume Funes katalana, nerabezaroan zentratuko da. Ane Ablanedok haurren askatasuna izango du hizpide, nork bere bidea egitean askatasunaren tresna baliatzea zeinen garrantzitsua den azalduko du pedagogia berrituetan aditua den irakasleak.

Bestetik, Erdialdeko hezkuntza-komunitateak dituen beharrak asetzeari begira, lidergoaz eta zuzendaritza-taldeez hitz egingo du Iñaki Arana piskomotrizistak. Eta Iñaki Eizmendi euskararen erabileran eta transmisioan aditua guraso, irakasle eta hezitzaileei zuzenduko zaie, eskolan eta aisialdian euskaraz aritzeko gakoak eskainiz.

Izen-ematea www.hikhasi.eus webgunean egin daiteke. 

Egitarau osoa:

EGUNA: Urriak 30 eta 31

LEKUA: Tafalla

GAIA: “Autonomia, iniziatiba eta sormenaren lanketa jaiotzetik nerabezarora”.

EGITARAUA:

Urriak 30, ostirala

18:00 - Aurkezpena

18:15 - 19:00 – Nora Salbotx

19:00 - 21:00 –Jaume Funes

ADOLESCENTES FELICES EN TIEMPOS DE CAOS ADULTO

Propuestas para renovar las miradas y mejorar la escucha

Urriak 31, larunbata

09:00 - 10:00 – Xabier Tapia: "Garapenaren erreferentziako markoa".

10:00 - 10:45 – Ane Ablanedo: "Askatasuna, geure bidean autore eta autoridade izateko giltza".

10:45 - 11:00 – Atsedena

11:00 - 12:30 –Jaume Funes: ¿SI TODO CAMBIA, CÓMO SE EDUCA? Ser persona, crear y convivir, entre felicidades de mercado y autonomías virtuales y en red

12:30 -13:30 – Mahai ingurua

14:00 - 15:30 – Bazkaria

15:30 - 16:30 – Iñaki Arana: "Hezkuntza taldearen lidergoa zuzendaritza definitu eta gauzatu/adostu bidean".

16:30 -17:30 – Iñaki Eizmendi: "Euskara eskolan eta aisialdian: guraso, irakasle eta hezitzaile berritsu berritsuak. 

17:30 -18:00 – ondorioak eta itxiera