Nola kokatu behar du bere burua euskal hezkuntza komunitateak ikasturte honetan?

2020-10-12

Ziurgabetasun garaiak bizi ditugu, oro har, Euskal Herrian zein munduan. Badirudi hori izango dela mende honetako adierazgarri nagusienetakoa. 2008an krisi ekonomikoa, egun pandemia, auskalo zer etorriko den hurrena. Ez dakigu eta ez dakigunaren aurrean prestatzea ez da erraza.

 
 

Larraitz Mendizabal

Eskolako aholkularia

 

Ezegonkortasun honi aurre egiteko gakoetako bat beraz, aditu askok diotenez, sistema erresilienteak eraikitzea izango da, ezezaguna denari erantzuteko prest egongo direnak. Hezkuntzak ere hori bilatu beharko du. Eta ondorioz, datozkigun erronken aurrean nola kokatzen garen garrantzitsua izango da. COVID-19a dugu horren adibide.


Zentzu horretan, euskal hezkuntza komunitatearen erronka handia da ikasturte honetan. Aurreko ikasturteko azken hiruhilekoan urgentziaz, alarma gorrian eta bat-batean aurreikusi ezineko errealitate bati (pandemiari) erantzun behar izan genion. Errealitate berri horri, eta baldintzak baldintza, ahal izan genuen modurik onenean erantzun genion. Ez dugu geure burua zigortu behar, ahal genuen bezain ondo egin genuen. Hala ere, horregatik ez genioke egindakoaren eta egin gabekoaren inguruko azterketa zorrotz eta eraikitzailea egitearen aukerari muzin egin beharko, izan ere, une honetan onartezina bailitzateke, arrisku berari orain hilabete batzuk erakutsitako bat-batekotasunez erantzutea. Ikasturte berria ez dugu bide onetik hasi, ordea.


Euskal hezkuntza komunitateak pandemia honen aurrean, euskal hezkuntzaren markoa definitzen duten elementuak babestuko dituen erantzun integrala, holistikoa, ezin du begi-bistatik kendu. Geure sistemaren berezitasunak, hau da, nazio gutxiagotu eta linguistikoki xehatutakoa izateak dakarzkigun ajeak ezin ditugu bazterrean utzi, eta beraz, pandemiari eman beharreko erantzunak segurtasun sanitarioa bermatzetik haratagokoa izan behar du. Honek egingo gaitu erresilienteagoak.


Babestu behar dugun euskal hezkuntza markoaren oinarrizko elementuak zein diren oso argi izan beharko genuke gutako bakoitzak eta guztiok; alegia, ikaslearen ongizatea helburu hartuko duen erronka honi arlo sanitario (ongizate fisiko, mental eta sozial gisa ulertuz), pedagogiko, linguistiko eta kulturaletik erantzun behar diogu, horrela, euskal ikasleen garapen pertsonal integrala bermatuz. Hau da, euskal hezkuntza ereduaren markoa definitu behar duten elementu nagusiak kontuan hartuta erantzun behar du.


Etxealdiak agerian utzi du, lehendik jada batzuek adierazia zutena. Alegia, gure hezkuntza-eredua agortua dagoela, ez diela XXI. mendeko belaunaldiei erantzuten ez pedagogikoki, ez formatiboki, ezta linguistikoki ere. Horrek, ezinbestean, hausnarketa sakon bati lehenbailehen ekitea eskatzen du, ditugun erronkei aurre egingo badiegu, egunerokotasunari erantzunez beti ere, hankak lurrean edukiz eta ikasleek dituzten beharrei tartea eginez. Oso garrantzitsua da hezkuntzako eragile guztiok argi izatea hurrengo aste edo hilabeteetan izan dezakegun edozein errealitateren aurrean lehen aipatutako elementu guztiak (ongizate fisiko eta emozionala bermatzea, azken urteetan emandako aurrerakuntza pedagogikoak bermatzen saiatzea, kulturalki zein linguistikoki gure herrian errotuak izango diren pertsona gaituak sortzea, subjektu kritikoak eta aktiboak sortzea, elkartasuna eta taldekidetzan jarduten dutenak…) kontuan hartuta jokatu beharko dugula.


Gure ikasleen eta komunitatearen osasuna bermatu behar dugu, noski! Baita garapen pertsonala eta sozializazioa, gaitasun linguistikoa, zein prestakuntza, hala nola, ikuspegi kritikoa eta partaidetza kolektiboa.


Ikasleen eta hezkuntza komunitatean parte hartzen dugun guztion egoera emozionala begiratu beharreko ezinbesteko abiapuntua da.


Bestalde, ez dugu ahaztu behar ikasle eta irakasleen gaitasun linguistikoa, euskararen ezagutzaren bermea ezinbestekoak direla, haurrek garapen pertsonal osoa izan dezaten; ikasle eta seme-alabei zor diegu eta legeak gainera, EAEn behintzat, horretara behartzen gaitu.


Hori guztia aurrera atera ahal izateko sistema ongi errotua izateaz gain, baliabidez zuzen eta nahikoa hornitua egon behar da. Ezinbestekoa da administrazioek zein beste eragile guztiek ikaslearen ongizatea bermatuko duen euskal hezkuntza euskaldun baten aldeko apustua egitea.


Markoaz hitz egiten dugunean argi izan beharko genuke berau definitzen duten bertako eragileak zein diren. Hauei dagokie elkarlanean gure erronkak zein diren zehaztea, modu parte-hartzailean eta ez entzule gisa bakarrik, pandemiaren garai luze honetan ez bezala.


Hori guztia bermatzeko ezinbestekoa da, hezkuntza sistema osoak eta bertako eragile bakoitzak zein funtzio dituen argi izatea, benetako zaintza egon dadin eta ikasleak begiratuak izan daitezen.


Eusko Jaurlaritza/Nafarroako Gobernutik hasita, zein diren beraien funtzioak hezkuntza sailekiko, azken horiek nola zaintzen duten eskola eta eskola bakoitzak nola zaintzen duen irakasleria eta honek ikasleria.


Zaintza egokia izan dadin hezkuntza sistemak autoritatean kokatu behar du (hazten ahalbidetzen duen autoritatea, eta ez haztea blokeatzen duen autoritarismoa), antolaketa zein arau argi eta adostuekin, parte hartzeko marko argiak eskainiko dituena, goitik behera, behetik gora zein ezker-eskuineko komunikazioa bermatuko duena, funtzio-banaketa argiekin eta guztia aurrera atera ahal izateko baliabide gehiago, bai material, zein pertsonalekin. Ezin dena da pentsatu egoera ez ohiko batean ohiko tresna eta baliabide hutsekin, edo gutxiagoekin, erantzun diezaiokegunik.


Hori guztia ongi adosteak eta martxan jartzeak ekarriko du ikaslearen begiradan egotea, eta ez egun bezala kaosa kudeatzen ibiltzea.

Globalki bai, baina ikastetxez ikastetxe ere bai


Hezkuntza sistemak globalki egin behar duena ikastetxe mailan ere bermatu beharra dago ahal den heinean. Hemen ere antolaketa argi eta adostua behar dugu funtzio banaketa argiekin; hausnarketa guneak sortu behar ditugu, hezkuntza eragile guztiei (zuzendaritza, irakasle, ikasle, guraso zein langile ez dozente) parte-hartze marko argiak eskainiz, etengabeko komunikazio egokia eta arina bermatuz, elkarlana indartuz… Horrela, COVID-19ak suposatzen duen mehatxuari aurre egin ahal izateko ezinbesteko sendotasuna eskuratuz eta haurrei beharrezkoa duten espazio seguru bat eskainiz, bai fisikoki zein emozionalki.


Horrelako egoera nahasietan ziurgabetasunari aurre egiteko beste norbaitek egin beharrekoa zer den argi eta garbi adieraztea eskertzen bada ere, lan hori ongi bideratzen ez bada mendekotasunaren arriskua dago, bat-batekotasunean eta hausnarketarik gabe arituz. Jokabide eta jarraibide adostuak eta bateratuak egon daitezen lagundu behar da, argi baitago autonomian oinarritutako autoeraketa, elkarlana eta ekintzailetza ezinbestekoak direla egoera konplexuei erantzuteko, eragile bakoitza baita proposatutakoa bere testuingurura egokitzeko gaitasuna duena. Horretan ere badugu zer ikasi.


Eta aipatutako guztia ezinbestekoa izanik ere ez da nahikoa. Horretaz gain, helburu pedagokikoak bermatzea ziurtatu beharra dugu. Eta horretarako, arau sanitarioak eta pedagogikoak uztartzeari ekin behar diogu (burbuiluak bermatu ostean, horien baitan, orain arteko metodologiei eutsiz, adibidez). Ezin dugu bat bestearen mesedetan galdu. Azken urteetan egindako pedagogia eta metodologia hobekuntzak eta hausnarketak ez galtzea, baizik eta horietan sakontzea eta haratago joatea lortu behar dugu, eta ez atzera egitea. XXI. mendean izango dituzten erronkei modu pertsonal zein kolektiboan aurre egiteko gai izango diren pertsona osoak, kritikoak, aktiboak eta euskal identitatean errotuak garatzea bermatuko duten pedagogia eta metodologiak jarraitzea ezinbestekoa da. Ikasle hauen bizi ikuskera ere gure esku baitago.


Krisi honetan, aipamen berezia merezi du ikasleen euskalduntze prozesuak bizi izan duen atzerakadak. COVID-19ari eman zaion erantzun nagusiki sanitarioak gai hau baztertzea ekarri du, salbuespenak salbuespen. Ezin dugu ahantzi gure herriko ikasleen ongizate emozionala garatzeko euskarak duen garrantzia. Euskararekin dira eskolako kide, parte, eta euskararekin dira ikasle oso. Baina ongizate emozionalaz aritzean hori ahaztu egiten dugu askotan. Euskara bermatzean ingurura irekitzeko aukera ematen diogu bai eta ingurua bereganatzekoa ere, hartu eta eman egoki bat izateko aukera. Eta hemen hezkuntza sistemak, oro har, baina baita ikastetxe bakoitzak ere, badugu zer egin.


Herri bezala euskal hezkuntza sistemaren aldeko apustua egiteko garaia da, belaunaldi berrien eta XXI. mendeko erronkei erantzungo diena. Egungo eredua agortuta dago. COVID-19ak sorturiko krisia aukera gisa bizi beharko genuke agian, gure herriaren beharrei erantzungo dion euskal hezkuntza sistema euskalduna, mende honi egokitua eta erresilientea dena denon artean eraikitzeko.