Pandemia baten erdian jaiotzea
Koronabirusaren osasun krisiak baldintzatu egin ditu haurdunaldia, erditzea eta erditze osteko esperientziak. Haurdunaldia konfinaturik amaitu zuten Itzea Urkizuk eta Julen Telleriak eta Edurne Etxeberria eta Erlantz Durantes bikoteek eta itxialdia ezarri berritan erditu zen Nerea Gonzalez, Aitor Lastraren bikotea.
E
z du inork aukeratzen noiz eta non jaio. Aukera izanda, segur aski, inork ez luke aukeratuko pandemia baten erdian jaiotzea. Baina ez dago, bada, aukeratzerik, eta halaxe, koronabirusaren pandemia erdian munduratu dira Pello, Enaitz, Endika eta Irati. Alarma-egoera aldarrikatu eta konfinamendua ezarri eta hiru egunera jaio zen Irati. Enaitz eta Endika maiatzaren 9an jaio ziren, konfinamendua arintzeko lehen neurriak hartzen hasi berritan; eta Pello, ekainaren 5ean, artean alarma-egoeran bai, baina konfinamendua arintzeko neurrien hirugarren fasean.
“Zergatik niri?” galdetzen zion Itzea Urkizuk bere buruari, Pelloz haurdun, alarma-egoera ezarri eta konfinamenduak haurdunaldia lau pareten artean pasatzera behartuko zuela jakin zuenean. Kazetaria Urkizu, hala idatzi zuen Gaur8 Gara-ren gehigarrian, “Zergatik niri? Gehiegitan akordatu naiz erditzeari diodan beldurrarekin, eta hark pandemiarekin bat egiteko balizko aukerekin”. Beldurra, horixe da pandemiak areagotu zion emozioa Itzea Urkizuri. “Lehendik ere gaixotasunekiko nahiko kezkatia naiz, eta egoera honetan biderkatu egin ziren beldurrak; lehenengo beldurra koronabirusa harrapatzeari berari izan nion; bigarren krisia aktibitate fisikorik egin ezinak izan zitzakeen ondorioengatik izan nuen. Haurdunaldiko diabetesa izan nuen eta haurdunaldi sedentario bat edukitzeak umeari zer ondorio ekar ziezaiokeen kezkatzen ninduen”. Ikara eta izua, erditzeari ere beldurra zion Urkizuk: “Erditzeari lehendik nion beldurraz gain, biotako batek [PCR proban] positibo eman eta erditzean aita sartu ezinik gelditzeak ematen zidan beldurra, obsesio bilakatu zen beldur hura, biok elkarrekin bizitzeko prestatu baikenuen erditzea”.
Ondoan, lasaiago zegoen bikotekidea, Julen Telleria: “Zoriontsu ginen koronabirusa Tolosako inauterietako mozorro bat bakarrik zenean —kontatzen du Telleriak, egoerari umore puntua jarriz—. Itzeari lagunduko banion, ezin neu ere urduri egon; alderdi onari begiratu eta, lanera joan gabe, elkarrekin goxo egoteko opor egunak genituela aurretik ikusten nuen”. 27 asteko haurdun zegoela harrapatu zuen itxialdiak Tolosako bikotea, eta konfinamendu hasiera trauma gisa bizi izan bazuen ere, egoerari buelta emateko gai izan zen bikotea: “Hasieran kartzela bat iruditzen zitzaidan, eta gero nire leku segurua bihurtu zen etxea, asko irakurtzeko eta informatzeko baliatu nuen denbora”, azaldu du Urkizuk. “Eliptika bat lortu genuen —kontatzen du Telleriak— eta ordubeteko izerdi parrastada botatzen zuen egunero, eta horrek berak lasaitu egin zuen Itzea eta, azkenean, etxean egoteari errendimendu handia atera genion, informatu eta elkarrekin egoteko ere bai: bikote bezala bakarrik egingo genituen azken asteak elkarrekin goxo egin genituen etxean, bestela, nire lana zela-eta —EiTBko kazetaria da—ezingo genuen hainbeste denbora elkarrekin pasa”.
Pandemia erdian jaio diren haurren etorrera baldintzatu egin du koronabirusak. Telleriaren kasuan, esate baterako, ezin izan zuen joan mediku-bisitetara eta ekografietara 27. astetik aurrera. Osasun-zentroko erditze-prestaketa ere bertan behera gelditu zitzaien, eta etxetik online bidez, Emekiren zerbitzuari esker egin zuen bikoteak erditzerako prestakuntza, fisikoa nola emozionala. Arreta bereziz zaindu beharreko etapa iruditzen zaio Urkizuri haurdunaldia, bereziki pandemia baten erdian: “Itxialdian egonda, oso inportantea izan zen, Internet bidez bazen ere, beste bikote batzuen egoera eta esperientzia ezagutzea eta emozioak partekatzea. Bizi genuen egoeran oso inportantea izan zen, niretzat, zainketa emozionala”.
Emozioak kudeatzea ez baitzen lan erraza izan, martxo-apiril partean bizi izan genuen ziurgabetasunaren erdian. “Errusiar mendi bat naiz, lau hormaren artean”, gehitu zuen Gaur8ko zutabean. Deseskalada hasi zenean, beste beldur bat etorri zitzaion Urkizuri: “Jendearekin egoteari beldurra hartu nion”. Baina argi zeukan Urkizuk ezin zuela etxean gelditu ikaragatik, “ezin zuen beldurrak irabazi”. Haserrea ere bizi izan zuela gogoratzen du, “jendearekin haserre nengoen, maskara aukerakoa zen eta jendeak ez zuen erabiltzen, eta nengoen egoeran, haserrarazi egiten ninduen”. Jendearekiko harremana nola kudeatu, hori izan zen konfinamendu-osteko kezka Urkizurentzat: “Hobeto geunden atera ezin zen garaian, etxean biok bakarrik, geurera... soka askatzen hasi zenean, noraino askatu zalantza handia bizi izan nuen”. Telleriak familiarekin egoteko “ikaragarrizko beharra” sentitzen zuen, eta ostera Urkizuk “orain arte egon bagara, itxaron dezagun pixka bat gehiago”, erantzuten zion bikotekideari. “Bion gurasoak lehendabiziko aldiz egin behar genituen aitona-amona, eta nik haiekin egoteko beharra sentitzen nuen —kontatzen du Telleriak—”. Zorionez, Pello jaio eta aste gutxitara altxatu zen alarma-egoera, eta normalizatu ziren —gero berriz zailtzeko— harremanak.
Langileak haurraren gelako armairuak jartzera zetozen egunaren bezperan hautsi zituen urak Itzeak, gauez, etxean. Egun batzuk lehenago Zelatundik mendi-buelta egina zen. Goizeko 7etan ospitaleratu, eta uzkurdura eta uzkurdura artean PCR proba egin zioten, eta erditzeak iraun zuen 27 ordu luzeetan maskara erabili behar zuten bi bikotekideek, bakarrik zeuden momentuetan kentzeko aukera zutelarik. “Erditze aktiboa izan zen, eta hainbat posturatan, emaginari bizkarra ematen nionean edo, kendu ahal izan nuen, baina gainontzean maskararekin egin behar izan nuen dilatazio-osoa”. Azkenean zesarea egin beharra izan zioten Urkizuri eta berez horretarako eskubidea izanagatik, ez zen zesarearen lekuko izan aita, “COVID-19a dela-eta ez nintzen hasi hori eskatzen. Erditze-gelan bederatzi pertsona zeuden, eta bat-batean bakarrik gelditu nintzen; 15 minutuan umea besoetan nuen, titia bilatzen zuen hark, ez zeukan beste preokupaziorik, eta nik negar egin nahi nuen, baina protokoloak protokolo, hori ere eten egin zidaten”. Geroago ere, Telleriaren ama ospitalera gerturatu baina sartu ezinik, ama besarkatu eta harekin negar egiteko momentu hori —“hainbeste behar nuen besarkada eta negar-saio hori”— ezin izan zuen bizi. “Horrelako momentuak kendu dizkigu koronabirusaren egoerak”. Behin haurra etxeratu eta elkartu ahal izan zuen egun gutxira familiak.
Edurne Etxeberria eta Erlantz Durantesi, ostera, luzeago egin zitzaien bikotearen familiek Enaitz eta Endika biki jaioberriak ezagutzeko ordua iristerako. Deseskalatze-fasean sartu berriak, kalera lehen irteerak egiteko aukera zegoenean jaio ziren bikiak, maiatzaren 9an, Iruñean. Bi egunera norbere lurraldetik mugitzeko aukera ireki zuten, baina ekainaren amaiera arte ezin zen probintziatik atera, eta Kantabrian bizi dira Erlantzen gurasoak. “Hori izan zen pena. Haurdunaldi bukaerako eta haurren jaiotzaren goxotasuna pantaila bidez transmititzea zaila izan zen”.
Konfinamendu-hasieran Etxeberriaren sentimenduak antzekoak izan ziren, ama berria izango zen Leitzakoa ere eta kezka eta urduritasunaz gain, beldurra sentitu zuen. “Itxialdia ezarri aurretik Bartzelonan izan nintzen lagunekin; bueltatu eta historia hau guztia hasi zen, eta beldurra sartu zitzaidan ea Bartzelonatik birusa ekarri ote nuen”. Lehen astea urduri eta kezkatuta igaro zuen, sintomak nabaritzeraino. “Aste bat pasa ondoren ez nintzela gaixotu ikusita, lasaitu egin nitzen”. Ordutik aurrera, ziurgabetasunak eragiten zion kezka handiena, artean ez baitzegoen aski informazio COVID-19ak haurdunei nola eragiten dien, “baina neure kabuz informazioa bilatuta gainditu nuen beldurra”, kontatzen du Etxeberriak.
Lau pareten artean egote hori ez zitzaion erraza egin Etxeberriari ere, bikien haurdunaldiko azken txanpan egonik, atera eta ibiltzeko premia handia zeukan: “Antsietate puntu bat sentitu nuen; batetik, ezin nuelako kalera atera eta behar nuelako, balkoirik gabeko pisu txiki batean bizi ginen eta ateratzeko behar izugarria sentitu nuen, oinez ibiltzeko premia neukan. Etxean saiatzen nintzen ariketak egiten, baina haizea behar nuen”. Ginekologoarenera egin behar zuen bisita bakoitza bidaia bat bezala hartzen zuen Etxeberriak —bakarrik egin behar izan zituen azken bi hilabeteetako kontrol eta ekografiak—. Aurrez aurreko erditze-prestaketak ere bertan behera utzi zituzten Nafarroan, “ez genuen telefono deirik ez mezurik jaso abisua emateko, eta geure kabuz bilatu beharra izan genuen informazioa eta ikastaro bat online, ordainduz”. Hain zaurgarria izan daitekeen etapa osasungintzatik ez zela behar bezala aintzat hartu uste du Iruñeko bikoteak eta emakume haurdunak ez direla aski zaindu sentitu dute: “Sentsazioa izan genuen osasungintza publikoa ahaztu egin zela haurdun zeuden emakumeez”, dio Durantesek. “Haurdun geundenak nahiko deskuidatuak egon ginen konfinamendu garaian. Ez genuen informazioa gertutik jasotzen, eta horrez gain, mediku bisita asko bertan behera gelditu ziren".
Ekainaren 2rako espero zituzten bikiak, baina maiatzaren 9an erditzea probokatu zioten Etxeberriari. “Baneukan kezka erditzeari begira, entzuna nuen bikoteak sartu ezin izan zuen kasuren bat, PCRa egin behar zen, maskararekin erditu beharra... baina espero baino hobeto joan zen dena. Behar genuen informazio guztia eman ziguten, ospitalean lasaitasun handia nabaritu genuen eta arreta guztia izan genuen”. Dilatazio osoa maskararekin egon beharra izan zuen, baina bikotekidearekin bakarrik gelditzen zenean kentzeko aukera izan zuen, eta egozpena ere musuko gabe egin ahal izan zuen. “Erditzeari begira esperientzia ona izan zen”.
Erditze-oste gogorra izan zuen, ordea, Etxeberriak, berak kirofanora sartu beharra izan zuen eta haurrak jaioberrien unitatean ingresatu zituzten. “Orduan kanpoko guztiaz ahaztu ginen —kontatzen du aita berriak—. Edurneren errekuperaketan eta bikien beharretan zentratuak egon ginen, eta ez ginen kanpoan gertatzen zenarekin enteratzen”. Egun haietan bai, familiakoen babesa jaso ahal izan zuten, Etxeberriaren familia Leitzakoa izanik, lurralde barneko mugimenduak baimendu baitzituzten: “Eta baneukan beharra. Haurdunaldian faltan sumatu nuen familiakoen indarra eta babesa”. Durantesek gehiago itxaron beharra izan zuen: “Konfinamenduan barneratu nuen nire aldeko familiakoak ezingo nituela denbora luzean ikusi, baina gogorra izan zen bakarrik egotea eta familiarekin momentu hura ezin partekatzea”.
Atera dute, ordea, ezer onik haurdunaldia eta erditzea pandemia baten erdian bizitzetik: “Dudarik gabe, bikote bezala indartzeko balio izan zigun itxialdiak; elkarrekin eta oso ongi egin ditugu haurdunaldiko azken fasea eta erditze-ostea”, gogoratzen du Etxeberriak. “Horixe da luzaroan lagunen eta familiakoen bisitarik jaso ezin izanaren alderdi onena—erantsi dio Durantesek, lauok elkarrekin eta oso modu intimoan bizi izan genuen gurasotasunaren hasiera, gure familia osatzera etorri ziren bi haurtxo horiek oso modu intimoan ezagutzeko aukera izan dugu, 24 orduak lauontzat izan dira”.
50 egun etxetik atera gabe
Bakardade hori, ostera, gogorra izan zen Nerea Gonzalez Urmeneta eta Aitor Lastraren etxean, Basaurin, konfinamendua ezarri eta hiru egunera jaio baitzen Irati: martxoaren 16an. “Martxoaren 9an dagoeneko dilatazio lanak hasita nituen, baina gainera zetorkiguna aurrikusten hasi ginenean urduritu eta beldurtu egin ginen, eta seguru nago horregatik atzeratu zela jaiotza astebete”. Haurdunaldi guztia normal pasa ostean, artean COVID-19a Txinako gaitz besterik ez baitzen, emagin eta ginekologoaren kontroletara eta ekografietara elkarrekin joateko aukera izan zuten Gonzalezek eta Lastrak, baina martxo hasieran hasi zen Gonzalez etxetik ez ateratzen, Lastraren familiatik gertu kasu positiboak izanik, etxean gelditzea erabaki baitzuen. “Erditzeari begira beldurturik nengoen; orain badakigu ez dagoela arriskurik, baina orduan ez geneukan COVID-19ak erditzean zuen eraginaren inguruko informaziorik, eta ezjakintasun horrek ikara eragiten du”. Baina erditze-gelan sartzearekin batera, ahaztu zitzaizkion koronabirusa eta beldurrak ama berriari: “Urak hautsi nituenetik gorputzak agintzen zidanera egon nintzen, senarra ondoan neukan denbora guztian eta dena ongi joan zen; erditze goxoa eta errespetatua izan zen".
Erditze-ostea, ordea, zaila izan zen, “emozionalki oso gogorra izan zen”. Oraindik ahotsak dardara egiten dio esperientzia hitzetara ekartzean. “Irati jaio eta hamar egunera pediatraren ohiko kontrola izan genuen, baina 2 hilabetean gehiago ez itzultzeko esan zigun”. Haurrari zerbait gertatzen bazitzaion larrialdietara joateko esan zien. “Ezin ginen etxetik atera, familiakoak eta lagunak ezin ziren etorri ezertan laguntzera, guztiz bakarrik geunden haur jaioberri batekin eta gainera, ez geneukan ez emaginik, ez pediatrarik edo erizainekin kontatzerik umea ondo zegoela ziurtatzeko edo zalantzak argitzeko. Ez genuen inolako babesik ez deirik jaso bi hilabetean”.
Guraso berrien beldurrak biderkatu egin ziren lau hormen artean, bakarrik zegoen bikotearen kasuan. “Zorionez haurra ondo zegoen, baina bularra emateko arazoak izan nituen eta neure kabuz konpondu behar izan nituen, egin behar ez dena eginez: Interneten informazioa bilatuz”. Umeari begiratu, eta intuizioari jarraituz atera ziren aurrera. Haatik, umea bai baina ama ez zen emozionalki ongi sentitzen. “Aitor eta biok bakar-bakarrik geunden haur jaioberriarekin, erosketak egitera soilik irten zitekeen hasiera hartan, eta denok genuen beldurra, beraz, horrek guztiak eragin zidan eta gainera ezin nuen inorekin partekatu, ez geneukan babes-sarerik, ezta atseden hartzeko laguntza eskainiko zigun inor, ezta arnasa hartzera kalera ateratzerik ere eta laguntza psikologikoa eskatu nuen”. 50 egun egin zituzten ama-alabek etxetik atera gabe, balkoira ateratzen zuten alaba besotan, haizea har zezan. “Egoera horretan beharrezkoa da erditu-berri den emakume bati jarraipen gehixeago egitea, apur bat zaintzea, dei bat egitea gutxienez”. Berrogeialdi bukaeran emaginak egin zion errebisioan erditze-osteko depresioa zeukala jakinarazi zion adierazleak aztertuz, bere ustez, bizi izan zuen trauma egoerak eragindako beheraldia izan zen. “Uste dut osasungintzatik ez direla behar bezala zaindu konfinamendu batean erditzeak amengan izan ditzakeen ondorioak”. Bere lekukotasuna eman nahi izan du berak bizitako garai gogorra besteek ez errepikatzeko neurriak ezar daitezen, “orain espero dut jarraipen handiagoa egingo zaiela jaioberriei eta euren familiei, egoera zaurgarrian dauden pertsonak izan baitaitezke, eta laguntza eta arreta pixka batekin mesede handia egin daiteke”.
Behin konfinamendua altxatu zutenean kalera asko aterata eta, batik bat, “familiakoen eta lagunen gaindosiarekin” atzean utzi du Gonzalezek txakalaldia, baina hiru hilabete oso pasa ziren Basaurin bizi den haurrak bere aitona-amonak ezagutzerako, amaren aldekoak Iruñean eta aitaren aldekoak Kantabrian bizi baitira, eta lurraldeen arteko mugimendua ez zuten ekain erdira arte baimendu. Orain Iratik sei hilabete dituela ere, Nereak aitor du, zail egiten zaiola gaiaz hitz egitea edo haurra jaio zeneko lehen argazkiak ikustea, “bizi izan genuen egoera gogorra ekartzen didate akordura”. Baina gauza baikor bat ere gogorarazten diote argazkiek, ahaldundurik atera da bikotea esperientzia gogorretik: “Bikote bezala babes handia eman diogu elkarri, eta ikusi dugu gai garela, egoera oso gogor batean eta beste inoren laguntzarik gabe, geure alaba aurrera ateratzeko gai”.