Rakel Gamito: “Eskolak ezin dio bizkarra eman bere ikasleen errealitate birtualari”
Adingabeen Interneten erabilera-ohiturak eta online bizi dituzten egoera gatazkatsuak aztertu zituen doktore tesian eta bertan Lehen Hezkuntzako geletan Interneten erabilera arduratsua lantzeko prestakuntza-ekintza bat eskaini zuen Rakel Gamitok. Hezkuntza-teknologia, gaitasun digitala, irakasleen prestakuntza eta genero ikuspegia dira haren lan-ildo nagusiak eta perspektiba horretatik martxotik ekainera bitartean ikastetxeak itxita egon diren garaian online egindako irakaskuntza esperientziaren balorazioa egiteko eskatu diogu.
UEUren 2020-2021 ikasturte hasierako hitzaldia eskaintzea egokitu zitzaizun. Izenburuan zenion, 'Online irakatsi dugu ala online biziraun dugu?'. Spoiler bat eginez, aurreratuko dugu, online biziraun egin dugula esaten zenuela hitzaldian. Zein da diferentzia? Zer da benetako online irakaskuntza?
Online irakaskuntzak baditu bere ezaugarri propioak. Hilabete hauetan aurrez aurreko betiko irakaskuntza eredua nolabait onlinera pasatzen saiatu gara, ezohiko egoera bati erantzuteko, baina aurrez aurrekoa onlinera eramatea ez da benetan online irakastea, aldaketa hori ez da online irakaskuntza.
Online irakaskuntza/ikaskuntza Internet bidez gauzatzen den hezkuntza-jarduera da, aurrez aurre egotea eskatzen ez duena. Hala ere, irakaslea eta ikasleak aurrez aurre ez egoteak ez du esan nahi irakaskuntza edukien transmisio hutsera mugatzen den ekintza bat izan behar denik edota ikaskuntza autoikaskuntza modura bideratu behar denik.
Online irakaskuntzaren/ikaskuntzaren gaitasunen garapena izan behar da eta, horretarako beharrezkoa da prozesuen alderdi sozialari erreparatzea. Aurrez aurre egon ez arren, interakzioa eta lankidetza irakaskuntzaren/ikaskuntzaren funtsezko osagaiak izan behar dira. Aurrean pantaila bat izan arren, komunikazioa gertukoa izan behar da eta momentu oro emozioek betetzen duten papera ulertu behar da.
Hala ere, kontuan izan behar da gela fisiko baten ezaugarriak eta ikasgela birtual baten ezaugarriak ez direla berdinak eta gauza bera gertatzen dela komunikazio-egoerekin edota ebaluazioarekin ere. Ez da gauza bera gelan aurrez aurre ahoz azalpen bat ematea edo ikasgela birtualerako enuntziatu bat prestatzea.
Horrek guztiak estrategia digital propioak eskatzen ditu eta, aldi berean, planifikazio lan handia. Irakaskuntza/ikaskuntza ondo diseinatu eta egituratu behar da eta, horretarako, denbora behar da. Gainera, jarraipenak ere berebiziko garrantzia du eta, horretarako ere, denbora behar da.
Baina iragan hilabeteetan ez dugu eduki hori guztia egiteko denborarik. Bat-batean, etxean geunden eta zerbait egin beharra geneukan, eta egin duguna betiko irakaskuntzaren nolabaiteko moldaketa txiki bat izan da. Baina ez dugu denborarik izan benetan online irakasteko.
Dagoeneko hainbat ikasle konfinaturik daude ikastetxe askotan, edo, hemen, unibertsitatean eredu semipresentzialean ari zarete eskolak ematen. Beraz, une honetan, aldi berean eskolak aurrez aurre eta online ematen ari dira irakasleak. Baina zuk esan duzunaren arabera, hori ere ez da bide egokia, ezta?
Niretzat behintzat ez. Unibertsitateak eredu semipresentziala aukeratu du, astebetez ikasle talde bat gelan dago eta aldi berean, beste talde bat etxetik ari da eskolak jarraitzen, eta hurrengo astean alderantziz. Baina niretzat ez da bide egokia. Aurrez aurreko irakaskuntza eta online-irakaskuntza bi irakaskuntza mota desberdin dira eta irakaslea, bakarra. Azken finean, bi talde dituzu eta momentu berean bi talde horiek gidatzen ari zara, baina oso modu desberdinean ikasten ari diren bi talde dira. Bai irakaslearentzat eta bai ikasleentzat oso zaila da irakasgaia horrela jarraitzea, azalpenak emateko modua, jarduerak planteatzeko modua eta feedback-a jasotzeko modua oso desberdinak dira... Bi ereduak aldi berean bateratzea eta pertsona berak kudeatu beharra, niretzat, ia ezinezkoa da benetan ondo egin nahi badugu online irakaskuntza eta aurrez aurreko irakaskuntza. Bide horretatik, biek galduko dute.
Gauden testuinguruan, nola baliatu beharko genituzke teknologiak ondo egiteko, edo, bederen, ahalik eta ondoen egiteko?
Etapa bakoitza mundu bat da, ezin da, beraz, modu orokorrean hitz egin.
Unibertsitateari begira, aukera bat da irakaskuntza modu semipresentzialean egitea, argi gelditu da ikasleek ere behar dutela aurrez aurreko irakaskuntza. Kontua da nola baliatu bi ereduak, eta nik, nire esperientziatik, beste modu batera antolatuko nuke eskola: ikasleekin gelan modu presentzialean gaudenean, aurrez aurreko ikaskuntzaren alderdi onenei zukua aterako nieke, eskolak ahalik eta praktikoen egingo nituzke, elkarrekin hausnartzeko aprobetxatuko nuke eta ikaskuntzaren alde esperientzial hori indartzeko. Eta, aldiz, ikasleak etxean dauden beste aste hori alde teorikoagoa indartzeko baliatuko nuke, eta ikasgela birtuala oso ongi azalduak dauden irakurgai eta jarduerekin prestatuko nuke, ikasleek ahalik eta modu autonomoenean antola dezaten euren lana; bideoak eta materialak eskainiko nizkieke, eta, era berean, etxean dauden aste hori, aurrez aurre elkarrekin egin duguna euren kabuz sakontzen joateko edo hurrengo astean gelan egingo duguna aurreratzen joateko baliatuko nuke. Metodo misto hori erabiliko nuke hausnarketa eta praktikotasuna ikaskuntza autonomoarekin uztartzeko. Dena den, horretara iristeko, ikaskuntza autonomoa txikitatik sustatu beharko genuke ikasleekin, eta pixkanaka garatzen joan.
Lehen Hezkuntzan espezialista zara. Etapa horri begira, LHn hainbat ikasle etxean konfinatuak dituzten irakasleei zein jarraibide eman geniezazkieke IKTak hobeto erabiltzeko?
Nire ustez etapa honetan zailagoa da teknologiek eskain diezaguketena ondo baliatzea. LHko ikasleek behar handiagoa daukate gelak eskaintzen dien sozializaziorako eta euren ikaskuntzaren oinarri handienetakoa taldea da. Etxean daudenean taldean ikastearen esperientzia galdu egiten dute, eta taldean bizitzeko aukera gabe gelditzen dira, adin horretan zaila baita taldea online formatuan indartzea. Etxean daudenekin bilera bat egitea aproposa litzateke, gutxienez ikasleen arteko elkarbizitza mantentzeko, baina argi izan behar dugu ikasleentzat ez dela gauza bera izango.
LHko ikasleak etxean daudenerako material esanguratsua prestatu beharko genuke, eta bereziki garrantzitsua iruditzen zait etxean dauden ikasleen jarraipena egitea, ez utzi materiala eman eta euren kabuz egin dezaten lan. Eta zehaztu behar da, jarraipena egitea ez da bidalitako fitxak bete dituen eta ondo bete dituen zuzentzeko jarraipena egitea, hori baino garrantzitsuagoa iruditzen zait etxean dagoen umea nola dagoen jarraipena egitea, eta ahal bada, momentu jakin batean gela osoarekin konektatzea interesgarria izan liteke, baliabideak baldin badaude. Adibidez, 20 minutuko bideo-dei bat egitea ez litzateke zaila izango.
Egun batetik bestera, ia bat-batean, haurrak eta irakasleak etxetik hasi ginen lanean. LHko lehen mailetan bereziki, eta Haur Hezkuntzan zer esanik ez, ez ote genuke haurrekin aurrelan bat egin beharko pantailen aurrean jarri aurretik? Ba ote dakite aurrez aurreko komunikazioa eta online bereizten?
Curriculumean badago komunikazio digitala, baina zeharkako moduan, eta denok dakigu zer gertatzen den zeharkako konpetentziekin eta edukiekin. Landu egin behar da online komunikazioa zer den, online elkarbizitza, online errespetua... eta hori modu praktikoan landu behar da haurrekin, kontua ez da txapa bat ematea. Gauza bera gertatzen da autonomiarekin ere: landu egin behar da; pasa gara umeak irakaslearen laguntzarekin gelan fitxa bat egiten edukitzetik, eta ondoren denen artean zuzentzetik, bat-batean, fitxa emailez jaso eta euren kabuz eta bakarka egin behar izatera. Ikaragarrizko heldutasuna eta ardura eskatu dizkiegu haurrei, ikaragarrizko autonomia eskatu diegu, edukiak euren kabuz lantzeko gaitasuna edukitzeaz gain, denborak kontrolatzeko eta aldi berean beste gauza asko egiteko eskatu diegu onlinera pasa garenean... eta hori guztia ezin da bat-batean egin, gelan txiki-txikitatik ikasketa-prozesu autonomo horrekin hasten ez bazara. Txiki-txikitatik asteko lanak kudeatzeko aukera ematen badiegu ikasleei, esate baterako, errazagoa izango da gero modu autonomoan lan egiteko gaitasuna edukitzea. Gauza bera gertatzen da online talde-lana egin nahi badugu edo komunikazioa bermatu nahi baldin badugu, txikitatik hori guztia landu egin behar da ikasleekin.Kontua da, horretarako, irakasleok formazioaz gain, denbora behar dugula. Arazoa da ez dugula eduki horretarako prestatzeko denborarik eta oraindik ere ez daukagula, egoerari ahal izan dugun moduan erantzuten aritu baikara eta ari baikara une honetan ere irakasleak, ikaragarrizko lana eginez.
Konfinamenduaren aurretik, haurrei pantailak ahalik eta gutxien eskaintzen saiatu gara eta itxialdian eta hurrengo hilabeteetan, pantailen aurrean denbora luzez jarri genituen haurrak. LHko haurrak bereziki, baina baita helduagoak ere, pantailen aurrean jartzen ditugunean, seguru daude? Gaiaz tesia egin zenuen.
Ez, ez daude seguru, eta pantailen aurreko segurtasuna kontuan hartzen ez den beste gai garrantzitsu bat da. Nire tesiaren muina, hain zuzen ere hori da. Pantailen aurreko segurtasuna zaintzearen gaia, gainera, ez da curriculumean aipatu ere egiten. LHko curriculumean zeharka aipatzen da ikasleek IKTak modu seguruan erabiltzeko gaitasuna izan behar dutela, baina eduki zehatzetan ez da sartzen, ez arriskuei buruz, ezta nortasun digitalari buruz ere ez da ezer aipatzen DBHko 3. mailako curriculumera arte. Eta 8-9 urterekin, dagoeneko, chromebook bat edo antzeko beste gailu bat ematen diegu eskolan erabiltzeko, eta 11 urterekin ikasle askok, ez badira denek, mugikor propioa daukate. Beraz, 14 urterekin arriskuei buruzko lanketa bat egitea ez da batere baliagarria. Nire ustez, eta nire esperientziaren arabera, askoz lehenago egin behar da haurrekin lanketa bat, hitz egin behar da haurrek zer egiten duten Interneten, zertarako erabiltzen dituzten pantailak, zer-nolako bizipenak dituzten, zer gertatu daitekeen... hori guztia euren hizkuntzara eta euren hausnarketa gaitasunera egokituta azaldu behar zaie, modu praktikoan. Horri guztiari buruz hitz egin behar da, bai ala bai, eta eskolan ere bai. Eskolak ezin dio bizkarra eman bere ikasleen errealitate birtuala. Kontua da pantailen erabileraren ordu kopuru handiena aisialdiari dagokiola, eskolatik kanpo dagoela, eta beraz, ez gara horretan sartzen.
Eskolako erabilerari dagokionez, segurutzat joko nuke; eskolan daudenean informazioa bilatzen dute Interneten edo talde-lanerako erabiltzen dute ordenagailua, baina beti kontrol baten barruan egiten dute, irakaslea dago ikasleen pantailak begiratzen, eskolak baditu bere filtroak eta bere segurtasun kontuak. Gero, ordea, kalera edo etxera doaz eta erabilera oso intimoa egiten uzten dien gailu mugikor bat daukate 11 urtetik gorako gaztetxo ia gehienek.
Eta nola egin beharko genuke lanketa hori? Espezialista batek joan beharko luke ikastetxera tailer bat egitera ala irakasleek egin behar dute?
Oso zaila da horri erantzutea. Egokiena irakasleek euren ikasleen errealitate birtuala ezagutzea litzateke eta inolako arazorik gabe gelan horri buruz hitz egiteko prest egotea.
Irakasleez ari zarenean, tutoreaz ari zara edo orokorrean?
Orokorrean. Ingeleseko orduan hasten badira hitz egiten ez dakit zer taldetan irudi batzuk bidaltzen ari direlako, irakasleak, beldurtu beharrean, eskuak burura eraman beharrean eta korrika zuzendaritzara joan beharrean, gaiari heldu beharko lioke, “aizu, hau da nire ikasleen errealitatea, eta galdetuko diet gaiaz”. Ikasleek eurek gertatzen ari denaz hausnartzeko moduko galderak egin behar dizkiegu: “Zergatik bidaltzen dituzue irudi horiek? Zer sentitzen duzue irudi horiek jasotzean? Zein da zuen erantzuna? Eta zein izan beharko litzateke zuen jarrera?”. Hortik tiraka, errealitate hori pixka bat gehiago ezagutzea lortuko genuke eta eurei euren errealitateaz hausnartzeko eta hortik mezu bat ateratzeko aukera eskainiko genieke. “Jasotzen ditugun mezuak ez baldin bazaizkigu gustatzen, agian kate hori moztu egin behar dugu, edo salatu egin behar dugu edo talde horretatik atera egin behar dugu eta heldu batengana joan behar dugu laguntza eskatzera”. Hori guztia atera behar dugu galderen bitartez. Baina hori egin beharrean, beste aldera begiratzen dugu, helduoi beldurra ematen digulako errealitate horrek. Zergatik? Hasteko, ez dugulako ezagutzen eta ez dugulako kontrolatzen. Ondorioz, eskuak burura eraman eta korrika zuzendariarengana joaten gara, eta haren erantzuna askotan gurasoei abisatzea edo zigorren bat ezartzea izaten da, egoeraren arabera. Horrekin zer lortzen dugu?
Behin ikastetxe batean Interneteko segurtasunaren inguruko lanketa bat egiten ari ginela, 5. mailako neska batek esan zidan ezezagun batek Instagrametik mezuak bidaltzen zizkiola: “¿Qué llevas puesto hoy? Tengo aquí algo duro para ti”… Maila horretako bizpahiru mezu jaso zituenean beldurtu egin zela kontatu zidan. Ni egun batean joan nintzen eskolara, eta gelakide guztien aurrean kontatu egin zidan. Kontua da ni gaiaz hitz egitera, entzuteko prest eta interesarekin sartu nintzela gelara, eta jarrera horrekin zoazenean, LHko haurrak hitz egiteko prest agertzen dira. Orduan nik neska horri galdetu nion ea zer egin zuen, 10-11 urterekin gurasoengana joko zuela pentsatu nuen, baina berak esan zidan ahizpari laguntza eskatu ziola erabiltzaile hori blokeatu eta mezu gehiago ez jasotzeko. Gurasoei esan ote zien galdetu nion; “ez, ze amatxori kontatzen badiot haserretuko da eta mobila kenduko dit”, erantzun zidan. Neska horrek, ordea, ez zuen okerreko ezer egin, izatekotan biktima zen bera.
Helduok gure erantzunak neurtu egin behar ditugu eta, batez ere, gaiaz hitz egiteko beldurra kendu behar dugu. Beste adin batzuetan eta beste maila batzuetan agian zailagoa da, baina Lehen Hezkuntzan oso gai gara haurrei laguntzeko, bai irakasleak eta bai gurasoak. Azken batean, mundu birtualean ematen diren arriskuen eta egoeren oinarrian pertsonak edo pertsonen asmo txarrak daude, eta horri buruz helduok badakigu, zoritxarrez. Badugu esperientzia hori eta badakigu noraino iritsi daitekeen pertsona bat eta zer-nolako mina egin dezakeen, eta min hori saihesteko zer-nolako estrategiak behar ditugun ere badakigu eta badakigu, baita ere, nola indartu behar dugun, adibidez, gure autoestimua min hori saihesteko. Horretan guztian berdin-berdin da aurrez aurreko bizitzan eta online bizitzan.
Baina diferentzia handi bat dago: online bizitzan helduok ez ditugu gailuak hainbeste ezagutzen.
Zaila da haurrei elkarbizitzen erakustea euren testuingurua ezagutzen ez badugu, baina gidalerro batzuen laguntza eskaini dezakegu, eta laguntza baino gehiago, senti dezakete gertu gaudela, eta arazoren bat izanez gero, hor gaudela eta etor daitezkeela guregana. Zeren guri berdin digu Instagram, TikTok edo bihar aterako den aplikazio bat izan, gure ikasleak mehatxuak jasotzen ari dela esaten badigu, guregana etortzeko konfiantza baldin badauka, berdin dio mehatxu horiek zein tresnaren bidez jasotzen dituen, baina martxan jarriko gara eta hitz egingo dugu hitz egin behar denarekin.
Askoz errazagoa da tresna ezagutzen badugu, era horretan, behintzat, ulertuko dugulako tresna horrek zer sentiarazten dion haurrari. Nik askotan egiten ditut lanketak gurasoekin, eta hitz egiten dugu Instagrami buruz eta Instagramek daukan indarraz. Heldu askok ez dute ulertzen adin txikikoentzako zeinen garrantzitsua den Instagramen argazki bat argitaratzen dutenean like-ak jasotzea, eurentzako munduan dagoen gauzarik garrantzitsuena da. Like kopurua berdinen arteko onarpen-maila bezala ezarri da. Instagram inoiz erabili gabe hori ulertzea oso zaila da. Nik erabiltzen dut Instagram; heldua naiz eta ez zait eguna aldatzen 10 edo 60 like jasotzeagatik, baina aizu, 60 like jasotzen ditudanean gustatzen zait. Hori heldu bezala gertatzen bazait, ulertzen dut 11 urterekin gertatzen denean senti dezaketena, momentu horretan berdinen artean onartua izatea eta berdinei gustatzea ezinbesteko baldintza baita. Orain, ez baduzu hori inoiz bizi izan, zaila egingo zaizu zure ikaslea edo seme-alaba ulertzea.
Eskolak ezin du, beraz, esan, “hori beste mundu bat da” eta ikasleak alor horretan hezi gabe utzi?
Irakasleok —eta gurasoek— ez baditugu hezten haurrak eta nerabeak eurentzat hain inportantea den errealitate horretarako, beste batzuek heziko dituzte gure ordez. Gure ikasleak Youtuben daude eta youtuber horiek euren eredu dira eta kopiatu egiten dituzte. Helduak ez gara oso kontziente haurrak youtuberren bitartez zein eredu ari diren kontsumitzen.
Denok eduki ditugu ereduak haur edo nerabe izan garenean, baina garai batean gutxiago ziren eta eredu horiek gehiago kontrolatzen genituen. Beti adibide bera jartzen dut: 12 urterekin Spice Girls ziren nire eredu, baina nire amak bazekien nortzuk ziren eta kontrola zitzakeen Spice Girls kontsumitzeko nituen bide guztiak —CDa etengabe, tarteka telebista eta aldizkariren bat—. Gainera, tarteka, nire ondora etorri eta esaten zidan, “aizu, hauek ez daude beti hain guapa e!”; “Koreografia egiten dutenean oso zoriontsuak dira, baina bizitza ez da beti horrelakoa”. Baina gaur egun Youtubeko ereduen kontsumoa hain da altua, hain da ezberdina eta, gainera, hain indibiduala, kontrolatzea zaila dela helduontzako. Oso tarteka galdetu diezaiekegu ea ze youtuber ikusten duten, edo ondoan jarri eta komentatu zerbait. Eurentzako eredu dira, eta hori kopiatzen saiatzen dira.
Hortaz, gailuak kontrolatzen tematu beharrean, ikasleekiko konfiantza lantzen saiatu beharko genuke gehiago?
Bai, edo bestela, galduta gaude. Guretzako garrantzitsuak direla sentitzeko beharra daukate gure ikasleek, eta egiten dutena guretzat ere interesgarria dela ikusi nahi dute. Fortniten nola jolasten den galdetzen badiozu, oso gustura azalduko dizu; gustatu egiten zaie helduei euren intereseko gauzak azaltzea. Baina helduok ez dugu galdetzen, ez dakit beldurragatik den; denbora faltagatik den; interes faltagatik den... Ikusten dugu hori euren mundua dela baina gurea ez... baina, aldi berean, gure adin txikikoen mundua gurea izan beharko litzateke.
'Fortnite' aipatu duzu eta gauza bera gertatzen da hainbat youtuberrekin, haurrentzat nahi ez ditugun balioak zabaltzen dituzte. Zerbait ona atera genezake haur eta nerabeek kontsumitzen duten online mundutik?
Badago bai. Pantailen bitartez harremanetan ari dira jendearekin, eta hori beti da aberasgarria, ez badago asmo txarrik behintzat bai. Jolasten aritzeak, nahiz eta edukia ez izan hoberena, kognitiboki aktibo mantentzen ditu, jolastea ariketa kognitibo bat baita, etengabe estrategiak pentsatzen ari dira, azkar pentsatzen ohitzen dira... Alde horretatik ez ditugu jolasak X batekin ezabatu behar. Fortnite, adibidez, adiktiboa dela esaten dute, baina jolas guztiak dira, berez, adiktiboak. Oso ondo egina dagoen jolasa da, grafikoki ere oso indartsua da, baina edukia eta mezua gogorrak dira, “denak hil behar dira”. Arazo handia izaten ari dena da oso ume txikiak ari direla eurentzako pentsatua ez dagoen joko honetan jokatzen, ez baitira gai jokoak sortzen dituen emozioak kudeatzeko.
Itxialdian gertatu zen: eskolak jasotzeko pantaila aurrean jarri genituen haurrak; gero, pantaila aurrean egin beharreko etxeko lanak izaten zituzten askok, eta ondoren, lagunekin erlazionatzeko, berriro ere, pantailetara jotzen zuten... Badago estipulatua zenbat ordu diren osasuntsu eta zenbat bilaka daitezkeen osasunarentzako kaltegarri?
Ebidentziak jasotzeko beharrik gabe esan genezake haurrek pantaila aurren pasatzen duten ordu kopurua igo egin dela. Baina, era berean, ez nuke alarma joko. Oso egoera bitxia bizi izan dugu, entzerratuta egon dira etxean umeak! Gakoa izango da gure errealitatea berreskuratzen dugunean ea hainbeste pantaila kontsumitzen jarraitzen dugun ala ez.
Irakasleek eurek nabarmendu duten beste ahulgune bat zera izan da, itxialdi garaian eta teknologia berrien bidez, klase magistraletara itzuli garela. Edukiei garrantzi itzela eman zaie eta aspaldian baztertuta zituzten askok ere fitxak bidali dizkiete ikasleei
Bai, hala izan da. Eskola magistraletara eta fitxetara bueltatuta urtetako diskurtso praktiko-esanguratsu eta esperientzial hori guztia galdu egin dugu bidean. Zergatik? Hasteko, formakuntza faltagatik, online-lan ohituren faltagatik eta material faltagatik. Jarduerez gain, estrategiak falta izan zaizkigu. Gure ikasgelan, aurrez aurre, ikasleen parte-hartzea bultzatzeko estrategiak eta jarduerak prestatuak ditugu, baita eztabaida bat sustatzeko estrategiak ere, edo taldeka lan egiteko... Baina hori guztia onlinera eramatean, ez dugu asmatu, onlineak oso ezaugarri bereziak dituelako eta beste estrategia batzuk behar direlako. Jakin behar dugu, esate baterako, onlineko eztabaida baterako zer den egokiagoa, zuzeneko saio bat, foro bat edo anonimoki erantzuteko aukera ematen duen tresnaren bat... Ez dakigu, ez baitugu aurrez inoiz egin, eta ez dugu horri buruz hitz egin eta irakasle bezala ez dugu horri buruz hausnartu. Kaos horretan zer dakigu egiten online? Bada txapa bota. Eta hori egin dugu.
Irakasle bakoitzaren lana izan beharko litzateke, une honetan, online-eszenatokiko materiala, estrategiak eta baliabideak prestatzea? Ez ote dago materiala biltzerik eta irakasleen lana modu kooperatiboagoan sustatzerik?
Bai, egon beharko luke. Irakasle asko ari dira materiala sortzen eta, gainera, sortzen dutena partekatzen. Baina bakoitzak gaitasuna eduki behar du material hori guztia bilatzeko, aurkitzen duenarekin kritiko izateko... Internetek daukan gauza on bezain txarra da dena dela asko. Eta informazio hori guztia kudeatzea oso zaila dela. Estrategia bat izan daiteke zentroka lan egitea. Eskola batean sortzen den materiala, esate baterako, arduradun batek filtratzea eta nonbait eskuragarri jartzea eta irizpide zehatz batekin sailkatzea. Lanak bana ditzakegu, eta eskolan ez badago denborarik zerbait sortzeko, edo gaitasun digitala mugatua bada, beste aukera bat izan daiteke beste eskoletan zertan ari diren ikustea, edo sarean zein baliabide dauden bilatzea... Baina, une honetan, horrela lan egitea amets bat da.
Hitzaldian esaten zenuen, ohiko irakaskuntza kolokan jarri duela itxialdiak. Hainbesterako izan al da?
Maila batean bai. Kolokan jartzeak eskatzen digu esertzea, hausnartzea eta hobetzen saiatzea. Gaitasun digitalari begira, batez ere kolokan jarri gaitu pertsona bezala, ikasle bezala, irakasle bezala... Uste genuen oso digitalak ginela, baina argi geratu da ezetz.
Beste alde batetik, esaten dugu ikasleen autonomia eta hausnarketa kritikoa defendatzen ditugula, baina kasu askotan ikusi da hutsuneak ditugula. Ikusi dugu zeinen garrantzitsuak diren, baita ere, emozioak eta emozioen kudeaketa. Emozioek lekua behar dute eskolan. Kolokan jartzeaz ari naizenean, horri buruz ari naiz. Ez dut esaten eskola gaizki ari denik, eskola ahal duena egiten ari da eta ahalik eta ondoen, baina ahulguneak ikusi dira eta hortik ikasteko baliagarri izan behar du bizi izan dugun esperientziak.
Inklusioa, berdintasuna... teknologiek lagundu dezakete eskola hobetzen?
Bai, inklusioaren kasuan aukera pila bat daude. Ikaskuntza ikasle bakoitzaren erritmora egokitzeko abantaila handiak eskaintzen dizkigu teknologiak edota ikasketa behar bereziak dituztenei erantzuteko baliabide eta proposamen ugari. Adibiderik sinpleena da ikusmen arazoak dituen ikasleari testuko letra handitu ahal diogula, edo kontrastea aldatu, irakurketa errazteko. Zertxobait sakonduz gero, konturatuko gara, besteak beste, autismoa duten ikasleekin komunikatzeko tabletek zer-nolako aukerak eskaintzen dituzten.
Arrakala digitala ere agerian gelditu da. Haur askok ez daukate aski baliabide teknologikorik etxean.
Egia da arrakala digitala dagoela eta horrekin kontuz ibili behar gara, alde handia dago ikasleen artean, teknologiaren eta gaitasun digitalen parte handi bat etxean egiten da, eta etxean ez baldin badaukazu baliabiderik, hankamotz gelditzen zara. Eskolak hori aintzat hartu beharko luke, eta kudeatzen saiatu.
Asko zentratu gara baliabideetan, etxe askotan ez dagoelako baliabide teknologikorik. Baina arrakala hori baino gehiago da: etxean laguntza eduki duten ikasleak izan ditugu, eta jarraipena eduki dutenak, baina eduki ditugu, baita ere, jarraipenik eta laguntzarik jaso ez duten ikasleak. Izan daiteke gurasoek ez dutelako menperatzen hizkuntza, edo ez dutelako menperatzen edukia edo ez direlako etxean egon, lanean aritu direlako. Berdintasunari eta inklusioari buruz ari garenean, oso kontuan izan behar ditugu tresnak, baliabide teknologikoak behar dira eta horri erantzun zaio neurri handi batean, baina beste hutsunea ere oso handia izan da. Kontuan izan behar da, baita ere, etxe askotan norbait gaixo egon dela eta horrek baldintzatu egin duela ikasleen errendimendua. Nola erantzun zaio horri guztiari? Arretarik jarri al diogu egoera horri? Humanismo hori galdu egin dugu, abiadura handiegian goaz eta askotan ahaztu egiten zaigu ikasleak ere pertsonak direla, bizitza dutela eta, batez ere, horrelako egoera batean oso kontuan izan beharko genuke puntu hori. Ikasleekin konektatzen garenean, zergatik ez hasi elkarrizketa zer moduz dauden galdetuz? “Zer moduz familia? Zer moduz daramazue etxean egotea? Zerk kezkatzen zaituzte?”. Gehiegi zentratu gara edukietan eta ebaluazioan.
Eta hausnartu al dugu nahikoa itxialdian zehar eta, orain ere, zenbat informazio eman diegun Google bezalako talde handiei eta horrek zer ondorio izan ditzakeen?
Dena eman diegu, eta horrek zer pentsatua eman beharko liguke, baina iritsi dira iraila eta urria eta abiadura azkarregian goaz gaiari buruz gelditu eta hausnartzeko. Googlek oso baliabide sinpleak sortzen asmatu du, itxuraz oso antzekoak direnak, eta ondorioz, tresna batekin trebatzen zarenean besteak erabiltzea oso erraza egiten zaizu. Eta hori, bizi dugun kaos honetan laguntza handia da. Baina pentsatu behar dugu zer dagoen horren atzean, eta ez dugu pentsatzen, eta tresna hartu egiten dugu. Are gehiago, orain Eusko Jaurlaritzak babesten du tresna hori. Eskolak software librearen aldeko filosofia indartsu bat izan beharko luke, nire ustez, hezkuntzaren oinarriak eta software librearen oinarriak bat datozelako. Software librearen oinarriak eta tresnak bilatu egin behar dira, ez datoz munstroak bezala gure etxera barruraino.