Iñigo Astiz: "Ez diogu geure buruari jolasten jarraitzen uzten"
Haurrentzat argitaratu duen lehenengo liburuarekin Euskadi Saria jaso du Iñigo Astizek, Maite Mutuberriak ilustratu dion 'Joemak eta Polasak' (Elkar) poemario bihurriarekin, hain zuzen ere. Jolaserako deia egiten du liburuan eta baita elkarrizketan ere. Bigarren liburua atera berri du: 'Haserrea', emozio horren konplexutasunean arakatuz.
Seme-alabak Joemak eta polasak irakurtzen ari ziren bitartean barrez lehertzen agertzen ziren bideoak bidali dizkiote lagunek Iñigo Astizi (Iruñea, 1985) eta hori Haur eta Gazte Literaturako Euskadi saria adinako gorazarrea izan da egilearentzat, orain haur baten aita bada ere (eta bidean da bigarrena), ezezaguna zuen publiko batengana gerturatu baita estraineko aldiz, helduentzako bi poema-liburu (Baita hondakinak ere eta Analfabetoa) eta kronika lanak argitaratu ostean Berria egunkariko kultura kazetaria.
Nola hasi zinen haurrentzat poesia idazten. Non dago dago 'Joemak eta Polasak'-en abiapuntu?
Aspaldi banituen idatziak poema batzuk haur eta gazteentzako modukoak izan zitezkeenak, eta Behinola aldizkariak atera zituen 6-8 poema haiek. Poema solte batzuez aparte, hori izan zen nire lehenengo publikazioa. Eta orduko poema haietako batzuk iritsi dira Joemak eta Polasak- era. Beti eduki dut poema jostariak idazteko joera.
Asko azkartu zuen prozesua nire lagun min bat ama izatear zela jakin nuenean. Berari ere gustatzen zaizkio jolasak eta poema jostariak eta hari irribarre bat ateratzeko poemak idazten hasi nintzen. Banekien estu zebilela, eta zaila izan daitekeela amatasunarena lehen kolpean irensteko, eta animatzeko asmoz, esnea ematen zebilenean eta umearekin lo gutxi egiten ari zen garaian, irribarre egiteko poemak bidaltzen nizkion Whatsapetik. Poema mordoska bat pilatu nituenean, 40 inguru, politak zirela iruditzen zitzaizkidan eta argitaletxeari bidali nizkion esanaz ea interesatzen zitzaizkien. Eta gero Maite Mutuberria batu zen proiektura, eskolatik ezagutzen dugu elkar, 6 urtetatik 16 urtetara elkarrekin ikasi dugu, eta batera lan egin dugu lehenago; unibertso konpartitu bat bagenuen eta horrela osatu zen liburua.
Azpimarragarria da zeinen bihurria den liburua…
Bai. Liburu honetan inoiz baino gehiago sentitu dut ni nintzen ume hori bizirik. Espiritu horrekin idatzia dago, ume nintzenean egiten nituen marrazki eta poemetako grina berarekin atera dira poema hauek. Oso poema ergelak dira batzuetan, broma batzuk niri bakarrik egingo zidatela grazia pentsatzen nuen, baina, era berea, niri grazia handia egiten zidatenez, idazten jarraitzen nuen eta ikusi dut uste nuena baino zabalduago dagoela nire ume bihurriaren umore hori eta jende gehiago sartu dela jolasean.
Liburuan jakin-min handia dago, araua zein den jakin eta tranpa nola egin. “Nola idazten da liburu bat?” “A, horrela, bada bilatuko dut zirrikitu bat nola egin tranpa eta sorpresa bilatzeko”. Apurketa izan gabe, zirrikitu baten bila ibili naiz idazten; arauak guztiz ezarrita ez baleude bezala jokatu dut, malguak balira bezala.
Zuk poesia eta jolasa batu dituzu, baina batek esan dezake, "poesia ez al da zerbait sublimea, serioa?" Badago poesiarekiko ikuspegi hori, ezta?
Hori alde guztietan dago; poesia idazten duzunean borrokatu behar duzun estereotipo nagusietako bat hori da. Orokorrean poesia idazten duzunean, eta bereziki dibertitzeko moduko poesia idazten duzunean, apurtu behar duzun horma handi bat da hori. Baina, kasu honetan, ikuspegi horrek gure alde jokatu duela uste dut. Jendeari esaten diozunean, “poema liburu bat da”, bizkarra zuzen-zuzen, ipurdia estu-estu, ahotsa sendo jartzen du eta “irakurriko dut” esaten du, eta irakurtzen duenean esaten du: “ze txorrada klase da hau; txiste bat da!”. Orduan gorputzak estuasun horretatik kolpean relaxera aldatzen du eta bat baino gehiago harrituko zen bere burua poema liburu batekin barrez entzunda. Poesia urrun sentitzen zuten irakurle batzuek sorpresa handiagoa hartu dute.
'Baita hondakin ere' eta 'Anafalbetoa' poema liburuen kasuan, helduentzako serioago idatzi duzu, nahiz eta ironia presentea dagoen...
Ez dut hain argi ikusten. Lehenengo poema liburuan, Baita hondakinak ere liburuan, bazegoen Joemak eta polasak liburuan sartzeko zorian eduki dudan poema bat, eta liburu hori irekitzen duen poema, hain zuzen ere, Fernando Pessoari egindako broma batekin hasten da; bazegoen osagai ludiko bat lehenengo liburu horretan. Analfabetoa eta Joemak eta Polasak aldi beretsuan sortu direnez banaketa egon da: umorea zeukaten poemak Joemak eta Polasak-en aldera erori dira, eta umorerik ez zutenak Analfabetoa liburura erori dira. Liburu horrekin oso pozik nago, baina faltan botatzen dut puntu ludiko hori. Uzten duten inpresioa baino umore gehiago dute helduentzako liburuek ere.
Sorkuntzak zenbat du jolasetik zuretzat?
Asko. Uste dut sorkuntzaren abiapuntua jolasa dela. Gauzarik terribleenak idazten ditugunean ere alfabeto mugatu batekin konbinazioak egiten ari gara. Beti dago espiritu ludiko bat, guztiaren hasieran. Beste kontu bat da espritutu horrek hartzen duen izaera dibertigarri bat edo izaera iluna hartzen duen. Baina ilunenean ere beti dago erabaki eta puntu bat ludikoa, esate betarako, bertsoa non apurtuko duzun erabakitze hori ez da zurruntasunetik hartzen den erabaki bat, baizik eta jolasetik, ziurgabetasunetik. Poema dibertigarriak idaztea, noski, jolasaren putzuan plisti-plasta ibiltzea da, baina beste poema klaseak idazten ere beti dago jolas-tanta bat.
Zure hitzetan bezala, poemetan ere badago jolasaren aldarrikapen bat, baina helduz goazen neurrian, jolasteari uzten diogu. Zu jolasera itzuli zara?
Nik ere utzi diot, neurri batean, jolasteari; marrazteari utzi nion, esate baterako. Lehen asko marrazten nuen eta, orain, oso gutxi. Jolasa, zabal-zabalik hartuta, ezagutzarako sekulako tresna da umetatik hasita, jolasten ikasten da; jolasten harremanak sortzen dira; jolasten arauak ezagutzen dira; jolasten norbere nortasuna eraikitzen da… Gauza horiek guztiak oso argi ikusten ditugu umearen bueltan gabiltzanok, baina, gero, momentu batetik aurrera, gaizki ikusia dago jolasa. Heldu bat jolasten ikustea gaizki ikusia dago. Helduak ezkutaketan imajinatzeak barregura ematen digu, eta aldiz, segur aski oso dibertigarria izango litzateke, beste maila batera iritsiko bailitzateke jolas hori, berehala.
Joxean eta Jexux Artzek txalaparta jotzeari buruz zera kontatzen zuten: beraiek txalapartariei ikusiz ikasi zutela batak besteari erantzuten, gertatzen dena da beraien irakasle izandako txalapartariek urtean 5 edo 10 egunez joko zutela txalaparta, beraiek ordea, egunean 8 orduz jotzen zuten. Momentu batean beraien irakasleek jarritako mugetara iritsi ziren, eta beren irakasleen arau eta muga haietatik beste leku batzuetara eraman zuten txalaparta, aritze hutsagatik eta jolaste hutsagatik. Arau horietatik abiatuta, esploratzen, beste leku batzuetara iritsi ziren. Jolasarekin ere antzera gertatzen da. Ez diogu geure buruari jolasten eta esploratzen jarraitzen uzten, ordea; eta auskalo noraino iritsiko ginatekeen! Sozialki gaizki ikusia dago jolastea, denbora galtzea da. Oso garrantzitsua eta emankorra izan den gauza bat, bat-batean, denbora galtzea bihurtzen da. Nola da hori posible? Adin batetik aurrera irakasleak esango dizu, “ezin da jolastu, utzi marrazteari…”. 5 urte lehenago “ze interesgarria”! esaten dizun figura horrek berak, irakasleak, geroago moztu egiten dizu bide hori.
Niretzat oraindik jakintza eta ezagutzarako oso tresna interesgarria da jolasa.
Maite Mutuberriak ere marrazkiak egitean jolastu egin duela dirudi... Bere marrazkiak, oro har, oso jostariak dira beste liburu batzuetan ere, baina, poemario honetan, Maite Mutuberria umeago bat dagoela esan liteke?
Nik uste dut baietz. Asko ezagutzen dut Maiteren lana, eta liburu honetan ere oso zorrotza eta zehatza da, baina liburu honetara arte egiten zuen lanean, nik uste dut gehiago pentsatzen zuela lanaren azken emaitzan, prozesuan murgiltzean baino. Liburu honetan uste dut erabaki zuela prozesuan murgiltzea eta zirriborro puntu hori uztea. Maitek koaderno pila bat betetzen ditu ariketekin, jolasekin eta esperimentuekin, baina ilustraziorako jauzia egitean, atzera uzten ditu koaderno horiek eta “serio” jartzen da. Baina, kasu honetan, hasierako koaderno horietan gelditu zen. Lehenengo zirriborroa bidali zidanean berehala deitu nion, mesedez, hortik jotzeko esanaz, “bai, Maite, mesedez, jarraitu hortik, segi, sinetsi egiten ari zaren horretan”. Berak esan du liburua egitean ez zela saiatu "ongi" egiten, baizik eta "zoriontsu", eta niretzat hori lanaren oso definizio polita da.
Zer-nolako publikoa da umeena?
Deskubritu berri dudan bat, ez nuen ezagutzen. Nik poema hauek nire lagunarentzat eta nire umore ergelaren antzekoa duten beste lagun batzuentzat idatzi nituen. Niretzat haurrak eta gazteak misterio ikaragarri bat ziren, ez neukan ideiarik ere interesatuko zitzaien ala ez; ez neukan inolako arrastorik eta, gainera, ez nuen inolako esfortzurik egin jakiteko. Halako fede bat izan nuen niri grazia egiten bazidan eta izan nintzen ume horri grazia egiten bazion oraindik ere, besteei ere grazia egingo ziela idatzitakoak. Gero, oso polita izan da behin liburua atera denean, baietz, haurrei gustatu zaiela ikustea. Lagunek bideoak bidali dizkidate beraien seme-alabak liburua irakurtzen eta barrez lehertzen negarrez. Aita eta semea ohean irakurtzen, "ispipilu bat apupurtu zitzaidan popoema honetan…" esan eta haurra barrez lehertzen… Ikaragarrizko satisfazioa eman dit publiko hori deskubritzeak eta ni bezalako umeak edo ni bezalako helduak daudela ikusteak.
Askotan uste dugu haurrak irakurleak “baina” askorekin direla, eta kontrakoa da: irakurle oso-osoak dira, peto- petoak. Askotan ume horiek beren gurasoek baino askoz gehiago irakurtzen dute. Liburu ilustratuak izango dira, baina literatura kontsumitzeko joera eta behar handia daukate.
Prozesu honetan zure aitatasuna ez da aipatzen, liburua idaztean ez zinen aita, beraz?
Ez, ez nintzen aita, liburua idazten ari nintzela gelditu zen nire bikotekidea haurdun, baina ez, ez dago aitatasunetik idatzia. Lagunek esaten didate, “orain irakurriko diozue Lizarri —gure umeari—“ eta nik argi daukat ezetz, nola irakurri behar dizkiot nire umeari nire poemak? Irakurriko ditu bere momentuan nahi badu, baina nire poemak nire umeari irakurtzea lizuna iruditzen zait [barrez].
Ez zegoen ekuazioan. Ipuin pila bat irakurtzen dizkiot umeari eta gozada bat iruditzen zait, baina ez nuen beretzako idatzi.
Aitatasunak eragin dizu sorkuntzan?
Bai, besteak beste, denbora geldo eta alper asko desagerrarazi dit. Asperdura desagertu egin da nire bizitzatik, eta asperdura sorkuntzarako oso puntu inportantea da.
Ama askok esan izan dute guraso izan eta idazteari/musika egiteari/sortzeari uzteko zorian egon direla denbora faltagatik, baina, era berean, beraientzako ikaragarrizko beharra izan dela idaztea edo dena delakoa sortzea, lehenago ziren emakume sentitzeko berriz. Aita baten kasuan, nolakoa da sorkuntzarekiko harremana aita izan ondoren?
Uste dut hori umearekiko duzun zaintza-harremanaren araberakoa dela eta, kontua da, gure gizartean amek hartzen dutela pisu horren zama. Gure kasuan, ni egon naiz eszedentzia hartuta txikia zaintzen eta oso konpartituk dugu zaintza. Beraz, nire esperientzia emakume sortzaileek dioten horren antzekoa da. Ez da bakarrik denbora falta zaizula, denboraren kualitatea ere erabat aldatzen da.
Nik oso aktiboki pasa dut bizitza erdia esanaz ez nintzela aita izango; aita izatearen nire irudia apokaliptikoa zen, “ez dut irakurriko gehiago eta ezingo dut idatzi gehiago”, pentsatzen nuen. Sorpresa handia izan zen umea jaio berritan liburuak irakurtzeko aukera banuela ikustea. Nekatuago eta kontzentrazio askoz gutxiagorekin, baina tarte batzuk topatzen nituen. Gero, umea hazi ahala tarte horiek desagertzen joan dira. Irakurtzeko denbora desagertu da ia eta, zer esanik ez, idazteko denbora. Denbora hori dena desagertu egiten da; nik ez dut topatzen behintzat. Harago, lanetik kanporako edozein denbora propio topatzeko egiten dugun esfortzua —bikoteak ere egin behar du esfortzua besteak denbora izan dezan— oso zaila da, eta nik ez dut lortu bi urte eta erdian niretzako denbora edukitzea errurik gabe. Hori zaintzarekiko hartzen duzun posizioari oso lotuta dago, noski gehienbat emakumeak daude posizio horretan, baina aita izanda sozialki ama izatea erabakitzen baduzu, galderan aipatzen duzun horren antzeko esperientzia biziko duzu.
Umeari irakurtzen diozula esan duzu. Hori ere mundu berri bat izango zenuen?
Erabat. Gauero irakurtzen diogu, eta nik neuk asko gozatzen dut umeari ahoz gora irakurtzen. Eta ikusten duzu umeak ere gozatu egiten duela eta batzuetan ikusten duzu aspertu ere egiten dela, eta hori ere ikaste prozesu bat dela, hau da, literatura irakurtzea ez dela beti dibertigarria, baizik eta gora-beherak dituen prozesu bat dela. Ipuin batzuk irakurtzeko egun mota bat behar da, eta beste ipuin batzuk irakurtzeko bestelako egun mota bat behar da.
Euskaldi Saria jaso eta hilabetera, liburu berria argitaratu duzu haurrentzako, oso bestelakoa.
Emozioak lantzeko produktu sorta baterako testu bat eta eskatu zidaten, zehazki, haserreari buruz idaztea. Eta haserrea izango da, ziur aski, emozio guztien artean kudeatzeko konplexuena, zeren nahi duzu haurrak uler dezan momentu batzuetan haserretzea erabat arrazoizkoa dela eta injustizia bat salatzeko modu bat izan daitekeela, baina, era berean, haserre hori ez eskapatzea nahi duzu eta ez izatea suntsitzailea eta haserreak min eman dezakeela ulertzea, baina, era berean, eskubidea duela haserre sentitzeko… Hau da, haserrea bera sekulako korapiloa da, nik neuk nire haserrea kudeatzen ez dut asmatzen, eta uste dut inguruan ditudan heldu gehienek ere ez dakitela ongi kudeatzen haserrea. Enkarguari zirrikituak bilatzen saiatu naiz eta haserreari buruzko ipuin bat idazten problematika hori dena bere horretan utziko duena, hau da ez duena soluzio bat eskainiko.