'COVID-19aren Liburu Zuria'-k hezkuntzarako proposamenak biltzen ditu, diagnosiaz gain

2021-05-13

Arlo askotariko 40 profesional eta ikerlarik baino gehiagok COVID-19aren Liburu Zuria plazaratu dute, pandemiari erantzuteko proposamen zehatzak bilduz, hala nola, hezkuntzan, osasungintzan, arlo sozialean eta ekonomian. Hk Hasi egitasmo pedagogikoak bertan parte hartu du eta hemen irakur daiteke osoki.

 
 
'COVID-19aren Liburu Zuria'-k hezkuntzarako proposamenak biltzen ditu, diagnosiaz gain

Birusak hezkuntzan eragindako kalteak aztertzeko, bi atal bereizi dituzte: Haur, Lehen eta Bigarren Hezkuntza, eta Unibertsitateko ikasketei dagokiena. Ondorio nagusia bera da bi esparruetan: «Hezkuntzak lehenagotik zekarzkien egiturazko arazo zenbait azaleratu dira, larritu ere bai, ez gutxitan». Egileek azpimarratu dute hezkuntza sistemaren kudeaketa «inprobisazioak» hartua izan dela. Protokoloen lanketa sakonagoa egitea proposatu dute, baina, aldi berean, gomendatu dute erabakiak hartzeko autonomia handiagoa ematea zentroei. Adituen ustez, lehendik digitalizazioan urratsak eginak zituztenek hobeki egin diete aurre krisiari. Bestalde, arrakala digitalaren azaleratzea gertatu da. Haur, Lehen eta Bigarren Hezkuntzetan, ikasleen %5 eta %10 inguruk alor digitalerako irisgarritasun arazoak izan zituen.

Euskara gaitasunean emandako atzeranzko pausoa nabarmena izan da, adituen iritziz. Horri aurre egiteko, Hizkuntza Trataera Bateratuko neurriak ezartzea aholkatu dute, besteak beste. Unibertsitateetara ere zuzendu dute arreta; hainbat dira azaleratutako arazoak. «Kontraesan argiak izan dira, adibidez, garraoian». Adituen ustez, jende pilaketak izan dira garraiobideetan, zerbitzu horiek ez baitira behar adina indartu. Gainera, uste dute premiazkoa dela osasun mentalari gehiago erreparatzea.