Kirolari eusten

2021-06-08

Nerabezaroa aldaketa aroa izanik, ohitura eta jarduera berriak hartu ohi dituzte nerabeek. Kirolari dagokionez, jarduera fisikoa edo kirol-jarduerak uzteko joera zabaltzen da askoren artean. Beste interes batzuk gailentzen dira, kirola egiten jarraitzeko zailtasunak sortzen dira edota lagunarteak ez du laguntzen. Haatik, bizitza aktiboa edukitzeak dituen onurak ikusita, ez da egun batetik bestera uzteko moduko jarduera kirolarena.

 
 
Kirolari eusten

N

erabe askok bizitzako garai horretara iritsitakoan kirola egiteari uzten diotela erakusten dute hainbat eta hainbat ikerketek, eta egunerokotasunean ere ikusten da hori. Europako 12-18 urteko gazteen bizi-estiloen arteko alderatze-ikerketa batek adierazi duenez, jarduera fisikoa modu nabarmenean jaisten da adin tarte horretan. Gipuzkoan, esate baterako, Eskola Kirola programaren baitan 11 urte baino gutxiagoko haurren % 67 ibiltzen da, aldiz, 15-16 urte bitarteko gazteen % 6k soilik jarraitzen du.

 

Joera hori are nabarmenagoa da nesken kasuan. 12-18 urte bitartean neska askok eskolan hasitako kirol-jarduerak eten egiten dituzte eta, gerora, mutilei baino gehiago kostatzen zaie kirola egiteko ohitura berreskuratzea. EHUko antropologo eta kirol-psikologo talde batek egindako Itxaso proiektuaren arabera, guraso askorentzat ez da gauza bera kirola uzten duena semea edo alaba izan. Mutilen kasuan kirol bat uzten baldin badute, beste bat probatzera animatzen dituzte, gustuko zerbait topatu eta praktikatzera, kirola ona delako diziplina lantzeko eta osasunerako. Aldiz, alabak ez dituzte hainbeste animatzen, eta ez zaie axola haiek denbora kirolari dedikatu partez beste zerbaitetara bideratzen baldin badute, ikastera edo beste zeregin batzuetara, normalean “lasaiagoak”.

 

Aukerak murriztuz

Mutilen eta nesken arteko aldeaz gain, gaztetxoei eta nerabeei egiten zaien kirol eskaintzan ere diferentzia dago, aukerak eta eskaintzak murriztuz joaten baitira normalean adinak gora egin ahala. Eskola-kirolaren garaian umeei kirol desberdinak probatzeko aukera ematen zaie, eta hala ere, guraso eta hezitzaile askoren ustez nahiko murritza izan ohi da kasu edo herri batzuetan. 12-13 urterekin, probatutako kirol horietako bat aukeratzera bideratzen dira. Horrela, eskola kirolaren lekukoa kirol-klubek hartzen dute nerabezaroan eta kirolari federatu gisa jarraitzen dute. Zenbait kasutan kosta egiten da taldea osatzeko nahikoa jende biltzea, eta hori osatu ezean, aukerarik gabe geratzen dira. Egoera hori maizago gertatzen da nesken kasuan: 16-17 urte bitarteko kirolari federatuen artean % 88 dira mutilak eta % 12 neskak. 

 

Datuek behera egiteko arrazoi askotarikoak daude: lagunartea, adin horretan interesak aldatzea, ikasketek eta kirol errendimenduak berak denbora gehiago eskatzea, lehia, aldaketa fisikoak, nesken kasuan eliteko kirolari erreferente gutxi izatea eta abar. Arrazoia edozein delarik ere, nerabe askok jarduera fisikoa utzi egiten dute eta horregatik da garrantzitsua kirola egitearen garrantzia etengabe gogoraraztea.

 

Kirolaren onurak

Kirola egitearen mesedeak nabarmenak dira, bai umetan, bai gaztetan eta bai heldutan. Inork ez ditu ezbaian jartzen bizitza aktiboa edukitzearen onurak eta alderdi positiboak. Umeen eta nerabeen kasuan kirola modu erregularrean egiteak mesede egiten die hazkuntzan, garapenean eta gorputzaren funtzionamendu egokian. Horrekin batera, jarduera fisikoa garrantzitsua da buru osasunerako eta gizarte trebeziak garatzen laguntzeko. Osasunaren arloko adituek diotenaren arabera, haurtzaroan eta nerabezaroan gutxienez ordubeteko jarduera fisikoa egin behar da egunero.

 

Jarduera fisikoak nerabeengan sor ditzakeen onurak hiru multzotan banatzen dituzte hainbat adituk:

- Onura fisiologikoak: kirola egiteak giharren garapen egokia eta hezurren mineralizazio altuagoa eragiten ditu, eta aparatu kardiobaskularra eta arnas aparatua ere hobetzen ditu. Ondorioz, hainbat osasun arazori aurre egiten laguntzen du, besteak beste, gizentasunari, kardiopatiei eta osteoporosiari. Ez da ahaztu behar oinarrizko gaitasun fisiko eta motorrak landu eta garatzeko ezinbestekoa dela jarduera fisikoa, eta horien garapen ezak gabezia handiak ekar ditzakeela.

 

- Onura psikologikoak: kirolak edo jarduera fisikoak nerabeei euren autoestimua eta aldartea hobetzen laguntzen die, baita euren gorputzaren irudi errealagoa izaten ere, eta ondorioz, antsietatea, depresioa eta estresa murrizten laguntzen die. Garai honetan bizitzen dituzten aldaketek nahasmendua sor diezaieke gazteei, eta kirolak hori saihesten lagun diezaieke.

 

- Onura sozialak: integrazio soziala eta autonomia bultzatzen ditu kirol jarduerak, eta baita talde lanean, kooperazioan eta abar trebatzen lagundu ere. Zenbait kasutan toxikoak izan daitezkeen harremanetatik urruntzeko eta harreman berriak sortzeko aukera ematen du.

 

Akuilurako tresnak

Kirolaren onurak ezagutu arren, datuak ikusita, badirudi kirol eskaintzak ez duela nerabeen interesak eta motibazioa piztea lortzen kasu askotan. Juan Torres Granadako Unibertsitateko irakasleak eta Gorputz Hezkuntzan doktoreak dio nerabezaroan jarduera fisikoak eta kirol-jarduerak egiteko ohiturak modu sistematikoan eta etengabe bereganatzen ez baldin badira, ziurrenik gazte horiek heldu sedentarioak izango direla, horrek dakartzan osasun-arazoekin. “Horregatik —gehitzen du— jarduera fisikoa bultzatu, ahalbidetu eta sendotzen duten faktoreak zehaztu behar ditugu, nerabeek eta gazteek bizi-estilo aktiboa eskuratu eta bizitzan zehar horri eutsi diezaioten”.

 

Gaian adituak diren hainbat autorek diote kirola egiteko ohiturak eskuratzeko eta horiei eusteko faktoreak honako hauek direla: dibertimendua, aisialdia, osasunaren hobekuntza, jarduera fisikoa egitea eta lagunekin egotea. Aldiz, adin tarte horretan kirola egiteari uzteko arrazoiak, besteak beste, hauek direla diote: aisialdiaren gabezia, ikasketak eta gogaitasuna.

 

Horren jakitun izanik, Torresek uste du erabakigarria dela jarduera fisikoak edo kirol-jarduerak zuzentzen dituzten profesionalen esku-hartzea, baldin eta osasuna, jolasa eta aisialdia bizitzeko ohitura positiboak izan ditzaten nahi bada. “Hori bai, esku-hartze hori gazteen eta nerabeen interesei eta motibazioei egokituta egonik beti. Horretarako, nerabeak eta gazteak kirola egitera bultzatzeko, beharrezkoa da esku-
hartze prozesuetan esparru didaktiko berria ezartzea, osasun- , jolas-, funtzionaltasun- eta autonomia-ardatzen bidez zehaztuko dena”.

 

Horrekin batera, EHUko Hezkuntza eta Kirol Fakultateko Angel M. Gonzalez doktoreak dio garrantzitsua dela nerabeen inguruari ere erreparatzea; haiek ibiltzen diren ingurunea, gizarteratzeko erabiltzen dituzten sareak eta bizi duten ingurune fisikoan eragitea giltzarri da. Nerabeen artean kirola sustatzeko neurriak aldi berean eta modu koordinatuan aktibatzen baldin badira, askoz ere eragin handiagoa duela sinetsita dago. “Eskolako esparruan Gorputz Hezkuntza da jarduera fisikoa sustatzeko baliabide hoberena, eta kasu askotan, bizitza aktibo bat garatzeko prestakuntza bakarra ere bai. Baina hortik haratago joatea komeni da, hau da, Gorputz Hezkuntzako irakasleen eta gainerako irakasleen arteko lankidetza sustatuko duten politikak koordinatzea, lehiaketaren arloko eta lehiaketatik at daduen curriculumaz kanpoko egitarauak planifikatzea, erakundeak koordinatzea, gurasoak jarduera fisikoetan inplikatzea eta kirola egitera bultzatzen duten giro fisikoak eta gizarte giroak sustatzea”.