Sakelakoa, erraz piztu, nekez itzali
Mugikorraren erabilerak kezka sortzen du guraso askoren artean. Ainhoa Arruabarrenak dio gehiegizko erabilera egiteko sortua dagoela, osasungarria ez izan arren, eta nerabeei laguntzeko hainbat gako ematen ditu.
Nerabeak eta mugikorra, biak batera doazen bi kontzeptu bihurtu dira gaur egun. Eskuetan, galtzen patrikan edota motxilan, urrutira gabe hor izango dute sakelakoa. Gutxi izango dira mugikorrik ez duten nerabeak —helduak ere bakan batzuk diren bezala—. Ohiko bihurtu den ohitura bat da seme edo alaba nerabeari mugikorra erostea, baina horrek ez du esan nahi gurasoak behin erosi eta lasai geratzen direnik. Batzuk agian bai, baina beste hainbat kezkatuta daude seme-alabek mugikorrarekin egiten duten erabilerarekin, ikusten duten edukiarekin, partekatzen dituzten irudiekin, jasotzen duten informazioarekin, sartzen zaizkien iragarkiekin eta abar. Ainhoa Arruabarrenak dio badela kezkatzeko moduko gaia. "Askotan jartzen dut adibide modura pilotaz betetako igerileku batean egongo balira bezala dela —dio—. Orain dela urte batzuk pilota bat jasotzen zenuen eta aukera izaten zenuen pilota lasaitasunez ikusteko eta aztertzeko. Orain, denbora guztian jasotzen dituzte pilotak, bata bestearen atzetik eta ez daukate hori dena kudeatzeko aukerarik". Arruabarrenak azpimarratzen du nerabeek, 12 urtetik gora izan arren, laguntza behar dutela mugikorra eta horrek dakarren guztia kudeatzeko. "Horregatik, gu mugikorra erosteko unea ahalik eta gehien atzeratzearen aldekoak gara. Baina ez besterik gabe atzeratzeagatik, baizik eta denbora irabaztearren". Eta zertarako irabazi denbora? "Bada mugikorrarekin egin daitezkeen ekintzak edo gertaerak ezagutzeko eta horien ondorioak aztertzeko. Azken batean, burua jantzia izateko denbora gehiago izan dezaten".
Izan ere, mugikorrean gauza asko daude: bideo-jokoak, sare sozialak, informazioa, pornografia edo eduki bortitzetarako sarbidea... Horregatik, garrantzitsua da haur edo nerabeei non sartzen diren ulertzeko aukera ematea eta mugikorraren bitartez egiten dituzten gauzek zer ondorio izan ditzateken erakustea. Mugikorra gehiegizko erabilera egiteko sortua dagoela gogorarazten du adituak, "gure arreta bereganatzeko, mendean erortzeko eta ahalik eta denbora gehien pasatzeko diseinatuta dago, osasungarria ez izan arren". Helduei kosta egiten baldin bazaie hori guztia kudeatzea —helduen artean ere behar baino gehiago erabiltzen delako eta ez oso modu osasungarrian beti—, nerabeei are gehiago, garapen prozesuan baitaude. Euren garapenean izugarrizko garrantzia duen unean harrapatzen ditu, inpaktu oso indartsua izan baitezake hainbat alderditan: autoestimuan, autokontzeptuan, emozioen kudeaketan, gorputzean, ikusten dituzten irudi motetan eta abar. Mugikorra da hori dena bizitzeko lehen sarbidea.
Mugikorra erosi aurretik
Sakelakoa erosi aurretik gurasoek hainbat gauza kontuan izan behar dituztela dio Arruabarrenak. "Hasteko, eredu izan behar dutela. Fokua beti gazte eta nerabeetan jartzen da, baina helduetan jarri behar da. Gazteek egiten duten erabileran helduek eragin handia dute. Ezin dugu espero nerabe eta haurrek mugikorra primeran eta era osasungarrian kudeatzeko gaitasuna izatea, kalean mundu guztia mugikorrarekin doala ikusten baldin badute. Ezin diegu eskatu whatsapp-a ongi erabiltzeko gu kapazak ez garenean —ikusi besterik ez dago nolakoak diren gurasoen, irakasleen edo edozein persona nagusiren whasapp taldeak—". Horregatik, hasteko, helduek egin behar dute euren erabileraren inguruko hausnarketa.
Bada ahaztu behar ez den beste puntu bat ere Arruabarrenaren iritziz: "Batzuetan gurasoen beharragatik erosten zaie mugikorra. Beraz, kontuz eta mugekin erabiltzen hastea komeni da: hasieran asteburuetan bakarrik, lagunekin geratzeko bai baina kalera horrekin joateko ez...".
Beste gako bat etxeko espazioetan mugikorrak eta tresna digitalak nola erabiltzen diren da. Hau da, zein espaziotan erabiltzen dira eta zeinetan ez? Zein momentutan bai eta zeinetan ez? "Mugikorra eduki aurretik hori zehaztuta edukitzeak, argi edukitzeak eta ohitura batzuk hartuta edukitzeak asko laguntzen du —dio Arruabarrenak—.Zeren ikusten ari gara behin nork bere sakelakoa daukanean gauetan denbora luze egoten direla Instagram begiratzen, Fornite-ra jolasten, Tic-Toc ikusten eta abar, eta lo gutxi egiten dutela ondorioz. Horregatik, aurretik zehaztuta baldin badago, adibidez, logelan ezin dela erabili, logelatik kanpo utzi behar direla tableta, mugikorra eta gailu digitalak... gero askoz errazagoa da".
Mugikorra erosi ondoren
Behin mugikorra erosten zaienean, garrantzitsua da seme-alaben aldamenean jarraitzea eta komunikazioa da horretarako bide bakarra. "Ezin gara haien gainean egon denbora guztian, haien espazioa behar dutelako". Zentzu horretan, Arruabarrena ez da seme-alabei mugikorra kontrolatzearen aldekoa. "Lehen eskuz idazten genuen egunerokoa izaten genuen, eta geurea zen: nahi genuena idatzi eta giltzarekin ixten genuen. Eta argi ikusten genuen inork ez zuela hor sartu behar, bakoitzaren intimitatea zelako. Mugikorraren kasuan gauza bera esango nuke, ez du ezertarako balio kontrolatzeak eta gatazka iturri izan daiteke, zeren ez dugu ahaztu behar autonomia puntu bat eskuratzen ari direla eta hori ezin zaiela oztopatu".
Emokiko adituaren iritziz, hitz egitea da biderik eraginkorrena: otorduak edota beste momentu batzuk erabiltzea beste diskurtso osasungarriago bat lantzeko. "Agian ez zaigu gustatuko lagunekin hitz egiten edo ikusten dutena, baina horren inguruan solastea da daukagun erreminta bakarra". Horrela jakingo dute gurasoek nerabeei zer interesatzen zaien, zergatik gerturatzen diren eduki jakin batzuetara eta hobetu ulertuz, hobeto laguntzeko gai izango dira.
Gurasoek konfiantza eskaini behar diete seme-alabei eta baita segurtasuna ere. Seme-alabek erabiltzen dituzten sare sozialak eta aplikazioak ezagutzea komeni da, laguntza behar baldin badute, eska dezaketela jakin dezaten. "Ez da dena kontrolatu behar, baina gure aldetik segurtasun bat badagoela sentitu behar dute. Zeren agian alderdi teknikoa seme-alabek gehiago kontrolatuko dute, baina alderdi hori ez da garrantzitsuena, baizik eta argazki batean komentario bat jartzeak zer ondorio eduki dezakeen jakitea edo jende ezezagunarekin sareen bitartez hitz egiteak zer ekar dezakeen kontziente izatea. Eta horretarako bai behar dutela pertsona nagusi baten laguntza".
Azken finean, mundu digitala oso zabala da eta nerabezaroan ez dauzkate nahikoa erreminta hori dena kudeatzeko, nagusi direla uste badute ere. Heziketa ez da inoiz erraza izan, eta orain ere ez, mugikorrak duen pisua ikusita. Dauzkan dinamikak ikusita, ez da erraza kudeatzea, mendean erortzeko edo erabilera ez egokia egiteko sortua baitago. "Argi dago gurasoek hor egon behar dutela negoziatzen, mugak jartzen eta laguntzen prozesu hori pixkanakakoa izan dadin eta mundu hori nola maneiatu ikusten joan daitezen, ahalik eta modu osasungarrienean".
Mugikorra bai, kontratua ere bai
Semeari edo alabari mugikorra erostearekin batera, haren erabilera kudeatzeko hainbat modu egon daitezke, eta horietako bat kontratu bat egitea da: gurasoen eta seme edo alabaren arteko kontratu bat, non bertan zehaztuko diren erabilera-arauak. Honako hauek izan daitezke kontratuaren puntuak:
- Zenbat denbora erabili.
- Zein momentutan erabili eta zeinetan ez.
- Zein espaziotan erabili eta zeinetan ez: bai etxe barruko espazioak eta baita etxetik kanpokoak ere.
- Errespetu kontuak: norbait hitz egiten ari zaigunean ez erabiltzea. Idazteko garaian errespetua galdu gabe idaztea, komentario desatseginak egin gabe eta abar.
- Gaueko lo egiteko momentuak errespetatzea.
- Sare sozialak erabiltzerakoan edo zerbait deskargatzerakoan hasieran baimena eskatzea.
- Sare sozialak erabiltzean gurasoei erakustea, hainbat alderdirekin adi ibili behar dela erakusteko: "Konturatu zaitez honekin zein informazio ematen duzun", "nola egin dezakegu igotzen duzuna seguruago izan dadin".
- Edukiak igo baino lehen galdetzea eta lanketa bat egitea. Aukera interesgarria izan daiteke pribatutasuna eta informazio ematea lantzeko.
- Jakitun izatea mugikorraren bidez Interneten sartzen diren gauza guztiak bertan geratzen direla.
Arauekin batera ondorioak ere zehaztu behar dira. Eskubideak bermatu behar zaizkie, baina betebeharrak ere badituzte. Eta betetzen ez baldin badituzte, ondorioak eduki behar dituzte.