Beldur Barik programaren eragina gazteen berdintasunaren aldeko jarreran

2021-09-28

Indarkeria sexistari aurre egiteko modu bat baino gehiago daude eta horietako bat da Beldur Barik programa. Emakundek hainbat erakunderen laguntzarekin antolatzen duen programa honen helburua emakumeenganako indarkeria prebenitzea da, horren adierazpen guztietan. Bide horretan Beldur Barik jarrera bultzatzea eta zabaltzea lortu nahi da. Goiatz Minguez Mugertzak Beldur Barik programaren azterketa egiten du, ezarritako helburuak erdiesten diren ala ez ikusteko, eta hainbat alderdi aztertu ondoren, nerabeek eta gazteek berdintasunaren alde duten jarreran eragina baduela ondorioztatzen du. (Egilea: Goiatz Minguez Mugertza. Gizarte Hezkuntzan graduatua eta berdintasun-teknikaria)

 
 
Beldur Barik programaren eragina gazteen berdintasunaren aldeko jarreran

G

azteen arazo larrienak, 2019. urteko Euskadiko Gazteen Egoeraren Diagnostikoak jasotzen duenaren arabera, emantzipazioaren atzeratzearekin loturik daude. Nahiko luketen baino sei urte geroago emantzipatzen ari dira, 29 urte eta erdirekin. Emakumeen eta gizonen arteko berdintasun eza ez dago haien arazo nagusienen artean, gaur egungo gizarteak, feminismoak egin duen ekarpena balioztatu beharrean, itxurazko berdintasuna ekarri baitu gurera. Amelia Valcarcelen hitzetan, baliteke emakume belaunaldi oso bat egotea diskriminazioarekiko sentsibilitatea atrofiatua duena, berdintasunaren irudiaz ari bagara, eta horietatik gehienak emakume gazteak dira. Gazteek berdintasuna lortua dagoen gizartea irudikatzen badute ere, indarkeriaren inguruko pertzepzioa desberdina da, eta esan dezakegu gero eta gehiago direla hainbat indarkeria-modu arazo larritzat jotzen dituztenak. 

Euskadiko gazteen ustetan, indarkeria forma larriena sexu-harremanak gogoz kontra izatera behartzea da, eta, ondoren, etxetik irtetea debekatzea, mehatxuak egitea, mespretxatzea, erabakiak hartzen ez uztea eta iraintzea. Eta aipagarria da datu hau ere: 15 eta 29 urte bitarteko hiru emakumetik bati beldurra ematen dio herrian edo auzoan gauean bakarrik ibiltzeak. Beldur hori oso baldintzatuta dago neskek eta mutilek jasotako sozializazio- eta hezkuntza-prozesuengatik, zeinetan oraindik ere emakumeei gizonei baino neurri handiagoan erakusten zaien beldurra izaten eta adi ibiltzen, erasorik ez jasateko. Hori ulertzeko, ezinbestekoa da emakumeen eta gizonen diskriminazioen oinarri den sexu-generoen sistema ulertzea. Sistema horretan oinarrituta, bizi garen gizarte patriarkal honek kategoriatan banatzen ditu pertsonak, eta banaketa horrek askotariko desabantailak eragiten ditu. Hau da, sexuan oinarritutako bereizketak emakumeei eragiten die gehienetan, eta diskriminazioak sortzen ditu (Izquierdo, 2004). 

Azken urteetan, gazteei zuzendutako programa asko garatu dira, eta horien bilakaera nabarmen aldatu da. Hasieran, zabaldutako diskurtsoek edota politikek kutsu asistentziala zuten, eta programak aisian eta elkartegintzan zentratuta zeuden. 1985. urtean, Nazio Batuek Gazteriaren Nazioarteko Eguna ospatu zuten, eta gazteria-politiken indartzea eta diskurtsoaren aldaketa ekarri du horrek: aisiaz eta gazteen parte-hartzeaz harago, gazteen bizitzari eragiten dioten alderdi guztiak kontuan hartzera bultzatu du (osasuna, lana, kultura, formakuntza, ingurumena, etab.). Gazteria-politiketan bestelako arloekin ere konpromisoak hartzea eta, nola ez, gazteak ere politika horien definizioan eta garapenean inplikatzea suposatu du horrek. 

Beldur Barik, indarkeria sexista prebenitzeko gazteei zuzendutako programa, Berdinsarearen (Berdintasunaren aldeko eta emakumeenganako indarkeriaren aurkako Euskadiko Udalen Sarea) baitan sortu zen 2009. urtean. Gaur egun, Emakundek antolatzen du, Berdinsarea-Eudelen eta hiru Foru Aldundien bultzadarekin batera. Gainera, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren, UPV/EHUren eta EITBren laguntza du, eta Gazteria Zuzendaritzak ere parte hartzen du.

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako udalek, azaroaren 25ean ospatzen den Emakumeenganako Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko Eguna dela eta, elkarlanean antolatzen dute egun horretarako kanpaina. Urterik urte, ahalegina egin da indarkeriari buruzko kanpainetan azaltzen diren estereotipoetatik aldentzeko (indarkeria fisikora eta emakumearen biktima irudira mugatua) eta ikuspegi positibotik heltzeko. Izan ere, beharrezkoa ikusten da emakumeen ahalduntzea bultzatzera bideratutako mezuak indartzea eta herritar guztien inplikazioa lortzea. Bai eta mutilekin jarrera sexistei aurre egiteko neurriak lantzea eta eraso sexisten aurrean jarrera aktiboa izan dezaten lortzea ere. Testuinguru horretan sortu zen Beldur Barik programa. 

Beldur Barik programaren helburua emakumeenganako indarkeria prebenitzea da, horren adierazpen guztietan. Bereziki, neska gazteek jasaten duten indarkeria. Horretarako, neskei behar dituzten tresnak eta baliabideak ematea du helburu, indarkeria sexista ezagutu eta aintzat hartu ahal dezaten. Mutilekin, aldiz, jarrera sexistei aurre egiteko neurriak landu nahi ditu, eraso sexisten aurrean zeregin aktiboa izan dezaten. Hori aurrera eramateko, gazteekin batera hausnarketarako eta eztabaidarako prozesuak sustatu nahi ditu, hau da, haien artean Beldur Barik jarrera bultzatu.

 

Eta zer da Beldur Barik jarrera? 

Kultura matxista eta indarkeria sexistaren adierazpenak eraldatzeko konpromiso pertsonala zein kolektiboa da Beldur Barik jarrera. Alegia, neskak eta mutilek desorekazko egoerei aurre nola egiten dieten erakusten duen jarrera. Errespetuan, askatasunean, autonomian, erantzunkidetasunean eta indarkeriaren bazterketa irmoan oinarritzen direnak. Pertsona orok dauka bere burua (eta gorputza) zein bere ingurunea eraldatzeko gaitasuna. Beldur Barik programaren nahia da ahalduntzerako eta jabekuntzarako prozesu horietan laguntzea. 

Beldur Barik programak hori guztia lantzeko hainbat baliabide baditu ere, lehiaketa da programaren ardatza. 12 eta 26 urte bitarteko gazteei zuzendua dago, eta haren xedea da ikus-entzunezko produkzioen bidez erakustea neska eta mutilek nola erantzuten duten desberdintasun egoeren aurrean eta nola egiten dioten aurre indarkeria sexistaren adierazpenei Beldur Barik jarrerarekin.

Beldur Barik programak izan al du eraginik nerabeek eta gazteek berdintasunaren alde duten jarreran? 

Programak urte batzuk bete dituela baliatuz, planteatutako galderari erantzuteko asmoz ikerketa etnografikoa egin dut, hain zuzen ere, Beldur Barik lehiaketako ikus-entzunezkoetan oinarritutako ikerketa. Horietatik jasotako informazioa azterketa-prozesu baten bidez landu da, informazioa kategoriatan eta modu erabilgarrian antolatuz. Hala, informazioa sintetizatuz, datuen deskribapen bat lortzeko eta ikasitako errealitate soziokulturalaren ulermen sakona egiteko (DEL RINCON (1997). (61) 

Ikus-entzunezkoetan parte hartu duten gazteen profilaz gain, kategoria hauexek aztertu dira: identifikatutako sexismo-egoerak, jorratutako diskurtsoak eta landutako prebentzio-
estrategiak. 

Parte-hartzaileen profilari dagokionez, esan dezakegu 12 eta 26 urte bitarteko nerabeen eta gazteen artean hainbat profil aurkitu ditzakegula, gizartean dauden adina profil; hortaz, Beldur Barik lehiaketan parte hartzen duten pertsonek gizartearen aniztasuna islatzen dute. Hala ere, baiezta dezakegu nerabeen parte-hartzea handiagoa dela, eta litekeena da aurkeztutako lanen atzean ikastetxeek edota espazio sozio-hezitzaileek bultzatutako prozesuak daudelako izatea horrela. Agerikoa da baita ere historikoki nesken parte-hartzea handiagoa izan dela. Neskek gaiarekiko sentsibilizazio handiagoa erakusten dute, seguru asko, haien gorputzetan bizi dituztelako indarkeria sexistak. Azkenik, ondoriozta dezakegu Beldur Barik lehiaketan parte hartzen duten gazteak gaiarekin lotura duten gazteak direla. Bai feminismoa eta indarkeria matxistaren aurkako borrokarekiko interesa edo kontzientzia dutelako, bai parte hartzen duten espazio sozio-
hezitzaleetan Beldur Barik programa izan delako indarkeriaren gaia lantzeko erabili duten tresna. Hau da, bideo gehienek atzetik lanketa-prozesu bat dute, eta bideoaren aitzakia erabili dute prozesu horien bidez gaia lantzeko. Prozesua bera tresna hezitzailea izan da, eta bideoa, prozesu horren emaitzetako bat. 

Sexismoaren egoerari dagokionez, ikus daiteke gazteek indarkeriaren kontzeptua landu dutela eta indarkeria fisikoaz harago doazen bestelako indarkeria motak identifikatzeko gai izan direla. Halaber, besteekin erlazionatzeko moduen inguruan hausnartu dute. Gazteek gaitasun handia erakutsi dute haien egunerokotasunean identifikatzen dituzten sexismo-egoerak plazaratzeko. Egindako hausnarketaren ondorioz, ikasi dute indarkeria ez dela arazo bakartua, eta bidea egin dute indarkeria sexista banakako arazotzat hartu beharrean gizarte-arazo estruktural gisa hartzeko. Emakumeen eta gizonen berdintasunaren eta indarkeria sexistaren arteko lotura egitea ahalbidetu die lehiaketarako egindako lanketak. Indarkeriaren jatorria gizartean emakumeen eta gizonen artean dagoen desberdintasunean oinarritzen dela eta horrek dakartzan diskriminazioak egunerokotasunean bizi ditugun egoeretan islatzen direla ikusteko gaitasuna handitu dute. Programak indarkeria identifikatzen laguntzeaz gain, egindako lanek baina, batez ere, horiek egiteko jorratu diren prozesuek indarkeria bultzatzen eta indartzen duten jarrera, jokabide eta mezu sexistak identifikatzen lagundu dute, eta oso garrantzitsua da hori prebentzioaren ikuspuntutik. 

Landu diren diskurtsoei erreparatuz gero, esan dezakegu indarkeria sexista indarkeria fisikoarekin edota indarkeria psikologikoarekin lotzeaz harago joatea lortu duela programak; hau da, indarkeria sexista espezifikoki jorratzen duten lanez gain, Beldur Barik lehiaketak lortu du gazteek bestelako ikuspegiak jorratzen dituzten lanak sortzea, batez ere, indarkeria horren egiturazko jatorrien ingurukoak. Nahiz eta orokorrean diskurtsoen bilakaera bat gertatu, horiek errepikatu egiten direla sumatzen da. Hala ere, baiezta genezake diskurtso sakon eta landuenak gune hezitzaileetan sortutako lanketetatik datozela. Oro har, gazteek Beldur Barik jarreraren erakusle diren diskurtsoak lantzen dituzte. Jarrera aktiboak dira, emakume ahaldunduenak eta gizonei interpelazioa egiten dietenak, egoera horietan haiek ere jarrera aktiboa izan dezaten eta duten ardura ekidin ez dezaten. Hortaz, esan dezakegu lehiaketaren bidez gazteek lortu dutela Beldur Barik programak ezarritako helburua ulertzea eta barneratzea, hau da, biktima/erasotzaile dikotomiatik aldentzea; biktimismoa, kategorizazioa eta estigmatizazioa gainditzea; indarkeria sexistaren egiturazko jatorrietara joatea eta berori gainditzeko eta indarkeriarik gabeko gizarteak eraikitzeko jarrera aktiboak bultzatzea. Indarkeria sexistaren aurkako diskurtsoa osatzen dute, eta berdintasunaren eta feminismoaren aldeko aldarria egiten dute.

Bukatzeko, lantzen diren prebentzio-estrategiak aztertuz, hau da, gazteek erabili dituzten esku-hartze estrategia sozio-heziltzaileak aztertuz, ondoriozta dezakegu gaur egungo gazteek indarkeria sexistak identifikatzeko eta horiei aurre egiteko estrategia gehiago dituztela. Neskak, oro har, kontzientziatuago daude gai honekin, esan bezala, indarkeria haien gorputzetan bizi dutelako. Alderdi hori erabakigarria da sexismo-egoerak identifikatzeko eta baliabide gehiago izateko, eta baita sexismo-egoera horiei aurre egiteko ere. Ahalduntze pertsonala bultzatzeko prozesuak erabakigarriak dira nesken kontzientzia-hartze prozesuak bultzatzeko. Emakundek jasotzen dituen Marcela Lagarderen hitzetan (2018), emakumeen autonomia, autoestimua eta auto-zaintza garatzen lagundu nahi da prozesu horiekin, emakumeengan genero-kontzientzia sortuz eta horien ongizatea eta osasuna hobetuz. Ahalduntze kolektiboko prozesuetan, aldiz, eskubideak, baliabideen eta zerbitzuen hobekuntza eta eraldaketa sustatzen dira, emakume batzuen edo guztien beharrei erantzuna eman nahian. Beldur Barik programa ahalduntze-prozesu horiek ahalbidetzeko tresna baliagarria izan da. Mutilak ere gero eta gehiago batzen ari dira borroka honetara eta, mota honetako programa hezitzaileen bidez, haien eguneroko jarrerak eta portaerak aldatzeko prozesuak bultzatzen dira. Horren ondorioz, mutilek ere jarrera aktiboagoa hartuko dute, eta, indarkeriak identifikatzeaz eta gaitzesteaz gain, horiei aurre egiteko baliabideak eta estrategiak ezagutuko dituzte. 

Laburbilduz, ikerketa etnografiko honen bidez ondoriozta dezakegu Beldur Barik programak nerabeek eta gazteek berdintasunaren alde duten jarreran eragina duela eta lortu duela gazteek indarkeria sexistaren egiturazko jatorrien inguruan hausnartzea eta berori gainditzeko estrategien lanketa bat egitea. Sexismoaren aurka borrokatzeko, ezinbestekoa da hausnarketa pertsonalerako eta kolektiborako prozesuak sustatzea. Baliagarriak dira, hortaz, Beldur Barik bezalako programa bidez lagundutako prozesuak. Eta programa horiek garatzeko espazio hezitzaileak errazteak bermatu egiten du lanketak eta prozesuak berak aberasgarriagoak izatea.

 

Erreferentzia bibliografikoak

- BILBAO, M.; LONGO, O. eta CORCUERA, N. (2019). Euskadiko Gazteen egoeraren diagnostikoa. Gazteen Euskal Behatokia. https://www.euskadi.eus/contenidos/noticia/diagnostikoa_19/eu_def/adjuntos/diagnostico_2019_e.pdf

- DEL RINCÓN, D. (1997). Metodologies qualitatives orientades a la comprensió. Bartzelona: Universitat Oberta de Catalunya.

- EMAKUNDE - Emakumearen Euskal Erakundea (2018). EAEko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako VII. Plana. https://www.emakunde.euskadi.eus/contenidos/informacion/emakunde7plana/eu_def/adjuntos/vii_plana.pdf

- IZQUIERDO, M. J. (1998). El malestar en la desigualdad. Madril: Ediciones Cátedra. 

- OREKA SAREA. (2020). Análisis de las memorias y de la gestión del programa Beldur Barik (2010-2018). [Argitaragabeko dokumentua]. Emakunde - Emakumearen Euskal Erakundea. Eusko Jaurlaritza.

- VALCARCEL, A. (2014). Feminismo en el mundo global. Valentzia: Ediciones Cátedra.

Informazio gehiago: 

www.beldurbarik.eus