Irakasleen zaintza: norbera zaindu eta elkar zaindu, besteak zaintzeko

2021-10-21

Iazko ikasturtea irakasleen zaintzaren inguruko hausnarketa eginez bukatu zuen Hik Hasik. Nekea zen ekainean gehien entzuten zen hitza, eta horren azpian zegoenaz hitz egin eta hausnartu nahi zen. 2020-2021. ikasturteko bizipenak, esperientziak, protokoloen artean egindako ahaleginak, bidean geratutako erronkak, ezinak, bildutako indarra, alderdi akademikoa eta emozionala uztartzeko nahia, ikasleak zaintzeko ardura pisutsua... dena atera zen irakasle eta zuzendarien ahotatik. Eta baita ikasitako lezio nagusi bat ere: besteak zaintzeko, nork bere burua zaindu behar duela. Hori esatetik egitera pasatzeko, ordea, heldulekuak eta praktikak behar dira. Horiek identifikatuz bukatu zen hausnarketa uztailean. Orain, urrian, martxan jartzeko unea da.

 
 
Irakasleen zaintza: norbera zaindu eta elkar zaindu, besteak zaintzeko

E

gia da iazko zalaparta eta nobedadetik urrun geratu direla protokoloak, distantziak eta musukoak aurtengo ikasturte hasieran. Komunikabideetan hainbesteko oihartzunik ez izateak eragin zuzena izan du horretan, eta iazko esperientzia eta eskarmentua izateak ere bai, horrek beti balio baitu. Hain zuzen ere, iazko esperientziak utzitako lezioak azpimarratuta geratu ziren uztailaren 5ean Hik Hasi Udako Topaketetan egin zen hausnarketa kolektiboan. Irakasleen zaintza izena jarri zitzaion hausnarketari eta ikasturte honetan ondo gogoan edukitzeko lezioak, ondorioak eta gidalerroak atera ziren. Aurten iparra markatzeko balio dezaketenak pasa den ekainean bezain nekatuta ez bukatzeko.

 

Memoria ariketa txiki bat eginda, iazko irailean ikasleen alderdi emozionala zaintzeko beharra azpimarratzen zen; sei hilabete eskolara joan gabe egon ondoren, ikasleak geletara itzuli ziren eta nola egongo ote ziren zen kezka: etxean nola pasa izango zituzten hilabete haiek, emozionalki zer eragin izan ote zuen pandemiak eta itxialdiak, protokoloen aurrean nola erreakzionatuko zuten, harremanak zertan izango ziren, arrakala teknologikoa eta hizkuntza arrakala zenbatekoa ote zen... Eta egoera horretan, hezitzaileek garbi ikusi zuten ikasleak zaindu beharra zegoela, emozionalki artatu beharra zegoela eta harremanak zaindu beharra zegoela. Inork gutxik egingo zion muzin zaintzaile misio horri.

 

Ikasturte osoan jasandako presio soziala ere itzela izan zen: aurrez aurrekoa mantentzeko nahia eta beharra, uneoro itxitako eta irekitako gelen datuak ematen aritzea, positiboen kopuruak aipatzea... Lantegietako eta enpresetako datuak ez ziren ezagunak, baina eskoletakoak bai.

 

Ikasturteak aurrera egin ahala, eta hilabeteak pasa ahala, ordea, nekea pilatuz joan zen eta orduan sortu zen galdera ikur handidun itauna: nola daude hezitzaileak? Elkar zaindu al dira? Zaindu al dituzte euren buruak? Zainduak izan al dira? Laguntzarik eskatu al dute? Konturatu al dira garrantzitsua dela ongi zaindua egotea haurrak zaindu ahal izateko? Eta... nork zaintzen du zaintzailea? 

 

Talde kohesioa mantentzea xede

Uztailaren 5eko hausnarketa kolektiboan galdera horien guztien inguruko bizipenak azaleratu ziren. Hasteko, ordea, galderei erantzuten hasi aurretik, Axier Baglietto Arremanitz kooperatibako kideak dinamika bat egin zuen hanka-
sartzeak onartzeko eta ospatzeko. Ezertan hasi aurretik
—kasu honetan hausnarketa kolektiboan— bildutakoek euren buruei hanka sartzeko aukera eman zioten; buruan zuten ideia joan egin zitekeela, hitz egiten hasi eta trabatu egin zitezkeela, ikasturte horretan zertan huts egin zuten konturatu zitezkeela... Huts egiteak onartuta, nork bere buruari jarritako presioa kendu egiten da eta hortik aurrera lasaiago aritzeko aukera irekitzen da. Eta, noski, presio hori kenduta, nork bere burua zaindu egiten du. Beraz, nork bere burua zaintzeko, hanka-sartzeak onartzetik eta ospatzetik hasteak asko laguntzen du.

 

Behin lasaitasun eta konfiantza horretan kokatuta, Alicia Fernandez Oiongo Ramiro de Maeztu eskola publikoko zuzendariak hartu zuen hitza eta euren eskolak testuinguru oso berezia duela kontatu zuen. “40 irakasle inguru gara eta horietatik 10-12 gara ingurukoak; gainerakoak urrunetik etortzen dira eta bi aukera izaten dituzte: bat, bidaia oso luzea egitea egunero, edo bi, pisu bat alokatu eta herrian geratzea. Berezitasun horrekin, guretzat oso garrantzitsua izaten da talde kohesioa lortzea eta 2020-2021 ikasturtean oso mugatuta egon gara, pandemiaren distantziak eta protokoloak tarteko zailtasunak izan baititugu kohesio hori lortzeko”. Oztopoak izan zituzten talde kohesioa lortzeko aurrera eramaten zituzten dinamikak egiteko, klaustro osoa elkartzeko, zikloka banatuta egoteak ez zituen gerturatu, irakasleen artean nahasketarik ez egoteak elkar ezagutzea oztopatu zuen... “Pentsa, egun batean whatsapp taldean ‘Zorionak Maialen!’ jarri genuen eta denak ‘Zorionak’, ‘Zorionak’... erantzuten hasi ziren, eta ez zegoen Maialenik gure artean. Horrek adierazten du guztiok elkar ezagutzeko zer zailtasun izan ditugun”, zioen Fernandezek. “Zuzendaritza taldean gaudenok eskolako giroa oso garrantzitsua dela pentsatu izan dugu beti, baina gero, egia da ez diogula garrantzirik ematen ez delako produktiboa”, aitortzen zuen zuzendariak. “Batzuetan karga bat bezala hartzen dugu bilera aurretik jolas bat egitea, adibidez. Edo are gehiago, ez denez produktiboa, ez diogu lehentasunik ematen. Beti ditugu beste mila gauza egiteko eta nola galduko ditugu hamar minutu jolas bat egiten?”. 

 

Pentsamendu horretatik haratago joan behar dela ikusi dute. “Gure helburua giro bat sortzea bada, hezitzaile horiek umeak zaintzea nahi baldin badugu, guk ere pertsona horiek zaindu egin behar ditugu. Umeekin dinamikak egin ditzaten nahi baldin badugu, guk ere hezitzaileekin dinamikak egin behar ditugu”. Horregatik, ikasturtea hasi baino lehen, irakasle berri guztiei banaka deitzen diete zer moduz dauden galdetzeko, ea autoz bidaiatzeko edo herrian pisu bat alokatzeko asmoa duten galdetzeko, eta laguntza eskaintzeko. Lehenbiziko egunean beti jolasak egiten dituzte, tutoretzatan irakasle berri bat zahar batekin jartzen dute beti eta koordinazio lan handia egiten dute.

 

Antzeko bizipenak kontatzen zituen Iñigo Ramos Otxandioko herri eskolako zuzendariak. 20 irakasle inguruko eskola da, eta Ramos zuzendariaren hitzetan, “leku guztietatik urrun geratzen da”. Jazarpenari aurre egiteko eta elkarbizitza positiboa sustatzeko lan handia egiten ari da ikastetxea eta gainera, klaustro osoaren baiezkoarekin, mugimendu autonomoari loturiko proiektu berrietan sartzeko asmotan zebiltzan, baina pandemiak bete-betean harrapatu zituen. Espektatiba eta itxaropen oso altuagaz hasi ziren, eta ez dira jarritako helburuetara heldu, baina bidea hasi dute. Lur Olaberri aholkulariak aitortu zuen, bakoitza bere burbuilan egonda ezinezkoa izan zela, pentsatua zuten bezala, mugimendu autonomoan aritzea. “Eta ezinezkoa bada, lehenengo gauza ezintasun hori onartzea izan da. Heltzen garen lekura heltzen gara, ez gehiago”. Pentsamendu horrek eskolari estilo bat eman dio, lan egiteko modu bat, begirada jakin bat, eta horrek markatu zuen iazko ikasturte osoa. Olaberri aholkulariak azpimarratu zuen malgutasunez jokatzeak asko lagundu ziela. “Distantzia, garbitasuna, musukoa... hori dena obsesioarekin bizitzeak zama handia dakar eta oreka batean neurria hartzea eta jendearen beldurrak eta egoerak errespetatzeak asko laguntzen du”. Eta horrela, gauza negatiboak ez ezik, alderdi positiboak ere ikusi dizkiote pandemiaren ikasturteari: musikako irakaslea eskola ordu guztietan kanpora ateratzea gela oso txikia zuelako eta han ezin zuelako dantzarik egin; ordura arte ez bezala eskolaren ondoan dagoen pagadira joaten hastea eta hori sistematizatzea; herrira joatea; sortutako zalantza askoren aurrean garrantzitsua zer den ikustea, eta ondoren, askatasuna edukitzea egin edo ez egin erabakitzeko; irakasleen zaintzari begira eztabaida foroak eta praktika onak partekatzea eta horrela, lehen gela batean geratzen ziren praktika onak orain partekatu egiten dituzte kontzienteki: joan, ikusi eta zoriondu. Gauza horiek denak estilo kontua direla diote Ramosek eta Olabarrik. “Ez dago misteriorik, daukagunetik ateratzea baizik”.

 

Elkar zintzoki entzutearen garrantzia

 

Dagoenetik ateratzen, eragiten eta gehiago ateratzen ohituak daude Pello Agirrezabal eta Txaro Etxeberria Tolosako Herrikide ikastetxeko irakaslea eta orientatzailea, hurrenez hurren. Pandemia beteko ikasturtean proiektu berri batean murgildu ziren. Pertsonak herrikide izena eman diote eta TEAL metodologian oinarritzen da. “Autogestiorantz bideratutako erakunde mota bat proposatzen du eta horrelakoa izatea nahi dugu gure eskola”, zioen Etxeberriak. “Horrela, aurten entzuketa lan garrantzitsua egin dugu. Izan ere, arnasa hartzea bezain garrantzitsua dela esaten dugu, baina ez da erraza. Gaur egun oso modan dago mugak non jarri behar ditugun esatea, geure burua zaintzeko zeri esan behar diogun ezetz markatzea. Baina gero nork erakusten digu ezetza kudeatzen? Ez gaude trebatuta. Bizitza osoko negarrezko haranetik dena norberaren esku dagoen garai batera pasa gara; ‘ni, ni eta ni’ mundu kapitalista batera pasa gara. Horregatik, guk ni hori asko landu dugu eta nitik gura pasa nahi dugu, kolektibotasunera, egotik ekora. Zeren pentsa nola hitz egiten dugun batzuetan: ‘sutan nago zure gelarekin, 4. B-arekin’, edo ‘kokoteraino nago nire gelarekin, beti zailenak jartzen dizkidate’. Zergatik hitz egiten dugu lehenengo pertsonan? Gela hori ez da irakasle horrena, eskola osoarena baizik. Aldaketa hori egitea elkar zaintzea da”.

Herrikiden borondatezkoa izan den prozesu horretan 60tik 39 langilek hartu zuten parte —irakasleak, administraziokoak, garbitzaileak, jangelakoak...— eta entzuten eta esker oneko itzulketa egiten ikasi dute.“Garrantzitsua da pertsona batek benetan esan nahi duena askatasunez eta konfiantzaz esan dezakeela sentitzea; besteek juzgatu, epaitu eta kritikatu gabe jaso egingo dutela jakitea; ‘botaka’ egin dezakeela —gero ikusiko da konposta daitekeen edo ez—”. Lanketa horren ondoren, esker oneko itzulketa egin zuten. “Esan beharrean zerk ez duen funtzionatzen soilik, ondo dauden gauzak ere esan ditugu eta zer daukagun hobetzeko ere bai”.

 

Lanketa horren falta bizitu dutela adierazi zuten hausnarketa kolektiboan parte hartu zuten Donostiako Jakintza eta Erandioko Altzaga eskola publikoetako bi hezitzailek. “Gurean ia tabua izan zen irakasle eta guraso batzuekin gaiaz hitz egitea, bakoitzak nondik bizitu zuen partekatzea. Batzuei neurriak gutxi iruditu zitzaizkien eta beste batzuei gehiegi. Eta hor elkarrizketa falta izugarria egon da. Komunitate bezala kale egin dugula uste dut. Nik faltan bota dut konfiantzaz ondokoarekin eta gurasoekin hitz egiteko aukera izatea”. Kritikotasun eta baliabide falta sumatu zituen Altzagako hezitzaileak.

Inprobisazioa eta ziurgabetasuna nagusi

 

Iruñeko San Fermin ikastolan ere hausnarketa prozesu bat egiteko baliatu zuten iazko ikasturtea, baina onartuta, halere, ikasleen zaintzari askoz ere pisu eta garrantzi handiagoa eman ziela irakasleenari baino. Lina Andueza Bigarren Hezkuntzako zuzendariak hala aitortzen zuen. “Ikasleen harrerari asko erreparatu genion eta ikasturte hasieran talde dinamikak landu genituen, horretarako inoiz baino denbora gehiago hartuz. Baina ez genuen irakasleen harrera planik egin. Itxialdi batetik gentozen eta irakasle bakoitza bere beldur eta kezken motxilarekin hasi zen lanean. Pertsonen arteko kontaktua arriskutsua bihurtu den honetan, 1.600 ikasle artatzera pasa behar izan ginen. Nola ez kezkatu? Edo sentitu beldurra, edo arriskua? Eta hori ez genuen aurreikusi, ez genuen ezer berezirik egin. Beraz, aurrez aurrekoaren aitzakian, normaltasun faltsu bat izan dugu, ziurgabetasuna izan da protagonista, eta indar gutxi geratu zaigu gure zaintzarako. Inoiz baino gehiago behar genuen eta inoiz baino zailago izan zen”.

 

Izan ere, egoerak berak zurrunbilo batean murgildu zituen denak Anduezaren ustez. “Hezitzaileok eta eskola komunitateko beste langile guztiok, gorabehera dezente izan genituen. Ez da erraza izan, protokoloaren morroi bilakatu gaituzte edo gara. Emozioen dantza honetan hezkuntza komunitateak ez du bere tokia erabakitzeko aukerarik izan. Ziurgabetasunak zaildu egin du erabaki kontziente eta hausnartuak hartzea, eta guregatik hartu dituzte erabakiak beste batzuk, horien artean, komunikabideek. Gure irizpide propioa eraikitzeko izan ditugun zailtasunak izan dira, nire ustez, gure lana zama izugarria bilakatzearen arrazoietako bat. Horrela etengabeko inprobisazioan egon ginen iaz”.

 

Inprobisazioa eta ziurgabetasuna asko errepikatu diren hitzak dira, eta Anduezak dio hezkuntzan ziurgabetasuna ez dugula ongi eramaten. “Gure lanbidean, beste askotan ez bezala, faseak argiak dira eta urtero errepikatzen dira. Nik, Biologiako irakasle bezala, badakit urtero zer gai lantzen ariko naizen otsaila amaieran 2. Batxilergoan. Iaz, aldiz, ez nekien otsailean ikastolan egongo ote ginen, orduan izan baikenuen Batxilergoan positibo tasa altuena. Eta hemen bada zer hausnartu. Mundu konstante eta ziur batetarako hezi ninduten ni eta beste belaunaldi asko, eta horixe bera errepikatzen dugu guk gure ikasleekin. Baina pandemiak berez erreala den zerbait agerian utzi digu: ziurgabetasunez beteriko etorkizuna dugu aurrean eta horretarako prestatu behar ditugu gure ikasleak eta hortaz, gure burua”.

 

Hausnarketa horretatik tiraka, bi esku dituztela ikasi dute San Fermin ikastolan eta horrek aukera paregabea eskaini die aurrera egiteko. “Esku batekin, pandemia kudeatu dugu. Esan bezala, zirrikitu txikia ikusten genuen hemen ezer erabakitzeko. Baina hori ez da nahikoa emozionalki. Halere, badugu bigarren esku bat. Nik iaz hartu nuen zuzendaritza eta argi daukat pandemia hau kudeatzeaz landara beste zerbaitetarako onartu nuela erronka. Pandemiak gauza asko atera ditu, baina ez ditu sortu. Duela hiru urte galdetegi bat egin genuen irakasleen artean eta nekea hitza ateratzen zen. Eta aurten ere bai. Beraz, azaleratu bai, baina sortu ez. Normalean gero eta lehenago nekatzen gara, sistema abendurako nekatuta dago. Beraz, horren inguruan hausnarketa bat hasi genuen eta bigarren esku hori amets egiteko erabili dugu. Iaz hasi genuen hausnarketa bati jarraipena eman diogu eta gure ikastola irudikatzeko ariketa egin dugu. Nolako ikaskuntza eta irakaskuntza garatu nahi dugu benetan? Nolako ikasleak garatu nahi ditugu? Nolako hezitzaileak garatu nahi ditugu?”.

 

Eta euren ametsetan ez da birus hitza atera, ez nekea, ez pandemia... ez horrelakorik… baizik eta euren artean errespetuzko eta konfiantzazko eremuak eraikitzeko beharra; ikasgelak ikasteko eta hanka sartzeko toki seguruak izateko nahia; eta denboraren markoa apurtzeko beharra, oso marko zurruna baita eta horrek asko estresatzen baititu. Edukiak, ikasleak eta irakasleak antolatzeko eta taldekatzeko modu berriekin amesten dute eta “gelditu, lepoa luzatu jirafen antzera eta norantz joan nahi dugun begiratzen jarri behar gara. Eta bide hori egin ahal izateko zama arindu beharko dugula onartu. Gauza batzuk utzi behar ditugu, etengabe egiteko berriak pilatu beharrean. Eta hemen ere, badugu naturaz zer ikasi: basoan udazkenean zuhaitzek hostoak galtzen dituztenean bezala, kanpotik biluztu beharko gara barrutik janzteko”.

 

Ikasitakotik, elkar zaintzeko ideiak

 

Iazko ikasturtean bizitutakoa bizituta, 2021-2022. ikasturterako elkar zaintzeko ideia argiak emanez eman zitzaion amaiera hausnarketa kolektiboari. Oiongo eskola publikoko zuzendariak elkar zaintzea lehentasun gisa planteatu behar dela aldarrikatu zuen, “premiazkoak garrantzitsua denari lekurik ken ez diezaion”. Herrikideko Agirrezabalek hitz egiteko eta entzuteko eremuak sortzea azpimarratu zuen. “Zeren askotan egun osoa elkarren ondoan pasatzen dugu eta oso azaletik ezagutzen dugu elkar. Eta inportantea da elkar zaindu nahi baldin badugu, ezagutza hori sakonagoa izatea”. Etxeberriak gehitu zuen pertsona erdigunean jartzea esatetik egitera pasa behar dugula. “Horretarako, nik uste dut pertsonengan konfiantza izan behar dela, zeren hortik sortzen dira gauzarik hoberen-hoberenak. Konfiantza, errespetua, komunikazio ez bortitza, eta tratu ona. Eta nik uste dut posible dela”. Anduezaren iritziz, “funtsezkoa da hori guztia sistematizatzea, egituran barneratzea eta errutina bihurtzea. Zeren, bestela, ez da egiazkoa izango”. “Bizkaieraz behaketa hitza erabiltzen dugu —­gehitu zuen Ramosek—, eta begiratzeaz gain, zaintzea ere esan nahi du. Eta hori da gakoa. Begiratzen duzun hori zein begiradarekin zaintzen duzun”. Olaberriaren ustez begirada aldatzea, zabaltzea eta partekatzea da gakoa. Hori guztia exijentziarik gabe, hanka-sartzeak ospatuz eta xume-xume josiz hastea proposatu zuen Bagliettok.

 

Nork bere burua zaintzeko eta elkar zaintzeko gakoak:

Zer da ikasleak zaintzea? Zer da irakasleak zaintzea? Zergatik da garrantzitsua elkar zaintzea? Horrek zer eragin dauka gure egunerokoan? Nola zaindu dezakegu elkar?

 

Galdera horien erantzunak eman zituen Axier Baglietto Arremanitz kooperatibako kideak hausnarketa kolektiboan:

 

1- Baimena: hanka sartzeko baimena aitortu behar diogu geure buruari. Are gehiago, hanka sartzean, edo urteko helburuak bete ez direnean... ospatu egin beharko litzateke. “Ez gara iritsi” ospatu, agian muga oso goian jarria zegoelako. “Hau ere egingo dugu, eta hau, eta hau” esan ordez, “aurten honekin nahikoa” esan daiteke.

 

2- Exijentzia jaitsi: dauzkagun baldintzetatik gora exijitzen hasten garenean, ez gara zaintzen ari, geure burua estutzen ari gara. Norbere zaintzaren lehenengo arduraduna norbera da, norberak ikasi behar du mugak jartzen, eta mugak garaiz jartzeak harremanak osasuntsuagoak izaten lagunduko du. Exijentziarena sistema kapitalistarentzat oso-oso baliagarria den pentsamendua da: gehiago egin behar duzu, inoiz ez da nahikoa... Hortik jaisten ikaragarrizko lana daukagu. 

 

3- Rola: bakoitzak bere rolean jarri behar du, eta ez gehiago, geure roletan geure burua berrestu eta ‘hau da nire muga’ esan. 

 

4- Begirada: zaintzeko modu bat baino gehiago egon daitezke, eta akaso gure parekoak gu zaintzeko daukan modua ez da guk nahiko genukeena, baina hori da bere modua. Etxe askotan amek ez diete galdetzen seme-
alaba helduei nola dauden, baina hozkailua beti beteta edukitzen dute haientzat. Seme-alabek hori ikusten ez badute, ez dute ongi tratatzen zaintzen dituen ama hori. Beraz, garrantzitsua da begirada aldatzea. Jakitun gara hezitzaileen begiradak asko baldintzatzen duela; beraz begirada eta kontzientzia dagoen zaintza horretan jarrita, emankorragoa izango da zaintza bera eta harremana.

 

5- Zaintza oso gauza sinplea da: zaintza da saio baten aurretik jolas bat egitea, bilera baten aurretik hiru minutu hartzea zer moduz gauden komentatzeko. 

6- Zaintza bada produktiboa: zaintzari lotuta daukagun pentsamenduetako bat da zaintza ez dela produktiboa eta hori kapitalismoak sartu digun gezur handi bat da: ez da egia bizitza eta produkzioa posible dela zaintzarik gabe. Lehia eta produkzioa egon ahal izateko zaintzak egon behar izan du hasiera-hasieratik. Baina sistemak ukatu egiten du, ukatu ezin duenean gutxietsi, garrantzia kendu... Zaintzak epe motzera ez du produzitzeko dirurik ematen, baina epe luzera oso produktiboa da, zeren erdigunean jartzen du hau eusten duena, alegia, gizataldea, pertsona. 

 

7- Beharrak vs nahiak eta kontsumoa: beharrek gehiago konektatzen gaituzte zaintzara nahiek eta kontsumoak baino. Hortaz, beharrei begiratzeak gehiago laguntzen du. Beharren lorategia, beharren piramideak, beharren gida eta beste hainbat modu daude beharrak identifikatzeko eta antolatzeko. Horien bitartez jakin daiteke zein behar ditugun, horietatik zein dauden ase eta zein ez, eta behar horiek nola lotzen diren botere-zapalkuntzaren harremanekin eta bakoitzaren bizitzaren zirkunstantziekin.

 

Beharrek bi gauza interesgarrirekin konektatzen gaituzte: 

a) zaurgarritasuna, ezin dugu dena egin; ez gara nork bere burua bakarrik asetzeko gai. 

b) nork bere beharrak asetzeko elkarren beharra daukagu. 

 

7- Zaintzaren gakoetako bat gatazka da: zaintza ona irribarre batek islatzen duela sinestarazi digute, Profident irribarre batek. Eta ez da hala. Interdependentziatik begiratuta eta zaintzeko denok elkarren beharra dugula jakinda, gauza jakina da horrek gatazka dakarrela. Orduan, nola egiten diogu tokia gatazkari, nola aitortzen dugu gatazka, nola aitortzen dugu gatazka bat positiboki ebatzi ahal izateko gatazka batean gauden guztiak garrantzitsuak garela, eta beraz gatazkan dauden pertsonak zaintzen saiatuko garela, eta zer mekanismo jarriko ditugu gatazkak konpontzeko. Taldea zaintzeaz ari garenean, horri egin behar zaio lekua.

 

8- Beti laguntzen du arnasari lekua egiteak; mugimenduari eta gorputzari lekua egiteak; eta arreta jartzeak behar dugun horretan eta hori eskatzeak. Esate baterako, egun jakin batean bilerak arina izatea behar dugula etxeko arazoekin kargatuta gaudelako.