Jirafaren eta txakalaren arteko dantza

2021-10-26

Atal berri bat sortu dugu HIK HASI aldizkarian: Ahalduntze eskola. Lehen atalean Gatazken bitartekaritzaren funtzioa ezagutu dugu Eralda Mediazio Eskolaren bidez. 

Elena Egiguren eta Leire Inza abokatuak eta bitartekariak dira. Komunikazio ez-bortitzean oinarritzen dute euren lana eta “The Centre for Nonviolent Communication” erakundearen formatzaile-agiria lortzeko prozesuan daude biak. Duela lau urte Eralda bitartekaritza zentroa zabaldu zuten Tolosan eta bertan bitartekaritza zerbitzua eskaintzen diete desadostasunak dituzten bikoteei eta familiei. Gainera, Eralda Mediazio Eskolak ere formakuntza eskaintzen die elkarteei, irakasleei edota hezitzaileei. Txakala eta jirafa parez pare jartzen direnean, jirafaren begiradaz eta duen bihotz handia aintzat hartuz, elkar ulertzeko gonbitea egiten dute Egigurenek eta Inzak.

 
 
Jirafaren eta txakalaren arteko dantza

Zer da bitartekaritza eta zein da zuen bitartekaritza eredua? 

Leire Inza: Bitartekaritza prozesu bat da eta gure bitartekaritza eredua Komunikazio Ez-Bortitzean oinarritzen da. Prozesu horren helburua ez da soilik akordioetara iristea, guk begirada beharretan jartzen dugu. Oso garrantzitsua da norberak sentitzen duena identifikatzea eta gerora, beste pertsonari zer gertatzen zaion ulertzea, zergatik jokatu duen horrela. Behin ulermena lortuta, adostasunerantz abiatzen gara. 

Elena Egiguren: Bitartekaritza eredu honek edozein motatako gatazkak edo desadostasunak bideratzeko balio du, beharrak unibertsalak baitira. Gatazketan deskonexio bat egoten da beti; nork bere buruarekin deskonektatu du eta bestea etsai edo arerio gisa ikusten du. Konexio hori berreskuratzea da gakoa; nola gauden eta zer behar dugun begiratzea. Eta besteari begiratzea; zer gertatzen zaion, zergatik egin duen egin duena, zer behar dituen. Ulermenaren bidez elkarrengana gerturatzeko pausoak ematen ditugu. Eta geroz eta gertuago egon, orduan eta errazagoa da konponbidearen bila joatea. 

 

Familiekin egiten duzuen lanaz gain, ikastetxeetan ere aritzen zarete irakasleak trebatzen, ezta? 

L. I.: Eskolan gatazkak kudeatzeko tresnak izatea oso garrantzitsua da. Ikastetxeetan ikastaroak eman izan ditugu, Berritzeguneetan tailerrak ere bai… 

E. E.: Eskolan, batzuetan haurren arteko gatazken aurrean bi jarrera egoten dira: alde batetik, “haien artean konpondu daitezela”. Adostasunen txokoa dute hainbat ikastetxetan eta gatazka beraien kabuz kudeatzen uzten diete haurrei. Baina norbaitekin talka egin dugunean eta emozioak pil-pilean daudenean, ez gara gai bestearekin egoteko. Urrun ikusi nahi dugu, denbora behar dugu emozio horiek guztiak baretzeko.

Oso garrantzitsua da bi aldeak entzutea eta nola dauden, zer gertatu zaien… galdetzea. Eta, era berean, bi aldeei elkar entzuteko espazioa eskaintzea. Behin beharrak identifikatuta, agian lagundu diezaiokegu behar horiek zaintzeko beste estrategia batzuk garatzen. Bestetik, barkamena eskatzeko esaten zaie. Baina era horretan ez dute ulertzen gertatu dena. 

 

Beraz, egoera horietan helduen esku-hartzea beharrezkoa ikusten duzue.

E. E.: Bai. Eta oso garrantzitsua da bi aldeak prestatzea elkarrekin mahai batean edo adoste-txokoan esertzeko zeren bestela egoera oso bortitza izan daiteke. Helduok lagun diezaiekegu prozesu horretan baina oso polita da baita ere gela bakoitzean adin jakin batetik aurrera ume bat edo bi prestatuta egotea, zeren beraien artean, berdinen artean, bestelako konexioa sentitzen dute. Helduak autoritate figura du baina beraien artean hitz egin eta konpondu ahal izatea, magikoa izaten da beraientzat. Konfiantza eta segurtasuna ematen die. 

 

Zer tresna behar ditu irakasle batek gatazken bitartekaritzan lan egiteko?

L. I.: Lehenik, enpatia. 

E. E. : Bai, besteari entzun ahal izatea. Enpatia hitza asko erabili da eta gaur egun bere esanahia galdu duela iruditzen zaigu. Komunikazio Ez- Bortitzak egiten duen proposamena asko gustatzen zaigu: besteari entzutea eta bere bizipena den moduan jasotzea, epairik eta kritikarik gabe. Enpatia lantzeko hainbat ariketa egiten ditugu: batek zerbait kontatzen du eta besteak entzun egiten dio, besteak esan diguna islatzea izan liteke beste ariketa bat, edo batek hitz egiten duenean hori sentimenduetara eta beharretara itzultzea… 

L. I.: Norbaitekin haserretzen garenean bestea etsai gisa ikusten dugu eta gu irudi hori desegiten saiatzen gara. 

E. E.: Eskoletan enpatiaren zuhaitzak erabiltzen ditugu. Komunikazio Ez-Bortitzak erabiltzen duen tresna da. Lehendabizi objektiboki deskribatzen da gertaera bera, alderdi emozionala alboratuta, kamera batek grabatu balu bezala. Eta ondoren espazioa ematen zaio bakoitzari gertaera horren aurrean zer pentsamendu izan dituen azaldu dezan. Gero nola sentitzen diren galdetzen diegu eta zer behar dauden horren atzean. Sentimenduek hainbat behar asetuak dauden ala ez adierazten dute eta horiek identifikatzea oso garrantzitsua da baina sakonago begiratzen dugu. Nerea Mendizabalen Zutani jolasa erabiltzen dugu. Sentimenduak eta beharrak azaltzen dituzten karta batzuk dira; umeekin lantzeko oso baliagarriak. 

L.I.: Askotan, pertsona bat nola dagoen galdetzen dugunean erantzunak hiru izaten dira: haserre, triste edo pozik. Baina kartek beste sentimendu batzuekin identifikatzen laguntzen dute, sakontzen laguntzen dute.

 

Beraz, enpatia lantzea da garrantzitsuena.

E. E.: Bai. Komunikazio Ez-Bortitzak bi ardatz ditu: alde batetik, enpatia sentitzea eta bestetik, zintzotasunez adieraztea. Batzuetan gauzak kontu handirik gabe botatzen ditugu eta horrek bestearengan eragina du. Bestea gaizki sentitzen da, itxi egiten da edo erasora jotzen du eta gatazka sortzen da. Baina gu nola sentitzen garen azaltzen dugunean, ez dago gaitzespenik edo kritika zuzenik eta komunikazioa askoz ere errazagoa da.

 

Gatazkak konpontzeaz ari gara baina prebentzio lana ere egin liteke. Nola planteatzen duzue zuek?

E. E.: Gatazketan geure buruarekiko konexioa galtzen dugu. Garrantzitsua da une horretan nola gauden aztertzea; blokeatuta, minduta, beldurtuta, haserre… Eta gero geure buruari zer behar dugun galdetzea; goxotasuna, ulermena, espazioa, intimitatea… 

Eskoletan, adibidez, polita izango litzateke sentimenduen leihoa irekitzea eta egunero unetxo bat hartzea nola gauden aztertzeko. Horrekin prebentziorako bidearen zati handi bat egina egongo litzateke. Gorputzari entzuten ikastea da, eta sentimendu horien atzean zer behar egon daitezkeen ikustea eta izena jartzea. Behar horiek unibertsalak dira, gizaki guztiok partekatzen ditugu. Bestalde, garrantzitsua da bereiztea elkarrizketetan noiz ari naizen entzuten eta noiz adierazten eta errespetuz elkarrizketarako bide berri horiek ikastea, espazioak sortzea. Ez dugu zertan berdin pentsatu baina errespetutik hitz egin dezakegu. 

L. I.: Norbait ulertzeak ez du esan nahi esaten ari dena partekatzen dugunik edo ados gaudenik, baina errespetuz hartzen dugu bestea. 

E. E. : Komunikazio Ez-Bortitzean bi komunikatzeko modu ikusten ditugu. Lehena orain arte ezagutu duguna da: bestea da erruduna, bestea da gaiztoa. Hori adierazteko txakalaren irudia erabiltzen dugu. Aldi berean, guk proposatzen duguna da jirafaren kontzientzia piztea: ulerkorra izatea. Jirafak lepo luzea du eta perspektiba handiagoarekin ikusteko aukera ematen dio horrek, bihotz handia du… Eta txakalak, nahiz eta moduak ez zaindu, informazio baliotsua dakarkigu. Asetu gabe ditugun beharrez ohartarazi nahi digu. Beraz, bi irudiek asko laguntzen dute gaia eskoletan lantzeko. 

 

Sinbolo horien bidez errazago barneratzen al dute kontzeptua haurrek?

L. I.: Bai. Jolasaren bidez errazago barneratzen dute dena. Hala ere, helduekin ere erabiltzen ditugu panpinak. 

E. E.: Bai, helduoi ere laguntzen digu entzuteko eta adierazteko hainbat modu daudela barneratzen, eta bide batez, konexio handiagoko harremanak lortzen.