Egunkaria arbel bihurturik

2021-11-11

Berria egunkariak 'www.berria.eus/ikasgela' webgunea sortu du irakasleentzat, DBHko ikasleekin erabiltzeko edukiak bildu eta sailkatu ditu, ikasgaien, interes-gaien eta kazetaritza-generoen arabera. Gaurkotasuneko artikuluen bidez ikaskuntzan sakontzea eta hausnarketa eta elkarrizketa bultzatzea ditu helburu. Astero eguneratuko da eta buletin bidez jaso daiteke informazioa.

 
 
Egunkaria arbel bihurturik

Eskolako ikasgaiak egunerokotasunarekin lotzeko bitarteko aparta da egunkaria. Ikaskuntza errealitatearekin uztartzeko balio du berripaperak. Ikasten ari garen horretan sakontzeko ez ezik, hausnarketarako eta debaterako materiala eskaintzen digu. Orain Berria egunkariak helduleku berri bat eskainiko die ikastetxeei, egunkariko edukiak bildu eta sailkatu baititu www.berria.eus/ikasgela webgunean, “egunkarian —bai paperean eta baita webgunean ere—, atera den eduki hori ikasleek lantzen dituzten gai eta ikasgaietara gerturatzeko helburuarekin”, azaldu du Ainhoa Oiartzabal Azketak, proiektuaren arduradunak. “Irakasleek eta ikasleek askotan erabiltzen dituzte egunkarietako artikuluak eta Interneteko informazioa. Euskarazko edukiak, ordea, urriagoak dira, eta erdaretara jo ohi dute. Hemendik aurrera euskaraz eta Euskal Herritik sortutako materiala eskurago izango dute irakasle eta ikasleek, sailkatuta eta egokituta”.

Irakasleei zuzendua da batik bat Berriak sortu duen webgunea, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasleekin arlo ugaritako gaiak eskolan lantzeko aproposak diren testuak eta edukiak bilduko dira, material osagarri gisa. Baina bigarren urratsa ikasleek eurek erabiltzen ikastea litzateke. “Jakin-mina daukaten ikasleentzat oso erabilgarria da, gai batetik bestera interesaren arabera ibiliko dira, edo lanak egiteko ere balia dezakete, euren ikasketa-prozesuarekin bat datozen gaiak topatuko baitituzte”.

Curriculumek zehazten dituzten ikasgaien arabera atondu dituzte, alde batetik, Berria egunkarian zein webgunean argitaratutako artikuluak, egokiturik eta laburturik. Ikasgaiez gain, testuen sailkapenerako eta bilaketarako beste irizpidea gaien interesa izan da, DBHn lantzeko baliagarri diren gaien arabera egin ahal izango da bilaketa: bertsolaritza, emakumeak eta generoa, euskara, gazteak, giza eskubideak, hezkuntza, ingurumena, klima larrialdia, koronabirusa, memoria historikoa, migrazioa, osasuna eta sare sozialak, hain zuzen ere. Hirugarrenik, eduki motaren araberako sailkapena eskaintzen da, webgunean bildutako artikuluak kazetaritza-genero ugaritakoak baitira, ikasleekin lanketa diferenteak egin ahal izateko: albisteak, bideoak, elkarrizketak, infografiak, iritziak eta podcastak. 

Testuak jasoak izango dira, egunkarian atera ohi direnak, baina Oiartzabalek zehaztu du egokitu eta moldatu egin dituztela, batez ere laburtu, ikasleekin erabili ahal izateko. DBHko ikasle guztiekin, “trebetasun eta interes desberdinak dituztela kontuan izanik” atondu da hemeroteka espezializatua, baina ez da mailaketarik zehaztu, “irakasleak gidatu behar ditu ikasleak. Bakoitzak erabakiko du eskaintzaren barruan zer-nolako testuak balio dion edo ez dion balio, bere ikasleen mailaren arabera, interesen arabera, gelaren beharren edo lantzen ari diren gaiaren arabera”. Dena den, euskaraz gaitasun apalagoa duten ikasleentzat, laburpen bat izango dute testuek hasieran, eta kontzepturik zailenek hiztegi gisako azalpen bat edukiko dute. Testuen estilo eta idazkera aberastasuna ere nabarmendu du Berriako kazetariak, egunkari nazionala izanik Berria, artikuluak euskara batuan bai baina Euskal Herri osoko molde anitzetan baitaude idatziak. Webgunearen zeharkakotasuna nabarmendu du arduradunak: “Esate baterako, Fisikako eskolan, soinuaz ari direnerako, bada artikulu bat soinuen jasangarritasunaren ingurukoa, zergatik diren soinu batzuk jasangarriak eta besteak jasangaitzak; soinuaren uhinaren funtzionamendua azaldua dago, baina psikologiaren pisua ere nabarmentzen da. Eta Berriako kazetariak Euskal Herri osokoak direnez, kasu honetan Baionako kazetariaren idazkera ageri da, testuetan euskara desberdinak irakurtzeko aukera baitago”. Beste ezaugarrietako bat galbahea izango da. Testuak euskaraz eta Euskal Herrian eginak daude, “eta Euskal Herritik begiratzen zaie munduko gaiei”, zehaztu du webgunearen arduradunak. 

Buletina eta foroa

Webgunea astero elikatuko da eduki berriekin, eta horien bila ibili gabe, buletinera harpidetzen denak astero bere buzoian jasoko du artikulu berrien bilduma buletin bidez. Horrez gain, ikasgelaren barruan, irakasleek foro bat izango dute edukien inguruko ekarpenak egiteko, edukiak proposatzeko eta esperientzien berri emateko.

 

 

www.berria.eus/ikasgela

Egilea: 'Berria' egunkaria.

Kategoriak: ikasgaiak, gaiak,eduki motak.

Ikasgaiak: Balio etikoak, BiologiaGeologia, Ekonomia-ekintzailetza, Filosofia, Fisika- Kimika, Geografia-Historia, Gorputz hezkuntza, Hizkuntzak, IKT, Kultura klasikoa, Kultura zientifikoa, Literatura, Matematika, Musika, Dantza eta Antzerkia, Plastika eta Ikus-entzunezkoak eta Teknologia.

Gaiak: bertsolaritza, emakumea eta generoa, euskara, gazteak, giza eskubideak, hezkuntza, ingurumena, klima larrialdia, koronabirusa, memoria historikoa, migrazioa, osasuna eta sare sozialak.

Eduki motak: albisteak, bideoak, elkarrizketak, infografiak, iritziak eta podcastak.