Kultura ez da segurua bakarrik

2021-11-29

Aitor Mendiluze:

Garai zailak lirikarentzat” idatzi zuen Bertolt Brecht idazleak. Garai zailak denontzat esan ahalko litzateke gure egunotan. Garai zailak kulturarentzat ere, baina baita aukera polit bat ere agian. Azken urte eta erdian beste zenbait garaitan baino gehixeago irakurtzeko aukera dugu, etxetik atera ezin eta telebistan murgildu nahi ezaren artean. Zenbait liburu berrirakurtzeko baliatu dut nik itxialdia, eta baita beste zenbait lehen aldiz hartzeko ere. Ez ditut denak aipatuko, baina lagin ateratzen hasita Karmele Jaioren Aitaren etxea, Harkaitz Canoren Fakirraren ahotsa edota Idoia Garcesen Mendiko gaitza aipatu ahalko nituzke. Ezberdinak oso gaiak, ezberdinak oso idazkerak eta ezberdinak oso bakoitzetik eratorritako burutazioak, baina oso antzekoa bakoitza irakurtzearen plazera. Ez baita irakurtzen duzun hura bakarrik, ez baita autoreak eskaintzen dizun obra soilik, irakurketaren zati oso garrantzitsua da zuk obrari gehitzen diozuna, zuk eskaintzen diozun osagarria, zeure pentsamendu, interpretazio eta sentsazioekin. Horregatik da ederra irakurketa, zenbaitetan berdin du zerenak, beste baten hitzen bitartez zeure buruarekin hitz egiteko aukera intimo eta aberasgarria delako. 

 
 
Kultura ez da  segurua bakarrik

 

Eman digu itxialdiak musika entzuteko aukera ere, ia beharra esango nuke zenbait kasutan, egunerokotasun erabat berdin hori apurtu eta barne giro ilunean haize berriak sarrarazteko ariketa gisa, besteak beste. Olatz Salvadorren Aho uhal entzun dut adibidez, eta gustatu zait. Egokia eman zezakeen melodikoki eta diskurtsiboki halako egoera batean entzuteko, baina ez nuen horregatik hautatu, eta ez naiz zorionez horretan geratu. Eklektikoa da oso nire musika aukeraketa, askotarikoa eta nahasia askotan, momentuak iradokitako gustuaren araberakoa gustuak aukeratutako momentuarena bainoago. Ez dut gustuko musika aukeratzen une jakin baterako, une jakin bakoitzean gustuko musika bat aurki dezakedala pentsatzea irekiagoa izatea pentsatzen zait, eta normalean ez diot nire buruari hutsik egiten, ez horretan behintzat.

 

Baina zerbaitek lagundu, bultza, mugiarazi, eragin eta ase banau zuzeneko kultur kontsumoa izan da dudarik gabe. Kultur sortzaileontzat garai ezerosoa izan eta izaten ari da, agendak hustu eta zalantzaz betetzeko garaia, baina aurrera jarraitzen dugu halere. Aurrera jarraitu du sormenak eta sorkuntzak, gauza txikiak eskaintzeko lan handia egin behar izaten denean eskaintza txikirik ez dagoela frogatuz. Bere burua aldarrikatu behar izan du kulturak, muga fisiko, fiskal, psikologiko eta zenbaitetan ofizial guztien gainetik kultura segurua dela esateko. Beti ausart baina beti umil, esaten hasi eta erdia bakarrik esan balu bezala. Noski kultura segurua (izan) dela, baina ez segurua bakarrik, baita osasungarria ere, bizigarri eta bizigai, ukendu eta bitamina. Pandemia garai honetan inoiz baino gehiago estimatu dut zuzeneko kultura, kontzertu, bertso saio, antzerki, bakarrizketa eta edonolako funambulismo kultural ahalegin. Bizi dela eta bizi garela sentitzea, espazio fisiko eta erreferentzialak partekatzea eta egin dezakegula, egin nahi dugula eta egingo dugula barneratzeko apustu txiki-handiak denak ere. Idoia Asurmendi zuzenean entzun eta ezagutzeko aukera izan dut, Anariren kantuak erraietan jasotzekoa, bertso saioetan oholtzaren bi aldeetan egon eta egitekoa, haur ikuskizunak ikusi eta egoeratik eta egoerarako berariaz sortutako mestizaia ariketak deszifratzekoa, eta guztietan sentitu dut konexio berezi hori, parez-parekoaren tentsio partekatua nolabait esanda.

 

Egia da askok izaten dugula hori ikusle moduan bizi eta sentitzeko aukera... umetan. Umeak emanaldietara eramateko ohitura izaten dute hainbat gurasok, dela Pirritx, Porrotx eta Marimotots, dela Gure Zirkua edo dela herriko jaietan egingo den kontzertu, antzerki edo dena delakoetara, umeentzat dibertigarria baino zerbait delakoan eraman ere. Baina gure txikiek pailazoak ikusteko “handiegiak” direla esaten digutenean, edo guk heltzen hasi direla pentsatu nahi dugunean, zuzeneko emanaldietara eraman edo animatzeko ohitura hori bazter uzten dugu, beraientzat ez balitz bezala, kulturak, eta areago euskal kulturak, zer eskainirik ez baleuka bezala, kultura, euskara bezala, umeentzat bakarrik bailitzan. Eta bitartean gure seme-alabek euskal kulturarik ez dutela kontsumitzen diogu, eskolak ez dituela horretara bideratzen, telebistak ez diela eskaintza egokirik aurkezten, besteek, besteek, besteek... Guk arakatu beharko genuke gure ingurua, gure gertuko kultur agenda, eta guk bilatu beraientzat esanguratsuak, interesgarriak edo gustagarriak izan daitezkeen zuzeneko emanaldiak, gure gustukoak izan beharrik gabe gainera. Zuzeneko kulturak baduelako youtubek, telebistak edo eskolak eskaini ezin dien parte izate bat, tentsio partekatu eta biderkatzaile bat, sozializatzeko bide harilkatu bat, zeinetan zerbaiten inguruan ardaztu ditzaketen beraien harremanak. Zuzeneko kulturak baduelako hizkuntzaren edo hizkuntzen transmisio izateko ahalmen bat, baduelako sormenaren lekuko izatearen zirrara bat, sortzaile izateko tentazio bat ernarazi dezakeelako... Zuzeneko kulturaren kontsumoak bultza gaitzakeelako edo ditzakeelako zuzeneko zein diferituzko kultura emaile izatera ere.

 

Guzti horregatik nire gomendioa zuzeneko kultur emanaldiak kontsumitzekoa da, zernahi eta nonahi baina kultura eta zuzenekoa, edo zuenekoa eta kultura nahiago baduzue. Esperientzia besterenezina delako kontzertu batean bat-batean zerbaitek irribarre bat atera dizula sentitzea, antzerki batek hunkitu zaituela, bertso batek sorgindu zaituela, aktore baten begiradak aktore izan zahi izatea eragin dizula une batez bada ere. Eta gainerako parte-hartzaileek zirrara hori zuk sentitzen duzun une eta modu bertsuan sentitzen dutela konturatzeak zerbaiten parte ere bihurtzen zaituelako, zoaz, zoazte, daramazue kultura kontsumitzera, jaso eta emaneko jolas horretan parte hartzera. Kultura ez delako segurua bakarrik, kultura segurua bakarrik ez delako, baina baita kultura bakarrik ez delako segurua ere. Gozatu zuzenekoak, zuzenean gozatu!