Nora Salbotx: “Kolonizazioa ari du gure hezkuntza sistemen baitan”
“Askatu edo moztu. Euskal hezkuntzagintzaren erronka zahar eta berriak” liburua aurkeztu berri du Nora Salbotx Alegriak Txalaparta argitaletxearen eta Iratzar fundazioaren eskutik. Dekolonizazioak behar direla dio Salbotxek: kapitalismoak geure gorputzak kolonizatu ditu eta era berean, frantsesten eta espainiartzen gaituzten sistema horietatik atera eta geurea sortu behar dugu. Geurea, publikoa eta burujabea. Bide horretan, lubakietatik ateratzeko garaia iritsi dela uste du Salbotxek. Arerioa identifikatu eta indarrak metatzeko beharra dugula. Korapiloak askatzen hasteko ordua iritsi da baina galdera planteatzen du Salbotxek berak: korapilo horiek askatu ote litezke moztu gabe?
Maistra eta Amaiurko eskolako zuzendaria da Nora Salbotx Alegria. Baztango Herrietako Eskoletako koordinazioan ari da gaur egun. Besteak beste, Herri Hezitzaileen sareko, Eusko Ikaskuntzaren hezkuntza lantaldeko, Plaza Hutsako eta Hik Hasiko kidea da. Ama, maistra, etxeko andrea, militantea… alderdi asko uztartzen ditu Salbotxek eta pusketaka, zaintzen dituen eta zaintzen duten pertsonei denbora kenduz osatu du Askatu edo moztu. Euskal hezkuntzagintzaren erronka zahar eta berriak liburua. Aitortza egin nahi izan die guztiei.
Liburuaren izenburua bera abiapuntu hartuta, zein dira euskal hezkuntzagintzaren erronka nagusiak?
Erronka zaharrak eta erronka berriak aipatu ditut liburuan. Azken batean, hezkuntzagintza prozesu bat dela erakutsi nahi izan dut. Gaur egungo eztabaidan jada azken geltokira iritsi garela dirudi eta ez da horrela, inondik inora. Lehenalditik datorren prozesu bat da eta oraindik akitu gabe dago. Horrek kezkatzen nau.
Erronketako bat da honaino nondik heldu garen jakitea, horrela gauza aunitz ulertzen baitira. Kontakizuna berreraiki edo berrikusi behar dugu zeren ez dago bidean gertatu den horren guztiaren aitortzarik eta nik uste dut elkarri gure arrangurak botatzen dizkiogunean, aitortza eta ezagutza falta izaten direla. Lehendabiziko erronka beraz, horixe da: nondik gatozen jakitea.
Zein dira besteak?
Erronka da, baita ere, ulertzea frantsesten eta espainiartzen gaituen sistema baten baitan ari garela eta ahal den guztia inurri lan horretatik eraikitzen ari garela. Baina horren guztiaren gaineko begirada feminista falta da eta baita justizia sozialaren edo klasearen begirada ere. Neoliberalismoaren kontrako begirada falta da. Hori ulertzen dugun unean hasi ahal izango dugu orain duguna deseraikitzen eta orduan jarriko dugu orube berri bat nahi dugun euskal hezkuntza eraikitzeko. Orube horretan oinarri batzuk falta dira egun: lehen oinarria da euskal hezkuntzak euskaldundu behar duela. Eta hori ere nekez egiten du. Beste erronka bat, elkar ulertzea da. Uste dut aunitz garela partekatzen dugunok segregazioaren kontrako estrategia urgentea dela, murgiltze eredua urgentea dela, kulturaren transmisio duina egitea urgentea dela eta pausoak eman behar direla norabide horretan.
Gaur egun eztabaidatzen dugun klabeetan autodefentsa posizioetan egoten gara maiz eta elkarrengana hurbildu gaitzaketen bideak aurkeztu ditut.
Hezkuntza sistema koloniala dela diozu liburuan. Erronketako bat izango dugu ere hiru administrazioen pean egonda hori gainditzea, ezta?
Dekolonizazioak behar direla esaten dut. Nabarmena da adibidez, Iparraldean Molac legearen ondorioz gertatu den guztia, edota Nafarroan eta Euskal Autonomi Erkidegoan euskara ez dela oraindik leku guztietan bermatzen, euskara bermatzen den inguruetan ere ikasleek ez dutela euskarazko gaitasun nahikoa lortzen… Berria egunkariak berriki azaleratu duen moduan testuliburuekin ere gertatzen da: guztiek ez dute Euskal Herria osotasunean hartzen. Nabarmena da kolonizazioa ari duela gure hezkuntza sistemen baitan, horretarako sortuak baitaude Frantziako eta Espainiako hezkuntza sistemak. Baina horrez gain esaten dut, eta hori feminismotik hartu dudan ideia da, kapitalismoak eta sistema honek gure gorputzak ere kolonizatzen dituela. Ikusi dugu neoliberalismoa nola saiatu den hezkuntzaren bitartez gure gorputzetaraino eta gure bihotzetaraino iristen eta zentzu horretan ere kolonizatuta gaude: patriarkatuak eta neoliberalismoak kolonizatuta. Gure programazioan, gure geletan, gure egiteko moduetan hori guztia nola sartu den aztertu behar dugu. Horregatik diot kanpoko kolonizazioak eta barrukoak daudela. Bertze edozein herrialdetan kapitalismoaren eta patriarkatuaren ondorioz gertatzen diren horiei, guri estaturik gabeko nazioa garelako gertatzen zaizkigunak gehitu behar dizkiegu baina baita gure baitan gertatzen diren horiek ere.
Hain zuzen ere, gorputz ezabatuei buruz hitz egiten duzu.
Bai. Hori Bell Hooksi hartu diodan ideia da. Bera ere maistra da eta esaten du gaurko curriculumetan badela halako ezabatze moduko bat eta gure gorputzak neutralizatzeko nahia. Hori Euskal Herrira ere ekar liteke. Azter dezakegu, esaterako, nola ezabatzen dugun geure gorputza Espainiak edo Frantziak agintzen dituen curriculum horiek lantzean. Edo noraino ezabatzen dugun geure burua Espainiako ibaien izenak Euskal Herrikoak baino lehen irakatsi behar ditugunean. Emakumeak agertzen ez dituzten testuliburuak edota programazioak erabiltzen ditugunean, edo daudenek heteroarauari eta klase ereduari jarraitzen dietenean. Esate baterako, nola ezabatzen dugu geure burua errekonkista, sobietar iraultza edo edozein gai azaltzen dugunean? Eta zer egin dezakegu gorputz horiek azaleratzeko?
Sistema kapitalistaren baitakoak dira munduko hezkuntza sistema gehienak… Eta zerorrek egiten duzu galdera: hezkuntza erreforma hain zaila izango ote litzateke kapitalismo horren baitan?
Eta erantzuten dut iduri lukeena baino aunitzaz ere ziaboga errazagoa izan zaiola hori kapitalismoari, hain zuzen ere, horretarako tresnak jarri dituelako. Batetik, Europako testuinguru geopolitikoan agintarien arteko goi-bilerek garrantzi handia izan dute. Hezkuntzaren kasuan Bartzelonakoa hil ala bizikoa izan zen, patriarkatu kapitalistak hezkuntzan lehorreratze hori egin zezan. Bestetik, PISA moduko tresnak sortu dituzte. PISAk markatuko du ikasleek egin beharreko ibilbidea, pentsamendu hegemonikoari komeni zaiona. Eta horretara bideratuko ditugu eta baldintzatutako ditugu gure esku-hartze pedagogiko guztiak, gure hezkuntza prozesu guztiak. Beraz, iduri lukeena baina aunitzez errazagoa izan zaio. PISA hezkuntza sistema fiskalizatzeko tresna bat da; beste aunitz baditu baina PISA da ezagunena eta agerikoena.
Bolonia plana eta gerora etorri diren erreforma horiek guztiek ere arrapaladan sartu ziren munduko toki guztietan. Eta horiek ere norabide berean doaz. Beraz, garbi dago guztia maniobra baten ondorio dela. Ikusi besterik ez dago hezkuntza erreforma horietan eta curriculum horietan nolako terminologia jasotzen den: bat-batean ekintzailetzaz, kalitateaz… hitz egiten hasi ziren. Kapitalismo berrirako eskulana prestatzen ari ziren, nolabait.
Eta behin hezkuntza sistemen erradiografia hori eginda, esaten duzu hezkuntza sistema irauli egin beharko litzatekeela eta eskola eraitsi beharko litzatekeela. Nondik hasi eraikitzen behin irauli edo eraitsitako hori?
Batetik espazio partekatuak behar ditugu eta ulertu behar dugu gure lubakietatik ateratzeko tenorea dela. Autodefentsa posizioetan gaude eta posizio horietatik erresistentzia egiten ari gara, baina ez gara ari ezer eraikitzen. Eztabaida publikoa gaur egun ematen den terminoetan edo parametroetan ematen den bitartean oso zaila izango da zerbait eraikitzea. Izan ere, badugu nahikoa lan geure burua eta gure eskola balekoa dela defendatzen. Espazio komun horiek bilatzen saiatzeko garaia da eta espazio komun horiek eraikitzeko aukera asko dauzkagu. Garbi izan behar dugu gure arerioa ez dela pareko ikastetxea edo hezigunea. Gure arerioa patriarkatua, kapitalismoa, Espainia eta Frantzia dira. Oraindik aunitz dugu egiteko eta ezin gara eztabaida horietan galdu. Goazen lubakietatik ateratzera. Nondik aterako garen? Partekatzen al dugu sistema hau patriarkala dela? Ba hortik tira dezakegu. Partekatzen al dugu segregazioarekin amaitzeko hizkuntza erdigunean jarriko duen estrategia egokia behar dugula? Partekatzen al dugu eskasa zaigula egiten dugun kultur transmisioa? Edo herria inplikatu behar dela? Orain aipatu ditudan alor horietan sekulako adostasunak daude baina txikira jokatzen ari gara, ez handira. Badira horretarako aukera pila bat. Izan ere, oso antzekoen artean ari gara eztabaida egiten eta antzeko horien artean denok nahi dugu Euskal Herri euskalduna eta patriarkatuak edota kapitalismoak halako esku hartzerik izanen ez duen Euskal Herria. Goazen sare horiek abiatzera komunean ditugun alderdi horietatik.
Indarrak metatu behar dira, beraz.
Hori da. Badira horretarako baldintzak. Aurreiritziak gainditu behar ditugu eta gure diskurtsoa bera desmerkantilizatu behar dugu. Batzuetan termino oso merkantilistetara eramaten ditugu eguneroko eztabaidak: irakasle bakoitzak zenbat ikasle hartuko ditugun eztabaidatzen dugunean, adibidez. Hori ez da posible.
Hain zuzen ere euskal eskola sistema publikoaren alde egiten duzu. Eta esaten duzu sistema hori publikoa eta burujabea izango dela edo ez dela izango. Azalduko al diguzu ideia hori?
Publikoa eta burujabea ez bada ez da euskal hezkuntza sistema izango. Eta publikoa izan al daiteke oraindik ere sekulako joera patriarkala edo androzentrikoa baldin badu? Edo komunitateari bere osotasunean parte hartzea ukatzen badio eta ikaslea bazter uzten badu? Eta ez baditu euskara edo feminismoa erdigunera ekartzen? Zer publikotasun da hori? Bestela publikotasuna soilik titularitateari lotuko litzaioke. Gelara sartu eta Santillanaren liburuak baldin baditugu, Googlen Suitea erabiltzen baldin badugu, espazioaren antolaketa enpresa baten esku uzten badugu… Zer publikotasun da hori? Nik uste dut euskal herritarrok oso kritiko izan behar dugula horrekin guztiarekin. Zer publikotasun dugu orain? Autonomismoari lotutakoa Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroan, eta Parisi lotutakoa Iparraldean.
Esan al dezakegu korapilo horiek guztiak askatzetik gertu gaudela?
Nik erraten dut baldintzak badirela. Uste dut, batetik, geroz eta jende gehiagok partekatzen duela egungo bidea agortu dela eta gaur egungo sistemak asetzen ez gaituela erraten duen diagnosia. Sistema honek ez du nahikoa euskalduntzen, zenbait tokitan ez du euskalduntzen, badakigu segregazioak sortutako arazo guztiak hor daudela, badakigu Molac legearen ondorio konstituzionalak euskal hezkuntzari bete-betean eragin diola, Nafarroako Erriberan ez dagoela bermatuta euskaraz ikasteko eskubidea… Hori dena badakigu eta badugu diagnostiko komuna. Beraz, badakigu berria den zerbaiten bila joan behar dugula. Ohartzen ari gara patriarkatua, neoliberalismoa, kapitalismo digital eta kognitiboa… Hori guztia sekulako pribatizazioa bultzatzen ari dela. Hainbat eragile ohartu dira horretaz, eta badira baldintzak eragileek espazio berean elkarrekin hitz egiteko hautua egin dutelako. Eskertzekoa da.
Eta zerbait moztu beharko dugu?
Galdera polita da hori zeren askatu edo moztu diot izenburuan eta tarteka niri ere galdera etortzen zait burura: askatu ote daiteke moztu gabe? Eta askatu ote daiteke ariketa desobedienterik egin gabe? Herri ekimenik edo auzolanik gabe eta komunitarismotik erantzun irmorik eman gabe? Neuk ere zalantza dut: hainbat unetan askatzeko ez ote dugun moztu beharko eta hezkuntzatik ere herri harresiz erantzun.