Pantailak zertarako? Arduraz erabil ditzagun
'Pantailak 0-6an, zertarako?' izeneko jardunaldiak izan ziren joan den azaroaren 19an eta 20 BECen eta Zumaiako Zumaiena ikastetxean Hik Hasik antolatuta. Eta galdera horri erantzuteko gakoak izan zituzten ahotan bertaratu ziren hizlariek. Gizarte digitalean bizi gara, pantailak gure bizitzaren zati dira eta ez dira desagertuko, baina beharrezkoa da arduraz erabiltzea. Izan ere, hainbat ikerketek eta eguneroko jardunak errealitate berri bat azaleratu dute azken urteotan: pantailek eragin kaltegarria dute haur txikien garapenean. Jaiotzen diren unetik beretik pantailekin kontaktuan bizi dira haur asko eta asko, eta helduoi dagokigu tresna horiek txikienen eskura dagokien momentuan eta moduan jartzea. Era horretan, beren buruaren jabe izan daitezen eta pertsonen arteko konexioa pantailekin duguna baino indartsuagoa izan dadin.
S
ei urtetik behera pantailak kontu handiz erabili behar ditugula diote ikerketa askok. Osasunaren Mundu Erakundeak, berriz, bi urtetik behera pantailarik ez erabiltzea gomendatzen du, eta 2 eta 4 urte artean gehienez egunero ordu betez erabiltzea. Errealitateak, bestelako datuak erakusten ditu, ordea: haurrek denbora gehiegi ematen dute pantailen aurrean eta horrek, eragin ezkorra du beren garapenean. Halaxe azaldu zuen Anna Ramisek. Ramis hezitzailea, pedagogoa eta pantailekiko mendekotasun goiztiarrean aditua da. 0tik 3ra, pantailarik ez? liburuaren egilea da eta izen bereko kanpainaren sustatzailea. Kanadan 2019an argitaratutako ikerketa baten datuak mahaigaineratu zituen Ramisek: hiru urtetik beherako haurrak bi ordu eta erdiz egoten dira egunero pantailaren aurrean. “Demagun lehenengo urtean ez duela ezertxo ere ikusten. 2 urteko tarte hori hartzen badugu eta biderketa egiten badugu 1825 ordu ematen ditu haurrak pantailaren aurrean. Umeek adin horretan, bataz beste, 12 orduko loa egiten dutela kontuan hartuta, 152 egun emango lituzkete pantailen aurrean. Bere bizitzako 5 hilabete dira! Garai horretan garuna garatzen ari da eta pantailek garuna bahitzen dute”, azaldu zuen Ramisek.
Osasunaren Mundu Erakundeak aholkatzen duen kopurua erruz gainditzen du datu horrek. Eta pantailen aurrean denbora gehiegi emateak hainbat zailtasun eta arazo sortzen dizkie txikienei. Ramisek azaldu zuen gero eta gehiago direla hizketarako zailtasunak dituzten haurrak edota mugimenduarekin zerikusia duten arazoak dituztenak. Umeek gero eta giza estimulu gutxiago dituzte. Egoerak alarma sortu zion Ramisi eta bilaketa lanak egiten hasi zen. Orduan ezagutu zuen Kanadan egindako ikerketa. Hark zioen, pantailaren aurrean pasatutako gehiegizko denborak eta froga akademikoetan emaitza eskasak lortzeak lotura zuzena dutela, eta pediatrek zioten hori nahikoa arrazoi badela pantailen eta gaitasunen garapenaren arteko korrelazio horren gainean arreta jartzeko.
Hiru urtetik beherako haurrei pantailek nola eragiten dieten azaldu zuen Ramisek: “Arazo fisikoak sortzen dira: sedentarismoa, ikusmen eta postura arazoak… Eta jolaserako zailtasunak sortzen dira. Ingurunea pantailak baino mantsoagoa da, sormenerako arazoak dituzte, irudimen falta, kontzentratzeko zailtasunak, emozioak kudeatzeko zailtasunak eta ikasteko zailtasunak”.
Alvaro Beñaran, Pedagogia Terapeutikoan lizentziatua eta ASEFOP-eko (Praktika Psikomotorreko Eskolen Europako Elkartea) prestatzailea eta lehendakaria eta Luzaro psikomotrizitate eskolako prestatzailea da, eta zentzu berean mintzatu zen bera ere: “Eskoletan lengoaiaren erabilerari dagokionez atzerapena ikusten ari gara azkenaldian. Ume batzuek hizkuntza propioa garatzen dute, baina horrek ez die komunikatzeko balio. Umeekin hitz egiteko denbora hartu behar dugu. Haurrak elkarrizketarik abiatzen ote duen begiratu behar dugu, zeren soilik zerbait adierazten badu edo soilik aginduei erantzuten badie, ez dago komunikaziorik. Agindu horiek txakur batek ere bete ditzake. Hitza bizi egiten da, eta helduekin komunikazioa egon bada garatzen da. Haurrekin egoteko denbora hartu behar dugu”, dio Beñaranek. Pantailak tartean sartzen direnean, ordea, haurren eta helduen arteko komunikazioa nabarmen murrizten da.
Atxikimendu segurua eraikitzeko arazoak
Pantailen erabilera goiztiarrak beste arazo bat ere sortzen du Ramisen hitzetan: gero eta ume gehiagok eskolara egokitzeko zailtasuna duela atxikimendu segururik eraiki ez duelako. Izan ere, pantailak oztopo dira hezitzailearen eta haurraren arteko harremanean. “Pantailarik gabeko aktibitate gehiago behar ditugu. Horrek esan nahi du telebista egongelatik ateratzea edota mugikorra etxeko sarreran isilik uztea. Pantailarekiko konexioa baino, pertsonen arteko konexio handiagoa behar dugu eta Dimitri Christakisek dioen moduan, azpimarra jarri behar dugu pantailen aurrean ez gaudenean egiten dugun horretan”.
“Tamara Chubarovsky-ren esaldia ere ekarri nahiko nuke hona: haurren eta pantailen kasuan, erosoa dena garesti ordaintzen dela, alegia. Argi izan behar dugu gu lasai egoteko haurrak pantailen aurrean uzten ditugunean negozio kaskarra egiten ari garela. Izan ere, une horietan pantailen bidez haurrak anestesiatzen ari gara”, jarraitu zuen Ramisek.
Hainbat galdera planteatu zituen Beñaranek zentzu horretan: “Helduarekin atxikimendu segurua eta banaketa seguruaren eraikitzeko prozesuan haurraren subjektibotasuna, bere identitatea, autonomia, bere sortzeko eta eraikitzeko gogoa beharrezkoak badira, nola egiten du hori guztia pantailarekin? Gogora dezagun atxikimendu seguruak banaketa segurua ekarriko duela. Edo beti beharko al du pantaila bere buruaren osotasuna eta batasuna sentitzeko? Ez al da bera izango pantailarik gabe?”.
Pantailek haurren eta helduen arteko harremanetan eta, beraz, haurren garapenean duten eraginaz sakon jardun zuen Beñaranek: “Ume batek, jaiotzen denean bere izatea garatzeko, gizaki helduren batek bera gizaki gisa ikustea eta sentitzea behar du. Haurrak gorputz batasuna eraiki behar du eta hori lortuko du baldin eta helduren batekin harremana badu eta helduarekin elkarrizketan ari bada; hasieran hitzik gabeko elkarrizketa izango da, baina elkarrizketa egon badago. Garrantzitsua da haurrak berarekin jolastuko duen, laztanduko duen, hitz egingo duen, eutsiko duen eta jaten emango dion pertsona bat ondoan izatea”. Era betean, haurrek beren burua pantailarekin identifikatzeak duen arriskuaz ohartarazi zuen: “Bizitzako lehen urtean umeak bere existentziaren oinarria eraikitzen du: ‘naiz’. 1 eta 3 urte artean ‘ni naiz’ eraikiko du eta 3 eta 6 urte bitartean nolako ni den argituko du. Pantaila hor erdian sartzen bada, haurra pantailarekin identifikatuko da eta ez gizakiarekin, eta horrek bere ni-a eraikitzeko prozesuan zailtasun handiak ekarriko dizkio”.
Bestalde, helduok pantailei begira bizitzeak arriskuak dakartza Beñaranen hitzetan: “5 eta 8 hilabete bitartean umeak bestea aurkitzen du baina beste hori mugikorrera begira baldin badago, zer aurkituko du? Pantaila gure zati bilakatu da. Eta heldua haurrarekin ez badago, nola garatuko du haurrak bere nortasuna? Ume askori helduekin lortzen ez duten hori ematen diete pantailek: lasaitasuna eta segurtasun sentipena. Baina pantailek heldua bera eta helduarekiko harremana ordezkatzen badute, zer nolako ondorioak sortuko dira? Alienazioa gertatuko da. Umeak ez ditu bestearekin izandako esperientziak garatuko eta ez du bere nortasuna eraikiko. Bere burua kanporantz eraikiko du”.
Pantailak guztiz baztertzeko uneak
Baina zein unetan baztertu beharko genituzke erabat pantailak? Otorduetan ez genituzke erabili beharko, ezta lokartzeko edota lasaitzeko ere. Zergatik? Ramisen ustez, ikasketa eta harremanak eragozten dituztelako: “Bakarrik jatea ariketa osoa da; psikomotrizitatea, gustua, nortasuna, harreman sozialak… lantzen dira. Baina umea pantailaren aurrean dagoenean, koilara gertu duenean ahoa zabaldu besterik ez du egiten. Ez daki zertan ari den ere. Ez dut esaten pantailarik sekula erabili behar ez denik. Denbora pasatzeko, gozatzeko, partiduren bat ikusteko… jar ditzakegu, baina inolaz ere otorduetan, lokartzeko edota lasaigarri moduan”.
Iritzi berekoa da Beñaran: “Batzuetan, haurrak pantaila baten aurrean jartzen dituzte eta bitartean norbaitek gosaria ahora ematen die, janzten ditu. Dena egiten die. Haur horiek ez dira euren gorputzaz eta gertatzen ari denaz jabetzen. Ez dira gertatzen ari denaren subjektuak. Pantailari begira ari dira eta bat-batean, magikoki, jantzita daude, ez dute goserik eta ikastolarako bidean daude. Haurrei ez diegu beren gorputzaren eta beren buruaren jabe izateko aukera kendu behar”. Eta jarraitu zuen: “Pantailak umea lasaitzeko, ondo portatzeko, jateko edota lo egiteko erabiltzen badira, umearentzat esanguratsuak bihurtzen dira. Eta oso goiz agertzen badira, dependentzia sortzen dute. Garrantzitsua da 7-8 urtetik aurrera agertzea, ordurako haurra autonomoa delako eta gai izango delako pantaila ganoraz erabiltzeko. Bestela, pantailak erabiliko du umea. Batzuei mendekotasun hori komeni zaie gerora haurrak kontsumitzaileak izango direlako. Baina oso garbi izan behar dugu: desberdina da pantailak erabiltzea edo pantailen mende bizitzea. Eta agerpena atzeratzen badugu, errazagoa izango da mendekotasuna saihestea”.
Erabilera arduratsuaren garrantzia
Izan ere, pantailak arduraz erabiltzea da gakoa. “Ez ditugu pantailak gaitzesten baina zertarako nahi ditugun jakin behar dugu. Gaur egun, sortzeko baino gehiago, kontsumitzeko erabiltzen dira. Eta guk sormenerako nahi ditugu. Tracey Tokuhama-Espinosak konfinamendu garaian Haur Hezkuntzako ikasleek pantailak sormenerako nola erabiltzen zituzten azaldu zigun: gurasoek etxea grabatu eta ondoren umeen artean partekatu zituzten grabazioak. Umeek besteen etxeak nola ikusten zituzten komentatu zuten eta ariketa horrek lateralitatea, espazioa, lengoaia, oroitzapenak… lantzeko balio izan zuen. Bi hilabetez aritu ziren material horrekin lanean. Hori da pantailak sormenerako erabiltzea”, azaldu zuen Ramisek. Bere esanetan, pantailak gozatzeko eta esperientziak eta sormena lantzeko erabili behar dira.
Ramisen ustez, irakasleek eta familiek elkarrekin hausnartu beharko lukete pantailen erabilerari buruz: zertarako nahi ditugu pantailak? “Nik uste dut ‘ni-ni, berehala-berehala’ belaunaldiari aurre egin behar diogula. Ume askok ez dute beren burua baino haratago ikusten eta dena berehala nahi izaten dute”, dio Ramisek.
Pantailek jarrera berekoiak bultzatzen dituztela uste du Ramisek eta iritzi berekoa da Beñaran: “Haurraren garapenean bestearen presentzia eta bestearekin duen harremana hain garrantzitsua baldin bada, hipotesi nagusia da pantaila erdian jartzen denean, zerbait gertatuko dela. Umeak bestea subjektu gisa bizi behar du bere burua subjektu gisa eraikitzeko eta horrekin batera beste gauza garrantzitsu bat eraikiko du: bestea baloratuko duela, kontuan hartuko duela eta errespetatuko duela. Indibidualtasuna eta sozializazioa biziko ditu eta ez indibidualismoa soilik. Pantailak isolatzen badu, ordea, nekez eraikiko du hori guztia. Bakoitza bere irlan biziko da eta harremanak pantailen bidez eraiki beharko ditugu”.
Pantailen erabilerari lotutako hiru mito aipatu zituen Ramisek: lehena, gaur egungo haurrak natibo digitalak direla. Bigarrena, pantailekin harremana ahalik eta arinen hastea hobea dela. Eta, azkenik, soilik jolas hezitzaileak egiteko edota ingelesa ikasteko erabiltzen direla esatea. “Pantailekin umeak anestesiatzen ditugu eta asko eta asko kontsumitzaile hutsak bihurtzen dira. Merkatuak, gainera, horretara bideratutako produktu mordoa eskaintzen du”.
Jolasaren ordezko
Pantailak jolasaren ordezko bihurtzen dira maiz eta horrek arazo larriak ekar ditzake Beñaranen hitzetan: “Haurrak jolasaren bitartez menderatzen du errealitatea. Berak sortutako jolasaren bitartez subjektu gisa kokatzen da errealitatean. Bere subjektibotasuna eraikitzeko, bere bizitzaren protagonista eta jabe dela sentitzeko berak sortutako ekintzak, mugimenduak eta jolasak bizi behar ditu”.
Horrez gain, mundu paraleloa sortzen dela gaineratu zuen: “Komunikatzeko zailtasunak dituzten haurrek fantasia erabiltzen dute. Fantasia diot eta ez irudimena. Fantasiak benetako jolasa ordezkatzen du. Benetako jolasa komunikatzeko, adierazteko, errealitatea ezagutzeko edota besteekin partekatzeko sortzen da. Batzuetan, ordea, badaude jolas itxura duten eszenak baina benetako jolasak ez direnak. Eta ez dira sortzen errealitatearekin harremana izateko baizik eta errealitatetik ihes egiteko, haurrek sumatzen duten arriskuren baten aurrean beren burua defendatzeko. Mundu paraleloa sortzen dute. Ez al dago halako mundu paralelo bat pantailetan?”.
Era berean, pantailak zigor edota sari gisa erabiltzearen arriskuak aipatu zituen Beñaranek: “Helduei botere handia ematen digute pantailek. Ez duzula behar bezala jaten? Zigortuko zaitut pantailarik gabe. Oso ongi portatu zarela? Gaur pantaila gehiago izango duzu. Eta umeek horren arabera egokitzen dute portaera. Dinamika horretan haurrentzat pantaila gauza ona, polita eta lasaigarria izango da; ongi portatzen denean baduelako eta gaizki portatzen denean ez duelako”.
Gidaritza digitala
Gidaritza digitalaren kontzeptua izan zuen ahotan Amaia Arroyo Sagastak. Arroyo Sagasta Komunikazioan eta Hezkuntzan doktorea da eta HUHEZIn Teknologia Digitalean Espezializatutako Hezkuntza Bereziko irakaslea eta ikertzailea da. Bere ustez, oso zaila da haurrak sei urtera bitartean pantailarik gabe bizitzea eta aukera hori erreala ote den zalantzan jarri zuen.
Haurrekin lehen urteetan pantailarik erabiltzen ez bada, ondoren gidaritza digitalaren beharra agertzen dela azaldu zuen Arroyo Sagastak. Une batetik aurrera, gauzak nola egin behar ditugun galdetu behar diogu gure buruari. Hauxe bere erantzuna: “Lehenik eta behin argi izan behar dugu haurraren ongizatea nahi dugula eta horrekin batera, familiaren ongizatea nahi dugula. Era berean, trantsizio kontzientea egin behar dugu eta ez bat-batekoa. Egokitzapen osasuntsua egitea ere komeni da: egoeraren arabera eta testuinguruaren arabera egokitzen joan behar gara. Eta, azkenik, pantailak zertarako erabiliko ditugun pentsatu behar dugu. Erabilpen horrek, nire ustez, eraikitzailea izan beharko luke. Zerbait sortzeko balio beharko luke, esanguratsua izan beharko luke eta adinera egokitua”.
Eta prozesu horretan komunitate osoaren inplikazioa ezinbestekoa da Arroyo Sagastaren ustez: ezin du familiak alde batetik joan eta eskolak bestetik. Gidaritza hori komunean eraiki eta adostu behar dela dio: “Ingurune digitalean eta pantailen erabileran gidaritza kontzientea eskaini behar diegu haurrei erabilera hori osasuntsua, segurua, eraginkorra eta esanguratsua izan dadin”.
Zer har dezakegu kontuan gidaritza digitala abiatzeko? Arroyo Sagastak azaldu zuenez, sei alderdi hartu behar dira kontuan: zer gailu erabiltzen dugun, zertarako erabiltzen dugun, norekin, noiz, nola eta zenbat denboraz erabiltzen dugun. Eta horrekin lotuta hausnarketarako bide ematen duten hainbat egoera proposatu zituen: “Demagun larunbata dela, eta gosaldu ostean 10 hilabeteko umeari ipuina kontatzen ari garela. Animaliak agertzen dira eta haien soinuak egiten ari gara baina hainbat animaliren hotsak egiteko gaitasunik ez dugunez (adibidez, izurdea edota jirafa) tableta edo mugikorra erabiliko dugu animalia horien soinuak modu errealean entzuteko. Horraino egoera eta orain galderak: Nire laguntza kontzientea da? Bai. Osasuntsua eta segurua da? Eraginkorra da? Esanguratsua da? Nire ustez ez da esanguratsua. 10 hilabeteko haur batekin askoz ere esanguratsuagoak izan litezke gurasoen estimuluak izurdearen soinu erreala baino”.
Beste egoera bat: “18 hilabeteko haurra aztoratuta dago afaria prestatzerako orduan. Telebista edo tableta erabil dezakegu lasai dadin. Bakarrik dago afaria prestatu behar dugulako eta gutxi gorabehera ordu erdi beharko dugu. Kasu horretan gidaritza ez da kontzientea zeren fokua ez dugu haurrarengan eta bere ongizatean jarri. Gure beharrak asetzeko jarri dugu pantailaren aurrean. Eta gainera ez da segurua: aulkira igo liteke, erori liteke… Kasu horretan, ez diogu laguntzen eta ez dugu jarraipenik egiten. Gidaritza harekin egotea eta laguntzea da”.
Baina erabilera esanguratsuaren adibide diren egoerak badira Arroyo Sagastaren hitzetan: “Bi urte eta erdiko haurrarekin bihar ikastolara joateko arropa aukeratzen ari gara eta horretarako, zer eguraldi egingo duen jakin nahi dugu. Kasu horretan, mugikorra erabil dezakegu eguraldiaren iragarpena ikusteko. Bere logelan, gurasoekin begira dezake iragarpena afaldu aurretik eta ez ditu bi minutu baino gehiago beharko. Kasu horretan erabilera egokia dela uste dut. Helduaren laguntza kontzientea da, osasuntsua da, segurua da eta eraginkorra da. Esanguratsua ere bada zeren Euskal Herriko mapa erakusten diogunean gu non bizi garen azaltzeko aukera izango dugu, biharko iragarpenean eguzkia edota lainoa ateratzen den ikusiko dugu…”.
Eta azken adibide bat ere jarri zuen: “Jada siestarik egiten ez duen 4 urteko haur batek, bazkalondoren, gurasoekin ikus dezake film bat telebistan 30-60 minutuz. Kasu honetan ere erabilera egokia da. Zergatik ez? Gurasoekin dago eta galderak egin ditzake, guk berari ere bai, elkarrizketa sor dezakegu eta ekintza hori hezitzaile bihur dezakegu. Modu horretan ez du mundutik deskonektatzen”.
Etorkizunera begira arazoak saihesteko gidaritza digitala beharrezkoa dela defendatu zuen Arroyo Sagastak: “Gero bestela, 9-10 urterekin pornoa ikusiko dute. Jakina, uzten badiegu tabletean edo mugikorrean beti nahi duten guztia ikusten halako ondorioak izaten dira. Eta kezkagarriena ez da 9 urterekin pornoa ikusten ari direla baizik eta nola iritsi diren horraino”.
Pantailak gurekin geratuko dira
Mundu digitalean eta pantailek inguratuta bizi gara eta hala bizi beharko dugu aurrerantzean ere, pantailak ez baitira gure artetik desagertuko. “Pantailak hor daude eta hor geldituko dira baina garrantzitsuena da pantailek helduaren eta haurraren arteko harremana ez ordezkatzea”, azpimarratu zuen Beñaranek. Ramisen ustez, beharrezkoa da pantailen erabilera murrizteko estrategiak izatea, nahiz eta ez den lan erraza: “Errazagoa da asperdurari aurre egiteko erabiltzen ditugun pantailak kentzea kasketei aurre egiteko erabiltzen ditugunak kentzea baino”.
Pantailak errealitatea direla eta ez ditugula sataniko bihurtu behar esan zuen Arroyo Sagastak: “Gurekin daude eta ez dira desagertuko. Egoera kontuan hartuta erabaki praktikoak hartu behar ditugu eta hausnarketa praktikoak egin behar ditugu”. Eta hausnarketarako hainbat galdera luzatu zituen: “Zergatik ditugu hain ikuspuntu kontrajarriak? Zergatik gaude debekuaren edo denerako pantaila erabiltzearen arteko dikotomian? Zergatik dago hain alde handia ikerketen eta erabilera mailaren artean? Egoerak guztiontzat berdintsuak ez direla jakinda, posible al da gai honi buruzko jarraibide orokorrik eskaintzea? Haur guztiei berdin eragiten al die pantailen erabilerak? Nola eragiten du gidaritza digitalak pantailen eraginean?”.
Beñaranen ustez, helburua haurrek eta helduek teknologia eta pantailak erabiltzea da, eta ez alderantziz. “Ez da erraza zeren patriarkalismoak, kapitalismoak, inperialismoak eta kolonialismoak beti izan dute mendeko gizakiak sortzeko helburua. Eta teknologia berriak horretarako tresna paregabea dira”, esan zuen.