Anna Ramis: “Haurrak pantailekin anestesiatzen ditugu eta aukerak kentzen dizkiegu”

2022-01-13

Pantailekiko mendekotasun goiztiarrean aditua da Anna Ramis eta pantailak arduraz erabiltzearen garrantzia azpimarratzen du. Adin guztietan, baina bereziki bizitzako lehen urteetan. Izan ere, pantailek haur txikien arreta bahituz gero, garapenean arazo larriak sor daitezke.

 
 
Anna Ramis: “Haurrak pantailekin  anestesiatzen ditugu eta aukerak kentzen dizkiegu”

Hezitzailea, pedagogoa eta pantailekiko mendekotasun goiztiarrean aditua da Anna Ramis, 0 urtetik 3 urtera pantailarik ez? liburuaren egilea da eta izen bereko kanpaina ere jarri du abian. Hik Hasik joan den azaroaren 19an eta 20an antolatutako Pantailak 0-6an, zertarako? jardunaldietan parte hartu zuen kataluniarrak eta pantailak arduraz erabiltzeko proposamena egin zuen. Gure bizitzaren parte dira eta erabat baztertzea ezinezkoa da, baina haur txikiak pantailaren aurrean jartzeak arazoak sor ditzake haien garapenean, eta txikiek ingurunearekiko eta ingurukoekiko dituzten harremanak eteteko arriskua areagotzen dute. Helduoi, pantailaren erabilera murriztea, arduraz jokatzea eta haurren eredu izatea dagokigu.

 

'0 urtetik 3 urtera pantailarik ez?'. Zure liburuaren izenburua da eta baita abian duzun kanpainarena ere. Zergatik ez da komeni 0 eta 3 urte bitartean pantailarik erabiltzea?

Osasunaren Mundu Erakundeak egindako baieztapena 3 urtera bitartean luzatu dut nik. Izan ere, gomendio hori egin zutenetik gaur arte pantailek umeen bizitza are gehiago inbaditu dute. 3 urtera bitartean hobe da pantailarik ez erabiltzea. Hori da nire proposamena.

 

Zer eragiten dute pantailek haurrengan? Zergatik ez dira egokiak haien garapenerako?

Mugatzen duten horretan jarri behar dugu arreta. Zer eragozten duten begiratu behar dugu, edo zer galtzen duten haurrek pantailekin elkarrekintzan ari diren bitartean. Haurtzaroa identifikatzen duen ia guztia eragozten dute pantailek: deskubritzea, konturatzea, elkarrekintza, eraikitzea, mugitzea, identifikatzea… Pantailak hori guztia bahitzen du. Beraz, zer bultzatzen dute pantailek adin horretan? Gauza gutxi. Zuzenekoa ez den harremanen bat, eta gutxi gehiago. Eragozten dutena gehiago da eskaintzen dituzten aukerak baino. Baina aukeraren bat ematen dute, ez dut ezetz esaten, horregatik erabiltzen dut beti galdera ikurra. 

 

Dena den, 5 urtera bitartean pantailarik ez erabiltzeko aholkua ematen duzu zuk. 

Ahal den guztia mugatu behar dira. Pantailak hor daude: etxean, metroan, autoan, autobusean, trenean… Leku guztietan daude, umeek etengabeko kontaktua dute pantailekin eta egunerokoan erabiltzen ez baditugu, ez dute inolako arriskurik baztertuta geratzeko eta amishen moduan aparteko mundu batean, mundu paralelo batean bizitzeko. Baina ahal den neurrian murriztea komeni da, eta era horretan haurren eta helduen arteko harremanak ahalik eta gutxien oztopatuko dituzte. Izan ere, umeak garenean dena ikasi behar dugu: nor garen, gure ingurunearekin elkarrekintzan bizitzen, inguruko pertsonekin egoten…  Horrek denbora asko eskatzen du, eta ez da galdutako denbora: ni-a eta munduan izango duen espazioa eraikitzeko erabilitako denbora da, eta etorkizuneko bizitza eraikuntza horren araberakoa izango da. Pantailek haurraren arreta bahitzen badute, nekez egingo du hori guztia. Baina, hor daudenez, ahal izanez gero, 6 urtera bitartean helduok pantailen presentzia murriztu beharko genuke, behintzat gure esku dagoen kasuetan.  

 

Zure hitzaldian oso adierazgarria eta alarma pizteko modukoa den datua eman duzu: hainbat pediatrek egindako ikerketa batek dio urtebete eta 3 urte bitarteko haurrek, bi urteko epean bost hilabete ematen dituztela pantailen aurrean. Zer ari gara egiten?

Oso larria da. Datua ematen duzunean ezinezkoa dela dirudi, akatsen bat dagoela, baina biderketa egiten duzunean emaitza horixe da: egunero pantaila aurrean bi ordu eta erdi ematen badituzte, eta haurrek adin horretan batez beste 12 orduz lo egiten badute… Biderketa horren emaitza argia da. Batzuetan halako datuak jarri behar ditugu mahai gainean errealitateaz jabetzeko eta kontzientzia hartzeko. Eta konturatzeko, pantailak denbora tarte laburretan erabilita ere, guztia batuz gero, denbora asko pilatzen dela. Une askotan erabiltzen dira pantailak: lotara joateko, lasaitzeko, entretenitzeko, gu lasai ez gaudelako… Eta haurrek pantailen aurrean ematen dituzten minutu kopurua gorantz doa etengabe. Errazak izango zaizkigun alternatibak bilatu behar ditugu. Abestea eta dantzatzea gogoko dugula? Bada, horixe izan liteke alternatiba. Edo ipuinak kontatzea, gauzak berrantolatzea… 

 

Gizarte digitalizatuan, pantailen artean bizi gara. Ez dira desagertuko eta gakoa arduraz erabiltzea da. Baina, zer egin dezakegu pantailak arduraz erabiltzeko?

Lehenik eta behin helduok zer egiten dugun behatu behar dugu. Guraso izatean, pertsona horren bizitza irauli egiten da eta gauza askorekin konturatzeko unea izaten da: nola janzten garen, lo nola egiten dugun, nola elikatzen garen… Guztiak ordura arte eman ez diogun garrantzia hartzen du. Garrantzitsua da une hori hausnarketarako baliatzea. Eta, hausnarketa horien artean, pantailak nola erabiltzen ditugun edo pantailek nola erabiltzen gaituzten begira dezakegu. Izan ere, semeak edo alabak gure begirada beharko du, gure presentzia beharko du, eta gure presentzia izateko ez du zertan pantailekin lehiatu beharrik. Beraz, haurrari pantaila aurrean zenbat denbora egoten utziko diogun edota zer nolako edukiak onartuko ditugun pentsatu aurretik, guk nola jokatzen dugun pentsatu behar dugu, eta ea zenbat denbora hartzen duten pantailek gure bizitzan. Poltsikoan azenario bat izango bagenu, irribarreak zein elkarrizketak eskainiko bagenizkio eta etxeko lekurik onenean gordeko bagenu, gure semeak edo alabak azenarioa nahiko luke. Eta mugikorrarekin gauza bera egiten badugu, semeak edo alabak mugikorra, pantaila nahiko du. Beraz, lehenik eta behin, egokitu dezagun gure erabilera. Eta gero pentsatuko dugu haurrei pantailak nola eskainiko dizkiegun: ordutegiak, edukiak…

 

Orduak eta orduak pasa ditzakegu helduok pantailari begira umeei erabilera mugatzen diegun bitartean…

Hori da arazoa. Semea edo alaba bularrean dugun bitartean etengabe pantailari begira baldin bagaude, txikia pantailaren atzetik geratuko da. Eta adibide horrekin bezala, guztiarekin gauza bera gertatuko da. Txikiak pantailarekin lehiatu behar du eta gure arreta bereganatzeko oihuak gero eta ozenagoak izan beharko dira. Seme-alabekin dugun presentzia aztertu behar dugu. Gu pantailak alboratzeko gai garenean, haurrek ere ez dituzte beharko. Bestalde, beharrezkoa da pantailaren aurrean denbora pasatzen badute, gero haiekin jolasteko tarteak hartzea.

 

Pantailei lotutako mitoak aipatzen dituzu: gaur egungo haurrak natibo digitalak direla edo pantailak ahalik eta azkarren sartzea onena dela esatea, asko ikasten dutela esatea… Helduok geure burua lasaitzeko erabiltzen ditugun aitzakiak al dira?

Bai. Irakurketa hori egin liteke, baina aitzakia inkontzienteak dira. Gizartean onarpen handia duten sinesmenak dira. Pantailaren aurrean hainbeste ordu pasatzea onuragarria ez dela pentsatzen dugunean senti dezakegun erruduntasun txiki hori estaltzen dute, nolabait. Natibo digitalak direla pentsatzen dugu, edo ez zaiela ezer gertatuko, eta horrek kontzientzia txar zatitxo hori estaltzen du. Onena denon artean sinesmen horiek baztertzea izango litzateke. Norbaitek esaten duenean pantailak erabiltzen dituela soilik haurrek ikas dezaten, nik galdetzen dut: zer ikas dezaten? Sinesmen horiek pitzatu behar ditugu. 

 

Mundua oso lehiakorra da eta askotan gure haurrak arlo guztietan lehenak izatea nahi izaten dugu, dena lehenbailehen ikastea… Pantailen erabilerak ikasketa goiztiarra bultza dezakeela pentsatzen duenik ere izango da. 

Presaren eredua da, bai. Baina zertarako jartzen ditugu lehenbailehen pantailaren aurrean? Lehenbailehen eduki digitalen kontsumitzaile izan daitezen? Bada zer nolako pena, zeren denak kontsumitzaile izanda lelotzeko prozesu hori lehenbailehen hastea tamalgarria da. Haurtzaroa, berez, balio handiko etapa da, eta ez diogu amaiera lehenbailehen eman behar. Gure nortasunaren disko gogorra grabatzen ari da etapa horretan eta gure burua eraikitzen dugu. Eman diezaiegun haurrei haurrak izateko denbora. Pantailak lehenbailehen eskaintzeko presak ez du ezertarako balio. Umeek ez dute presarik, orainean bizi dira. Hobe genuke geuk ere hala biziko bagina. 

 

Pantailen erabilerak umeak anestesiatzen dituela diozu. Beren bizitzan berebiziko garrantzia duten uneak bizitzeari uzten diotela eta esperientziak pantailen bidez bizitzen dituztela. Errealitatea ordezkatzen al dute pantailek? 

Bai. Izatez, ez dira bizitzen. Guk haurrari pantailari begira ari den bitartean jaten ematen badiogu, ez da konturatzen jaten ari dela, zer jaten ari den, asetu ote den, aho barrura sartzen ari dena gustuko ote duen… Bat-batean pantaila itzali da, janaria bukatu da eta agian asetuta dagoela sentituko du, baina ez daki tartean zer gertatu den ere. Eta jatea, adibidez, oinarrizko ikasketa da, nork bere burua ezagutzeko. Gustuak ere nortasuna ematen digu: “Mandarina gustuko dut eta brokolia ez”. Haurrak pantailekin anestesiatzen ditugu eta aukerak kentzen dizkiegu. 

 

Erosotasunagatik egiten dugu?

Bai. Pantailak berehalakotasuna dakar; klik batean dena dugu gure eskura. Eta erraza da horretara jotzea, baina garesti ateratzen zaigu. Horretara jo dezakegu une batez, esate baterako, bi ume baditugu, bakarrik baldin bagaude eta lasai dutxatu nahi badugu, baina garbi izan behar dugu: dutxatik ateratzen garenean pantaila amaituko da. Eta gero alternatibak prest izango ditugu,  zeren pantailatik ezerezera pasatzea oso gogorra da. Helduok ere ez genuke hori jasango. Merkea, erraza eta azkarra da, baina haurrak pantailaren aurrean jartzea oso garesti atera dakiguke. Eta nik uste dut oso garesti aterako zaigula. Bada jada haurren belaunaldi bat, pandemia garaian jaio direnak, txiki- txikitatik pantailaren aurrean ordu asko eman dituztenak. Horrek beren buruaren ezagutza, harremanak eta ikasketa prozesuak murriztu ditu. 

 

Haurren garapenerako helduaren presentzia, helduarekiko komunikazioa eta elkarrekintza oso garrantzitsuak dira. Pantailek hori eragozten dute baina baita haurren arteko harremanak ere, ezta?

Bai. Nik haurrak pantaila baten aurrean jartzen ditudanean, anai-arrebak etxean edota ikaskideak gelan, haien arteko elkarrekintza eten egiten da. Bideo-jokoren batekin ari badira, agian, eztabaidan hasiko dira agintea nahi dutelako, eta horrek gerturatuko ditu bata bestearengana, baina harremanak eten egiten dira. Gurasoak txikiekin pantailaren aurrean jartzen direnean eta galderak egiten dituztenean edo zerbait komentatzen dutenean, umeek gurasoak isilarazten dituzte pantailatik datorrena ez dutelako entzuten. Pantaila interlokutore nagusia izatera pasatzen da,  eta interlokutore faltsua da. Ez dago elkarrizketarik. Pantailaren aurrean, ez dago harremanik ez helduekin, ez ikaskideekin eta ezta neba-arrebekin ere. Eta harreman horiek oso beharrezkoak dira haurrak nor den ezagutu dezan eta bere harremanak nolakoak diren jakin dezan. 

 

Pandemia garaian ordu asko eman ditugu etxean sartuta. Umeak entretenitzeko pantailak erabili ditugu maiz, baina itxialdiak telelana ere bultzatu du. Nola eragin du horrek etxeko harremanetan?

Telelanaren ziria ederki sartu digute. Telelana eta kontziliazioa lotuta daudela sinetsarazi nahi digute baina kritiko izan behar dugu, batez ere emakumeok. Izan ere, telelana egiten ari garen bitartean ez dugu oso garrantzitsua den beste lan bat egiten: seme-alebei arreta eskaintzea. Telelana egiten ari bagara, 6 urtetik beherako seme-alabei arreta modu egokian eskaintzea ezinezkoa da. Eta horren guztiaren ardura familiarena da baina ardura soziala, politikoa, laborala eta enpresariala ere bada. Kontzientzia politikoa hartu behar dugu gure seme-alaben garapena zaintzeko lana errespeta dadin. Lan duina da eta errespetatu beharrekoa. Langile borrokaren eta borroka feministaren arloan lan handia dugu oraindik aurretik. 

 

Helduok errudun senti gaitezke pantailak erabili ditugulako edo orain arte eragin horretaz jabetu ez garelako. Zer esango zenieke hala sentitzen diren pertsonei?

Errudun sentitzea oso naturala da. Baina erruduntasunak gerarazi egiten gaitu, atzera bueltatzea eskatzen digu, eta bizitza ez da inoiz atzera bueltatzen. Orain arte gaizki aritu direla pentsatzen duten gurasoek eta hezitzaileek pentsatu behar dute egoera horri buelta eman diezaioketela. Kontzientzia hartzen dugunean, arduratu egiten gara, eta ardurak bultzatzen gaitu gure buruari galdetzera ea bihartik aurrera zer egin behar dugun. Ehunetik zerora ez pasatzea aholkatzen dugu. Haur batzuek egunero eta denerako erabiltzen dituzte pantailak eta bihartik aurrera erabat desagerraraziko ditugula pentsatzea ez da erreala. Nondik kenduko ditugun pentsatu behar dugu, alternatibak prest izan behar ditugu, noiz kenduko ditugun erabaki behar dugu… Eta norbait gaizki sentitzen denean, errudun sentimendu hori ardura bihur dezan lagundu behar diogu, zeren beti dago aukera pantailak egon diren lekuan berriro ere giza harremanak jartzeko. 

 

‘Ni-ni, berehala-berehala’ deitzen duzun belaunaldia sortzen ari dela diozu. Gure haurrak berehalakotasunean hazten ari dira eta dena orain nahi izaten dute. Nola egin diezaiokegu aurre horri?

Ez da soilik haurren joera, helduok ere badugu joera hori. Geure buruarengan oso zentratuta gaude, kolektiboari begiratzen ez dion belaunaldikoak gara, eta ‘gu’-ari ez diogu hainbeste begiratzen. Dena berehala nahi dugu: internetez erosten dugu eta langileak hamar minututan erosketak gure etxera ekartzera makurrarazten ditugu… Hori ankerkeria da guztiontzat. Ni ez naiz basamortuaren erdian bizi. Datorren astean lasai asko joan naiteke behar dudan hori erostera, eta bitartean langileak esplotatzen ari dira. Umeak testuinguru horretan jaiotzen eta hazten dira. Baditugu soilik euren buruarengan zentratzen diren umeak eta gainera, uste dugu berehala gogobete behar ditugula. Horrela sortzen da ‘ume enperadorea’ deitzen dutena: bera da unibertsoaren erdigunea. Nola irauli dezakegu hori? Lehenik, denboraren kontzientzia hartuz. Orain guraso askok tribua bilatzen dute umeak dituztenean, eta tribua bilatzen dugunean, gugan zentratuta egoteari uzten diogu. Gure bizitza aztertzeko aukera dugu eta neurriak har ditzakegu gure semea edo alaba presaren mundura gertura ez dadin. 

 

Esandakoak esanda ere, ez zara pantailak gaitzestearen aldekoa. Arduraz erabiltzea planteatzen duzu eta sormenari ateak zabaltzeko erabiltzea, ez soilik kontsumorako

Hori oinarrizkoa da. Pantailak etxean daude eta egongo dira, eta, esaterako, ondoan ez ditugun senide edota lagunekin komunikazioa erraz dezakete. Haurrak handiagoak direnean familia argazkiak ere ikus ditzakegu: bizitako uneak edo pertsonaren bat oroitzeko, adibidez. Aisialdi digitalerako ere erabil daitezke, baina elikatzeko produktuak hautatzean ditugun moduan, aisialdi digitaleko produktuak ere hautatu beharko genituzke. Badira oso politak diren telesailak eta marrazki bizidunak, eta, adibidez, irizpide artistikoa erabil dezakegu aukeraketa egiteko. Etxean, sortzeko erabil ditzakegu, edo partekatzeko aukera emango diguten jolasak egin ditzakegu. Etxean pantailak sortzeko erabiltzen baditugu eta harremanak sortzeko balio badute, erabilera ez da kontsumista izango. Modu horretan, gure seme-alabak ez dira haziko etorkizuneko kontsumitzaile digital gisa, baizik eta etorkizuneko sortzaile gisa. Sortzeko eta gozatzeko erabiliko dituztelako. 

 

Zein da etorkizunean jarrai dezakegun bidea? Zein da alternatiba?

Pantailak hor daude eta hor jarraituko dute, gero eta modu inbaditzaileagoan, gainera. Mila gauza egiteko aukera ematen diguten erlojuak erabiltzen ditugu, etxean ia dena digitalizatua dago… Kontzientzia hartu behar dugu eta galdera egin behar diogu geure buruari: egoera hau da, baina nola izan nahi dugu gizaki testuinguru honetan? Gizatiarragoak izan behar dugu, elkarlanean aritu behar dugu eta nolako pertsonak izan nahi dugun pentsatu behar dugu. Homogeneizaziorik gabe, bakoitza bere erara. Ongi etorria izan dadila teknologia, elkartzen bagaitu eta bizitza errazten badigu, baina gizatiarragoak izan behar dugu.