Jesus Maria Mata: “Munduak irtenbidea izango du hezitzaileak zaintzen baditugu”

2022-01-26

Azkar bizi gara gaur egun. Azkarregi. Eta, normalean, beti kanporantz begira. Abiadura moteltzeko eta barrura begiratzeko gonbidapena egin digu Jesus Maria Matak. Informatikaria ofizioz, barnekotasuna lantzeko NIGAN proiektua sortu du eta tailerrak eta prestakuntza saioak eskaintzen dizkie gaztetxoei, gurasoei zein irakasleei. Irteera barrurantz begiratuta topatuko dugula dio Matak, eta ezinbestekoa dela gure
barne-mundua modu egokian kudeatzea. 

 
 

Noiz hasi zinen barnekotasuna lantzen?

Gure semeak txikiak zirenean hasi ginen honekin, duela hamabost urte inguru. Bikotea eta biok pentsatzen hasi ginen ea nola landuko genuen alderdi emozionala haiekin, baina horrekin batera ikusi genuen semeekin soilik lantzea motz geratzen zela, eta hori guztia komunitatera zabaldu behar genuela. Antzuolakoak gara, herri txikia da gurea, eta komunitate sentipen handia dugu. Barnekotasuna lantzeko saioak antolatzen hasi ginen eta sorpresa handia hartu genuen, jende asko animatu baitzen parte hartzera. 

 

Zer adineko gaztetxoekin aritzen zarete lanean?

Lehen Hezkuntzako 6. mailan dauden neska-mutilekin aritzen gara, urtebetez, eta hogei saio inguru egiten ditugu. Baina gurasoek barnekotasuna lantzea interesgarria zela ikusita, eskaintza haiei ere zabaltzea erabaki genuen. Ordutik aurrera, gurasoak soilik ez, herriko eta bailarako jendea ere etortzen hasi zen eta gaur egun helduentzako bi talde ditugu. 

 

NIGAN izeneko proiektua sortu zenuen, hain zuzen ere, barnekotasuna lantzeko.

Bai. Barrura begiratzeko beharra ikusten genuen eta hortik datorkio izena. Gizarteak kanpora begiratzera garamatza, etengabe gauzak egitera eta denbora ekintzekin betetzera. Hori guztia oso ongi dago, baina barrura begiratzeko behar handia dugu. Barnekotasuna meditazio praktikaren bidez lantzen dugu. Isiltasunean egonez, batez ere. Hainbat dinamika eta jolas ere egiten ditugu, baina, isiltasuna da ardatza. Honekin guztiarekin hasi ginenean konturatu ginen gaztetxoek ere sekulako gogoa eta beharra dutela isiltasunean egoteko. Ordu laurdenez egoten dira, erlaxatuta eta oso gustura. Gainera, tresna modura barneratzen dute eta estres egoeren aurrean erabiltzen dute. Antzuolako eskolan, adibidez, ez dute azterketarik egiten baina gero, Bergarara joaten direnean bai, egiten dituzte, eta lehengoan esan zidan gaztetxo batek azterketa egin aurretik elkartzen direla, “sintonia” egiten dutela (guk erakutsitako meditazio-praktika bat da) eta ondoren sartzen direla gelara azterketa egitera. Horregatik soilik, merezi du egiten dugun lanak. 

Zer da zehazki lantzen duzuena?

Barnekotasuna kudeatzerakoan hiru alderdi bereizten ditugu: lehenik, ea zer egiten dugun geure pentsamenduekin. Zentzu horretan, meditazioarekin eta mindfulness-arekin esperimentatu duguna oso aberatsa izan da. Bigarrenik, adimen emozionala dugu. Hainbat ikastetxetan lantzen dute, baina gerora ez du jarraipenik izaten. Eta, hirugarrenik, dimentsio sakona dago: geure izatea bera, geu garena. Hori oso garrantzitsua da guretzat. Pentsatzen duguna eta sentitzen duguna baino askoz ere gehiago baikara. Adibidez, maitatzeko dugun gaitasuna ikaragarri handia da baina ez gara konturatzen barnean dugun horretaz, ez gara kontziente. Gure barnean dagoen hori ikusten badugu, indartzen badugu eta barneratzen badugu, bizitza zeharo aldatzen da. 

Bestalde, orain egiten ari garen tailer batean esperimentatzen ari gara esker onez bizitzeak zeinen efektu ona duen. Bizitzak uneoro opari ederrak egiten dizkigula, bizirik egotea bera opari ederra dela, gure ondoan pertsona zoragarriak ditugula eta natura eskura dugula ikusten dugunean, dena aldatzen da. Eta marketingaren industriatik datozen mezuak gerarazi egiten ditugu. Zeren beharrak sortzen dizkigute, eta hainbat gauza edukita zoriontsuagoak izango garela sinestarazten digute, baina ez da egia. Munduak irtenbidea izango du barrura begira jartzen bagara. Bestela kontsumismo hutsean biziko gara. 

 

Abiadura bizian bizi gara, denera iritsi ezinik eta egotea zer den ahaztu zaigula dirudi. Luzaroan eutsi al diezaiokegu bizimodu horri?

Aldatzen joan beharko dugu zeren horrela ez goaz inora. Barrutik apurtuta geratzen gara. Hamsterrak bezala egoten gara gurpilean jira eta bira, korrika, eta hori ez da irtenbidea. Irtenbidea barruan dago, ez dago kanpoan. Oso garrantzitsua da nork bere burua ezagutzea, bizitza gozatzeko eta bere osotasunean bizitzeko. Gelditzea, begiratzea eta gozatzea da gakoa. Ardo dastaketak egiten direnean, adibidez, ardoa kopa berezi batean ateratzen dute. Lehenik kolorea begiratzeko esaten dizute, gero usaintzeko eta pixka bat probatzeko, ondoren zaporea hartzeko ardoa mingainean izateko… Eta zure arreta osoa horretan dago. Hori da bizitza dastatzea. 

 

Barnekotasuna lantzeko saioetan parte hartu ondoren aldatzen al dira helduen eta gaztetxoen arteko harremanak?

Batez ere, nork bere buruarekin duen harremana aldatzen da, eta jendeak bizitzeko beste modu bat dagoela ikusten du. Barnekotasunari esker, barrutik zeinen ongi eginak gauden ikus dezakegu; gure barneko indarra ikusten dugu eta bizitza bere osotasunean bizitzeko aukera ematen digu. Indar hori ikustean, erresilientziaz jokatzen dugu, maitagarriago gara, eta bizitzaz gozatzeko gaitasun handiagoa dugula ikusten dugu. Norbera aldatzen da, eta hori denean islatzen da.

Begirada aldatzen da. Gaur egun, uneoro gauzak egin behar ditugula esaten digu gizarteak: egin, egin eta egin. Gabezia asko ditugula esaten digu, eta horiek betetzeko erosi eta erosi egin behar dugula. Baina benetako bizitza ez da hori: benetako bizitza lasai egotea eta dugunarekin gozatzea da. Bestela, gizarteak sortu dizkigun beharrak asetu nahian bizi gara eta asetzen ez ditugunean etsipena sentitzen dugu. Zoriona kanpoan dagoela uste dugu baina dena geure barnean dago; irtenbidea geure barnean dago. Eta bizitza bere osotasunean bizitzeko barne-begirada hori landu behar dugu. 

 

Irakasleei ere prestakuntza saioak eskaintzen dizkiezue.

Bai, hezitzaileak zaindu behar ditugula uste dut. Baina nola? Bada, helburua da, hezitzaileek euren baitan dituzten altxorrak ikustea, horiek egunerokoan erabil ditzaten. Ez da zaila; ausartzea da kontua. Eta, emaitzak, bizitza alda diezazuke behin betiko. Bide horretan gaude: ikastetxeetara joaten ari gara saioak eskaintzera. Arizmendi ikastolan adibidez, halako proiektu bat abiatu genuen. Duela lau urte hasi ziren GPS (Garapen Pertsonalerako Saioak) deitu zuten proiektuarekin eta bertan aholkulari gisa ari naiz. Antzuolako eskolan ere hilean behin egiten ditut prestakuntza saioak irakasleekin. Euskal Herriko hainbat ikastetxetan abiatu dira jada halako egitasmoak. Irakasleak ongi egotea funtsezkoa da eta helburua beren ongizatea sakonduko duten tresnak eskaintzea da. Hezitzaileak zaindu egin behar ditugu: bai irakasleak eta baita gurasoak ere. Izan ere, munduak irtenbidea izango du hezitzaileak zaintzen baditugu. Betiko galdera da: Nork zaintzen du hezitzailea? Eta nola? Eta helburua ez da gero haiek ikasleei hori guztia irakastea. Izan ere, hau ez da irakasten, bizi egiten da. Benetan balio duena esperientzia da eta hezitzaileak ongi baldin badaude, haurrek ere hori jasoko dute.