Zaindu beharreko harribitxiak

2022-02-08

Berez badira 30 urte Adimen Gaitasun Handiko ikasleen arreta-premia bereziak jasota daudela gure hezkuntza sistemetan. Plan eta proposamen  zehatzak egin ere egin dituzte diziplina ugaritako profesionalen artean. Berriena Eusko Jaurlaritzak 'Adimen-gaitasun handiko ikasleen hezkuntza-arreta emateko Plana 2019-2022' dokumentu mamitsu eta zehatza ondu du, baina pilotatzetik harago, ez da modu orokortuan ezarri. Aditu, formatzaile, hezitzaile eta familiak bat datoz: ez gizartean eta ezta hezkuntzan ere, oraindik ez da aski ezagutzen adimen handiko ikasleen errealitatea; AGH haurrak ezagutu eta artatzeko, sentsibilizazioa, hautematea eta esku-hartzea behar dira. Bakanak dira hiru urrats horiek modu sistematizatuan eta protokolizatuan egiten duten ikastetxeak. Erreferente den San Luis La Salle ikastetxea ezagutu du Hik Hasik. Argazkia: Gorka Rubio /FOKU

 
 
Zaindu beharreko harribitxiak

I

ragan mendearen erdialdetik ikertu eta idatzi da Adimen Gaitasun Handiko pertsonei buruz, baina, oraindik ere, hala gizartean nola hezkuntzan, oro har, gai ezezaguna da AGH Adimen Gaitasun Handia. Erreportaje hau egiteko hainbat ikastetxetako atea (telefonoa) jo du Hik Hasik eta “hemen ez daukagu halako ikaslerik” erantzun dute behin baino gehiagotan, edo “ez dugu ezer berezirik egiten”, edo “hemen zerbait egiten da, baina irakaslearen arabera”… Adituak eta familiak bat datoz: gai honen inguruan ezezagutza da nagusi. “Gaiari ez zaio oraindik ere behar bezala eutsi, eta hor arazoa dugu”, dio Yolanda Olasagarrek, jardunean ari diren irakasleen prestakuntzan dihardu EIBZ Nafarroako Euskararen Irakaskuntzarako Baliabide Zentroan eta AGHri buruzko formazioa eman izan du. Izaskun Etxebarria Aizpuru EHUko Hezkuntzaren Teoria eta Historia Saileko irakaslea eta Izena duena da. Adimen gaitasun handikoak (Utriusque Vasconiae, 2018) liburuaren egilea ere bat dator, eta haren ustetan, gizartean eta hezkuntza-esparruan oraindik ere indarrean dauden iritzi, uste oker eta aurreiritziak dira gaiari behar bezala heltzeko oztopo nagusiak. Bi adituek gaiari buruzko bloga ondu dute elkarrekin (https://adimengaitasunhandiak.eus), eta gaira hurbiltzeko nahiz gaian sakontzeko informazio baliagarria apailatu dute.

 

Berez, 30 urte badira gurean AGH ikasleen arreta-premiak jasota daudela. Etxebarriak liburuan zehazten duen eran, 1993ko Foru Dekretuaren bidez Nafarroako Gobernuak Hezkuntza Bereziko Baliabide Zentroa sortu zuen ikasle horiei laguntzeko. Hiru urtera, 1996ko dekretuaren bidez, Eusko Jaurlaritzak hezkuntza-premia berezien trataeran eta eskola anitzaren, muin bakarraren eta integratzailearen esparrutik beharrezko diren neurri batzuk arautu zituen, oinarrizko irizpideak ezarriz eta curriculumaren egituratze bereziaren bidez, hezkuntza esku-hartze desberdinak proposatuz. Ipar Euskal Herriko ikastetxeetan, Frantziako Hezkuntza Ministerio Nazionalak 2002an argitaratutako La escolarisation des élevès intellectualment précoces txostenak arautu zuen ikasle hauen egoera. Berriena, Eusko Jaurlaritzak Adimen-gaitasun handiko ikasleen hezkuntza-arreta emateko Plana 2019-2022 dokumentu mamitsu eta zehatza ondu du, pilotatzetik harago, modu orokortuan martxan jarri ez dena. Legeak aitortzen eta aldarrikatzen dituen eskubideak garatzetik urrun dago, bada, errealitatea, Etxebarriaren aburuz: “Lege aldetik eman den aurrerapena nabarmena den arren, Adimen Gaitasun Handien trataeran badira tartekoak izan arren ezinbestekotzat hartu beharreko neurriak. Irakasleen prestakuntza eta talde multiprofesionalen espezializazioa zutabe garrantzitsuak dira. Irakasle-gaien, zein Pedagogia, Psikopedagogia eta Psikologia ikasketetan, nekez lantzen den arloa da, euren curriculumetan eta irakasgaien eskaintzan dagoen hutsune nabarmenek erakusten dutenez. Gauza bera esan daiteke gaurkotze eta gradu ondoko ikastaroei buruz. Egoera honen aurrean oso zaila da adimen handiko ikasleak eskolan antzematea, euren ezaugarriak ulertzea, dituzten premiei erantzutea edo esku- hartze programarik aurrera eramatea”. Hezitzaileen formazioan dago, beraz, gako garrantzitsuetako bat, hala ikusten dute familiek ere. Alabaina, Olasagarrek zehaztu du “gaiarekiko ezagutza orokorra” izateko adina prestakuntza “erraz” jaso daitekeela, eta “egingarria” dela. “Begirada zabaltzea da gako garrantzitsuetako bat, ondoren, prestakuntza berezitua, kasuan kasu, plan bat eginez eta irakasleen babesean eta irakasleei horretan lagunduz egitea komeni da”.

 

Uste okerrak

 

Baina gaia ezagutzen hasteko, AGH pertsonei buruzko aurreiritzi eta uste okerrak desegin behar dira, benetako beharrak eta esku hartzeak ezagutzeko. Gizartean eta eskoletan, oraindik ere, AGH pertsonei buruzko “irudi estereotipatuak eta okerrak” baitira nagusi familien eta adituen arabera. Hallaghan eta Kofman autoreek 1994rako jaso zituzten AGHren inguruan indarrean zeuden hainbat mito, gaur arte mantentzen direnak: eskolan arrakasta izaten duten pertsonak direla; laguntza berezirik gabe eginkizun guztiak ondo egiten dituztela; ikaskideen artean berehala identifikatzen direla; nortasun aldetik arraroak, ahulak edo ezegonkorrak direla; harreman sozialetan ez dutela arrakastarik… Komunikabideen eragina ere esanguratsua da, Etxebarriaren ustez, Adimen Gaitasun Handia genialtasunarekin parekatzeak errealitate hori ulertzea eta ezagutzea zailtzen du. 

 

Aurreiritzi eta uste oker horiek eragin zuzena daukate AGH haurrengan. “Hezkuntza sistema oraindik ere oso hertsia da eta guztiei gauza bera eskatzen zaie. Aldiz, pertsona batek ikasteko beste erritmo bat eta beste sakontasun bat dituenean preso sentitzen da sisteman eta bere izaera ukatu egiten zaie, eurengan zerbait txarto dagoela sentitzeraino, badakiten hori behin eta berriro egitea errepikarazten dietenean, adibidez, gauzak ez dituztela ongi ulertzen sentitzen dute”. 

 

Adimen Gaitasun Handikoen ezaugarriak

 

Adimen handiko pertsonen ezaugarriak ezagutarazi aurretik, adituen arabera komenigarria da ulertzea ez daudela adimen handiko bi pertsona berdin, “heterogeneotasuna nabarmentzen da guztiz, beste edozein pertsonarekin gertatzen den bezala, ez daude adimen handiko pertsona bi berdin”, azaldu du Etxebarriak. 

 

Adimen handiko pertsonek garapen, kognizio, sormen, ikaskuntza-era eta arlo emozional eta sozialetik dituzte ezaugarri bereziak. Nolakotasun bereizgarri lehenetako bat ingurunea beste modu batera hautematea da. “Mundua beste era batera ulertzen dute, zentzumen guztiekin jasotzen eta interpretatzen dute. Sentiberatasun sakona dute, bai plazererako eta baita displazererako ere”. Adibide bat jarri du EHUko irakasleak: “Musika eder bat entzuten dutenean negarrez has daitezke, eta aldi berean, norbaitek desafinatzea edo zarata handiak entzutea —jangelako edo jolas-orduko oihuak, adibidez— jasan ezina egiten zaie. Mundua era global batean hautematen dute, baina baita xehetasunekin eta sakontasunarekin ere”.

 

Garapenaren ezaugarriak:

- Goiztiartasuna: adinkideekin alderatuta, gaitasun bat edo batzuk lehenago garatzen dituzte. Garapen motorean esaterako, umeen jaiotze unetik hasita, heldutasunaren seinale diren ezaugarri asko erakuts ditzakete, hala nola, jaio eta oso laster begiak zabal-zabalik izatea eta burua erne edukitzea; sei hilabeterekin zutik egotea; bederatzirekin bakarrik ibiltzea… 

- Hizkuntzaren garapenean ere goiztiartasuna eta kalitatea nabarmentzen da beste adinkideekin alderatuta. Adibidez, sei hilabeterekin lehen hitzak esan ditzakete, 2 urterekin elkarrizketak mantentzeko gai izan, hasieratik hizkuntza zuzena eta zehatza erabiltzeko joera izaten dute… 

- Disinkronia: goiztiartasuna arlo batzuetan izan dezakete baina ez derrigor arlo guztietan, trebetasun intelektualak aurreraturik egon arren, gorputz aldetiko trebetasunek, edo emozionalek edo sozialek ez dute maila bera halabeharrez, eta horrek, barne desorekak sor ditzake; disinkronia deitzen zaio horri. 5 urteko haur batek adimen aldetik uler dezake pertsona bat hil egin dela, bihotzak ez duelako funtzionatzen adibidez, baina hori barneratzeko zailtasunak izan ditzake, bere adin kronologikoari dagokion eran. 

 

Ezaugarri kognitiboak:

Burmuina “topera” dute, “Ferrari bat balitz bezala”, deskribatu du Etxebarriak. Hainbat autoreren ekarpenak sintetizatuz honela laburbiltzen ditu liburuan adimen handiko ikasleen ezaugarri kognitibo nagusiak:

- “Jakin-min handia, esploratzeko joera eta haien intereseko gai ugari izaten dituzte. Informazio asko jaso, gorde eta prozesatzeko erraztasun handia dute. Ikasteko motibazio handia txiki-txikitatik erakusten dute objektuak behatu eta esploratzen dituztenean, etengabe galderak egiten dituztenean edo denbora luzez zerbait ikertzen dutenean. Haien intereseko zerbait aurkitzen dutenean gaiaren inguruko guztia “hustu” egiten dute gero beste gai batera pasatzeko, baina euren intereseko gaiak ez dira beti bat etortzen euren adinkideek izaten dituztenekin, esaterako egipziar zibilizazioa, unibertsoa, zulo beltzak edo dinosauroak”. Eskolari begira, adituak zehazten du ikasle horiek, kasu askotan, ez dituztela behar izaten eskolak zehaztu ohi dituen ikasketa-prozesuko etapa guztiak, eta jauzi intuitiboei jarraitzea gomendagarria deritzo, hezkuntza sistemak besteei itxarotera behartu ordez.

 

Sormenari loturiko ezaugarriak:

-Sormena edozein jardueratan erakuts dezakete Adimen Gaitasun Handiko pertsonek. Etxebarriak eta Olasagarrek zehazten dute, ordea, sormen handia edukitzeak ez duela zertan arte bisual plastikoetan trebea izatearekin loturarik eduki. Sormena erakusten dute eginkizunak era desberdinean egiteko joeran, “bide berriak esploratzeko nahian zein errutinaren aurkako joeran, bai eguneroko bizitzaren eginkizunetan, lanean eta maila akademikoaren ere”, Etxebarriaren hitzetan.

 

Ezaugarri emozionalak eta sozialak: 

- Alde kognitiboarekin batera, alde emozioanala “oso aktibatua” edukitzen dute. Horrek ez du esan nahi haien emozioak eta besteenak desberdinak direnik, baizik eta beraiek beren alde emozionala sakontasun handiarekin bizi dutela. Horrek alde onak dituen bezala, laguntza behar duela nabarmentzen du irakasleak. “Haurraren garapena oso goiztiarra denean, bere ingurunetik garapenerako oztopoak jasotzen dituenean, bere desberdintasuna ukatu egiten zaionean, bere pareko lagunik izateko aukerarik ez duenean eta bera den bezala onartzen ez denean, orduan arazoak izan ditzake eskolan, lagunekin eta familian”. Arlo emozionala behar bezala garatzeko, ingurune suspertzailea, malgua, sormenekoa eta onarpenekoa izatea funtsezkoa da bi adituen aburuz. 

- Ezaugarri emozionalei dagokienez, umore-sen ona eta fina izaten dute; sentiberatasun handia eta intentsitate emozionala; enpatiarako gaitasuna; bikaintasuna lortzeko joera edo perfekzionismoa; barne motibazio handia; estimulu berriak bilatzeko joera; justizia sena txikitatik; maila etiko eta moral garatuak; egiaren eta edertasunaren beharrizana; zehatza eta zorrotza izatearen premia; kritikoak dira euren buruekin, besteekin eta gizarteko arauekin…

 

Esku-hartze eta praktikak egokiak

 

Badira AGH ikasleei eskaini beharreko arreta eta egin beharreko esku-hartzeak sistematizatuak eta protokolizatuak dituzten ikastetxe batzuk Euskal Herrian, baina aditu, formatzaile eta familiek ikusi dutenez, gutxi dira. Denak bat datoz esku-hartzeak tokian toki, haur edo nerabe bakoitzaren, familiaren eta testuinguruaren araberakoak izan behar direla, baina baita norabidea eta ekintza-plana egiturazkoa izan behar dela esatean ere. Bitartean, planak egikaritu eta ikastetxeetan protokoloak eta baliabideak ezarri arte, irakasleek arreta zertan jarri zerrendatu dute adituek. Lehen lana detekzioa da. AGH haurrak hauteman ezean, nekeza izango da alor akademikoan zein emozional eta sozialetan arrakasta erdiestea. Horregatik, Olasagarrek eskaini izan dituen formazioetan adar bat hautemateari eskaini dio. “Detekzioan lagundu ahal izateko, haur horien behaketarako gakoak behar izaten dituzte irakasleek, lehen galbahe lana egin dezaten hurrengo urratsa egin behar duenari (orientatzaileari, tutoreari…) laguntzeko”. Begirada irekitzen lagundu izan die irakasleei EIBZko formatzaileak, “aurrean zer-nolako ikasleak dituzten konturatzeko balio dien begirada irekiera bat da”. Olasagarrek zehazten du, behin AGH haur eta nerabeen ezaugarriak ezagututa eta begirada irekita, ikuspegia aldatu egiten dela, sarritan, eta aldaketa txikiak planteatzen has daitzkeela, aniztasuna eta sormena, esaterako, beste era batera kudeatzen hasteko. “Aniztasunaren eta inklusioaren benetako zentzua ulertzeaz eta praktikan jartzeaz ari gara haur hauek dituzten beharrak aintzat hartzeaz ari garenean”. 

 

Hauteman ahal izateko, behaketa-lanean, Etxebarriak zehazten du garrantzitsua dela estereotipoak haustea eta neska asko ere AGH direla gogoratzea: “Identifikatuen artean hamarretik zazpi mutilak dira; gizarteko beste esparruetan bezala, neskek, onartuak izan daitezen, euren izateko erari eta gaitasunari uko egiten dietelako”.

Olasagarrek gaiari buruz eskaini izan dituen formazioen bigarren lerroa AGH ikasleak aurrez hautemanak eta ebaluatuak dituzten irakasleei bideratua dago, zerrendan dauden ikasleen hezitzaileei bideratua. Ebaluazioa, gaur egun, ikastetxeetako orientatzaileek (Nafarroan) ikastetxeetatik kanpo egin ohi dute, kanpoko aholkularitzek, psikologoek edo Berritzeguneetako aholkulariek. Test psikometrikoez gain, behaketa eta ebaluaketa kualitatiboagoak egitea hobesten da eta ikaslearen, irakasleen eta familiaren ahotsa jasotzea gomendatzen da.

 

Dagoeneko ebaluazio psikopedagogiko bat jaso duten ikasleak gelan dituzten hezitzaileei begirako formazioan ikasleen ongizatea, osoki hartuta hobetzea litzateke helburu nagusia, eta horretarako esku-hartzeak diseinatuko dira. Hautematea alferrekoa baita esku-hartzerik egin ezean. “Garrantzitsua da esku-hartzeak garaiz egitea, bereziki haurraren ongizate emozional eta sozialari begira, eta arazoak ekidite aldera, adin handiagoetan edo goiko etapetan egingo diren esku-hartzeen eraginkortasuna batzuetan ez baita hain handia izango, zailagoa delako”. Haatik, nabarmentzen du ongi egindako esku-hartze txikienek ere hobekuntzak ekartzen dituztela haur eta nerabe horien ongizatean. 

 

Irakasleak haur bakoitzarekin egin ditzakeen esku-hartzeetan hainbat plano izaten dituzte kontuan eta alderdi akademikoaz gain, alor emozionala, soziala, sormena eta alderdi etikoa kontuan izatea gomendatzen du Olasagarrek, eta ikaslearen eta testuinguruaren araberakoak izango dira esku hartze-horiek, familiarekin partekatuak: “Beste edozein esku-hartzetan bezala, familiari aurrez eta ondoren hitz egin behar zaio gelan egiten ari garenaz”. Familiak zaintzea ezinbestekoa da Etxebarriarentzat ere: “Sendiak asko lasaitzen dira irakasleek ardura hartzen dutela ikustean, eta tentsioa jaitsi egiten da”.

 

Alor akademikoari dagokionez, legeak ahalbidetzen dituen esku-hartze ohikoenak maila curricularra ikaslearen beharren arabera egokitzeari begirakoak izan ohi dira, curriculumetik kanpoko edukiak sartzea edo gaian ikasleak behar beste sakontzea, esate baterako, edo bizkortze-prozesuak egiten dira, kurtsoz edo gaika hurrengo mailara (edo mailetara) egokituz ikaslea. Antolakuntza aldetik, ikasgai bera, Teknologia esate baterako, bi mailatan egun eta ordu berdinetan jarriz konpontzen dute hainbat ikastetxetan egokitzapen hau.

 

Taldekatze bereziak ere gomendagarriak izan daitezke gela barruan, beti ausazko talde heterogeneoak egin ordez, interesen edo ezagutzaren araberako talde homogeneoei uko ez egitea gomendatzen du Olasagarrek: “Interes komunak izan ditzaketen kideekin taldekatzea edo gai zehatzetan maila kognitibo antzekoa dutenekin taldekatzea aberasgarria eta motibagarria izan daiteke ikasle horientzat, Matematiketan adibidez”. Etxebarriak eransten dio, adinka ez ezik, ikastetxe mailan proiektu baten gaineko talde malguak egitea aberasgarria dela ikasle guztientzat eta baita AGHentzat ere. “Garrantzitsua da interes, zaletasun eta gaitasun antzekoak dituzten ikasleekin harremanetan jartzea”. Haatik, taldean ez ezik, bakarrik lan egiteko aukera ematea onuragarria deritzote. 

 

Motibazioa nabarmendu dute. AGH ikasleei arreta emateko gakoetako bat dela dio Etxebarriak. “Haurra pozik joaten baldin bada eskolara, lanaren % 90a egina dago”. Ikasle horien arazo nagusia motibazioa galtzea izaten da, ezin dute asperkeria jasan. “Motibazioa da garapenaren motorra. Eta zelan motibatu? Batetik, haurra txikia bada eta askatasuna izan badu bere gustuak adierazteko, berak esango du nondik jo nahi duen. Edo, bestela, galdetu. Jakin-mina bultzatu”.

 

Bi adituak bat datoz, motibazioarekin batera, malgutasuna dela beste hitz gakoetako bat. Denboran eta lanen sakontasunean malgutasunez jokatzeko gomendatzen diete irakasleei: “Adimen handiko haurrek gauza batzuk egiteko denbora gutxiago behar izaten dute, baina beste gauza batzuk egiteko denbora handiagoa behar dute, asko sakondu nahi dutelako gai horretan”. Denbora gutxiago behar duten lanetan etengabe gauza bera ez errepikarazteko aholkatzen dute, “bitarte horretan euren gustukoa den beste lan edo proiekturen bat egiteko aukera hitzartu liteke”, dio Etxeberriak. Malgutasunarekin batera, diziplinartekotasuna zaintzea gomendatzen du EHUko irakasleak; “ikasle hauek ezagutza modu globalean hartzen dute, eta ikasten ari direna zertarako den, gauzen alde etikoa eta baliagarritasuna ikusi behar dituzte.”

 

Umorea da beste gako bat, “zaindu dezagun gelako giro ona, jarri umore pixka bat egunero, eta horrek adimen handiko ikasleentzat ez ezik beste guztientzat ere balio du”. AGHren gaia sarri dramatismoz jorratzen dela ikusten du Etxebarriak eta horren ordez umoretik hartzea aholkatzen du: “Haur hauek harribitxien pareko dira, ongi zaindu behar direnak, baina oso baliotsuak”.

 

Irakaslearen rolari dagokionez, zubi-lana egin behar duela nabarmentzen du Olasagarrek, ikasle horien (eta besteen) alde soziala zaintze aldera. Izan ere ikasle hauek justiziaren eta etikaren zentzu zorrotza daukate. “Desberdinak diren bi alde badaude, irakasleak zubi-lana egin behar du, batak bestea onartzen lagundu beharko luke, errespetuan oinarriturik. Hori litzateke inklusioaren benetako oinarrietako bat”. 

 

Eta esku-hartu ezean, arazoak handiak dira. AGH haur eta nerabeei askotan jazarpena etorri izan zaie, “desberdina den hori onartzeko ezintasunagatik”, dio Olasagarrek; “ikasle horiek jazarpenaren objektu izateko arrisku potentziala dutela erakusten dute datuek”. Arraroa etiketapean izendatzen dira adimen handiko haur eta nerabe asko, gizarte mailan gaiarekiko dagoen ezezagutzagatik. Alor akademikoan, ostera, esku-hartze egokiaren gabeziak eskola-porroterako arriskuan jartzen ditu, Alcagi Gipuzkoako AGH haurren familien datuen arabera, eskola-porrota % 35-40koa da. “Neurriak azkarrak izan behar dira, ume horiek orain behar dituzte erantzunak”, laburbildu du Olasagarrek.

“Formatu ahala, kasu berriak ikusten genituen”

Beharrak eraman zuen Donostiako San Luis La Salle ikastetxea Adimen Gaitasun Handiko ikasleei benetan behar zuten arreta eskaintzeko plan eta protokoloak diseinatzera. Bidean akatsak eginez egin dute aurrera, Euskal Herrian, eta hemendik kanpo, erreferente bihurtuz. 

 

D

BH 2ko ikasle batek hala galdetu zion Gizarteko irakasleari: “Erdi Aroan ez al zegoen andrerik? Liburuetan erregeak, soldaduak eta artisauak soilik agertzen dira, guztiak gizonezkoak; eta emakumeak?”. Irakasleak erronka bota zion: “Ikertu ezazu zerorrek, eta aurkitutako informazioarekin egin ezazu ipuin historiko bat”. 

 

Adimen Gaitasun Handikoa da ikasle hori. Irakasleak ikaslearen kezka baliatu zuen gaian sakon zezan eta motibaturik manten zedin. Donostiako San Luis La Salle ikastetxean berariazko arreta eskaintzen baitiete adimen handiko ikasleei. Euskal Herrian erreferente dira, sistematizaturik dauzkate nola egin AGH kasuen detekzioa eta esku-hartzeak. “Irakasleon formazioa ezinbestekoa da, begiak irekitzea da garrantzitsuena”, azaldu du Iban Narbaiza DBHko irakasle eta San Luis La Salleko AGH programaren arreta-arduradunak.

 

Beharrak eraman zituen AGH serio hartzera, duela 16-17 urte: “Oso gaitasun handiko neska bat etorri zen eskolara, ikaragarria zen, HHn zegoela ekuazioak egiteko gai zen, eta esku-hartze bat planteatu zen, Eusko Jaurlaritza ere inplikatu zen. Mentoria batzuk jarri zitzaizkion baina hori 4 ordu ziren astean, gainontzeko guztietan eskolan zegoen eskolako irakasleekin, eta orduan hezitzaileak formatzen hasi ginen. Adituak entzun eta berehala ikusi genuen kasu gehiago eduki genitzakeela gure ikastetxean, eta formatu ahala, kasu berriak ikusten genituen, garrantzitsuena begiak irekitzea baita”. Garai berean, ikastetxean hautemandako haur horien gurasoek Alcagi sortu zuten, Gipuzkoako Adimen Gaitasun Handiko haurren familien elkartea, gurasoei bidelaguntza eskaintzeko, interesatuak formatzeko eta gizartea sentsibilizatzeko. San Luis La Sallek eta Alcagik eskutik egin duten bidearen iparra prestakuntzak markatu du. “Eskola-mailan, lehendabizi, formatu beharra ikusi genuen, zer den AGH pertsona bat, zer ezaugarri dituen eta, funtsean, dauzkan ezaugarriak kontuan izanda, bere bidea egiten nola lagundu diezaiokegun jakin nahi genuen”. Gaur egun, zentroko irakasle guztiak ez ezik, jangelako hezitzaileek eta haurrekin harremana duten pertsona orok sentsibilizazioa eta formazioa jaso ditu AGHren inguruan, baina baita Arreta Gabeziaz, dislexiaz, autismoaz... Eta bidean aurrera egin dute. “Zein izan da arazoa? Beste inon ez zela antzeko ezer egiten eta ez geneukala eredurik, beraz, akatsak eginez ikasi dugu aurrera egiten. Erori eta altxatze asko egon dira bidean, probatutako gauza askok ez baitute esperotako emaitza eman”. 

 

Hiru planotan erantzuten diete AGH ikasleen ezaugarriei eta beharrei. “Plano akademikoan hasi ginen lanean, eta hori izan zen lehenengo akatsetako bat: honelako pertsona bat aurrean daukagunean, hiru arlo landu behar dira: emozionala, soziala eta akademikoa, ordena horretan. Guraso asko, bere ezjakintasunetik eta asmo onez etortzen dira galdezka ea noiz pasako ditugun euren seme-alabak mailaz, baina hori, egitekotan ere, azken urratsa da, pertsona batek ez badu bere burua ondo ezagutzen, ez badu ulertzen zer daukan eta nolakoa den, eta ez badiogu erakusten ezaugarri horiekin mundura ateratzen, alor akademikoan soilik lagunduta, gauzak ez dira asko hobetuko”.

 

Ikastetxeko haur guztiekin lantzen dute alor emozionala programa baten bidez, bereziki Haur eta Lehen Hezkuntzan, ez soilik AGH ikasleekin. Baina azken horiekin bereziki landu beharrekoa da: “Euren adinerako oso sakonak diren galderak egiten dituztelako, edo alor desberdinak modu harrigarrian konektatzen dituztelako, gerta daiteke gisa honetako ikasle batek bere burua gelatik kanpo sentitzea, ‘ni ez naiz hauek bezalakoa’, eta euren burua arraro bezala ikusten dute. Horrexegatik, lehendabizi lagundu egin behar diegu euren burua ezagutzen, euren ezaugarriak ulertzen eta emozioei izena jartzen”. 

 

Horrekin batera, arlo soziala lantzen dute: “Nola erlazionatzen naiz ni naizen honetatik, nire ikaskideekin, nire lagunekin, besteekin?”. Eta hirugarren hanka alor akademikoa da. “Pertsona batek bere burua ezagutu eta onartzen duenean, eta ikasten duenean nola erlazionatu, egokitzapen akademiko bat egiten dugu. Egokitzapen hori irakasgai batean izan daiteke edo maila osoan, kasuaren arabera”. Kasuak banaka aztertzen dituzte, eta zorrotzak dira, esate baterako, mailaz pasatzeko orduan. “Ume bat jolas-orduan beti handiagoekin ibiltzen denean eta bere burua gelan aurkitzen ez duenean, eta, gainera, akademikoki gaitasun-maila handiagoarekin bat datorrenean, orduan proposa genezake maila aurreratzea; baina azken aukera izan ohi da”. Azken urteetan bost kurtso azkartze egin dituzte, “baina egin aurretik jauzi txikiak egiten dira, ikaslea egokitzen den ala ez ikusteko”. 

 

Lehen urteetan esku-hartze akademikoak bertikalean egiten zituzten: “Ikasle horrek, demagun, DBH2ko helburuak gaindituak bazituen, DBH3koak ematen genizkion, adibidez, Matematiketan. Denborarekin ikusi dugu hori ez dela planteamendu egokia, zabalketa hori horizontala izatea aberasgarriagoa dela ikusi dugu: gelan eguzki sistema lantzen ari direnean, esate baterako, ikasle horrek curriculumak eskatzen duena dagoeneko baldin badaki, aberasgarria da gai horretan sakontzea”. Eta, horretarako, erronketara jotzen dute, AGH ikasleei asko gustatzen baitzaizkie. “Zer gertatuko litzateke ilargirik ez balego? Edo grabitatea bikoitza edo erdia balitz, nola eragingo lioke gure bizimoduari? Besteen gai berdina lantzen ari dira, baina gehiago ari dira sakontzen, eta gainera bukaeran lan hori besteen aurrean aurkeztea eskatzen diegu”. Hasiera batean, gelatik ateratzen zituzten AGH ikasleak eta beste lan bat ematen zieten, “era horretan ikusi genuen guk geuk elikatzen genuela diferentzia eta ikasleen arteko aldentzea; sakontzearen bidez, hori guztia saihestu egin dugu”. 

 

Hauteman eta erantzun

 

Hezitzaileen begirada da, Narbaizaren aburuz, AGH haurrei “eta beste guztiei” arreta egokia eskaintzeko gako garrantzitsua. Irakaslearen behaketaz gain, sistematizatua daukate AGH kasuen detekzioa nola egin: LH2ko ikasle guztiei screening proba bat egiten diete sistematikoki. “Norbaitek kanpai horretan altu edo baxuegi erantzuten badu, beste proba batzuk jartzen ditugu martxan. Ez digu balio soilik AGHak identifikatzeko, baita bestelako beharrak dituztenak ere”. Emaitza horien arabera, banakako planak egiten dituzte. Ondoren, DBH1en berriro errepikatzen dute screening orokorra, batzuetan LHn emandako emaitzak goiztiartasunari erantzuten baitio eta ez AGHri. “Screening hori ikastetxe barruan egiten dugu, baina emaitzen arabera Berritzegunera edo Alcagiko gabinetera bideratzen dira kasuak eta hor arlokako irakurketak egiten dira. Izan daiteke ikasle batek arlo batean gaitasun handia edukitzea, adibidez Matematiketan, baina beste arlo batzuetan gaitasun arrunta edo txikia izatea, adibidez, letretan. Superdotazio bat duen ikaslea izan daiteke, edo talentu globala zein arlokakoa duena”.

 

Esku-hartzeak pertsonalizatuak izan daitezen saiatzen dira. AGH identifikatzen denean, klaustroan eseri eta ikaslearen beharretara nola egokitu aztertzen dute, “arloka zer egingo dugun, zer-nolako erronkak egingo ditugun, ebaluatzeko metodoa aldatu behar ote dugun… aztertzen dugu”. Horrek irakasleen artean komunikazio handia izatea eskatzen du, “beste irakasgai batean proiektu batean sakontzen ari bada, bere ikasgaian horretarako denbora utz deizaioke AGH ikasleari hezitzaile batek. Denboran malgutasun handiagorekin jokatzen dugu”.

 

AGH ikasleentzako zabaltze-proiektuak sortu dituzte berariaz —hasieran zabaltze-gelak ziren—, talde homogneotan elkartzen dituzte AGH ikasleak astean bi orduz, lanketa emozionala, soziala edo akademikoa egiteko. “Euren ingurune naturala euren gela dela ulertzen dugu, baina tarteka gaitasun handiko beste haur batzuekin egotea aberasgarria dela ikusi dugu, bai solaserako eta baita proiektu batzuk egiteko ere. Emozioen inguruan hitz egiteko, adibidez, euren antzeko egoera bizitzen ari den norbait topatzeak euren bizipenari izena jartzen laguntzen die edo maila akademikoan, proiektu batean euren antzeko ezaugarrietako pertsonekin lan egitea aberasgarria da”. 

 

Egindakoaren emaitzak jasotzen ari dira San Luis La Sallen. AGH kasuetan hain ohiko izaten diren eskola-porrot zein jazarpen-kasuak urriak dira bertan. “Onarpena baldin badago, lehendabizi nork bere buruarena, eta ondoren integrazioa zaintzen bada gelarekiko, arlo guztietan, jazarpena eta bazterkeria jaitsi egiten dira”, azaldu du Narbaizak. Beste ikastetxe batzuetan sufritu izan duten ikasleak etorri izan zaizkie San Luis La Sallera eta “makiltxo magikorik” ez daukaten arren, “AGH izateagatik tokiz kanpo sentitu izan diren ikasleak, onartuak sentitzen direnean, asko jaisten zaie antsietatea eta tentsioa. Nabarmena da”.

 

“Sormen ikaragarria daukaten neska-mutilak ez ulertuak sentitzen dira gelan”

Adimen handiko haur eta nerabeen familiak elkarte ugaritan batzen dira Euskal Herri osoan zehar. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako 300 familia batzen ditu Aupatuzek, “hezkuntza sistemen malgutzea” lehenesten du.

Eusko Jaurlaritzak idatzia dauka 2019-2022rako Adimen Gaitasun Handiko ikasleei hezkuntza-arreta emateko Plana. Baina paperean jasotzen denetik urrun dago ikasle horien eguneroko errealitatea, Aupatuz Elkartearen aburuz. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako 300 familia biltzen ditu elkarte honek, guztiak adimen handiko haur eta nerabeen familiak, eta plan horren diseinu eta idazketan parte hartu du. Elkarteko lehendakari Maria del Carmen Perezen aburuz, plan hori, “zalantzarik gabe”, aurrerapen handia da AGH ikasleentzat, “lehenik eta behin ikasle guztiei galbahe proba egiteko betebeharra jasotzen duelako, gutxienez etapa bakoitzean bi aldiz, eta berau ongi egiten baldin bada, beste modu batera identifikatuko ez liratekeen kasuak ezagutzeko oso baliagarria izango delako. Baina antzemate-garaian zentroetako langileen protagonismoa areagotuz egiten du, Berritzeguneetako aholkularitzen lana gutxiagotuz, eta orain arte eurak izan dira ebaluazioak egin izan dituztenak”. Gaur egun, ordea, ikastetxeetako langileriaren formazioa gai horri dagokionez, “oro har, oso eskasa” dela irizten diote, eta plana aurrera eraman eta antzemate-gaietan betebehar garrantzitsua izango duten hezitzaileen formazioak “leku garrantzitsua” izan beharko luketela uste du elkarteak, “eta Hezkuntza Sailak ongi antolatua izan beharko luke egiteko hori; baina, gaur egun, ez da halakorik gertatzen”.

 

Familien ikuspegitik, AGH ikasleen behar handiena “hezkuntza sistema malgutzea” litzateke, “eta ikasketa-prozesuen pertsonalizazioa”. Aupatuzen ustez, aintzat hartu beharko litzateke, haur bakoitzak —ez soilik AGH haurrek—, bere erritmoan eta bere modura ikasten duela: “Gaitasun intelektual handiko haurren kasuan, askotan eskolan lantzen ari diren gaia ezagutzen dute euren jakin-minak eraman dituelako aurrez ikastera, eta dagoeneko badakiten zerbait berriro landu behar izateak, batzuetan modu errepikakorrean, eskolarekiko motibazioa galtzera eraman ditzake”. Ikasketa malgutzeak ez du esan nahi, derrigor, haur horrek gai gehiago ikasi behar dituenik, Aupatuzen arabera: “Ezagutzen duen horren inguruan lan egin dezake baina ikasteko modu berezian eta bere interesetan arreta jarriz, motibazioari eusteko. Esate baterako, bururakoekin batuketak egiten badakien ikasle batek ez dauka batuketak modu mekanikoan egiten aritzeko beharrik, errepikapen horrek, gainera, batuketak gorrotatzera eraman dezake. Horren ordez, buruketak prestatzen aritu daiteke, ondoren gela guztiak erabili ahal izateko modukoak”. 

 

Hezitzaileen formazioa, gaiarekiko sentsibilizazioa, detekzioa eta artatzea funtsezkoak direla ikusi dute familiek, oraindik gaiarekiko uste okerrak baitira nagusi jendartean: “Mito eta aurreiritzi guztiak deuseztatzeko urratsik garrantzitsuena gaiaren inguruko sentsibilizazio-lana da. Hautemateak eta ebaluazio on batek familiari eta irakasleari haurra eta bere beharrak ezagutzen lagunduko diete, izan behar kognitiboak nola behar sozio-emozionalak; eta artatzea izango litzateke azken helburua, eta etengabe berrikusi beharko litzateke—Perezen aburuz—. Ez dauka inolako zentzurik hauteman eta ez esku hartzeak”.

 

Alor emozionala artatu beharko litzateke, beraz, lehendabizi, enpatia izugarriak, justiziarako senak eta sentiberatasun handiak ezaugarritzen baititu haur horiek, eta emozio horiek landu ezean, etxean zein eskolan “lehertu” egiten direla ikusten du Aupatuzek: “Adimen handiko haur askok arazoak izaten dituzte eskolako kideekin, eta horrek, eskuarki, euren sakontasun emozionalarekin eta justiziaz eta adiskidetasunaz daukaten zentzuarekin zerikusia dauka. AGH haur batek, esate baterako, beste haurrek baino indar handiagoz sentitzen eta oroitzen du irain bat; bazterkeria besteek baino sentiberatasun handiagorekin sentitzen du; injustiziak sakontasun handiagorekin bizi ditu eta denbora luzean gogoratzen ditu”. Garapen- etapa batzuetan sakontasun horren kudeaketa oso konplexua dela aitortzen du Perezek, “entzun egin behar diegu eta emozioak kudeatzen lagundu”. Horretarako, funtsezkotzat jotzen du familien eta ikastetxeen arteko komunikazioa ona izatea. “Hamar urtetan, ehunka eta ehunka kasu ezagutu ondoren, esan dezakegu eskola eta familia eskutik hartuta joan diren kasuetan, haurrari eskaini zaion arreta egokia izan dela”. Familiek, oro har, euren seme-alabek, ikasketen inguruan berezkoa duten jakin-minari eustea nahi izaten dute, “oso aberasgarria den zerbait baita”, eta ikastetxeak motibazio horretaz baliatzen jakin beharko lukeela uste dute familiek. Eskolako esperientzia aberasgarria izaten da aukerak ematen dizkieten irakasleekin topo egiten duten haurrentzat, aldiz, “xomorro arraro” sentiarazten dituztenekin topo egiten duten haurrentzat “oso gogorra” izan ohi da; “inor ez diskriminatzeko aitzakiarekin edo inor ez seinalatzeagatik, xomorro arraro izatearen sentipena zabaltzen diete irakasle horiek, egokitu ezin duten sistema batera egokituarazten dituztelako”.

 

Sentsibilizazioa eta formazioa jasota, AGH kasu errazenak ikastetxeak modu autonomoan hauteman eta artatu beharko lituzke, Aupatuzen arabera, eta “kasu konplexuagoetan, edo bikaintasun bikoitzeko kasuetan, Berritzeguneen aholkularitzaren laguntza izaten jarraitu beharko lukete”. Perezen aburuz, garrantzitsua da nabarmentzea hezkuntza legeak adierazten duela administrazio publikoak izan behar direla ikastetxeei behar dituzten baliabideak eman behar dizkietenak, “izan hautematerako nola artatzeak eskatzen dituen esku-hartzeetarako”. 

 

Plana osoki ezarri eta egiturazko aldaketak etorri bitartean, ikasle horiei gutxieneko arreta eskaintzeko, hezitzaile edota klaustro gisa, formatu eta informatzea eskatzen du Perezek. “Interneten informazio asko dago ikasle horiei buruzko mito faltsu asko hausten lagunduko duena”. Aupatuzen ahalegin handia ari dira egiten irakasleen formazio-beharra asetzeko. Horretarako formatzaile talde bat daukate, hitzaldiak eta aurrez aurreko tailerrak eskaintzen dituena ikastetxeetan, eta doako hitzaldiak, online. 

 

Irakasleen formazioa eta sentsibilizazioa handitzen den neurrian, AGH kasu berriak agertzen direla ikusi izan du elkarteak. Hori, haur eta familia bakoitzarentzat ez ezik, ikastetxearentzat eta gizartearentzat aberastasuna dela nabarmetzen du elkarteko lehendakariak: “Hezkuntza sistema guztien helburua pertsonaren garapen handiena erdiestea da, bere alor guztietan. Hezkuntza sistemak ikasle bakoitzaren talentuak ezagutzeko tresnak eduki beharko lituzke eta baliatu beharko lituzke, talentu hori garatu ahal izateko. Geletan talentu handia dago, sormen ikaragarria daukaten neska-mutilak ez ulertuak sentitzen dira eta euren gaitasunei uko egiten amaitzen dute homogeneotasunerako diseinatua dagoen sistema batera egokitu ahal izateko”.