Ikastetxe guztiek egin dezaten Korrika

2022-02-10

"Euskararen erabilera sustatzeko eta indartzeko helburuarekin" eta AEK-ren herri ekimena zabaltzeko asmoarekin, ikastetxeetan lantzeko unitate didatikoak prestatu ditu Korrikak Euskal Herriko Ikastolen Elkartearen laguntzaz, Haur Hezkuntzatik Batxilergora bitarte. Iñaki Zapirain Retegi irakaslea da egilea eta, euskarri digitalean, baliabide ugari eskaintzen ditu mezua, omenduak, kantua eta beste ikasleekin lantzeko.

 
 
Ikastetxe guztiek egin dezaten Korrika

Haur, nerabe, gazte zein heldu, euskal herritar guzti-guztiak jarri nahi ditu korrika euskararen aldeko ekimenak. Korrikaren 22. ekitaldia martxoaren 31ean hasiko da Amurrion eta apirilaren 10ean amaituko da Donostian, baina Korrikak zeharkatuko dituen herrietako zein beste guztietako ikastetxeetara ere heldu nahi du bere mezuarekin “euskararen erabilera sustatzeko eta indartzeko”, eta helburu horiek gauzatzeko, aurten beste behin, euskararen aldeko ekimena ikastetxeetan lantzeko unitate didaktikoak prestatu ditu Korrikak, Ikastolen Elkartearen laguntzarekin, “helburu berarekin diharduen AEK-k antolatutako Korrika ekimenaren zergatiaz eta beharraz ohartarazteko” helburuarekin. 

Iñaki Zapirain Retegi Orereta ikastolako irakaslea da unitate didaktikoen egilea. Hik Hasiri aurreratu dionez, “aurreko ediziotako egitura bera izango dute, ikas-etapa edo adin tarteka banatuta”. Berez bi asteko proposamena ondu dute, bi asteko iraupena baitauka Korrikaren kanpainak, alabaina, irakaslearen esku geratuko da unitate horiek kanpaina bete-betean jarraitzea edo egun gutxiagotan burutzea: “Bi asteko proposamena da hau, baina ez da ahaztu behar malgutasun osoa dagoela unitateak erabiltzeko garaian, jarduera gehienak solteak baitira”.

Egiturari dagokionez, unitateak adinaren arabera antolatuta daude, “adin-tarte bakoitzari dagokion lanketa proposatzen da”. Haur Hezkuntzan edo Ama Eskolan lantzekoa; LH 1. zikloan 6-8 urtekoekin lantzekoa; LH 2. zikloan 8-10 urtekoekin lantzekoa; LH 3. zikloan 10-12 urtekoekin lantzekoa eta DBH eta Batxilergoan 12-18 urtekoekin lantzekoa. 

Txikienentzako lanketarako “aitzakia nagusia” Goiatz Labandibar idazleak berariaz Korrika 22aren unitate didaktikoetarako sortu duen ipuina nabarmendu du Zapirainek, Pilota gorri batekin izenekoa. Pilota gorria euskara bezalakoa da, ongi pasatzeko balio duena. Gaizka Chamizok kontatu egin du ipuina, eta bideoa ere ikusgai eta baliagai egongo da webgunean. Horrez gain, Korrika 22rako Sustrai Colinaren hitzekin Nerea Urbizuk sortu duen Hitzekin kantuaren koreografia ere sortu dute unitate didaktikoetarako, “tutorial eta guzti”. Aurtengo unitateek jasotzen dituzten beste berrikuntza batzuen artean, Bingo musikatua, igorle sekretua eta Hogeitabira pilota partida nabarmendu ditu egileak. 

Bigarren Hezkuntzari begira, Korrika, historikoa! izeneko kahoot jolasa sortu dute, berrikuntza gisa. Halaber, aurtengo omenduei ere leku egiten diete unitate didaktikoek, Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoei. 34 urteotan “euskarari erakutsitako” konpromisoagatik omendu dituzte AEK-k eta Korrikak Lasarte-Oriako pailazoak, eta haurrei euren lana are gehiago ezagutarazteko baliatuko dituzte unitate didaktikoak.

 

Korrika 22, Euskaratik haragoko irakasgaia

Proposatzen diren jarduerak, egileak zehaztu duenez, ez dira soilik Euskara arloan egitekoak, plastika gelan, zein psikomotrizitate-gelan egiteko pentsatuak dira jarduera batzuk, baina baita zeharka beste irakasgai batzuetan ere: “Euskararen normalizazioa edozein jakintza-arlotako irakasleen ardura ere badenez, ikastetxeko irakasle eta gainerako hezitzaileen esku-hartzea oso garrantzizkoa izango da helburuak lortzeko garaian”. Unitateak ere, arloz gaindi daude pentsatuak. Horrenbestez, garrantzitsua iruditzen zaio “irakasle taldeak unitateak aurrera eramateko planifikazioa egitea”.

 

 

Korrika 22ren unitate
didaktikoak

 

Helbidea: korrika.eus/unitate-didaktikoak 

(otsailaren erdialdetik aurrera)

 

Egilea: Iñaki Zapirain Retegi

Koordinazioa: Tito Serrano (AEK) eta Belen Baztarrika (Euskal Herriko Ikastolen Elkartea)

Ipuinaren egilea: Goiatz Labandibar

Ipuin kontalaria: Gaizka Chamizo

Ilustrazioa: Iñaki Zapirain Retegi

Koreografiaren egilea: Gema Ines

Diseinua: Arteman Komunikazioaren Artisauak

 

Egitura

Unitateak adinaren arabera antolatuta daude:

- Haur Hezkuntzan eta Ama Eskoletan lantzekoa

- 6-8 urtekoekin lantzekoa (LH 1. zikloa)

-8-10 urtekoekin lantzekoa (LH 2. zikloa)

- 10-12 urtekoekin lantzekoa (LH 3. zikloa)

-12-18 urtekoekin lantzekoa (DBH eta Batxilergoa)