Parte hartzeko eskubidea dute

2022-02-10

Helduen artean behin baino gehiagotan entzuten den kexa da: gaur egungo gaztetxoek ez dute ezer egiten. Egia bestelakoa da, ordea: nerabe eta gazte aktiboak ditugu gure artean. Fokua helduongan jartzeko unea da: uzten al diegu gauzak egiten? Uzten al diegu parte hartzen eta euren erara antolatzen? Kontuan hartzen al ditugu euren beharrak? Entzuten al ditugu? Nola eskain diezazkiekegu parte hartzeko espazioak? Galdera horiek guztiak erantzuten lagundu digu Leire San Vicente, Txatxilipurdi elkarteko kideak. 

 
 
Parte hartzeko  eskubidea dute

L

eire San Vicente Txatxilipurdiko kideak garbi du: “Helduok ez gaude nerabeak entzutera ohituta. Askotan uste dugu ez dutela iritzia emateko gaitasunik edo, besterik gabe, nerabeak gizarteko parte aktibo gisa onartzeko erresistentziak ditugu”. Gainera, bere ustez, kontzeptu okerra dugu parte-hartzeari buruz: “Sarritan, parte-hartzearen kontzeptua ekintzen eta zerbitzuen kontsumoarekin lotzen da baina benetako parte-hartzea, jendartea eraikitzeko eta gaztetxoei euren identitatea definitzen laguntzeko tresna da. Eta zentzu horretan, kostata identifika daitezke nerabeei benetan parte hartzeko eskubidea ematen dieten espazio seguruak”.

 

Nerabeen eta gazteen benetako parte-hartzea sustatzeko, hainbat alderdi hartu behar ditugu kontuan, Txatxilipurdiko kidearen hitzetan: “Nerabeek erdigunean egon behar dute eta ezinbestekoa da haien ikuspegian eta interesetan sakontzea. Haien arteko aniztasuna ezagutu, aitortu eta errespetatu beharko genuke, eta helduen munduan erabilgarriak diren parte-hartze moduak errepikatzea ekidin behar dugu, askotan ez baitute funtzionatzen. Horrez gain, malgutasunez jokatu behar dugu eta parte-hartzeak borondatezkoa izan behar du”. 

 

“Baina helduok ez dugu barneratua parte hartzeko eskubidea unibertsala dela eta, tarteka ematen diegu esku hartzeko baimena. Gauza ‘serioetan’ (ustez helduenak diren gaietan) ez diegu parte hartzen uzten. Gauza ‘txikiagoetan’ (helduen begiradatik horren serioak ez diren gaietan) presentzia izaten uzten diegu, baina horrelakoetan ere, normalean, heldu baten gidaritzapean izaten da. Badirudi ez zaigula gustatzen nerabeek esateko dutena entzutea. Agian deserosotasuna sortzen digu? Beldurra? Zergatik?”, galdetu du San Vicentek. Eta berak eman digu erantzuna: “Nerabezaroak ezaugarri propioak ditu. Jendarteak nerabeari praktika, sinesmen eta balio sistema jakin bat transmititzen dio eta nerabeak horiek baztertuko ditu edo onartu egingo ditu. Garai horretan, modu autonomoagoan, independentzia handiagoarekin funtzionatzen hasiko dira. Eta hori guztia bizitzaren dimentsio sozial eta kolektiboarekin elkarrekintzan eraiki behar dute”.  

 

Nerabeek indarrean dauden kodigoak eta balioak zalantzan jartzeko edota berrikusteko joera naturala dute, baina San Vicenteren iritziz, helduok maiz ez gaude aitortza hori egiteko prest: “Aldaketek, ikuspegi berriek edota tabuak apurtzeak egungo balio-sistema arrakalatzea dakarte eta hori ez da atsegina eta erosoa izaten, hainbat hegemonia zalantzan jartzen direlako”.

 

Dena den, eta helduok erraztasun handirik ematen ez badiegu ere, nerabeek gauza askotan parte hartzen dute. Zergatik hartzen dute parte nerabeek hainbat ekintzetan? Zerk bultzatzen ditu jarduera zehatzetan parte hartzera edota horiek baztertzera? “Parte hartzeko aukera dutenean animatzen dira parte hartzera. Eta parte hartzeko aukerak errazteko honako alderdietan jarri beharko genuke arreta: ordutegia aproposa ote den, espazioa nerabeentzat erreferentzia gune naturala ote den, eta erritmo eta behar ezberdinetara egokitzen ote den. Era berean, zenbait baldintza bete behar dira: testuingurua segurua izatea, hitza hartzeko aukera bermatzea, epaiketarik gabeko espazioa izatea eta botere harremanek zein zapalkuntza egoerek ahalik eta espazio txikiena izatea. Nerabea zerbaiten parte izango da gaiak zuzenean eragiten diola ikusten badu”, dio San Vicentek. Era berean, parte hartze prozesuetan bidelagunik bada, horrek ezaugarri zehatzak izan behar dituela gaineratu du: “Jarrera lagunkoia izan behar du, haztea eta ikastea onartuko die, talde prozesuekin tolerantea izango da, mugak argi jarri behar ditu, zintzoa, gertukoa eta konfiantzazkoa izan behar du, eta taldean sortzen diren arazoekin sentikorra. Ekarpenak egiteko gai izan behar du baina inposaketarik egin gabe”.  

 

Era berean, nerabeei eta gazteei parte hartzeko espazioak eskaintzeko hainbat modu daudela azaldu du: “Ez da XXI. mendeko herrialde garatuetako pribilegio edota moda bat, parte hartzea eskubide bat da. Prozesu bat izan liteke, jarrera bat, harremanak eraikitzeko modua, komunitatea antolatzeko eredua… Ulertu behar dugu helduok ez diegula parte hartzeko aukerarik eman behar, baizik eta eskubide hori berezkoa dutela. Nerabeen eta gazteen espazio autogestionatuak babestu behar ditugu, parte hartzearen kultura haurtzarotik sustatu behar dugu, nerabeak zentroan jarri eta subjektu ahaldun eta aktibo gisa aitortu behar ditugu eta helduok gure zilborrari gutxiago begiratu behar diogu”. Izan ere, gazteak ez ditugu behar adina entzuten, baina zentzu horretan galdera zabalagoa planteatzen du San Vicentek: “Komunitate gisa ere, elkar entzuten al dugu?”.

Nerabeak subjektu aktibo izan daitezen ikuspegi berri bat garatu beharko genukeela dio, eta ikuspegi horrek hainbat ezaugarri izan beharko lituzkeela: “Nerabeen garapen integrala eta parte-hartzea sustatuko du, gaitasun pertsonalak garatuko ditu eta nerabeen ekarpenei leku egingo die, jarrera aniztasuna eta nerabeen heterogeneotasuna kontuan hartuko ditu, ahalduntzeko lagungarria izango da eta nerabeen arazoetan baino, duten gaitasunean jarriko du begirada. Funtsean: nerabeak pertsona oso gisa hartzen dituen eta gauzak egiteko gai direla onartzen duen ikuspegia garatu behar dugu”. Elkar entzuteko eta zaintzeko beharrezkoak diren espazio horiek nola sor ditzakegun ere zehaztu du San Vicentek:  “Elkar aitortuz, existitzen diren eta praktika onak dituzten espazioetatik ikasiz, eta ikuspegi feminista prozesu parte hartzaileetan txertatuz”. 

 

Nerabe eta gaztetxo arduragabearen irudiari aurre egiteko nola jokatu beharko genukeen garbi du Txatxilipurdiko kideak: “Helduok ahalmen kritikoa garatu eta nerabezaroaren bueltan hain hedatuak dauden uste orokorrak zabaltzea ekidin beharko genuke. Era berean, nerabeenganako terminologia ezkorrak eta orokorrak erabiltzea saihestu beharko genuke. Batzuetan, arduragabeak izango dira, eta beste batzuetan, zaintzaileak eta lagunkoiak. Batzuetan gorabehera emozionalak izango dituzte eta eskua luzatu beharko diegu eta beste batzuetan, gu ilun gaudenean, haiek izango dira irribarre bat eskainiko digutenak”.