Kultura, ura bezala

2022-02-17

Kultura erdigunean jarri eta dantza, literatura, musika, argazkigintza, arteak eta abarrak adierazpide eta harremanetarako baliabide izateak haur eta nerabeengan ez ezik komunitatean dituen onurak ikaragarriak dira, kritikotasuna, sormena eta, zergatik ez, zoriontasuna areagotzen baitu kulturaz blai bizitzeak. Sortzaile dira haur eta nerabeak, kimatzen ditugun arte. Kulturan bizitzen jarraitzeko, giltzarri da transmisioa, etxean ez ezik eskoletan kultur diziplina ezberdinak ezagutzeko eta praktikatzeko aukera izatea. Argazkia: Tabakalera.

 
 
Kultura, ura bezala

Ipuin bat: badira bi arrain txiki, goizean pasiatzera irten direnak. Halako batean, arrain zahar bat topatu dute. Arrain zaharrak "egun on!", esan die; “egun on!", erantzun diote bi arrainek. “Zer moduzkoa dago ura?”, galdetu die arrain zaharrak. Bi arrain txikiek aurrera segitu dute ezer esan gabe, eta aurrera segitu dute, eta aurrera, eta halako batean, arrain batek esan dio besteari: “Ura, zer da hori?".

 

Kultura ura bezala da. Inguratzen gaituen hori da kultura. Ikusi ez baina eragiten digun hori. Eta behar dugun hori.

 

“Izaki kulturalak garen heinean, iruditzen zait kultura ez dagoela bananduta eguneroko bizitzatik, ez da gugandik kanpo dagoen zerbait, eta beraz, kultura ez da haurrei, nerabeei edo gaztetxoei helarazi behar diegun zerbait. Natura/kultura banaketa aspaldi gainditu zen, guztia nahastua dago. Izaki kulturalak gara eta kultura ez da guregandik kanpo dagoen zerbait. Uneoro ari gara kultura sortzen”. Leire San Martinen hitzak dira, Tabakalerako hezkuntza arduraduna da. “Gakoa da zeri deitzen diogun kultura, nola definitzen dugun zer den kultura eta zer ez den kultura. Urtetan eta historian, erakunde kulturaletatik markatu izan da zer den kultura, eta euren eskaintza publiko jakin batzuentzat eraiki dute, publiko burges gizonezko zuriarentzako. Pentsa, koadroak ere altura horretan jartzen dira eta uste izan da erakundeetatik kanpo dagoen herri xeheak ez daukala kulturarik. Baina ez da horrela. Dena hankaz gora jartzeko garaia da. Ateak irekitzeko garaia da”

 

Kulturan murgiltzeko ateak irekitzeko, ura igaro dadin uhateak zabaldu eta haur, nerabe eta gazteak kulturan hazi eta bizitzeko, euren interesetatik abiatzea proposatzen du San Martinek. “Goazen beraien interesetatik abiatzera, tresna kutxa bat sortzea garrantzitsua da. Zentzu horretan, helduok bidelagun izan behar dugu eta ez adoktrinatzaile”. 

 

Kulturan murgiltzeko,
kultura eskura jarri 

“Kultur adierazpide guztiak hartu beharko genituzke aintzat”, nabarmendu du San Martinek: "Helduok kultur adierazpide batzuk legitimatzen ditugu, eta beste batzuk baztertu egiten ditugu, baina interesgarria da guztiak balioan jartzea eta geu ere eraldatze prozesu horretan sartzea, eta elkarrekin egin dezakegun hori balioan jartzea. Elkarrekin bizitzeko modu aberasgarriagoak eta interesgarriagoak bilatu ditzakegu kultura zentroan jarriz. Ez bakarrik gure kultura, baizik eta bestearena ere bai. Geure burua birpentsatzeko aukera ematen digu haur eta gazteen kultur adierazpideei bide emateak". Helduak haurren eta nerabeen kultur bizitzan "bidelagun" izateko, "oso adi" egon behar dugu, San Martinen aburuz, "zeresan handia dutelako”.

 

Baina, zergatik hezi eta bizi kulturan? Kulturan heztea ez da historia lezioak ematea edo teknika artistikoetan heztea, ondare historiko eta identitarioa gaur egungo balio modernoekin elkarrizketan jartzen duen fenomeno sozial bat da kultura, bizi dugun gizarte hurbil zein zabalari zentzua ematen diona. Testuinguru zehatzetatik abiatu eta norbanako edo talde gisa noranahi eraman gaitzakeen fenomenoa. "Sormena sustatu behar da pertsonaren garapen integralerako ezinbestekoa delako", dio Gotzon Barandiaran idazle eta kultura dinamizatzaileak. “Sentitzen eta pentsatzen duguna ulertu eta adierazteko baliabidea da kultura”. “Eta horrez gain—erantsi dio San Martinek— komunikazio eta harremanetarako gako eta baliabide da kultura”. 

 

Unescok urteak daramatza kultura eta arteetan heztearen garrantzia azpimarratzen. Kulturak dakarren kritikotasuna nabarmentzen du oroz gain, eta horrekin batera, honako arrazoi hauengatik defendatzen du haurrak kulturan heztea: "Arte heziketak pentsamendu alternatiboa sustatzen du eta arazoen aurrean soluzio sortzaileak bultzatzen ditu; tolerantzia eta sentiberatasuna bezalako ezaugarriak azaleratzen ditu eta dibertsitatea eta elkarrizketa interkulturalari mesede egiten dio, funtsean norbanakoaren eta komunitatearen osasunari mesede egiten dio"

 

Nerabeen eta gazteen kultur heziketan esperientzia handia dauka San Martinek Tabakaleran. Kultura aitzakia edo gako gisa, erdigunean jarrita, interakzio eta harreman asko sustatu dituzte Donostiako kultura garaikideko zentroan. “Gazteen kasuan, kulturgile dira. Eskutan dituzten aparailuekin kulturgile dira, argazkilari esate baterako. Gazteak Tabakalerara hemen egotera etortzen dira normalean, eta hemen egote horretan sortzen dituzte bideoklipak, dantzak... Gazteak etengabe sortzen eta generatzen ari dira kultura, eta beraiek sortzen ari diren kultur adierazpide horiek funtsezkoak dira gure gaurko mundua ulertzeko. Kanalak sortu behar dizkiegu bide egiteko”.

 

Kanalak, ubideak sortu, beraz, emariari etortzen uzteko. Nerabe eta gazteengan ez ezik haurrengan ere emarian etortzen da sormena. “Umeak oso sortzaileak dira, euren garapenarekin batera dator sormena; helduok kimatzen ditugun arte”, dio Barandiaranek. 

 

Kimatzen ditugun neurrian, edota kultur baliabide eta adierazpideak haurren eskura jartzen ez ditugun neurrian, "bizitzan aurrera egiteko tresnak" murrizten dizkiegu haur eta nerabeei. “Esan badugu sentitzen eta pentsatzen duguna ulertu eta adierazteko baliabidea dela kultura, sentitzen duguna eta pentsatzen duguna adierazteko gaitasunik ez edukitzeak, besteak beste, frustrazioa sortzen digu. Gabezia izugarria baita adierazteko ezintasuna edukitzea”. Baliabideak eman behar zaizkie beraz haurrei, txiki-txikitatik: "Bai arte plastikoen bitartez, dantzaren bitartez, musikaren bitartez, literaturaren bitartez, hau da, kultur adierazpideen bitartez, haur eta nerabeek sentitzen dutena eta pentsatzen dutena adierazteko moduak daudela ikusaraziko bagenie, tresna eta baliabide horiek probatzeko eta eurenganatzeko aukera izango balute txiki-txikitatik, askoz sanoago ibiliko ginateke, beste jendarte bat edukiko genuke”. Bakoitzak bere adierazpidea bilatzeari garrantzia ematen dio Barandiaranek. "Batzuk hitzari lotuko zaizkio, baina beste batek agian ez du ez idatziz ez ahoz gaitasun berezirik, eta agian musikaren bitartez lortzen du komunikatzea, edo dantzaren bidez... Aukerak zabalak dira, literatura, musika, arteak, dantzak, antzerkia, argazkigintza, zinema... Zaila da diziplina bat bera ere ez gustatzea”, dio Barandiaranek. 

 

Norbanakoari mesede egiteaz gainera, taldeari, komunitateari mesede egiten dio kulturak. “Talde —txiki zein handien—kohesiorako tresna garrantzitsua da kultura”, dio Barandiaranek, eta Maskaraden eta Pastoralen adibidea ekarri du, Ihitz Iriart musikari eta dantzari zuberotarrak iragan maiatzean Azpeitiko (Gipuzkoa) Sanagustin kulturgunean egindako Kultur artikulazioa: nondik, zertarako eta nola nazio jardunaldian azaldu zuena gogoratuz: bi ospakizunek "herritarren atxikimendu handia” izaten dutela nabarmendu zuen: “Komunitatea dibertituz sortzeak ongizatea eragiten du. Euskara sentimendu positiboekin lotzen du”. Harago joan zen jardunaldi horretan Harkaitz Zubiri idazle, soziologo eta EHUko irakaslea -[berea da kultura urarekin parekatzen duen sarrerako aipamena]: "Urte luzetan egin diren hainbat ikerketek berretsi dute, kulturgintzaren inguruan sozializatzen den jendea zoriontsuagoa dela. Kalitateko harremanak genetika ona baino ezaugarri garrantzitsuagoa dira osasuna hobetzeko eta kalitatezko harremanetan kulturak badu zeresana, ikerketek erakutsi duten moduan; biziak salba ditzake kulturak”. Bat dator Barandiaran: “Dela antzerki eskola batean, dela bertso eskolan, dela kontzertu batean, dela dantza eskolan... interakzio horrek asko betetzen zaitu pertsona gisa eta giro on horretatik elikatzen da komunitatea. Dantza taldeetan milaka pertsona daude gaur egun eta horrek sareak trinkotzen ditu, jendea elkarrekin dago proiektu baten alde, jendea zoriontsua da, motibatua dago...”.

 

Kultur eredu jakin batean hezteaz eta bizitzeaz ari dira, ordea, Barandiran eta Zubiri, eta baita San Martin ere. “Zer kultur eredu. Hori da gako garrantzitsu bat”. Jendea artikulatuko duen eredua da onuragarria, Zubirik dioenez: "Bereiztuta dagoen jendea, desberdina den jendea elkartzea da artikulatzea. Artikulazioa ona izan daiteke, baina ez derrigorrez. Ona izan dadin, baldintza batzuk bete behar ditu. Kulturan ondo funtziona dezan eta jendearentzako benetan onuragarria izan dadin, inportantea da espazio sozialak sortzea jendea egon dadin, interakzio horiek izan ditzaten, elkarrekiko harremanak eraiki ditzaten. Eta hori potentzialki oso eraldatzailea izan daiteke, jendearentzako oso onuragarria eta baliagarria delako ondo bizitzeko".

 

Artikulatzeko, agente edo sortzaile eta protagonista garen kultur eredua behar da, eta hori da solaskideei interesatzen zaiena. “Hori da pertsonaren eta kolektiboaren garapenerako onuragarria dena”, ondorioztatu du Barandiaranek. Haatik, kontrako eredua oso zabaldua daukagu gurean ere: "AEBek urteak daramatzate entertainment kultura garatzen, entretenimenduzko kultura egiten, 'ahaztu itzazu dituzun arazo guztiak une batez, eta kontsumitu kultura hau', esaten digute, azpitik oso ideologia zehatz bat transmititzen ari zaizkigun bitartean". "Kulturgintza eraldatzailea" proposatzen dute solaskideek: "Guk pertsonak eraldatu nahi ditugu gizarteak eraldatzeko —dio Barandiaranek—. Elkarrekin bizitzeko daukagun eredu hau ez dugu gustuko, mundua eta Euskal Herria eta harremanak ulertzeko daukagun beste modu bat konparti dezakegu sormenaren eta kulturaren bidez. Kulturak gai beraren inguruan iritzi eta irakurketa desberdinak partekatzeko modua eskaintzen digu, bakoitzak bere modura adieraz dezake, gainera, bere ikuspuntua, bertso baten bidez, pelikula baten bidez, koadro baten bidez, dantzaren bidez... eta horrek norberaren ikuspuntua zabaltzen laguntzen digu: enpatia lantzen dugu, eta zer esanik, ez komunitatea trinkotu egiten da errespetua eta begirunea elikatuz, norberaren ulermena eta jasotzeko gaitasuna ireki egiten baitira".

 

"Sormenaren kultura" deitzen dio eredu horri Iratxe Retolaza UEUkide eta EHUko irakasle eta ikerlariak: "Kultura modu askotara erabili izan da. Sormenaren kulturan sartzen dira literatura, musika, dantza, antzerkia eta gainerako, esan dezagun, arteari loturiko kultur esparruak. Kultur bide horiek beti eraikitzen dute komunikazio esparru bat, eta, gainera, erreferentzia sare batzuk eraikitzen dituzte. Sare horien bidez, jende talde batek munduari begiratzeko erreferentzia jakin batzuk izatea lortzen da. Azken batean munduan egoteko eta munduari begiratzeko kode antzeko batzuk dira, eta beraz, taldea sortzen dute. Horrekin batera, pertsona bezala gu geu munduan kokatzeko baliabideak ematen dizkigu kulturak: baliabideak besteekin komunikatzeko aurrez aurre gaudenean, baliabideak zentzuaren eraikuntzan, barne mundua elikatzerakoan, trukea sustatzerakoan, sormenarekin jolasteko...

 

Kulturaren agente eta protagonista izateak ez du esan nahi derrigor, idazle, artista, musikari izan behar dugunik guztiok, eta gutxiago haurrak kulturan hezi behar ditugunik etorkizun batean kultura lanbide izan dezaten. "Kulturzaleak sortzearen helburua ez da gero denok idazle edo musikagile profesionalak izatea, baizik eta kultur ekosistemako eragileak izatea —zehaztu du Barandiaranek—. Kulturak sortzaileak behar ditu, bai, baina antolatzaileak behar ditu, herri mugimenduetan eta erakundeetan edo beraien komunitatean gauzak antolatuko dituztenak; edo profesionalki ariko direnak, argitaletxe batean editore edo zuzentzaile bezala, diskoetxe batean ariko dena; kulturzaleak izango diren kazetariak behar ditugu, irakasle eta hezitzaile kulturzaleak eta, zer esanik ez, guraso kulturzaleak behar ditugu".

 

Gurasoengan arreta berezia jartzen du Barandiranek. Kultur transmisioan —edo transmisio ezean— gako direlako. Haurrekin eta nerabeekin kulturan bizitzeko, kulturaren transmisioa oso garrantzitsua baita. Alta, lehenik transmisioa zer den zehaztu nahi izan du Barandiaranek: "Ez da kontua jakintza bat ezagutu behar dugula, izen bat edo data bat ikasi behar dugula. Bizipenari eman behar diogu garrantzia. Praktikarako aukerak eman behar ditugu. Kontua ez da euskal kulturgintza garaikidearen historia ezagutaraztea, 1950etik honakoa edo gaur egun egiten dena besterik gabe ezagutzea, horrekin batera, tresnak eman behar dizkiegu haurrei eta nerabeei eurek proba dezaten. Gero bakoitzak erabakiko du hortik jarraitu ala ez, baina gutxienez jakin dezatela sentitzen eta pentsatzen dutena adierazteko modu asko daudela, eta kultur adierazpideak oso anitzak direla". Praktikaz eta aukerez gain, ereduak behar dituztela nabarmetzen du Barandiaranek. Idazleak garrantzia ematen dio eredu horiek "bertoko ingurunearekin" oso lotuak egoteari. "Kulturarekin, finean, mundu ikuskera bat edo batzuk, transmititzen dira. Zapaltzen dugun lurrari loturiko kultura sustatzea garrantzitsua da. Pertenentzia sentimendua oso garrantzitsua da, batez ere nerabe eta gazteen kasuan. Komunitate sentimendua eragiten du kulturak”. Euskal Herrian gertatzen ari diren praktikak jarri ditu aipaturiko komunitate- pertenentzia" sentimenduaren adibide: Euskarabentura, bertso udalekuak, Tabakalerako Harrotu ileak, Ikusi Mikusi... "Hor atzean jendea elkarrekin gozatzen eta bizitzen ikusten duzu, pertenentzia sentimendu batekin. Kapitalismoak zerbait sortu nahi badu, kontrakoa da: indibidualismoa da".

 

Harrotu ileak programaren eragileetako bat da San Martin. Haurrei, gisa horretako ekimenekin, tresna kutxa bat eskaintzea garrantzitsua iruditzen zaio, baita eskolan nahiz eskolaz kanpoko kultur jarduerak proposatzea ere, izan dantza eskola, musika, haurrekin antzerkira, zinemara nahiz ikuskizunetara joatea... "baina garrantzitsua da, baita ere, euren agentzia errespetatzea eta ez izatea beti heldua hau edo beste proposatuko diena, eta euren proposamenak onartzea". Aurreiritziak alde batera uztea proposatzen du horretarako: "Helduon kezka izan ohi da, adibidez, nerabeei musika sexista gustatzen zaiela, eta gutxietsi egiten dugu. Baina, aizu, mundua sexista da! Goazen beraiek daukaten interes horretatik abiatzera eta horri buruz hitz egitera, goazen epe luzera begiratzera, eta sortu eta elika ditzagun, adibidez, generoaren gaineko elkarrizketak, baina ez gure ikusmoldea inposatuz. Kultura askotan abiapuntua izango da, elkarrizketen abiapuntua, harremanen abiapuntua". 

 

Transmisioa funtsezkoa da ezagutzeko eta bizitzeko. “Ezin gara zaletu ezagutzen ez dugun horrekin", nabarmendu du Barandiaranek. "Ez badut euskaraz egiten den kultura ezagutzen, ez naiz zalea izango, hori argi dago. Ezagutzen ez duzuna ez duzu maitatzen, eta maitatzen ez duzuna ez duzu transmititzen. Maite duzuna eta zerbait eragin dizun hori transmititu eta partekatzen duzu, 'ikusi duzu hau?', 'entzun duzu hau?', 'irakurri duzu hau?'... Horrela elikatzen gara".

 

Transmisioa, alabaina, hizkuntzarekin gertatzen den bezala, egoera gutxiagotuan egonda eta kultura hegemonikoen ondoan elkarbizitzeko ahaleginetan egonda, ez da berez eta modu naturalean ematen ez familietan eta ezta hezkuntzan ere. "Askotan gurasoek ez dute kontzientziarik beraiek direla transmisio kanal garrantzitsuenetakoa, are gehiago, susmoa daukat gurasoen artean hedatua dagoen ideia dela gurasoak ez garela kulturaren transimore". Gurasoen kontzientzia astindu eta berreskuratu beharra ikusten du kultur dinamizatzaileak. "Hizkuntzaren alorrean bezala, euskal kulturaren transimioan ere etenak egon dira, eta gaur egun guraso diren asko ez dira euskal kulturan heziak izan. Orain tresnak sortu behar ditugu gurasoentzat". Lehenengo, ordea, kontzientzia ariketa bat egin behar dela iruditzen zaio: "Guraso bezala ariketa teoriko bat egin behar dugu: gu gara transmisiorako hiru kanal garrantzitsuetako eragile inportanteenak, eta horren kontzientzia hartu behar dugu: dantza eskolara bidaltzen ditugu haurrak; musika eskolara; bertso eskolara bidaltzen ditugu, baina gero, guk zer kontsumitzen dugu? Zer harreman daukagu guk musikarekin? Joaten al gara elkarrekin kontzertuetara? Etxean entzuten al dugu musikarik?".

 

Alabaina, kultur transmisioa ez da kulturaren, ez euskal kulturaren edo euskararen mesedetan egitekoa den zerbait “bakarrik”, Barandiaranen hitzetan. “Pertsona, familia, talde edo komunitate bezala aberasgarria delako da garrantzitsua kulturaren transmisioa egitea”. "Bizipena sendotzen duen zerbait da kultura, komunitatea sendotzen du eta horrek komunitate horren parte diren guztiak aberasten ditu", San Martinen irudiko. Diskurtso horretan gehiago eragin behar dela irizten dio kultura dinamizatzileak: "Nik uste dut hor gehiago eragin behar dugula, sormena, eta oro har, kultura sustatu behar ditugu garapen integralerako ezinbestekoak direlako”. Muturreko adibide hunkigarri bat oroitu du: “Zaporeak-ekin Lesboseko errefuxiatuen kanpamenduan egon ginenean arte plastikoen tailerra zegoen, teknika lantzen zuten, baina, batez ere, momentu hartan sentitzen zutena adierazteko modu bat zen koadro haiek egitea; bizi zuten sufrimendua, mina, heriotza erakusten zuten. Tailer horietara joatea sentitzen zuten hori adierazteko modua zen, ezin zutelako hitzez komunikatu. Beste batzuk dantza tailerretan aritzen ziren, beste batzuk literatur tailerretan”.  Hain egoera gogorretara joan gabe ere, pandemiak harremanetarako eta komunikaziorako ekarri dituen zailtasunen aurrean, eta egoerak denoi baina batez ere nerabe eta gazteei sortzen dien frustrazioa bideratzeko eta adierazteko, kultura baliatzea proposatzen du idazleak: "Hitzez eta aurrez aurre gauza asko komunikatzea zaila da, baina bide ugari daukagu, baliatu ditzakegunak". Dantzak, musikak, zinemak, oro bat kulturak dakartzan bizipen positiboak nabarmentzen ditu Zubirik: "Kulturak ez du mundua aldatzen, baina kulturak alda dezake mundua aldatuko duen jendea. Eta guri interesatzen ziagu jendeari aukera horiek ematea". Ura beharrezko baitugu, izango bagara.

Euskal kultur transmisioa eskolan,

"alarma gorriak" pizteko egoeran

 

Hainbat urte igaro dira euskal kultur sorkuntzaren transmisioak kezkatuta hainbat norbanako eta erakunde —tartean Elkar Fundazioa, UEU, HIK HASI— elkartu zirela egoeraren erradiografia egiteko eta urratsak egiten hasteko. Hainbat jardunaldi egin dituzte dagoeneko, eta diagnosia partekatua da: Kultur transmisioaren egoera alarma gorriak piztekoa dela diote adituek. Hezkuntza arautuko egoera aztertzen hasi zen lantaldea eta atzerapausoak igarri ditu. Iratxe Retolaza UEUko ikerlari eta EHUko irakasleak egina du diagnosia: “Unibertsitatean daramatzadan 14 urteotan euskal kulturaren ezagutzan atzerapauso nabarmena ikusi dut D eredutik etorritako ikasleen artean. Ez dute ezagutzen euskal kultura”. Musikaren adibidea jarri zuen irakasleak: “Musika zaleak diren ala ez galdetuta, % 90ek eskua altxatzen dute, baina euskarazko musika entzuten duten ala ez galdeuta, % 30-40k bakarrik erantzuten dute baietz”. Beste bi galdera ere egiten dizkie Retolazak ikasleei euskal kulturaren inguruan: “Euskal kulturaren imajinarioarekin lotzen dituzten ideia positiboak eta negatiboak jar ditzatela eskatzen diet, gustatzen zaiena eta ez zaiena. Ez dute ideia negatiborik ematen, baina hori ez da seinale ona; zerbait ezagutzen duzunean, zerbait horren alde onez gain txarrak edo gustatzen ez zaizkizunak esateko gai zara. Baina ez dute ezer txarrik ikusten, ez dutelako euskal kultura ezagutzen”. Euskal kultura zerekin lotzen duten ere galdetzen die gazteei irakasleak, eta erantzunak estereotipatuak izan ohi dira: “Euskal kulturaren imajinario oso estereotipatuak dituzte, irudi folkloriko-turistikoekin lotzen dute euskal kultura, sukaldaritza dantzaren pare jarriz”.

 

Eskolan euskal kultura sartu behar bada, esperientziaren eta bizipen kulturalen bidetik egitea proposatzen du irakasleak: “Esperientzia kulturalek iraunarazten dituzte bizirik kultur sorkuntzak eta kulturgileen ekarpenak”. Retolazarentzat, garrantzia duena ez da gazteek izen bat edo datu batzuk ezagutzea, garrantzitsua kultur-adierazpide batekin izandako esperientzia da: “Nire ikasleek agian ez dakite zein den Mikel Laboa, baina niretzako kezkagarriagoa da Zilbor hestea kantua behin ere entzun ez izana. Kantu horrek eragin badio zerbait, eta bere barne mundua elikatzeko balio izan badio, hori da benetan esanguratsua”. 

 

Retolazaren aburuz, gaur egun badaude eskoletan kultur transmisioa egiteko aukerak, baina teorian gelditzen dira. Hiru administrazioetako curricululmek berariaz nabarmentzen baitute kulturan bizitzeko beharra. Euskal kulturari ordea, EAEko curriculumak bakarrik egiten dio erreferentzia. Alabaina, ez dago ikasgairik euskal kultura lantzeko. Soilik Euskara eta Literatura ikasgaia da eskoletan lantzen den kultur adarra, "eta euskal kultura lantzen denean Literatura ikasgaian, idazlearen biografia eta liburu zerrenda transmititu ohi dira , besterik gabe. Alegia, ez da kultur esperientzia kolektibo bat sortzen". 

Kultur baliabideak denon eskura 

Kulturklik.eus-ek Euskal Herri osoko kultur agenda dakar.

BERRIAk Euskaraz argitaratzen diren liburu eta diskoen erakusleihoa osatu du: https://www.berria.eus/liburu-eta-disko-berriak/

Eranafarroa.eus euskaraz ikasten duten haurren gurasoei baliabideak eskaintzeko sortu zuten euskara zerbitzuek eta kultur proposamen eta baliabide ugari eskaintzen ditu.

Museo eta kultur zentro ugari ditugu: Guggenheim, Bilboko Arte Ederren museoa, San Telmo, Artium, Txillida-Leku, Oteiza museoa, Baionako Euskal Museoa, Donostiako Tabakalera, Bilboko Azkuna zentroa, Gasteizko Montehermoso, Huarte zentroa.... Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako museoen berri euskalmuseoak.com webgunean jarrai daiteke, Nafarroakoak navarra.es atarian.

Liburutegi ia guztiek dute haurrentzako atonduriko txokoa.

e-liburutegia.eus Internet bidez liburu elektronikoak, filmak eta ikus-entzunezkoak mailegatzeko zerbitzua da.

booktegi.eus liburu digitalak, elkarrizketak eta haurrentzako audioliteratura ditu.

galtzagorri.eus atariak Haur eta Gazte Literaturari buruzko informazioa eta gomendioak biltzen ditu.

Badok.eus ataria da euskal musikaren erreferentzia nagusia.

Musikazuzenean.eus webguneak agenda eguneratua eskaintzen du.

Komikipedia.eus euskal komikiaren inguruko datu basea da.

Komikeri.wordpress.com euskarazko komikien bloga da. 

EHAZE Euskal Antzerki Zaleen elkartea da antzerkiaren erreferentzia nagusia. Hainbat lan daude orain oholtzan haur eta nerabeei begira, Ameriketara bidaia, Glu Glu konpainiaren Perez sagutxoa, Gorakadaren Frankestein, Borobil Teatroaren Hansel eta Gretel, Gartxot Unsainen Kaskarot... 

Bertsozale.eus-en jarrai daiteke bertso agenda osatuena. Tarteka haurrentzako bertso-saioak ere antolatzen dira, Bertso jasa gisakoak, eta baita bertso ikuskizunak ere: Alpistegia, Petresku, Ez etsi...

Bertsoa.eus webguneak igarotako bertso saioak biltzen ditu.

Hitzetik hortzera ETBko programak saioak eta elkarrizketak eskaintzen ditu.

Txotxongilo jaialdi ugari egiten dira Euskal Herrian zehar, eta etxe bat ere badaukate txotxongiloek Tolosan: Topic. 

Dantzan.eus atarian euskal dantzaren inguruko informazioa eta kazetaritza-lanak biltzen dira.

Zinea.eus-en filmen estreinaldiak eta kritikak jasotzen dira. 

Euskalencodings.com euskaraz ikus daitezkeen film eta telesailen biltegirik handiena da

Zinema euskaraz ikusteko bideak hainbat atarik eskaintzen dituzte, EiTBk, e-liburutegiak... Filmin plataformaren bidez.