HAZI HEZI eraberritua aurkeztu dugu Donostiako Aquariumean

2022-05-12

Haziera eta heziketa aldizkaria eraberriturik dator hamargarren urteurrenean, ikusgarriago eta arinago. Ospakizun jaia egin du Hik Hasik erakundeekin eta elkarteekin Donostiako Aquariumean. Maiatzaren 29an Adunan jai herrikoi batekin ospatuko da urteurren biribila. Hona hemen festako irudiak: https://labur.eus/t9NqQ

 
 
HAZI HEZI eraberritua aurkeztu dugu Donostiako Aquariumean

Hamar urte bete ditu udaberri honetan Hik Hasi egitasmo pedagogikoaren HAZI HEZI haziera eta heziketa aldizkariak. Urteurren berezi hori ospatzeko, aldizkaria eraberritu dute batetik, eta bestetik, jai bat egin dute maiatzaren 11n Donostiako Aquariumean, erakundeekin, komunikabideekin, kolaboratzaileekin eta harpideekin. Maiatzaren 29an urteurreneko festa irekia egingo dute Adunan, 11:30etan hasita.

Ospakizun-jaiean Ainhoa Azpirotz HAZI HEZIko errdaktoreak gogora ekarri zuenez, Joxe Mari Auzmendi zenaren proiektu kutuna izan zen haziera eta heziketa aldizkaria. «Hamar urteotan hazieran eta heziketan laguntzeko kalitatezko tresna on bat eskaini nahi izan diegu familiei, eta baita hezitzaileei ere. Informazio kontrastatua, kalitatezko profesionalekin landua, eta euskaraz», erantsi zuen. Ainara Gorostitzu lankideak erantsi zuen aldizkaria garai berrietara egokitzeko beharra izan dutela hamargarren urteurrenean. Ohiko izpirituari ez ezik, kalitateari eta harpidetza kuotari eutsiz (urtean lau aldizkari, 20 euroren truke): “Denborak bizkortu egin dira, korrika bizi gara, presaka. Eta horregatik ere, aldatu dugu HAZI HEZI. Eraman errazago, arinago, eskurago, ikusgarriago egin nahi izan dugu. Badakigu gure publikoak, hezitzaileek, gurasoek eta zer esanik guraso berriek ze denbora dituzten, bada, denbora tarte urri horietarako egokitu dugu HAZI HEZI”, poltsatik atera eta edozein lekutan irakurtzeko moduko formatu ikusgarriagoan dator, beraz, 40. Zenbakia. Baina testuetan ohiko “artisau lana” egiten jarraituko dute. “Pandemiak zailago, korapilatsuago eta konplexuago egin du tribu batena beharko lukeen egitekoa. Tribu modernoa gara gu. Edo izan nahi du behintzat HAZI HEZI aldizkariak. Babesa eskaini nahi dugu, epairik ez, juzkurik ez, dogmarik ez, zamarik ez, errurik ez. Heldulekua baizik. Bidelaguntza. Hori izan da hamar urteotako ibilbide orria. Haurtzaroaren errespetutik, eta zaintzaren ikuspegi feministatik idatzi ditugu alerik ale lerroak. Hori dugu ale berri bakoitzaren aurrean erronka”.

Aurkezpenean parte hartu zuten, halaber, Estitxu Fernandez komunikatzaile eta psikologoak eta Pituxa clownak, eta Ihare Gorostizu eta June Imaz HAZI HEZIrekin hazi diren kantariak. Haiekin eta HAZI HEZIko lantaldearekin izan ziren Gipuzkoako Diputazioko ordezkari gisa Sebas Zurutuza, Kontseiluko Paul Bilbao, OEEko Karlos Ibarguren, Elkarreko Olatz Osa eta Juanmari Larrarte, Hernaniko Xabier Lertxundi alkate eta Oier Agirresarobe hezkuntza zinegotzia, Adunako alkate Josu Amilibia, Berriako Amagoi Mujika, Eider Goenaga eta Ainhoa Oiartzabal, Jakineko Lorea Agirre, Hamaika Telebistako Iñaki Uria eta Ekiñe Atorrsasagasti, Elhuyar-eko Garazi Andonegi, Irria aldizkariko Garazi Urrusolo, Argiako Olatz Korta, HAZI HEZIko kolaboratzaileak, Topaguneko, Urtxintxako, Bizipozako, Bai Euskarariko, Katxiporretako ordezkariak, Alaia Martin eta Erika Lagoma bertsolariak,  harpide eta irakurleekin batera.

 

Adunan irakurleekin eta Porrotx eta Marimototsekin

Maiatzaren 29an HAZI HEZIren hamargarren urteurreneko ospakizun herrikoia egingo dute Adunan. 11:30etan Alaia Martinekin bertsoekin hasiko da jaia, ondoren Nerea Mendizabalek guraso eta hezitzaileentzako hitzaldia eskainiko du eta aldi berean umeek eskulanak egingo dituzte Alazne Ugartetxea irakaslearekin eta jaia amaitzeko Porrotxek eta Marimototsek ikuskizuna eskainiko dute bertan.