Begoña Pedrosa: "Curriculuma irakasleek egin behar dute, ez politikariek”
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailbuorde da Begoña Pedrosa areatzarra 2020az geroztik eta, haren ustez, hezkuntza momentu liluragarrian dagoen unean egokitu zaio esparru horren kudeaketa. Unibertsitateko eta ikastetxeetako berrikuntza proiektuetan aditua da eta irakasle-ikertzaile gisa aritu zen aurretik Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatean. 2014tik 2020ra fakultate horretako dekanoa izan zen. Egindako ibilbidean erakutsi du emakume nekaezina eta konprometitua dela eta irmo eutsi dio berrikuntza eta eraldaketa geletara eramateko erronkari. Datorren ikasturtetik aurrera ezarriko den curriculum berria prestatzen aritu da buru-belarri irakasleekin, hezkuntzako adituekin eta arituekin. Lasaitasunez eta behar den denbora hartuz, ikastetxeak eta irakasleak eraldaketako protagonista bihurtzea nahi du Pedrosak, Hezkuntza Sailaren laguntza eta bultzadarekin.
Irailean ezarriko da curriculum berria Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako ikastetxeetan. Zer du berritik eta zer zaharretik?
Beti azpimarratzen dut hemen lehendik ere hasita geundela curriculumari aldaketak egiten, eta Heziberrik ere bide bat finkatu zuen konpetentzietan oinarritzen den ereduan lan egiteko. Orain, LOMLOErekin arkitektura curricular berria etorri da eta horrek dakartzan aldaketa batzuek konpetentzietan oinarritzen den markoa zertan datzan ulertzen laguntzen dute. Ikastetxe batzuek aurrerapausoak emanda zeuzkatela esango nuke eta beste batzuk hasiberriak edo hasteko daude. Erkidego bakoitzak bere erabakiak hartu ditu, hemen eremuka lan egitea erabaki dugu, urte batzuen buruan denok horrela lan egitea. Beraz, hortik abiatuko gara.
Zein dira curriculum berriak ekarriko dituen aldaketa esanguratsuenak?
Konpetentzien bidezko ikaskuntzan jauzi kualitatiboa ekarriko du. Pandemiak hainbat gauza utzi ditu agerian eta horien artean, adibidez, gure curriculuma oso lodia dela. Curriculuma arindu egin behar da, ezin da izan edukiz betetako tresna edo zerrenda bat. Garatu behar ditugun edukiak zein diren hautatzeko irizpideak behar ditugu, edukiak inportanteak baitira. Eta eduki horiez gain, curriculumaren poltsa handi horretan sartu behar dira digitalizazioa, hezkidetza, hizkuntza normalkuntza, ongizate emozionala eta abar. Arlo horiek ezin dira izan momentu jakinetan soilik egiten diren jarduera osagarri edo periferiko batzuk. Gure edukietan eta proiektuetan txertatu eta integratu behar diren proposamenak bilakatu behar dira.
Ondoren, curriculum hori ikaskuntza prozesu esanguratsu batean nola sartu behar den erabaki behar da eta hori da esanguratsuena: zer daukagu, zer hautatzen dugu eta zergatik, eta nola antolatuko dugu gure ikastetxean eta gelan? Pauso hori oso ondo argudiatuz eta irizpide argiekin egin behar da. Besteak beste, proiektuka lan egitea, koirakaskuntza aplikatzea eta ebaluazio hezigarria eta partekatua ezartzea eskatzen du.
Horiek dira curriculum berriaren ardatzak eta hortik dator aldaketarik esanguratsuena: nola egiten dugun lan ikastetxeetan. Hau da, eremuka, proiektuka edo arloka, eta ez ikasgaika. Lehen Hezkuntzan proiektu globalizatzaileekin lan egitea ekarriko du eta, batik bat, Bigarren Hezkuntzan ekarriko du iraultza; uste dut hor daukagula erronka. Jakintza gai desberdinetatik datozen irakasleak elkarrekin lanean jartzea da gakoa eta uste dut horrek bulkada bat emango diola benetan ikaslearen garapenari. Diziplina desberdinak ikaste prozesuaren zerbitzura jarriko dira. Ikasleari erronka bat planteatuko zaio eta erronka horren bitartez bere ikasketa prozesua garatzen joango da. Esate baterako, Natur Zientziek bere hizkuntza propioa daukate eta ikasleek gai horri loturiko edukiak azaltzen ikasi behar dute. Orduan, azalpen testu bat landu daiteke Natur Zientziak egiten ditugun bitartean eta, gainera, ikasleak, egiten duen hori defendatzen eta argudiatzen ikasiko du. Horretarako, Natur Zientzien mintegian lanketa bat egin behar dute irakasleek eta hizkuntzaren adituen laguntza izan beharko dute ikastetxean bertan. Hori da eman behar dugun salto kualitatiboa. Modu horretara, ezagutza eta eduki desberdinekin elikatuz lantzen da hizkuntza.
Besteak beste, ikastetxetako antolaketa eta ordutegiak aldatzea eta malgutzea dakar horrek, ezta?
Horrek planifikazio on bat eskatzen du eta, horretarako, irakasleek beraien artean antolatu behar dute. Bigarren Hezkuntzan, adibidez, ordutegia erabat aldatu beharko da diziplinarteko proiektu bat garatzeko, eremu horretan egon baitaitezke pare bat irakasle bi edo hiru ordu elkarrekin lanean. Horrela sakonagoa bilakatzen da ikaste prozesua. Oso aberasgarria da Hizkuntzako irakasle bat Gizarte Zientzietako irakasle batekin elkarlanean aritzea eta lantzen ari diren gaia ikasleek nola argudiatzen duten ikustea.
Hori da planteamendu berriak bultzatzen edo proposatzen duena, ezagutzak diziplinarteko proiektu batera ekartzea. Eremuka ikasiz da ikaslea erdigunean jartzen da eta ikasleek koerantzukizunez lan egiten dute.
Gakoa ez da ikasgai bakoitzari ezartzen zaion ordu kopurua, baizik eta ikaste prozesuari ematen zaion enfokea. Gure ikasleak, haurrak eta gazteak, oso arin mugitzen dira mundu honetan. Guk pertsonak hezi eta etorkizunerako prestatu behar ditugu. Diziplina bakoitzeko ezagutza oso inportantea da, baina ez baldin badugu testuinguru jakin batzuetan kokatzen, jomuga edo zentzu batekin, ez baldin badugu ikaslea horretara gonbidatzen, uste dut eskolatze prozesuari mami guztia ez ateratzeko arriskua daukagula. Ikasleek dakitenaz baliatu behar du hezitzaileak, daukaten grina eta motibazioa aprobetxatu, planteatzen ditugun proiektuetara, kasuetara edo egoeretara ekarri eta etekina atera behar diegu. Ikasleak daukan motibaziotik abiatuz gero, emaitzak erabat desberdinak dira.
Aditu batzuek egoera horietan zalantzan jartzen dute ikaslearen esfortzua, baina esfortzu berdin-
berdina egin behar dute motibazioa duten gaietan ere. Zentzu horretan zorroztasunez jokatu behar dugu ikastetxeetan. Eskakizuna berdina izan daiteke, baina beste modu batera enfokatuz.
Curriculum berrian pisu esanguratsua hartuko du ongizate emozionalak. Elementu berria da. Horretarako beharra ikusi duzue?
Gure marko berriko beste aldaketetako bat da eta erdigunera ekarri dugu. Sistema osora hedatu nahi dugu, ongizate emozionala esparru guztietan zaindu behar bada.
Ongizarte emozionala berez dator ikaste prozesua beste modu batean enfokatzen badugu. Ez da gauza bera DBHko 1. mailan proiektu bat egitea edo 9-10 ikasgai desberdin edukitzea. Ikaslearen egoteko modua aldatu egiten du.
Irakasleek tresna berriak behar dituzte ongizate emozionala zaintzeko. Aurreko ikasturtetik formazioa eskaintzen ari gara eta jarraituko dugu. Irakasleek estrategiak behar dituzte ikasleen begiradan aztarnak ikusteko eta identifikatzeko. Ez dira adituak izango, baina gela batean gertatzen ari dena beste modu batera irakurtzeko gai izango dira.
Garapen akademikoa bermatzeaz gain, garapen emozionala ere bermatu egin behar zaie ikasleei.
Lan egiteko modu honek kultura berri bat eskatzen du, irakaslearen begirada aldatzea. Eta begirada aldatzeko formazioa ezinbestekoa da. Zer-nolako formazioa antolatu edo proposatu duzue?
Hurrengo ikasturteetan etorriko den aldaketarik esanguratsuena formazio ereduaren baitan etorriko da. Formazioa ikastetxeetatik eta klaustroen eta berdinkideen arteko kolaboraziotik bideratuko da. Agian orain arteko formazio eredua indibidualista izan da; irakasle bakoitzak bere prestakuntza egin izan du bere formazioa aberasteko eta hori oso inportantea da, alegia, konpetentzia gehiago jasotzea irakasle modura, norberak identifikatzen dituen hutsuneak eta hobetzeko alderdiak lantzeko. Baina horrez gain, ikastetxea kontuan izan behar dugu eta baita hezkuntza proiektua eta testuingurua ere. Eta hor erabakiak partekatuak izan behar dira.
Hortaz, ikastetxe bakoitzean berrikuntzan edo eraldaketa prozesuetan erreferentea izango den pertsona bat —edo bi, ikastetxearen tamainaren arabera— egotea gustatuko litzaiguke. Pertsona horrek berrikuntzarako grina eduki beharko luke, formazio guztietan parte hartzeko ardura hartuko luke, eraldaketaren lidergoa eramatekoa eta gero klaustroarekin zentzuzko erabakiak hartuko lirateke. Hezkuntzan pertsonekin egiten dugu lan eta erabaki potoloenak eta eraldaketarik inportanteenak behetik datozenak dira. Ikastetxeetan irakasleek eurek hartzen dituzten erabakiak konbentzimenduz eta behin ikasleen beharrak zein diren identifikatuta.
Etapa guztietarako formazio trinkoa egingo dugu ekainaren azken astean eta datorren ikasturtean jarraituko dugu.
Irakasleek eta ikastetxeek protagonismo handiagoa izango dutela dirudi.
Erronkarik handiena ikastetxe bakoitzak eraldaketa prozesua bere gain hartzea da. Ingelesez badago niri asko gustatzen zaidan hitz bat: appropiateness. Hau da, zeuk egin behar duzun hori zeureganatzea horretan sinesten duzulako eta benetan egin nahi duzulako, ez inposatzen delako. Ikasle batek gauzak beste modu batera jasotzeko daukan beharrizana ez badugu sentitzen hezitzaileok, nekez lortuko dugu benetan zerbait esanguratsua egitea. Irakasleak premia hori ikusi eta klaustrokideekin partekatu behar du. Berdinkideen arteko eraldaketan eta formazio ereduan sinesten dut. Eta ez da nik sinesten dudalako soilik; egiaztatuta dago aspalditik hori dela benetan funtzionatzen duena.
Irakasleek eta ikastetxeek egin behar dute berrikuntza eta eraldaketa eta administraziotik bultzatu egin behar ditugu. Lehen minututik oso argi eduki dugun elementu hori: curriculuma irakasleek egin behar dute. Curriculuma ez da politikariek egiten duten zerbait edo Legebiltzarrean erabakitzen den zerbait. Adituek eta arituek hartu behar dituzte erabakiak. Aholkularien, beste adituen, administrazioaren... laguntza eta babesa behar dute, jakina, eta baita lanabes berriak ere. Baina erabakiak irakasleek hartu behar dituzte, beraiek dakite inork baino hobeto zerk funtzionatzen duen eta zerk sortzen dituen arazoak. Beraiek dakite inork baino hobeto pandemiak zer erakutsi digun, egunerokoan bizi izan dutelako.
Horregatik, curriculumaren lanketarekin hasi ginenean talde eragile iraunkor bat sortu genuen guztia planifikatzeko eta bideratzeko. Ikastetxeekin harremanetan egon gara une desberdinetan eta saio parte-hartzaile batzuk egin ditugu lurralde guztietako irakasleekin curriculumaren izaera berriak zer ezaugarri izan behar dituen, zergatik, zergatik ez eta abar definitzeko.
Gure berrikuntza zentroetan ere hausnarketa propioa egin behar izan da: zer den egin behar duguna eta zer den hobetu behar duguna. Une honetan, beraiek ari dira proposamen berria lantzen datorren ikasturteari begira. Hausnarketa gako horren fokupean egin dugu: barrutik egin behar da aldaketa. Adminitraziotik testuinguruak sortu behar ditugu eta aholkulariak horren zerbitzura jarri behar ditugu, lanabes berriak eta formazioa eskainiz. Inportantea da ikastetxean bertan eraldaketari erantzuteko egitura minimo bat egotea. Ikastetxe batzuetan argi dute, beste batzuetan gure laguntza eta babesa behar dute hori guztia antolatzeko eta diseinatzeko. Momentu liluragarria da hezkuntzarako.
Saretzea ere garrantzitsua da, bai ikastetxe barruan eta baita ikastetxeen artean ere, pedagogiaz, proiektuez, estrategiez eta ebaluazio ereduez hitz egiteko. Garrantzitsua da gai horiek erdigunera ekartzea eta horretaz hitz egitea. Formazio eredu berriaren beste hanka bat saretzea da. Momentu honetan eraldaketa proiektu bat daukagu martxan konplexutasun handiko 60 ikastetxerekin eta euren sare propioa osatu dute, dinamizazio eta talde eragile indartsu batekin. Egiteko modu horrek benetan ahalduntze bat ekarriko du gure ikastetxeetara.
Gure erkidegoko Hezkuntza Fakultateak ere inplikatu ditugu eta etorkizunean elkarrekin aritzeko beste motibazio bat ikusten dut. Hasierako formazioak ere bere iraultza propioa behar du modu koherentean funtzionatu nahi badugu. Hasierako formazioan proposatzen diren curriculumak eta gure ikastetxeetan egiten denak koherenteak izan behar dute, bat etorri behar dute, eta komunikazio hori blindatu egin behar dugu etorkizunera begira. Bat egite hori izan da beste elementu inportante bat.
Frogatuta dago Bigarren Hezkuntzako irakasleen hasierako formazio pedagogikoa ez dela nahikoa. Aldaketarik etorriko da arlo horretan?
Haur eta Lehen Hezkuntzako graduetan lau urtetan zehar pedagogikoki begirada bat garatzeko aukera eta denbora dago. Bigarren Hezkuntzako irakasleek, ordea, euren diziplinako gradua egin ostean, ikasturte bateko masterra egiten dute irakasle gisa aritzeko, eta ez dago denbora nahikorik benetan begirada aldatzeko. Eta hezitzaile batek begirada behar duenez, administraziotik arreta berezia jartzen ari gara Bigarren Hezkuntzako esparruan. Formazio bereizgarriak egiten ari gara, besteak beste, emozionalitatea lantzeko.
Curriculum berriarekin Bigarren Hezkuntzan eremuka lan egiteko aukera irekitzen da eta horrek trantsizioen lanketa egitea eskatzen du. Alegia, Lehen Hezkuntzatik Bigarren Hezkuntzara pasatzerakoan harrera moduko bat egon behar da, benetan esanguratsua izango den harrera. Ikasleak bat-batean erreferente batekin egotetik zortzi-bederatzi erreferente desberdin edukitzera pasatzen dira eta salto hori gogorra izaten da batzuentzat. Trantsizio horiek ondo landu behar ditugu eta modu egokia izan daiteke eremuka lan egitea. Hau da, diziplinartean eta, posible balitz, gelan elkarrekin bi irakasle sartuz.
Gelan irakasle bat egotetik bi egotera pasatzea kultura aldaketa da. Noski, hori ez da egiten egun batetik bestera, hori ez da lortzen dekretu bat argitaratuz; landu egin behar da. Irakasleek sinetsi egin behar dute elkarlanean aritzea hoberena dela ikasleentzat. Horrek dakartzan emaitzak monitorizatzen joan behar dugu eta zikloa praktika onekin blindatzen. Ezin ditugu Lehen Hezkuntzako proiektu batzuk hipotekatu Bigarren Hezkuntzan ez gaudelako prest. Lerrokatu eta trantsizioak ongi egin behar dira.
Ikasleentzat hobea bada, irakasleentzat ere hala izan daiteke, ezta?
Nik beti esaten dut ikaslearen garapena irakaslearen garapena dela eta irakaslearen garapena ikaslearen garapena dela. Denok ari gara hazten eta janzten. Ezagutzen ditugun praktika on batzuetan irakasleek eurek esaten dute motibatuago daudela eremuka lan eginda. Denbora behar da, baina posible da.
Ebaluazio eredu berri bat eskatzen du honek guztiak, noski.
Bai, ebaluazio hezigarria proposatzen da, hots, arreta jartzea puntu hauetan: zein oztopo ditu ikasleak ikasketa prozesuan? Zer hobekuntza planteatu behar dira? Nola egiten du irakasleak bidelaguntza hori? Hori artea da. Orain arte protagonismo guztia irakasleak eduki du; orain ikasle bati erantzukizun hori emateko oso motibatuta egon behar da eta erreminta berriak erabili behar dira. Curriculum berrian asko hitz egiten da autoerregulazioaz: ikasleak bere gain hartu behar duela ikaskuntza prozesua eta hobetu behar duena identifikatzen lagundu behar diola irakasleak. Aldaketa hori zaila da. Baina apurka-
apurka gure ikastetxeak kultura berri horretan murgiltzea lortzen baldin badugu, emaitzak etorriko dira. Aukera hau aprobetxatu behar dugu.
Ebaluazio tresna berriak behar dira, baina inportanteena irakaslearen begirada da. Irekita egon behar dugu apurka-apurka modu berriak gure ikastetxeetan txertatzeko.
Ez ote dira gauza asko irailean martxan jartzeko?
Irailean ezarri behar dela esaten dugunean, horrek ez du esan nahi % 100ean jakitun izan behar dugunik, hau da, jada konpetentzietan lan egin behar dugunik edo ebaluazioa oso menderatua eduki behar dugunik. Curriculumaren garapena urteetako prozesua da, ez da datorren irailean hasi eta 2023ko ekainean bukatuko. Arnas luzeko prozesua da eta prozesuak berak dauka garrantzia. Ikastetxeetan edozein aldaketa eta berrikuntza egiten dugunean prozesuan jarri behar da arreta. Mimo handiz eta zaintza handiz egin beharreko eraldaketa da. Hor dago gakoa eta eraldaketa lideratzeko pertsona egokiak identifikatu behar ditugu ikastetxeetan.
Apurka-apurka egin beharreko aldaketa da, ezin ditugu ikastetxeak ito, denbora eman behar zaie, iraultza bakoitza bere momentuan. Denbora behar da martxan jartzeko eta emaitzak epe luzera etorriko dira. Baina mugitzen hasi behar dugu, eta bi urte barru eskaparate bat edukiko dugu eta beste motibazio bat ekarriko duela iruditzen zait.
Proiektu anbiziotsua da eta denbora eskatzen du. Horregatik, lasaitasuna, denbora eta bakea behar dira. Berrikuntzak beti dakar antsietatea, berdin da zenbat dakizun, berdin da zenbat prozesu egin dituzun ikastetxean. Horregatik, antsietatea ongi kudeatu behar da eta ikastetxeek espazio lasai bat behar dute beraien aldaketak egiteko. Benetako aldaketa barneratzeko denbora behar da. Nik beti esaten dut gutxienez hiru urte behar direla zantzu batzuk ikusteko.
Ikastetxe bakoitzak bere jauzi propioak egitea lortzen baldin badugu eta hortik hobekuntzak identifikatzea eta irakasleen garapena bultzatzea, uste dut helburua lortuko dugula. Ni oso optimista naiz eta uste dut badagoela motibazio eta ilusio berri bat.