Nafarroako haur eskola publikoetako langileek 50 egunetik daramatzate greba mugagabean

2022-06-21

Greba mugagabearen 50. egunean agerraldia egin dute Nafarroako 0-3 Plataforman biltzen diren hezitzaileek. Plataformak jendarteari adierazi nahi izan dio "joan den astean Nafarroako Gobernutik jasotako eskaintza ez dela nahikoa eta iraingarria dela, greba bertan behera uzteko helburu bakarrekin egin dela eta ez zikloa behingoan duintzeko". 

 
 
Nafarroako haur eskola publikoetako langileek 50 egunetik daramatzate greba mugagabean

Hona hemen Nafarroako 0-3 Plataformak atzo egin zuen agerraldian zabaldutako oharra:

 

Nafarroako haur eskola publikoetako langileok 50 egun daramatzagu greba mugagabean.

 

Plataformatik jendarteari adierazi nahi diogu joan den astean Nafarroako Gobernutik jasotako eskaintza ez nahikoa eta iraingarria dela, greba bertan behera uzteko helburu bakarrekin egin dela eta ez zikloa behingoan duintzeko.

 

PSNk legegintzaldian zehar egindako 0-3arekiko jarduerak argitaratu ditu.

 

- Doakotasuna 20.000 eurotik beherako errententzat. Ziklo osoaren doakotasuna eskatzen jarraitzen dugu; izan ere, nahiz eta doako kuotak egon, gainerakoak garestiak eta elitistak izaten jarraitzen dute, hezkuntza ziklo publikoa izanik, eta familiak diskriminatzen ditu, bizilekuaren arabera.

 

- Udalen finantzaketa-ehunekoa murriztea. Gobernuak badaki, guk dakigun bezala, toki administrazioei dagokien % 24ko portzentai hori ez datorrela bat benetako gastuarekin.

 

- Garbiketako langileen soldata igoera. Legea urratzen ari zirelako egin zuten, ez beste arrazoiengatik.

 

- Ekainaren 1eko 61/2022 Dekretua onartzea. Haur eskola publikoen sektorea kontuan hartu gabe egin da, besteak beste, ez gaudelako inongo hezkuntza estamentutan ordezkatuta, eta, gainera, arriskuan jartzen ditu Nafarroan indarrean dauden hezkuntza proiektuak.

 

- 0-3 Zerbitzua sortzea. Zerbitzuak 300.000 euroko gastua eragin du bere sorreran, hiru burutzei dagozkien soldatekin, eta kostu horrek ez du inolako eraginik izan eskolen funtzionamenduan ezta aholkularitzan.

 

- Eskubide sozialetako departamentuarenpean dauden haur eskolak hezkuntza departamentuak berehala bere gain hartzea. “Berehala” hori 7 urtez luzatu da.

 

- Azken proposamena aplikatuz gero, PSN 15 milioi eta erdira iritsi bada, langileek hasitako borrokagatik izan da, eta ez ziklo duin baten aldeko apustuagatik.

 

- Nafarroako Gobernuaren proposamenaren arabera, haur eskola publikoen % 23ak ez dute laguntza langileak kontratatzeko ezer jasoko, PSNk sare sozialetan harrotasunez argitaratutakoan aipatzen ez dena.

 

- Proposatutako soldata igoerak ez ditu jasotzen erantzukizun, pedagogiko eta prestakuntza osagarriak, ezta antzinatasuna bere gain hartzen ere, eskubide bat izanik, finantzaketa moduluetan jasotzen ez dena.

 

Prentsaren bidez jakin dugu Gimeno jaunak (negoziazio mahai batean baliozko partaidetzat jotzen ez gaituenak) Nafarroako Gobernuaren proposamena eta ahalegina aintzat hartzeko eskatzen digula, eta greba bertan behera uzteak lana, komunikazioa eta adostasuna asko erraztuko lituzkeela. Esperientziak erakutsi digunez, Nafarroako Gobernua guk greba mugagabea aktibatu dugunean hasi da lanean, greba hori erabat saihets zitekeen arren. Orain eskatzen duguna ez da berria, duela urte asko bulegoetan eskatzen egon garen gauza berbera da.

 

Hemendik kontseilariari jakinarazi nahi diogu, halaber, 0-3ko koordinazio organoan gonbidatu gisa parte hartzeak, ez baita gauza bera negoziatzea, eta bere erabakiak jakinarazteko astez aste itxaron behar izateak, ez duela batere errazten gatazka konpontzea. Argi dago egoera hau luzatu nahi dutela moduluaren zati bat aurrezteko eta, bide batez, ekonomikoki itotzen gaituztela ikusteko. Gure sektorea produkzio sektore bat balitz, ez zuten denboran hainbeste luzatzen utziko. Tristeena, eskatzen ari garena soldata igoera sinple batetik haratago doala ulertzeko gai ez direla ikustea da.

 

Dirua badago!, guk badakigu eta klase politikoak ere badaki. Kalitatezko haur hezkuntzaren beharrei erantzungo dien edukia izango duen negoziaziorako borondatea eta benetako konpromisoa falta dira.

 

Ezinezkoa da gatazka desblokeatzea, organoan parte hartzen duten eragileek ez badute erabakitzeko ahalmenik.

 

Guk uste dugu Nafarroako gobernuaren proposamena oraindik ere ez dela nahikoa eta diskriminatzailea dela. 0-3a hobetzeko proposamen guztiak eskola, langile eta haur guztientzat, egiturazkoak eta bidezkoak izatea eskatzen dugu. Ezinbestekoa da 0-3ª hobetzeko jarduerak eta proposamenak egutegian jartzea, epe labur eta ertainari begira.

 

Era berean, uste dugu 2023ko aurrekontuetarako gure proposamena gobernuak aztertu behar duela, eta kontuan hartua izan behar duela aurrekontu proiektua egiterakoan, eta ez soilik «erreala ez dela» esatera mugatu.

 

Asteazkenero gonbidatzen gaituzten 0-3ko koordinazio organoari dagokionez, berriro diogu ez dela eskatzen genuen negoziazio mahaia, eta hori islatzen da praktikan. Gobernuak gure helburuen oso azpitik geratzen den proposamen bat helarazten digu mahai horretan, eta guri ez zaigu negoziatzeko aukerarik ematen; beraz, proposamen hori hartu edo ez aukera besterik ez zaigu gelditzen. Negoziazio faltsu bat irudikatu nahi izan dute.

 

Hezkuntza departamentuak Haur Hezkuntzako lehen ziklorako duen proiektua ez digu oraindik helarazi, eta horrek kezkatzen gaitu. Proposamena, hauteskundeak datozelako gure ahotsa isiltzera bideratua dago besterik ez, eskolak duintzeko benetako apustua egitera baino. Urte asko daramatzagu eta pazientzia gehiegi izan dugu. Lehen zikloarekiko duten zorra mahai gainean jarri dituzten 4 milioiek estaltzen dutena baino handiagoa da.

 

Asko gara, indartsuak gara eta elkartuak gaude. Gure eskaerak zilegiak eta bidezkoak dira. Ez gara honaino iritsi apurrak jasotzeko.

 

Kontua ez da kaka lurrintzea… bertatik ateratzea baizik.

 

Haur eskolen duintasunaren alde!