Alaine Agirre: “Nire doluari besarkada bat izan da ‘Karena’-ren harrera”
Lagundutako Ugalketa Teknikak, horren ondorio fisiko eta psikologikoak, abortua, dolua, ama izan nahi eta ezina… tabu asko erauzi ditu ‘Karena’
eleberriarekin Agirrek (Bermeo, 1990). Idaztea bezala, irakurketa mingarria eta askatzailea duen eleberri bat da Irun Hiria jaso zuen hau.
Eztanda eder bat bizi du euskal literaturak amatasunaren gaiari dagokionez. Ertz ugaritatik begiratzen ari zaio gaiari eta Alaine Agirrek ezinbesteko ahots diren erpinak ekarri ditu mahai gainera, eta aitortza handia ari da jasotzen irakurleengandik. Nerabeei eta haurrei ere ale ederrak utzi dizkien idazlea da.
Harrera beroa izan du ‘Karena’-k. Nolako bizipena ari da izaten hainbeste eskertza jasotzea?
Zoragarria, magikoa ari da izaten. Liburu guztiekin gertatu izan zait konexioa gertatu denean benetan indartsua izan dela konexio hori. Baina Karena-rekin are gehiago gertatu da. Lehendabizi Irun Hiria saria jaso zuen lanak, eta hasieratik zorion eta esker mezu asko jaso nituen. Saria aitortza handi bat izan zen. Argitaratu zen momentutik jaso dudan harrera besarkada handi bat izan da, neure minarentzako besarkada handi bat, bai pertsonalki eta baita idazle modura ere. Askotan nire liburuak zalantzan jarri dituzte, ezegokiak iruditu zaizkielako, ez direlako hain zuzenak politikoki, eta horrek, denbora luzean, nik idazten nuena eta idazten nuen modua ez direla egokiak pentsarazi dit. Liburu hau idatzi ahala baieztatu dut nik horrela eta hortik idatzi nahi eta behar nuela, eta jendearen harrera beroak are gehiago baieztatu du neure barne borroka eta onarpen hori.
Zugandik abiaturiko liburu hau emakume askorentzat izan da lagungarri, ezta?
Eleberri honetan emakume asko daudela sentitzen dut. Dokumentazio lan handia egin nuen, ez bakarrik teknikoa eta zientifikoa, Laguntza Bidezko Ugalketa Tekniketan gauza batzuk ikasi beharra izan dut, baina hori guztia atrezzo bat izan da. Mamia, haragia eta gorputza bestelako dokumentazioa izan da, hainbat emakumeren lekukotasunak irakurri, entzun eta sentitzea. Lehendabizi, neuretzat egin nuen lan hori, ez liburua idazteko. Uztailean oraintxe dira hiru urte alaba galdu genuela, eta soinean neraman dolua egin gabe nengoen, ataskatuta, beste asko bezala. Gizarteak ez digu lekurik uzten dolu hori egiteko, eta beste asko bezala, ihesean nenbilen. Minak, halako batean, topatzen du ateratzeko leku bat.
Zeure doluan sakontzean zeure eta besteen minean sartu eta idaztea intentsitate handiko prozesua izango zen, ezta?
Niretzat helduen literatura urpekaritza-ariketa bat da: barruan daukadan hori bilatzea, lekua, gorputza eta ahotsa eman ez dizkiodana bilatzea. Horra sartu eta esploratzea, eta hor nagoela, fikzionatzen hasten naiz. Kasu honetan are mingarriagoa izan da, dolua egin gabe neukalako. Banekien noizbait idatzi beharko nuela, nik bizitza idatziz liseritzen eta ulertzen dut, eta munduan jarraitzen laguntzen dit idazteak. Banekien, beraz, noizbait alabaren doluaz idatziko nuela. Gertatu zenean ere esaldiak etortzen zitzaizkidan, baina momentuan ez nintzen jarri idaztera, gehiegi zelako, beldurra ematen zidalako minari begiratzeak. Atzetik neukan gaia eta urtea pasa zenean hasi zen ateratzen eta momentu horretan hasi nintzen nire alabaren dolua egiten. Oso-oso gogorra izan zen, baina, aldi berean, oso askatzailea izan zen, hori dauka gorputzari hitz egiten uzteak. Emozioek ez dute beste ezer behar: ateratzea eta begiratuak izatea. Oso gogorra da minari begietara begiratzea, baina, aldi berean, gero barealdia dator. Negar pila bat egin dut nobela idatziz, alabari hitz egin diot nobela idatziz, lehenengo hitza idatzi nuenean, eskaintza idatzi nion Casiopeari, eta gero idatzi nuen nobela osoa.
Idazketan andre askoren mina egin duzu zeure?
Nik neuk momentu batean antzeko gauzak pasa dituzten beste pertsona batzuekin hitz egiteko beharra nuen. Kasu honetan, niri tokatu izan zaizkidanak emakumeak izan dira, nahiz eta kontziente naizen erditzen garen guztiak ez direla emakumeak. Batzuk umeak galdu dituztenak izan ziren, ume biziak eta hilak dituztenak eta amatasun hori erreibindikatzen dutenak. Hortik dator Ama guztien eguna kapitulua. Haurdunaldiaren bilaketan luze aritu direnak entzun ditut eta gauza gogorrak bizi izan dituzten emakumeak. Batzuk iritsi dira ume bizien ama izatera, beste batzuk ez. In vitro-etan eta Laguntza Bidezko Ugalketa Tekniketan aritu direnekin ere hitz egin nuen… Antzutasuna ere gertutik ezagutu dut. Emagin batek gidatzen zuen talde batean parte hartu nuen, amatasunaren desioa askatzen joateko apurka- apurka, ama izan nahi duzunean eta ezin duzunean mingarria baita eta ez baita ulertzen. Alde batetik inposatu egiten da emakume guztiok ama izan behar garela, baina ezin denean, infantilizatu egiten gaituzte eta min hori baliogabetu egiten da, eta, gainera, gutxiago gara gizartearen ikuspegitik. Badirudi alfer eta hedonista hutsa zarela ama ez bazara; hori gizonei onarten zaie, baina andreei?
Oraindik susmagarri da haurrik ez duen andrea?
Ez dira amak, ez ez-ama izatea erabaki dutelako, baizik eta ezin izan dutelako ama izan, eta hori, kasu askotan, oso mingarria da, eta horrek politikotasun bat eman zidan diskurtsoan. Konturatu nintzen min hori ez dela kasualitatea, ama ezin izatearen mina ez da soilik gure desioa apurtu egin delako, imajinatu dugun bizitza apurtu zaigulako baizik. Gizonek, normalean, ez dute hain gaizki pasatzen. Dolua egiten dute, baina beraien bizitzan ez du horrenbesteko espaziorik aitaren rolak, eta emakume askoren kasuan balizko amatasunaren bizipenak espazio handia hartzen du, askotan gorputzarena, txikitatik elikatu digutelako pentsamendu hori. Amatasunaren desioa ez da inoiz geurea bakarrik, kutsatua dago beti, eta ondo dator kontziente izatea.
Liburuan datozen gauza batzuk ez ditut neuk bizi izan, korala izatea nahi nuelako. Ni bisexuala naiz, baina oraingo nire bikotekidea mutila da eta ez dut, beraz, liburuan kontatzen den bezala bizi izan bi neska klinika batera joatea; edo guraso bakarra izatearen egoera kontatzea garrantzitsua zen, nahiz eta nik ez bizi izan; edo intseminazioak ere ez ditut bizi izan… baina niretzat oso garrantzitsua zen gertu sentitu ditudan prozesuak sartzea. Denak daude nigan.
Beste liburu batzuetan ere tabuak hautsi dituzu. Helduentzako idatzi zenuen lehenengoan, 'Odol mamituak', buru gaixotasunaz aritu zinen.
Ez da nahita egitera natorren gauza bat edo puntuak irabaztearren egiten dudana. Kontra, buru gaixotasunaz idatzi dudalako estigma handia edukiko dut. Beharbada bizitza errazagoa izango nuke ez banu hori dena idatzi, baina behar nuen. Ez da bilatu izan dudan gauza bat, baina hortik idazten dut, batez ere helduentzat. Baina nire liburuetan beti dago niretzat politikoa den mamia.
'Maren', 'Libe', 'Oier', 'Ane'... eleberriak atera dituzu gazteentzako. Harremanak — harreman ez estereotipatuak— ardatz garrantzitsu dira… Nondik idazten diezu gazteei?
Gogoan daukat adin horietan nik zer irakurtzen nuen. Asko irakurtzen nuen eta 15-16 urte nituenean irakurri nituen liburu guztietan harremanak antzekoak ziren, gaiak beti antzekoak ziren eta ligatzeko moduak ia igualak ziren liburu guztietan. Homosexualitatea liburu bakarrean ikusi nuen, Maitasuna besterik ez liburuan. Ez zegoen eredurik gai horrekiko eta ezta harreman ez estereotipatuez… Ez dut esan nahi nik hori lortu dudanik, ni etengabeko errebisioan eta ikasketan nabil, gaur egun ez nituzke Maren eta Libe idatzi nituenean bezala idatziko, baina gai horiei ikusgarritasun apur bat emateko beharretik idatzi nituen. Irakurle gazteekin ikaragarri ari naiz gozatzen. Liburuei esker, adibidez, feminismoaz hitz egiten ari gara taldean. Maren mutil batekin hasten da ateratzen eta mutilak presio egiten dio harreman sexualak edukitzeko, neskak berak ere ez dio bere plazerari begiratzen. Hori ia neska guztiei gertatu zaigu eta horri buruz hitz egiten ari gara liburuetatik abiatuta. Hitz egiten dugu bortxaketa bat ez dela festetatik gauez etxera bakarrik zoazenean ezezagun batek eraso egiten dizunean gertatzen den hori, baizik eta bikotearekin gertatu daitekeela, koadrilako lagun batekin… Eta horrelako elkarrizketa interesgarriak ateratzen dira nerabeekin, beste egoera batzuetan, oso zailak direnak. "Gutaz hitz egiten dute liburu hauek" esaten didate.
Haurrentzat ere obra luzea duzu, liburuak ez ezik, eskola-materiala egin duzu. Zer, eta batez ere nola, kontatu nahi diezu umeei?
Haurrentzat argitasunetik idazten dut. Helduentzat iluntasunetik argitasuna bilatuz idazten badut, esango nuke haurrentzat argitasunetik idazten dudala. Baina ez diet moralejarik eman nahi, oso onartua eta zabaldua dago moraleja ematea, baina niri gustatzen zait haurrengan arrakala bat sortzea gauzak ikusteko moduan. Autismoa, Alzheimerra eta halako gaiak ateratzen ditut, baina inoiz ez dut esaten pertsonaiek hori daukatenik, ze ez zait interesatzen “liburu hau autismoari buruzkoa da” etiketa, besteek horrela katalogatu izan badizkidate ere.