Etxeko hizkuntza erabakitzen
Haurrek ez dakarte ogirik besapean, ez eta hizkuntzarik ere. Helduon eta inguruneko eraginen esku dago zein hizkuntzari bota legamia eta etxeko labearen gozotasuna zeini eskaini. Etxe bateko hizkuntza zein izango den erabakitzeaz eta erabaki horri eusteko gakoez ariko gara ondorengo lerroetan, teoria eta bizipenak gurutzatuz.
H
izkuntzarekin lotutako erabakiak ez dira behin betikoak eta aldakaitzak, baina bide bat zehazten dute; haur baten etorrerak hautuak ahuldu edo indartu ditzake eta kontzienteki erabakitzearen eragin-indarra garrantzitsua da. Horixe nabarmendu dute erreportaje honetarako Paula Kasaresek, Ane Sanchezek, Miren Albizurik, Iñaki Eizmendik, Arrate Gisasolak eta Nagore Soroak elkarrizketatu ditugunean.
Paula Kasares soziolinguistak “berebiziko garrantzia” aitortzen dio hizkuntzari etxe bateko martxan eta haurrak hizkuntzaz jabetzeko “genetikoki prestatuta” egonagatik, jabetze horretan “sustatzeko funtzioa” gurasoena dela sinesten du, proaktiboak izatearen balioa azpimarratuz. Hizkuntza bat nola barneratzen dugun zehatz-mehatz azaltzerik ez dago oraingoz, baina Frantzian eta Alemanian eginiko azken ikerketek erakutsi dute haurrek “sabelean daudenetik” daukatela hizkuntza bereganatzen hasteko aukera, orduan hasten baitira “hizkuntzaren doinuekin ohitzen” eta jaioz geroztik, mintzaira bereganatzeari ekiten diote. Gauzak horrela, “lehen negarretan ere umeek beren ama hizkuntza berdintzera edo emulatzera jotzen dute, beraz, negar horiek hizkuntza ekoizpentzat hartu behar lirateke”. Hizkuntza ez da beraz lehen elkarrizketan hasten, “solas-zezelak, aho-puzkerrak, irri-hotsak…” hizkuntzaren abiapuntua dira.
Euskara hizkuntza gutxitua izanik, euskaraz hezteko erabakia erronka bilaka liteke, eremu erdaldunetan batez ere, baina baita eremu ustez euskaldunetan ere, “erdararen inertziak euskarari lekua ken baitiezaioke bestela”, Kasaresen arabera. Gurasoen heziketa agendan “euskara kontzienteki lehentasuna izatea” eta haurrek hizkuntza “zoriontasunarekin lotuta” ikustea garrantzitsua da, motibazioaren eta konplizitatearen bidetik, “atxikimendua indar dadin”. Hizkuntzaren kontzientzia, hautuaren kontzientzia, alegia, 15 urte ingururekin hasten da garatzen eta beraz, bitarte horretan egindako lanak izugarrizko pisua izango du gerora; gurasoen edo hezitzaileen erabakiak eta ereduak zeresana izango du geroko helduaren hautuan eta erabileran.
Hizkuntza hautu hori argitasun eta ziurtasun handiz egin zuten Ane Sanchez administrari bilbotarrak eta Miren Albizuri mediku algortarrak. Biak ala biak gaztaroan euskararekiko harremana sortzen eta zabaltzen eginahala egindakoak dira, baina euskara euren etxeko hizkuntza gisa finkatzeko erabakia, amatasunarekin lotzen dute.
Ane Sanchez Otxarkoagan (Bilbo) bizi da eta B ereduan ikasitakoa da. Bere nebak eta ahizpak A ereduan ikasi zuten, “beste aukerarik ez zutelako”, bera eskolatzeko garaian B ereduan matrikulatzeko aukera izan zuten bere gurasoek eta erabaki hori hartu zuten. Garai hartako “oso oroitzapen politak” ditu eta gogoan du, ume garaian, kalean, irakaslea topatzeko irrikaz egoten zela, “haren ondotik pasa eta euskaraz hitz batzuk egiteko”, harreman hori euskara indartzeko aprobetxatu nahi izaten zuen. Nebari eta ahizpari “marrazki bizidunak euskarara itzultzen” saiatzen zen, hitzak asmatuz batzuetan eta “miresmenez” begiratzen zien euskaldun zaharrei, zortedunak zirela pentsatzen zuen. Sanchezen ama eta amona Uribarrikoak (Bilbo) ziren eta euskaldunak ez izanagatik, euskalduntasuna defendatzen omen zuten. Bestetik, orain gutxi jakin du birraitona “euskaldun peto-petoa zuela”; su txiki hori zekarren barruan. Sanchez Madrilera bizitzera joan zen bolada baterako eta euskarazko bi liburu kuttun (Kalakari eta Zipriztin) eraman zituen, propio, euskara ahazteko beldurrez. Hiru urtera, handik itzuli zenean, euskara nahiko galduta zeukan, ordea: “Itzulitakoan, PAIA konpartsan sartu nintzen, Jaione, Ihartxo eta Itsaso lagunekin konektatu nuen eta oso garrantzitsuak izan ziren eta dira niretzat. Haiekin eta gainerako konpartsakide euskaldunekin apur bat suspertu egin zen, berriz ere, nire euskara eta berreskuratzeko gogoa areagotu zitzaidan”.
Gorabeherak izan zituen hizkuntzarekiko loturan hurrengo urteetan, egin zituen ikastaro batzuk, saiakera batzuk… Baina bereziki sakondu gabe. Mugarria 36 urte inguru zeuzkala ezarri zuten, bikoteak eta biak, haurdun geratu aurretik, “haurrak euskara eskura izan zezan, euskalduntzeko konpromisoa” hartu baitzuten eta AEKn hasi ziren, Tito izeneko irakasle batekin, A3 mailan: “Oso gauza baliotsuak transmititu zizkigun Titok hizkuntzarekin lotuta eta gako batzuk ere eman zizkigun; txiri-txiri hasteko esan zigun, egunean zehar euskaraz egiteko tarte txikiak hartzen hasteko eta prozesu bat izango zela, geroz eta tarte luzeagoak eraikitzen joango ginela…”. Ez zuten programaketa zehatzik egin, ez plangintza hertsirik ere, baina euskararen gurpilean sartu ziren eta “gurpilaren indar horretan” daude oraindik ere; Ekainek (beren haurrak) 6 urte beteko ditu aurki, euskalduna da eta Sanchezek B2 maila lortu du dagoeneko. Prozesuaren hasiera ez zen erabat gozoa izan, denek ez zuten etxeko hizkuntza nagusi gisa euskara ezartzeko erabakia ulertu eta batzuk zalantzan jartzen zuten “aski maila ona ote zuten” euskaraz hezi ahal izateko. Berak garbi du, “ez dagoela euskara itsusirik” eta polita dela “ikasketa prozesua partekatzea” eta ulertzen ez dituzten hitzak hiztegian elkarrekin bilatzea. Ekainek batzuetan “harrituta” esaten omen dio euskara oso gutxi erabiltzen dela eta ama saiatzen da ulertarazten beste ingurune batzuetan jendea egunerokoan euskaraz bizi dela eta bera ere “eragile izan” daitekeela: “Nik lagunei esker, pertsona kuttunei esker, ikasi nuen euskara eta berari ere esaten diot bere lagunei erakuts diezaiekeela. Hitz egiten lagundu eta hizkuntzak duen garrantzia transmititzen saiatzen naiz”.
Ane Sanchezek, bere lagunei eta Euskaitz euskara taldeari esker, hizkuntza aberasten jarraitzen du eta euskarazko aisialdi aukerak eta erreferenteak bilatzen. “Etengabeko bilaketa horrek nekea” dakarrela dio, zinema, antzerkia, musika… euskaraz bilatzen ibiltzen delako beti eta eskaintza urria delako,. Baina, aldi berean, argi du esfortzu eta “bide zoragarri” horrek merezi duela eta hunkipen bereziz gogoratzen du “Ekain euskaraz amesten” hasi zen garaia; ilusio handia egin zion. Txiki-txikia zenean, komunikazio-maila baxua zutenez, askotan mimikaz eta oinarrizko esaldiekin funtzionatzen zuten, baina eutsi egin zioten erronkari. Euskarazkoak ez ziren kate guztiak ezabatu zituzten telebistatik, gero telebista kendu zuten eta aisialdia euskaraz eskaintzen ahalegin handia egiten dute (eskolaz kanpoko ekintzak euskaraz, plan euskaldunak Ibilaldiaz gozatzeko, Nafarroa Oinezera joanez edo Pirritx, Porrotx eta Marimototsekin abestuz…). Gaur egun, auzoko ume guztiak euskaraz zuzentzen dira berarengana, badakite berarekin komunikatzeko hizkuntza euskara dela eta Ekainek hauspotzen dio ikasten jarraitzeko gogoa, “bere zuzenketen eta galderen bitartez”. Norbere haurrari euskara ez ematea “eskubide bat kentzea” dela uste du eta eskola ez dela aski euskalduntzeko, “balore ideologikoak, hizkuntza eta gainerako gauza garrantzitsuak etxetik bultzatu behar dira, ezin da dena eskolaren gain utzi”.
Antzerako bidea izan da Miren Albizurirena, bere ñabardura eta guzti. Hautu bat, bikotean hartutako erabaki sendo bat, bide bat, bihurgunez bihurgune, esperotako helmugara iritsi dena eta baita helmuga gainditu ere. Albizuriren bizitzan euskara “beti egon da presente”, bere aita Mungiakoa zen eta euskalduna “gerra garaian euskara galdu zuen” arte. Hizketarako gaitasuna galduagatik beti mantendu zituen ohituratxo batzuk, hitz batzuk, lokartzeko garaian “ondo lo egin” esaten zuen beti eta beraz loturatxoa sentitzen nuen hizkuntzarekin. Ondoren, 14-15 urte zeuzkala hasi ziren euskarazko eskolak hartzen eta “prozesu guztiak egin” zituela aitortzen du umorez: “Euskalduntzen 1, 2 eta 3 landu nituen, Hitz Egin metodoarekin saiakera batzuk egin nituen… Bizitza osoa pasa dut, modu batean edo bestean, euskara ikasten… Modu ohikoan, egunerokoan erabiltzeko erabakia, Joneren (alabaren) haurdunaldian hartu genuen, Guillermok (bikoteak) eta biok; biok euskaldun berriak ginen, koadrilan euskaldunak genituen baina euskal hiztunak ez, familian ere euskaraz zero… Baina baikorrak gara, hasi egin ginen eta gaur arte”. Guillermo bera ere lanean “liberatuta” egon zen, bolada batean, euskara ikasteko. Albizurik pozez oroitzen du “ikastolako gurasoen artean koadrila” sortu izana ; oraindik ere mantentzen dute koadrila hori eta baita euren artean euskaraz aritzeko hautua ere, orokorrean. “Planak, oporrak eta gainerakoak euskaraz” egiteak, sare eta ingurune hori izateak lagundu egin zien apustuari eusten eta ekosistema egokia sortzen.
Hasiera-hasieran, Jone txiki-txikia zenean gurasoek gaztelaniaz egiten zuten euren artean eta haurrarekin euskaraz, baina euskara nagusituz joan zen Jone nagusitu eta bere hitz-jarioa biziagotu ahala… Haur eskolan, 2 urte bete arteko tartean ez zegoen euskarazko talderik eta beste aukerarik ezean, erdal inguru hori ezagutu zuenez, Jonek lehen hitzak gaztelaniaz egin zituen eta gurasoek “kezka txiki bat” izan zuten, hura ikusita, haurra euskalduntzea lortuko ote zuten. Baina hasierako kezka txiki hori gaindituta ez dute zalantza izpirik ere izan eta bigarren haurrak, Imanolek, zuzenean euskaraz egin zituen lehen hitzak; etxeko giroan finkatuta zegoen euskara. Gaur egun Jone eta Imanol euskal hiztunak izateaz gain, goi-mailako bertsolariak dira eta izugarrizko “poza eta harrotasuna” ematen die horrek gurasoei. Alaba-semeak bertsotan hasi zirenean ezer gutxi ulertzen omen zuen bertsoez Albizurik, baina hori ere garatuz joan zen eta orain gozatzen du bertsoekin ere. “Norbait euskalkian, itxian eta azkar” ari denean kosta egiten zaio oraindik elkarrizketa jarraitzea batzuetan, baina gainerakoan, bere bizimodua euskaraz egiten du eta “grazia” egiten dio alaba-semeak “ume zireneko bideoak” ikus-entzuteak, Guillermo eta biak orduan euskara maila apalxeagoan aritzen zirelako eta nola hala komunikatzen zirelako. Denbora ez da alferrik pasa.
Haurtzaro garai hartara itzulita, Albizurik gogoan duen beste erabaki garrantzitsu bat, eskolatzearekin dago lotuta: “3 urterekin Jone ikastolara bidaltzea erabaki genuen, eskola publikora bidali beharrean, bestela euskarari eusteko zailtasunak izango zituenaren beldurrez, ingurunea erdalduna baitzen… Hori bai, Guillermo eta biok izututa joan ginen ikastolako lehen bilerara, azterketa batera bezala; urduri, aski euskaldunak ote ginen zalantzan jarriz… Gero ohartu ginen exijentzia ez zela hainbesterainokoa!”. Marrazki bizidunak euskaraz jartzen zizkieten haurrei: Donald ahatea, Babar, Lazkao Txiki… Irratia ere euskaraz entzuten zuten, orduz kanpo dantza, trikitixa eta bertsolaritza eskaini zizkieten… “Euskal eremu eta iruditeria bat” ematen saiatu ziren.
Albizuriren ama Murietasekoa (Nafarroa) zen, erdalduna, baina nor-nori-norka ikastera iritsi zen behintzat eta pozez bizi zuen biloben euskalduntasuna. Oro har, familiatik, euskararekiko “jarrera baikorra” helaraztea gako garrantzitsua izan da bide honetan. Bidea ez da amaitu eta Albizurik euskara zabaltzen jarraitzen du orain, Ortuellako anbulatorioan mediku-irakasle baitabil eta bertako mediku-egoiliarrekin eta pazienteekin euskara sustatzen ahalegintzen baita. “Polita” iruditzen zaio hizkuntza nola zabaltzen den ikustea eta argi du saiakerak “merezi duela” eta bera “zoriontsu” egiten duela bide horrek.
Bi bideok, Ane Sanchezenak eta Miren Albizurirenak, frogatzen dute Paula Kasares hizkuntzalaritzan adituak dioena, funtsezkoa dela “familiak hizkuntzaren transmisioan aktiboak izatea” eta etxean “zein kudeaketa linguistiko eginen duten hausnartzea”, batez ere, inguruko hizkuntza hegemonikoa euskara ez denean; bidea egin egin behar dela, alegia.
Kasaresek, datuei erreparatuz, argi du hezitzaileen hautuak eragina duela emaitzan: “2016ko Inkesta Soziolinguistikoko datu kuantitatiboei so eginik, Euskal Herri osoa harturik, 3 eta 15 urte bitarteko seme-alabarik dutenen artean guraso biak euskaldunak badira, % 79k transmititu dute euskara hutsa eta % 16k, euskara eta erdara, biak. Euskara transmititu ez dutenak % 5 dira, beraz bi gurasoak euskaldunak direlarik ere galera bat dago hor. Guraso bakarra euskalduna den kasuetan, aldiz, % 64k euskara (erdararekin batera, jakina) transmititu du”.
Kasuak kasu eta errealitate ezberdinak daudela jakitun, hizkuntza aldetik heterogenoak diren etxeetan adibidez, honakoa dio: “Gurasoendako, beren haurrekin komunikazioa euskaraz izatea garrantzitsua baldin bada, gure hurbileko erdaldunei (amona-aitonei, izeba-osabei, lagunei…) jakinarazi egin behar diegu hori, elkarrekin gaudelarik komunikatiboki eroso egoteko”. Oro har, argi du euskararekin “harreman handia eta positiboa izatea” dela gakoa eta “etxea euskara lehenesteko eremu” bihur daitekeela, kanpoan horretarako zailtasunak daudenean batik bat. Etxe barruko hizkeraz gain, ez litzateke ahaztu behar “hizkuntza esperientzia kulturala” ere badela, “bertzeekin partekatzen dugun unibertso bat, emozionatzen gaituena” eta “motibazioa eta atxikimendua” egunero sustatu beharreko indarrak direla, baliabideak emanez.
Haurrek erdarara joz gero nola jokatu galdeturik “nola bai” baino argiago du “nola ez” jokatu: “Haurrak erdarara jotzen badu, aldi oro zuzentzea eta kargu hartzea ez da bide egokia, ez eraginkorra ere. Oro har, haurrek erosoen sentitzen diren hizkuntzan egiteko joera izaten dute eta haien hizkuntza portaera ulertu behar dugu. Zer harreman dute euskararekin eta zer harreman erdararekin? Erdarara joz gero, gurasoen aldetik erantzun egokiagoa izanen litzateke haurrak erdaraz errandako hori euskaraz erratea edo euskaraz ongi erran ez badu, euskaraz zuzen birformulatzea, betiere eredu ona eta errefortzu positiboak emanez. Euskaraz eginarazteko eraginkorrena komunikazioan jarrera proaktiboa eta sustatzailea izatea da: solasaldiak piztea, haurrari galde egin, adierazteko eskatu, euskaraz eginarazi beti tentsiorik gabeko egoeretan eta ahal dela, umorez lagundurik. Haurra euskarara erakartzea da kontua eta zuzentzeak eta errieta egiteak uxatu eginen du, erakarri beharrean”.
Kasaresek, familia bidezko transmisioaz hainbeste ikertu duenak, hizkuntza “gurasoen eta haurren arteko konplizitatea goxatzeko tresna” dela uste du eta haurrak “euskararekin zein harreman duen axola” behar zaigula sinesten du: “Segurtasuna dago zoriontasunaren oinarrian eta horretan kokatu behar dugu euskara, ez eskolan eta emaitza akademikoetan bakarrik, haurraren zoriontasunean baizik”. Gauzak horrela, euskara sendo transmititzekotan, “haurrek euskararekin duten harreman osoa zaindu behar da”, inertziak eta erdal bonbardaketak saihesteko eta lotura emozional eder eta trinko bat eraikitzeko.
Haurrek ez dakarte ogirik besapean, haurrak ez datoz Paristik, haurrak ez datoz Madrildik eta, nahi ala ez nahi, haurrak aske dira heldu bihurtzerakoan euren hizkuntza-hautua euren kabuz egiteko. Hautuek sustraiak dauzkate, ordea, eta haur horiek gerora, ogia euskaraz eros dezaten gogoa piztea gurasoen esku dago. Papurka-papurka egiten da bidea.
Prozesuan bidelagun
Guraso eta hezitzaile asko bakarrik sentitzen dira euskara etxeko zutabe bezala ezartzen ahalegintzen direnean, ez baita prozesu laua eta azkarra. Hala sentitzen direnek, EBETEren aholkularitzara jo lezakete. EBETEko parte dira Iñaki Eizmendi eta Arrate Gisasola; hala dio Eizmendik: “Haur eta nerabeen hizkuntza erabilera sustatzeko tresna erabilgarriak eskaintzen dizkiegu gurasoei, irakasleei, eskolaz kanpoko jardueretako arduradunei”. Gurasoek, profilaren arabera, kezka ezberdinak izaten dituzte baina gehienen buruhaustea “alaba-semeek kalean euskara ez erabiltzea eta kontsumo joerak euskarara bideratzeko ezintasuna” izaten dira, liburu, ikus-entzunezko eta erreferente falta handia sumatzen baitute.
Eizmendik dio beti egin litekeela ekarpena: “Guraso batzuk argi dute etxeko hizkuntza nagusia ez dela euskara izango, aski gaitasun ez daukatelako hizkuntza horretan, baina horiek ere leku bat eman diezaiokete euskarari”. Hizkuntza ez transmitituagatik, hizkuntzarekiko “keinu baikorrak” transmititzeak garrantzia du: “Errutinazko ekintzetarako esaldi solte batzuk ikas ditzakete gurasoek, esaera batzuk eta, horrela, euskarari leku bat eta begirune bat aitortzen ari gatzaizkio”. Ildo horretatik, Gisasolak ere pisua “hizkuntza baloreak helaraztean” jartzen du, motibazioa eskaintzea baita esanguratsuena, “zuentzat ona da” sentiaraztea. “Laguntzeko jarrera erakustea” ere lagungarria izan liteke, erdara darabiltelako errieta egin ordez, “ulermena adieraztea eta baliabideak eskaintzea”.
Gako zehatzez galdetuta, ondorengoak dauzka buruan Gisasolak: “Liburuak euskaraz izatea, paisaia linguistikoa zaintzea, Euskaraldi txikien formatuan aritzea: adostutako unetan, afal garaian adibidez, erabat euskaraz mintzatzea; tarte txikiekin has gintezke eta tarteak luzatuz joan… Ahozko gaitasuna galtzen ari garen garaiotan, elkarrekin hitz egiteari berari garrantzia eta denbora eman behar genioke; haurrak jaso eta etxera bidean goazen une horietan-edo… Hizkuntza aberasteko balioko digu horrek”. Eizmendi ere bat dator eta haratago doa: “Euskalduna izanez gero, eredu izan zintezke; umea euskal ekitaldietara eramateaz gain, zu ere euskal jardueretara joan, euskal komunikabideak kontsumitu, zure erreferenteak partekatu… Ahal den heinean eragin, inposatu gabe; gerora, bere hizkuntza hautua egin behar duenean, oinarri on bat izan dezan”. Arazoari goragotik begiratuz, euskara indartzeko “gazteak eragile” bihurtu behar liratekeela eta “euskalduntzeko erraztasunak” eman behar liratekeela uste dute.
Atzerrian euskaraz
Nagore Soroa Hernandez Berlinen bizi da eta haurra euskaraz hezteko hautua egin zuen: “Ez nuen erabaki beharrik izan, argi neukan”. Zalantza bakarra haurraren aitak zein hizkuntzatan hitz egingo zion izan zen, gaztelaniaz edo alemanieraz, eta azkenean gaztelania aukeratu zuten, alemaniera bere kabuz ikasiko zuenez, haurrak beraientzat “garrantzitsuak ziren hiru hizkuntzak” jaso zitzan. Kritikak kritika, “nahiko erabaki organikoa” izan zen.
Soroaren egitekoa haurrari euskararekin lotutako bizipen positiboak sortzea izan da eta egunerokoan “aiton-amonei maiz deitzea, ipuinak euskaraz irakurtzea, euskal musika entzutea…” prozesuaren parte izan dira eta horiei presentzia ematen eta indartzen saiatu da hasiera-hasieratik. Nahikoa baliabide izan ote dituen galdetuta, “kalitatea kantitatea baino garrantzitsuagoa” dela dio Soroak eta orain artean ederki moldatu dela. Alaik (beren haurrak) 6 urte ditu dagoeneko eta orain arte “behar izan duen euskara” amaren bidetik jaso du. Orain, erronka “pixkanaka euskara hori aberasten hastea” izango dela dio amak: “Euskalkian hitz egin diot orain gutxi arte eta orain hasia naiz ipuinetan narratzailearen ahotsa batuan irakurtzen. Hitzen bat ulertzen ez duela sumatzen dudanean beste modu batean errepikatzen diot esaldia, gure hizkerara itzultzen diot, uler dezan. Orokorrean asko hitz egiten dugu hizkuntzari buruz, gauza bera esateko era ezberdinei buruz eta uste dut, horrek irekiera bat ematen diola pentsaeran ere”.
Guraso izatear zela jabetu zen hizkuntza irakastean “botere handia” zeukala, berak eman bezala jasoko baitzuen dena, eta horrek, jolaserako aukera eman dio: “Nik nahi bezalako euskara transmititu diot. Genero gramatikalik ez dagoenez eta euskal sozializaziorik ez duenez hemen, hori zaindu ahal izan dut; adibidez, 5 urterekin azaldu nion alemanierazko gizona edo emakumea hitzak euskaraz nola esaten ziren, ordura arte ez du halakorik jakiteko beharrik sentitu eta pertsona hitza erabili dugu”.
Atzerrian euskaraz hezteko hautuak uste baino “lan handiagoa” eskatzen duela ohartu da, parkean Alairekin hizketan ari denean norbait hurbiltzen bada eta hizketan hasiz gero, aldiro errepikatzen baitu esaldi bakoitza euskaraz, gaztelaniaz eta alemanieraz, euren hautuari eusteko. Tarteka “nekagarria” izanagatik, merezi duelakoan dago eta liluratu egiten du haurraren ahaleginak, “aldiro ari baita esan nahi duena esateko aukera ezberdinen artean aukeratzen, bilaketan”. Alaik etorkizunean euskarari eutsiko ote dion galdetuta, baietz uste du familiarekin Alemanian bizi den ama euskaldunak: “Ni saiatuko naiz euskararekin harremanak sor ditzan, familiaz gain, lagunak izan ditzan Euskal Herrian, gero berak ikusiko du aukera horrekin zer egiten duen, baina nik uste dut lotura emozionalak baldin badauzka eutsiko diola hizkuntzari”.