Zein erronka ditu irakasleen prestakuntzak euskarazko kulturgintzaren transmisioa eta sustapena bermatzeko?
Irakasleak euskal kulturan janzteko tresnak eta baliabideak behar direla aipatzen da maiz, kontzientzia hartu behar dugula eta ikasleei euskara irakaste hutsetik ikasleak euskalduntzera pasa behar dugula. Baina inoiz ez dugu horretarako egiturazko neurririk hartzen; administrazioek ez dute lehentasunen artean kokatzen, eta gainerako eragileak ez dira helburu horiek erdiesteko antolatzen. Eta bada garaia. EAEko curriculum berriak, adibidez, hezkuntza arautuan irakasleen gaitasun batzuk bermatzeko eskaera zehatzak eta neurri ekonomikoak hartuko ditu, eta sare publikoko irakasleek digitalizazioan trebatzeko bi urteko epea izango dute. Horretarako, inbertsioak egingo dira, eta ez du ematen inork zalantzan jarriko duenik irakasleek gaitasun digitala beharko dutela hezkuntzak etorkizunean izango dituen erronkei modu egokian erantzuteko. Baina, era berean, bestelako gabeziek (larriagoek) bere horretan jarraituko dutela ematen du: noizko kulturaren arloko trebakuntza? Noiz izango da derrigorrezkoa kulturan trebatuta egotea? Badirudi etorkizunean ere irakasleen ezagutza eta transmisio kulturala norbanakoaren borondate, identitate eta ideologien baitakoa izango dela. Ez baita hori herri honen lehentasuna, agi denez.
Bada garaia herri gisa erronka horri heltzeko, eta horretarako, ezinbestekoa da irakasleen hasierako eta etengabeko prestakuntzan euskal kulturaren transmisioari modu serioagoan heltzea. Izan ere, Iratxe Retolazak dioen moduan, kulturak munduaren inguruko errepresentazio bat egiten du, eta oro har, aukerak ematen dizkigu pertsona nahiz komunitate gisa ez soilik gure gaurkoari patxadaz begiratzeko eta kritikoki irakurtzeko, ez bada etorkizunari begira ere aukera posibleak irudikatzeko.
Ildo horretatik, nik bost erronka nagusi azpimarratuko nituzke etorkizunera begira:
1. Ipar nazionalak marraztea, eta ipar horiek lortzeko ikasleen eta irakasleen profil idealak irudikatzea. Ez ahal dugun horretatik, baizik eta nahi dugun horretatik. Eta iparrak herri mailakoa izan behar du. Eduardo Galeanok esaten zuen utopiek ibiltzen jarraitzeko balio dutela, eta une honetan hori behar dugu, ipar partekatu baterantz ibiltzen jarraitzea. Herri honek utopietan sinetsi izan ez balu, gaur egun, adibidez, ikastolarik ez litzateke egongo. Utopian sinetsi izanak ekarri gaitu honaino eta utopietan sinesten jarraitu beharko genuke ibiltzen jarraitzeko. Hegemoniek ez ditzatela gure iparrak marraztu.
Azkenaldian gure hezkuntza sistemaren aldarri bihurtu dira eleaniztasuna, kulturartekotasuna… Ez ote dira, ba, hizkuntza nagusiak horretan ardura handiagoa dutenak? Zergatik ez dugu hiztun gutxiagotuez hitz egiten, euskal kulturaren transmisioaren etena ardatzean jartzen…? Zer da euskara ardatz izatea, ez bada euskal identitatea eta kultura ardatzean jartzea? Horrek zeharka dezala curriculuma behetik gora, ezker eskuin. Baina hegemoniak beste formazio behar batzuk agintzen dizkigu: sare publikoko irakasleek digitalizazioan titulua atera beharko dute bi urteren buruan. Baina ardatza ez al zen euskara? Gure utopiak zein diren zehaztu beharko genuke behingoz, eta bide horietan aurrera egin. Eta bide horrek sistematikoa, egiturazkoa eta nazionala izan behar du.
Bestalde, Euskal Hezkuntzaren ardura duen egitura nazionala behar dugu, honako helburuekin: Euskal Herriko unibertsitateek, eskolek eta herrigintzako erakundeek egoeraren diagnosia egin eta aurrera begirako bideak adosteko eta horiek egonkortzeko; Haur Hezkuntzatik hasi eta unibertsitateraino herri gisa pentsatzeko zer egin kultura eta identitatea ardatzean jartzeko eta erronka horri tamainako erantzuna emateko; euskal unibertsitateen arteko lankidetzak eta saretzeak ekarriko dituzten ikasketak eta ikerketak nola indartu pentsatzeko; eta, azkenik, formazio talde nazionalak eraikitzeko, unibertsitatea eta eskola elkarrekin arituz eta kulturaren biziberritzea ardatzean jarriz.
2. Edozein irakaslek izan behar du hiru ardatz hauen inguruko ezagutza euskal hezkuntza sisteman aritzeko: euskara gaitasuna, ezagutza soziolinguistikoa eta kulturaren ezagutza. Eta horiek hirurak ikasleekin lantzeko estrategiak behar dituzte, beren jakintza-arloa zeinahi delarik ere. Zientzietako irakaslea izan, Gizarte-Zientzietakoa izan, Hizkuntzakoa izan… denok izan beharko genituzke hiru ezagutza horiek. Baga, idatzizko eta ahozko komunikazioan trebeak diren irakasleak behar ditugu, eta ikasleak komunikazio horretan trebatzeko gaituak. Biga, hiztun kontzienteak nahi baditugu, ezin dugu kontzientzia hori lantzea Euskara eta Literaturako irakaslearen gain utzi, eta curriculumean islatzen den euskararen instrumentalizazioa gainditu behar dugu, eta kultur identitatea bere osotasunean hartu.
Euskaraz bizitzea hautu bat da hizkuntza gutxiagotuetan. Helena Baraibarrek dioen moduan, “euskara irakasteaz gain, euskaldun izatea zer den azaldu behar zaio ikasleari”. Baina, era berean, ezin dugu ardura guztia ikaslearengan utzi. Beraz, ikasleek zein irakasleek euskal hiztun aktibo bihurtzeko, hizkuntza gutxituan aritzearen arrazoiak ulertu, eta euskal kultur komunitatearen parte aktibo izan behar dute.
Eta higa, kultur ezagutza duten irakasleak behar ditugu. Aitor Etxartek zioen moduan, irakasleak kultur eragile izan behar du, eta horretan huts egiten ari gara. Askotan aipatzen da eta hauspotzen dira motibazioa edota erakarpenaren indarra. Maialen Lujanbiok zioen moduan, erakarpenetik ekarraraztera pasatu behar dugu, eta bada hori egiteko garaia. Kasu horretan, motibazioa eta bizipenak garrantzitsuak dira, baina jakintza ezinbestekoa da iparrak markatuko baldin baditugu. Irakasle batek hizkuntzaren eta kulturaren bilakaera ezagutu beharko lituzke, jakin beharko luke hizkuntza eta kultura biziberritzeko prozesuetan gakoak zein diren, baita euskal gizartearen ezaugarriak eta tentsioak zein diren ere; kultur politikak eta plangintzak nolakoak diren eta nolakoak izan beharko liratekeen, eta kulturgintzaren adarrak eta bakoitzaren ibilbideak, galdegaiak eta erronkak zein diren. Hori guztia jakinda pasako gara esperientzietara, motibatzera, pozik egotera, emozionatzera eta ikastera, baina lehenik eta behin iparrak behar ditugu.
Bestalde, ikastoletatik kanpo aritzen diren irakasleei material koherentea erabiltzea eskatuko nieke. Askotan pentsatzen dugu ikastetxe batean material jakin bat erabiltzen denez horrekin aurrera egitea beharrezkoa dela, baina ez dago zertan. Ikastolen Elkarteak, esaterako, material bikaina argitaratzen du, euskaraz eta euskaratik sortua, Euskal Herrian eta Euskal Herritik. Bada garaia, beraz, inertzia batzuk apurtu eta herri gisa modu kontzienteagoan aritzeko, dela hautatzen dugun materialetan, dela lantzen ditugun edukietan, dela hizkuntzari eta kulturari ematen diogun zentraltasunean.
3. Herri honetan abangoardiak osatu behar dira euskal kulturaren biziberritze prozesuan. Hezkuntza sistemak abangoardia horren parte aktibo izan beharko luke, eta beraz, irakasleak horretarako prestatu. Hizkuntza eta kultura hegemonikoen itzalpetik atera behar dugu, baina diskurtso eta eztabaida hegemonikoetatik ateratzea ere beharrezkoa da eta hor katramilatze handia dago. Diskurtso eta eztabaida antzuetan sartzen gaituzte aurrera egin ez dezagun, oztopoak izan ditzagun, eta gu bete-
betean sartzen gara eztabaida antzu horietan. Horren adibide garbia da ikastolen kontrako gurutzada ere.
Gaur egun ikastola da daukagun hezkuntza proiektu nazional bakarra, eta beraz, pentsatzekoa da ikastolek dutela kulturaren biziberritze prozesuan abangoardia izateko indarrik garrantzitsuenetakoa. Joxi Imazek eta bestek ziotenaren haritik, “publiko-pribatu eskema liberala sinpleegia da, eskema horretan beste espazio inportante bat falta delako: herrigintzarena. Beti garrantzitsua, baina bereziki gurea bezalako herrialdeetan, estaturik gabeko nazioetan”. Ildo horretatik, gure helburuak eskola sistema propioa izan beharko luke, eta pentsatu beharko genuke nola prestatu irakasleak kulturaren biziberritze prozesuan eragile aktibo izan daitezen. Ikastoletan, erakunde gisa, eta ahal den neurrian, administrazioen esku dauden ikastetxeetan.
Horrenbestez, diskurtsoak geuretik eraiki behar ditugu, eta eztabaida horiek geuretik kokatu. Irakasleek ere jakin beharko lukete hezkuntzaren parte diren eztabaida horiek birkokatzen. Hainbat eztabaida eta galdera datozkigu etengabe, eta guk erabaki beharko genuke geure banderak zein diren zeren, askotan, txikiagoak izatearen konplexutik hartzen ditugu inposatzen dizkiguten banderak.
4. Kultur esperientziak eskaintzen trebatu behar ditugu irakasleak: hasi kultur kontsumotik eta ikaslearen sorkuntzaraino. Horretarako, etengabeko formakuntzak ere eredu horretatik edan behar du. John Deweyk esperientziatik ikasteko beharra aldarrikatu zuen XX. mendearen hasieran, eta oraindik ere, ez dugu lortu hezkuntzan kultur esperientzia aberatsak eskaintzea. Horren sorburuan, beharbada, irakasle batzuen esperientzia falta egon liteke euskal kulturaren baitan, baina beste batzuetan, kultura hori biziarazteko estrategiak falta zaizkigu. Kultura tripetatik pasatu behar da bizi-esperientzia gisa emankorra izango bada.
Euskararekiko eta kulturarekiko atxikimendua lortu nahi baditugu, esperientziak eskaintzea ezinbestekoa da. Eta jakina, ikasleei esperientzia horiek biziarazteko, irakasleak bere azalean bizi behar ditu aurrez, eta horrez gain, esperientzia horiek biziarazteko eta horietatik ikasarazteko estrategietan formazioa behar du.
5. Hezkuntzaren dimentsio komunitarioan arituko diren irakasleak behar ditugu, egoera berriei herri gisa erantzungo dietenak. Jendarte likido edo gaseosoa omen da bizi duguna, galkortasunak eta aldakortasunak ezaugarritzen duten jendartea; ez dago behin betiko irtenbiderik ez harreman edo egitura sozial egonkorrik. Hori horrela, irakaslearen formazioak berebiziko garrantzia du hezkuntzan dauden erronkei aurre egiteko. Izan ere, irakaskuntza azalekoa eta galkorra bihurtu da, etengabeko berrikuntza eta formazioaren berehalako eraginak bilatzen dira. Irakasleek errealitate aldakorretara egokitu behar dute, eta, beraz, garrantzitsua da irakasleak etengabeko formazioarekin konpromisoa izatea. Ildo horretatik, euskaran eta euskal kulturan ardazturiko irakaskuntza nahi badugu, gai horietan irakasleen etengabeko formazioa ezin da aukerakoa izan. Egoerari neurriko erantzuna emateko, formazio talde nazional bat sortu behar dugu eta kulturaren biziberritze prozesua bermatuko duten irakasleak prestatu.