Eraldaketaren gurpilean, Lehen Hezkuntzan

2022-10-28

Lehen Hezkuntza eraldatzen hasi ginen, hasi ziren, hasi gara, hasi dira, hasiko gara, hasiko dira... denetarik dago. Euskal Herriko ikastetxe asko curriculum dekretu berria etorri aurretik ari ziren aldaketak egiten, beste askok aitzakia gisa baliatuko dute orain eta beste zenbaitentzat geroxeago izango da momentu egokia. Edonola ere, eraldaketaren gurpila mugimenduan dago Lehen Hezkuntzan. Hik Hasi Udako Topaketetan ikastaro berezia antolatu zen gai horren bueltan Hezkuntza Sailarekin batera eta han esandakoak bildu dira hurrengo orrialdeetan. Ikasturte berriarekin batera, Hik Hasiren bi urteko formazio berria ere abiatu da, Lehen  Hezkuntzako irakasle talde gogotsu batekin. Berrikuntza pedagogikoak ez du etenik. Zientziak, ebidentziek eta esperientziak ezagutza berriak eskaini ahala, hausnartzen eta partekatzen jarraitzera bultzatzen gaitu.

 
 
Eraldaketaren gurpilean, Lehen Hezkuntzan

H

ik Hasiren Udako Topaketa Pedagogikoetan fokua Lehen Hezkuntzaren eraldaketan jarria zuen ikastaroa burutu zen uztailean, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailarekin elkarlanean. Curriculum berriak ekarriko dituen aldaketak aurreikusita eta Haur Hezkuntzako paradigma berrian murgildutako haurrak Lehen Hezkuntzara iristen ari direla jakitun, hurrengo etapek ere egokitu eta eraldatu beharra dutela argi ikusten da. Non gauden, nora joan nahi dugun eta bidea nola egin nahi dugun hausnartzeko eta partekatzeko aukera eman zuen ikastaroak, ahaztu gabe, Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuordeak hasierako hitzartzean esan zuen moduan, ez garela zerotik hasten: “Aspaldi hasi genuen eraldaketarako bidea, egindakoa aintzat hartu behar dugu eta berrikuntzarekin jarraitu”.

 

Garbi dago eraldaketak ez direla egun batetik bestera gauzatzen, prozesu bat direla eta ibilbide bat egin beharra dagoela. Birginia Pozo Berritzegune Nagusiko zuzendariak azpimarratu zuen eraldaketek ekintza dakartela, “ekintzarik eta planifikaziorik ez baldin badago, ez dago eraldaketarik. Aldagai askok eragiten dute eraldaketan, eta egiten den aldaketa txikia izanagatik ere, eragiten du eta transferigarria da”. Pozori garrantzitsua iruditzen zaio eraldaketaren faseak identifikatzea eta diseinatzea, “bestela galtzeko arriskua baitago. Planifikazioan diagnostikoa egiten da, ondoren ekintzak egiten hasi eta gero berriro diagnostikora bideratu. Ibilbide zirkularra du. Eta garrantzitsuena: eraldaketaren arrazoia eta helburua zehaztea, bidean gal ez gaitezen”.

 

Aldaketa guztien aurrean erresistentziak sortzen direla ere gogorarazi zuen Pozok: “Beti daude aldekoak eta kontrakoak eta bi sentimenduak edo ikuspegiak orekatzea lortu behar dugu, dena ez delako oso polita edota oso itsusia. Erresistentzia sortzen duten aldagai ugari daude: eraldaketa mehatxu gisa ikustea; antsietatea sorraraztea; talde eragilearekiko konfiantza falta; kultura instituzionalaren beldur izatea; ziurgabetasuna; deserosotasuna; aldatzeko premiarik ez sentitzea; ezartzeko modua ez gustatzea; eraldaketarako gai ez sentitzea eta abar”. Erresistentzia horiek gutxitzeko hainbat estrategia proposatu zituen Berritzegune Nagusiko zuzendariak, besteak beste: irakasleei zer egin behar duten labur esatea, eginbeharrekoak gehitu gabe; irakasleen arteko interakzio aukerak piztea; ondo komunikatzea; programatzea eta epe batzuk ezartzea; lider eraginkorra izatea; eta komunitate sentimendua sortzeko ahalegina egitea.

 

Aldaketak eta zehaztapenak

 

Curriculum berriak konpetentzietan oinarritutako ikaslearen irteera profila definitzen du, eta behin hori definituta, funtsezkoa da hezitzaileek irteera profila ongi ezagutzea ikaslearen garapenean bidaide egokiak izan daitezen irakasleak eurak. Beraz, ongi ezagutu behar dira funtsezko konpetentziak, horien deskribatzaile operatiboak, konpetentzia espezifikoak, ebaluazio irizpideak eta oinarrizko jakintzak.

 

Ikas egoeratan oinarrituta lan egin nahi bada, Pozok ezinbestekotzat jo zuen lau ardatz kontuan izatea: “Haurra-ikaslea prozesuaren erdigunean jartzea; currilumaren printzipioak kontuan hartzea; konpetentzietan oinarritutako ikuspegi batekin, oinarrizko ezagutzak barneratzeko, aktibatzeko eta erabiltzeko diseinatuta egotea; eta testuinguruan kokatua izatea, esanguratsua eta integratzailea”.

 

Era berean, eraldaketek aurrera egiteko beste bi gako ere aipatu zituen: ikastetxeen autonomia eta irakasle eta hezitzaileen ahalduntzea. “Ikastetxeek autonomia eduki behar dute kudeaketarako, ikuspegi pedagogikoa hautatzeko, hezkuntza proiektua garatzeko, hezkuntza komunitatearen parte-hartzea bermatzeko eta curriculum proiektuak garatzeko —taldeak eta ikasgaiak malgutasunez antolatzeko eta aniztasunari erantzuteko—”. Irakasle eta hezitzaileen ahalduntzeari dagokionez, Pozoren iritziz, “autonomia, autoeraginkortasuna eta lankidetza dira ahalduntzeko giltza”.

 

Ibilbide hori guztia egiteko etengabeko formazioa beharrezkoa da, eta horretan ahalegin handia egingo dutela gaineratu zuen Pozok. “Formazio mota desberdinak bateratzea garrantzitsua iruditzen zaigu, jasangarria izan dadin. Eta baita prestakuntza eskolan bertan taldean jasotzea ere”. Hemendik aurrera ikastetxeetan berrikuntza arduraduna eta mentore digitala izango dira eta biak elkarrekin arituko dira eraldaketa bideratzen.

 

Egindakotik ikasi eta segi

 

Euskal Herriko Ikastolen Elkarteko Aritz Larreta Matematika arloko sortzaileak eta Amaia Artolazabal Lehen Hezkuntzako Curriculum arduradunak Pozoren esanak osatu zituzten Udako Topaketen ikastaroan. Haien iritziz, curriculum berriak konpetentziak ikasleen irteera profilaren zerbitzura jartzeko aukera ematen du. Baita konpetentzien hezkuntzan sakontzekoa parada ere. Eta azkenik, Lehen Hezkuntzaren argazki argiagoa egiteko balio du, “etapari osotasunean modu ordenatuan begiratzeko aukera”. Abantaila horien aurrean kezka bat ere azaldu zuten: “Euskal curriculumaren zaintza edo ardura ez da hain garbi geratzen. Ikastoletan erronka hori geure egin dugu eta eutsi egingo diogu”.

 

1996an konpetentzietan oinarritutako hezkuntzaren pedagogia plan nazionala egitea adostu zuten ikastolek, eta geroztik ibilbide berritzaile eta emankorra egin dute.

“Ikastoletan eraldaketa bi bidetatik etorri zen: batetik ikasmaterialgintzatik eta irakasleen prestakuntzatik, eta bestetik erreferenteen mintegietatik”, dio Larretak. DBHn ikasleen irteera profila zehaztu zuten eta horren zerbitzurako materiala sortu: Eki. Haur Hezkuntzan 0-6 markoa sortu zuten haurraren ezaugarriak zehaztuz eta ezaugarri horiek garatzeko behar diren testuingurua, espazioa, denbora, heldu mota... finkatuz. Bi horien artean dago Lehen Hezkuntza. Lehen zikloan (1., 2. eta 3. mailan) Haur Hezkuntzan landutakoaren jarraipena egin zen, continuum bat delako, eta Kimu materiala sortu dute. Bigarren zikloan (4., 5. eta 6. mailan) DBHko Ekiren planteamendua zabaldu dute. “Materiala eraldaketan laguntzeko sortu da, ez oztopatzeko, eta halaxe baloratu dute erabili duten irakasleek. Irakasleak baliatu dezake materiala behar duen bezala, eta ez materialak irakaslea”, gaineratu zuen Larretak. Lehen Hezkuntzako materialak ikas-egoerak eskaintzen ditu, artikulazio curricular batekin, betiere norberaren testuingurura ekartzeko eta egokitzeko. Fitxa bilduma edo testuinguruez haragoko beste elementu batzuk ditu: jolasen gida, material manipulatibo ugari, desafio txartelak, obra literarioak...

 

Materialarekin batera erreferenteen mintegiak ere beharrezkotzat jo dituzte ikastoletako irakasleek eta eraldaketaren ikur bilakatu dira; Izan HHn eta Egin LHn. “Erreferenteen mintegietan ikastoletako berrikuntza pedagogikoko arduradunak elkartzen dira eta lanketa gogoetatsuak egiten dituzte”, zehaztu zuen Artolazabalek. “Lanketa horiek norberak bere ikastolan praktikan jartzen ditu eta ondoren berriro ere mintegira eraman, han partekatzeko. Helburua praktika gogoetatsuak bideratzea da, ikastoletan hartu behar dituzten erabakietan laguntzea, irakasleen rolaz hausnartzea eta partekatzea. Baita haurra erdigunera eramate horretan haurrari nola begiratu aztertzea ere, horren baitakoa izango baita esku-hartzea”. Azken batean, erreferenteen mintegian hainbat alderdi lantzen dituzte: umearen continuum-a ikusi eta etapen arteko koordinazioa gauzatu; ikastolen arteko harremana estutu; hausnarketa pedagogikorako laguntza eman; eta kezkak, galderak eta erantzun posibleak elkarrekin partekatu.

 

Eraldaketak poliki-poliki egiten dira, bidean erabakiak hartuz, eta Artolazabalek zioen modura, “dabilen herriari goroldiorik ez, baina ibili zoroan ere ez”. Eraldaketaran ibilbidean giltzarri diren lau gako ikusi dituzte: pertsona eredua edo ikaslearen profila zehaztea, eraldaketaren ibilbidea eta helmuga ezartzen dituelako; lidergo pedagogiko partekatua izatea; irakaslearen profila ere zehaztea, hezi nahi diren pertsona ereduarekin koherentea izan dadin; eta praktika gogoetatsua egitea maila guztietan, egindakoaz hausnartuz, pentsatuz eta hortik hurrengo urratsak adostuz.

Eraldaketarako giltzarriak:

  • Eraldaketaren arrazoia eta helburua zehaztea
  • Ikasleen irteera profila eta irakasleen profila
  • Konpetentziak ezagutzea
  • Irakasleen ahalduntzea
  • Ikastetxeen autonomia
  • Etengabeko formazioa
  • Erreferenteen mintegiak
  • Ikasmateriala
  • Lidergo pedagogiko partekatua
  • Praktika gogoetatsua eta partekatua

Etenik gabeko jarduna

Ez dira orain hasi. Curriculum berria ezarri aurretik ere hasiak zeuden baratzea lantzen, proiektuak garatzen, mugimendu autonomoan ibiltzen eta taldean hausnartzen, besteak
beste. Ondarroako Zaldupe herri eskola eta Ripolleteko (Bartzelona) El Martinet eskola dira eraldaketaren gurpilean sartuta dauden bi ikastetxe eta Udako Topaketetan aurkeztu zituzten.

 

Ondarroako Zaldupe herri eskolan Haur Hezkuntzan mugimendu autonomoaren inguruan ekosistema desberdinak sortzen hasi ziren eta lan egiteko modua aldatu zuten. Horixe izan zen Lehen Hezkuntzan ere aldaketak egiten hasteko akuilua. Urtero maila bat aldatuz hastea erabaki zuten eta 2022-23 ikasturtean 3. mailan hasiko dira. Hiru lerroko ikastetxea izaki, maila bakoitzean hiru gelaren ordez hiru eremu dituztela esaten dute —Matematikakoa, Hizkuntzakoa eta Zientziakoa— eta eremu horietako bakoitzean bost gune dituzte:

  1. Kolektiba jolasa: irakasleen iritziz gunerik garrantzitsuena da. Goizero bakoitza bere gelara sartu eta ordu erdiz eguneko errutinak, azalpenak eta taldeko ekintzak egiten dituzte. Gero, gune hori arloko eremu bihurtzen da: Hizkuntzako gelan Mintzateka, Matematikakoan Mateteka eta Zientziakoan Zientziateka.
  2. Arreta zuzena: irakaslea lauzpabost umerekin geratzen da kolektiban azaldutakoa ulertu dutela ziurtatzeko. “Aniztasuna eta arreta emateko gune perfektua da”, Amaia Zabaleta ikasketa buruaren esanetan.
  3. Lan txokoa: ikasleak bakarrik aritzen dira lanean. Metakognizioaren unea izaten da: zer ikasi duten, zertarako, nola... hausnartzen dute.
  4. Ludikoa: eremu bakoitzean bi edo hiru egon daitezke. Mintzatekan liburutegia, sinbolikoa, txotxongiloa, antzerkia... Matetekan aroztegia, eraikuntzak, denda... Zientziatekan mediku kontsulta, albaitari kontsulta... “Beraien interesetatik sortutako proiektuak edo ikas egoerak lantzen dira eta ez dira ludiko hutsak, zerbait ikasteko helburuarekin prestatuta daude”, azaldu zuen Josebe Azpiri zuzendariak.
  5. Manipulatiboa: material manipulatiboarekin betetako gunea da.

 

Eraldaketa honekin batera, eskolako bizitzaren parte garrantzitsu bilakatu diren hainbat osagai dituzte Zaldupen: naturgunea, gela bakoitzeko ordezkari banarekin osatutako asanblada, eskola jasangarria lortzeko gela bakoitzeko “eko ordezkari” banarekin osatutako batzordea, guraso elkartea, ikas komunitatea, Erasmus +... Komunitatea osatzen laguntzen dieten osagaiak dira, Azpirik dioen bezala, “eraldaketa komunitatearekin egin behar baituzu, beraiekin, ez beraientzat”.

 

El Martinet-eko hausnarketak

 

Bartzelonako Ripollet herrian eskola berri bat sortzeko aukera izan zuten duela 19 urte eta geroztik hausnarketa kolektiboan murgilduta daude. Eskola hiru ardatzen gainean sortu zutela dio Meritxell Bonas El Martineteko irakasleak: etika —asmoa, intentzioa, erabakiak—, estetika —erabaki edo intentzio horiei ematen zaien forma— eta politika —eskola ikusgarri egin eta proiektu publiko bihurtzea eta eskolaren konpromiso politikoa ikusaraztea—. 

 

Urteetako hausnarketan sortu zaizkien hainbat galdera eta gogoeta partekatu zituen Bonasek Hik Hasiren ikastaroan, eraldaketarako akuilu modura:

  • Nola sortu daitezke ikas egoerak?
  • Ikas egoerak sortzeak harreman egoerak sortzea dakar ezinbestean. Beraz, nola sortzen ditugu harremanetan oinarritutako ikas egoerak?
  • Nola lortu ikaskuntza guztien zerbitzura jartzea ikasketa indibiduala izan gabe?
  • Nola lortu eskola leku atsegina izatea? Zer egin eskola leku lasaia, erosoa eta atseginaz gain, aktiboa, kritikoa eta zorrotza izan dadin?
  • Nola lortu konplazentzia edo guztien ongizatea?
  • Irakaslearen edo hezitzailearen lekuan jarrita, nola bilakatu taldea ikaskuntza-talde?
  • Nola lagundu diezaiekegu ikasleei eurek dituzten galderei erantzunak bilatzen? Zein estrategia erabili ditzakegu?
  • Zer egin dezakegu ikasleek oraindik egin ez dituzten galderak egin ditzaten?
  • Nola definitzen gara irakasle talde gisa? Zer daukagu komunean?
  • Nola eraikitzen da ezagutza kolektiboki?
  • Nola ikasten dugu elkarrekin pentsatzen?

 

Azken batean, galdera horiek norabide bat marrazten dute: elkarrekin ikasteko leku bat eraikitzea.

Ikuspegi aldaketak harreman aldaketa dakar

 

Alvaro Beñaran psikomotrizista eta pedagogoak hezkuntza eta pedagogia metodo berriek harreman mota berriak dakartzatela agerrarazi zuen ikastaroan emandako hitzaldian. Eskola tradizionalak harreman sozial mota bat zeukan: irakaslearen ekintza ikaslearengan. Hezkuntza metodo berriek, berriz, haurra erdigunean jartzera jo dute, eta horrek harremanak aldarazi ditu. Hartu-eman horietako protagonisten ezaugarriak aletu zituen Beñaranek.

  • Haur aktiboa
  • Heldu aktiboa
  • Pedagogia aktiboa