“Kolaborazioa nahi baldin badugu, familiak ere ahotsa izan behar du eskolan”
Joxe Amiama EHUko Donostiako Hezkuntza fakultateko irakasleak argi dio: familien eta eskolaren arteko harremanei buruz ari garenean, garbi izan behar dugu bi sistema ezberdinei buruz ari garela. Haien arteko elkarlana nahi badugu, familiak ere ahotsa eta erabakiak hartzeko aukera izan behar du eta bereziki garrantzitsua da familiek eskolan zer egiten den jakitea.
Familia eta eskola. Ikasleen bidez, nolabait, lotuta dauden bi eremu dira baina askotan urrun egoten dira bata bestearengandik.
Familiaren eta eskolaren arteko harremanari buruz baino, familien eta irakasleen arteko harremanei eta komunikazioari buruz hitz egin behar dugu, eskola irakasleak baino gehiago delako. Ikasleak, gainerako familiak eta beste langile batzuk ere badaude. Bestela irakasleak eskolaren osotasunarekin parekatzen ditugu eta nagusitasun osoa ematen diegu. Baina garbi izan behar dugu irakasleak eskolako parte bat direla, eta ez osotasuna.
Hiru zehaztapen maila bereizi behar dira harreman horietan: batetik, familiak eta irakasleek dituzten harremanak daude; bestetik, kontuan hartu behar dira ikastetxeak harreman horiei buruz hartzen dituen erabakiak; eta, azkenik, legeak eta gobernuek ezartzen dituzten politikak daude.
Haurren heziketan familia eta irakasleak dira bi zutabe nagusiak. Izaten al da elkarlanik haien artean?
Elkarlana beharrezkoa da. PISA datuek argi eta garbi diote: familiako kideen ikasketa maila gero eta altuagoa izan, ikasleen emaitzak gero eta hobeak izaten dira. Aldagai sozioekonomikoak garrantzi handia hartzen du eta, beraz, errendimendu akademikorako elementu garrantzitsu bat ikasgelatik kanpo kokatzen da. Zentzu horretan, irakasleek ikasleen errendimendua hobetu nahi badute, elkarlana beharrezkoa suertatzen da familiek ikasleari laguntza eman diezaieketelako. Bada esaldi esanguratsu bat: “Esan zein den zure posta kodea eta zer emaitza lortuko duzun esango dizut”. Horrek asko esaten du. Bizileku duzun auzoaren arabera, plano sozioekonomikoa eta ikasketa maila markatuta geratzen dira. Horrek ez du esan nahi familiak goi mailako ikasketarik ez badu laguntzeko aukerarik ez duenik. Izan ere, jakin beharko genuke goi mailako ikasketak dituzten familiek beren seme-alabekin zer egiten duten. Beste alderdi batzuk ere landu behar dira eta horien artean oso garrantzitsua da haurren eta gazteen aldetik espero duguna, igurikapenak. Edonola ere, irakasleentzat familiekin elkarlanean aritzea oso funtzionala da.
Nola gertura daitezke familiak eta irakasleak? Aurrez aurre eseri beharko al lirateke bakoitzak bestearengandik espero eta behar duena zer den azaltzeko?
Irakasleak eta familia biltzen direnean sistema berri bat sortzen da. Irakasleak sistema bat osatzen du, bere funtzionamendua du, bere ordutegiak ditu, bere erakusteko era du… Eta familiak badu beste sistema bat: denbora beste modu batera antolatzen du eta gauzak beste modu batera egiten ditu. Familia eta irakasleak biltzen direnean sistema berri bat sortzen da eta edozein sistema sortzen den unean, boterea sortzen da. Botere harreman horretan fenomeno bitxia gertatzen da: ikastetxeko barne funtzionamenduan boterea irakasleak duela eta berak erabakitzen duela familiekin noiz bilduko den. Familiek badute aukera bilera bat eskatzeko, baina irakasleak izango du azken hitza eta hark erabakiko du noiz bilduko diren. Irakasleek dute familiengana gerturatzeko giltza gonbidapena eurek egiten dutelako. Beraz, bilerak noiz izango diren irakasleek erabakitzen dute baina hezkuntza sistemaren goiko mailan familiak dauka boterea. Ikastetxean aldaketak edota konponketak egin behar direnean, adibidez, familien kexa urrunago iristen da irakasleena baino.
Denboraren faktorea hor dago. Beti presaka gabiltza eta denborarik ere ez dugu hartzen informazioa elkar trukatzeko.
Denbora faltaren kontua ere zehaztu egin behar da: batzuetan zama pertsonengan jartzen dugu baina presaka gabiltza agintariek horrela bizi behar dugula erabaki dutelako. Denbora falta eta denboraren antolaketa ez dira faktore indibiduala, bizimoduak berak dakarkigun arazoa da. Eta kontziliazio familiarrak, jakina, eragina du irakasleekin ditugun harremanetan, eskolaz kanpoko ekintzetan… Hori guztia lantzea oso garrantzitsua da.
Hik Hasi aldizkariaren 156. alean egindako elkarrizketan, eskola eta familia helburu bera duten bi sistema direla esan zenuen. Haurraren garapen integrala da helburua. Helburu hori, ordea, bide ezberdinetatik lortu nahi izaten dute hainbatetan. Nola uztar daiteke hori?
Garbi izan behar dugu familia eta eskola sistema ezberdinak direla. Horrez gain, familia guztiak ere ezberdinak dira elkarren artean. Familiek, gainera, askotariko prozesuak bizitzen dituzte eta aldaketak bizi ditzakete. Bestearen onarpena egon behar da guztiaren oinarrian. Eta hori dela-
eta, lankidetza planteamenduak egin behar dira. Umea laguntzeko bakoitzak zer egin dezakeen aztertzea funtsezkoa da. Denok nahi dugu onena gure seme-alabentzat eta gure ikasleentzat: autonomoak izatea, arduratsuak izatea, partaide izatea, besteekin harreman positiboak izateko estrategiak garatzea… Nire planteamendua da inork ez duela ezer irakasten. Pertsonak berak ikasten du. Irakastea besteak ikasteko bidea erraztea da, baina ikasi, besteak ikasten du. Eta uste dut ikasleari buruz hitz egiteko familiaren eta irakasleen arteko bilera egiten baldin bada, beharrezkoa dela ume edo gazte hori bertan izatea. Nola hitz egin dezakegu hirugarren pertsona bati buruz bera aurrean egon gabe? Ikasi behar duena bera da-eta! Ez du bilera osoan egon behar, baina egon behar du. Ikastetxe batzuetan horrela egiten dute eta nik uste dut indar handia duela. Batzuetan kasu zailak daudenean egiten da baina, hori eredu medikua jarraitzea da: ikaslea gaizki dagoenean edo arazoren bat denean egiten da, medikura joaten garenean bezala. Familiarekin harremana gauzak gaizki doazenean soilik planteatzen bada, eredu horren oinarria ez da lankidetza.
Ez da prozedura arrunta, baizik eta une jakin batean hartzen den ezohiko neurria…
Hori da. Eta nik uste dut hirugarren pertsona bati buruz hitz egiteko baldin bada, pertsona horrek bertan egon behar duela. Modu horretan umeak edo gazteak lotura egiten du eta ikusten du familia eta ikastetxea saiakera egiten ari direla bera ongi egon dadin.
Haur Hezkuntzan umeek lotura hori egiten dute: familia uzten dute eta familiarra den beste espazio batera joan nahi dute. Horregatik izaten dira haur txikientzat beren irakasleak onenak, nahiz eta kanpotik maiz ez dugun pertzepzio hori izaten. Haur Hezkuntzan irakasleak amen modukoak izaten dira umeentzat besoetan hartzen dituztenean, adibidez. Baina behar hori pixkanaka desagertzen joaten da eta lotura hori zaintzen ez bada, etxea eta eskola elkarren arteko harremanik ez duten bi mundu paralelo izatera pasatzen dira.
Familiek errespetuzko hazieraren alde egiten dutenean, adibidez, askotan talkak izaten dira eskolarekin. Eskolan kontrakoa egiten dutenaren kezka ere izan dezakete familiek. Nola bideratu liteke hori?
Hainbat plano daude. Alde batetik, plano pertsonala dugu. Bakoitzak gai bati buruzko pertzepzio jakina izan dezake. Bikotean bertan ere egon daitezke desadostasunak. Baina beste bi plano ere kontuan hartu behar dira. Lehena, ikastetxea bera. Ikastetxe bakoitzak bere hezkuntza proiektua du eta teorian, behintzat, dokumentu horiek balore handia dute ikastetxearen marka zein den jakiteko. Familiek marka hori zein den jakin behar dute eta irakasleek bileretan argi eta garbi transmititu behar dute ikastetxearen elementu nuklearrak eta berrikuntza proposamenak zein diren. Hezkidetza, esaterako, ikastetxe batean oinarrizko elementua baldin bada, familia guztiek jakin behar dute hala onartua dagoela eta planteamendu hori Europan bertan ere onartua dagoela. Zeren familia batentzat hezkidetzak zentzurik ez badu, neskak eta mutilak desberdinak direla pentsatzen badu eta mutilek botere handiagoa dutela uste badu, jakin behar du ikastetxearen planteamendua bestelakoa dela.
Europako iparraldean, esaterako, familiek aukera dute ikastetxea aukeratzeko eta eskubidea dute ikastetxeetan dokumentuak eskatzeko eta ikasgelara sartzeko. Atzeko aldean jartzen dira, behaketa egiten dute eta gero erabakia hartzen dute: euren umea hara eraman ala ez. Azken batean, euren altxorra, semea edo alaba, hara eraman behar dute eta ikastetxea nolakoa den jakin nahi dute. Hemen, berriz, halako zerbait egitea irakasle askorentzat inbasio baten moduko zerbait izango litzateke. Baina oso garrantzitsua da familiek jakitea ikastetxe horretan zer balore eta planteamendu dauden.
Azken boladan ikasleak maila sozioekonomikoaren arabera bereiztu dira. 2018ko PISA txostenak dio Europan ikastetxeen artean alde handia dagoela ikuspuntu sozioekonomikotik begiratuta. Euskal Autonomia Erkidegoan ere, aldea handia da. Handiak ez diren herrietan, bi ikastetxe soilik baldin badaude, bata ikastola eta bestea publikoa, kanpotik etortzen diren ikasleak ikastetxe publikora joaten dira gehienetan eta kanpotik etortzen diren familiek dituzten baloreak, eskemak eta egoera sozioekonomikoa, agian, ikastetxeak duen planteamenduaz bestelakoak dira. Eta ez da gauza bera familiaren eta irakasleen arteko harremana doitzea eskola publiko batean edo itunpeko batean. Goiko politikak ere kontuan hartu behar dira.
Familiek, tutoreen bidez jakin behar dute ikastetxe mailako planteamendua zein den. Eta garrantzitsua da, baita ere, gobernuek zer-nolako politikak egiten dituzten jakitea, zeren horrek gerora eragina izan dezake familien eta tutoreen artean gerta litezkeen talka horietan. Hiru elementu horiek kontuan hartzea ezinbestekoa da: familia eta tutorearen arteko harremana, ikastetxearen hezkuntza proiektua eta gobernuen politikak. Baina maiz gertatzen da familia tutorearekin biltzen dela eta mundua hor amaitzen dela dirudiela. Nire ustez tutoreak familiari ikuspegi zabalagoa eskaintzeko ahalegina egin behar du.
Gainera, familia bakoitzak eskaera ezberdinak egin diezazkioke eskolari. Nola egin diezaioke aurre eskolak egoera horri?
Lehen esan dugun moduan: ikastetxeko hezkuntza proiektuaren bidez. Dokumentuak, metodologia, gauzak nola egingo diren… hori guztia azaldu behar zaie familiei.
Haurrek, seguru eta babestuta sentitzeko, familiek eskolarengan konfiantza dutela sentitzea beharrezkoa da, ezta?
Konfiantza egon badago, zeren familiek euren altxorra ikastetxean uzten dute egunero. Baina ikastetxeak hezteko egiten duen planteamendua eta etxekoa ez dira berdinak. Etxean ume bat edo bi egoten dira eta gela batean hogeita bost ere egon daitezke. Nik esango nuke orokorrean konfiantza badagoela.
Eta ez dagoen kasuetan, nola eraiki daiteke konfiantza hori?
Neurri handi batean komunikabideen esku dagoela esango nuke. Arazoak daudenean hitz egiten dute hezkuntza arloko gaiei buruz eta ez dut ulertzen zergatik ez duten kontatzen zenbat gauza polit egiten diren gaur egun gure ikastetxeetan. Praktika on asko egiten ari dira. Baina gauza txarrak soilik kontatzen baditugu, zein izango da irudia? Eta zer konfiantza eraikiko dugu? Adibide bera jartzen dut beti: medikuek beti kontatzen dute zenbat pertsona salbatu dituzten baina ez dute kontatzen zenbat hil zaizkien, eta medikuntzan konfiantza handia dugu.
Prestigioa galdu al du irakasleen lanak?
Bai. Eta, neurri batean, prestigioa galdu du esperientzia onen berri ez delako ematen. Begirada puntu negatiboetan jartzen dugu eta txarra dena soilik kontatzea abiapuntu eskasa da konfiantza eraikitzeko. Irakasleen aldetik konpromiso handia dago, eta hori azpimarratu egin behar da.
Esan duzun guztia kontuan hartuta, familiek informazioa behar dute eskolarengan konfiantza izateko eta benetan harreman horiek landu ahal izateko. Hori da benetan falta dena?
Informazioak partekatua izan behar du: zerbait partekatzen ari garenaren pertzepzioa izan behar dugu. Bestela, informazioa ematen duenak boterea bereganatzen du eta harremanak horizontalagoa izan behar du, kontuan hartuta, jakina, familiaren eta irakaslearen rolak desberdinak direla. Bakoitzak bere arloan zer egin behar duen jakitea komeni da, eta hori landu egin behar da.
Nik askotan esaten diet irakasleei eskolako sistema ikasleekin egoteko diseinatuta dagoela eta horretan oso ondo moldatzen direla, gela batean, material jakin batekin… Egoera horretan eroso sentitzen dira. Baina ez daude prestatuta familiekin harremana izateko, eta egoera horietan urduritasuna sortzen da. Hori gertatzen da sistema berri bat sortu behar delako, bakoitzaren posizioa zein den jakinda. Ez da erraza, baina helburua horrek izan behar du. Zeren PISAk utzitako datuetan argi eta garbi agertzen da familiaren faktoreak nolako pisua duen ikasleengan.
Hurbiltzeko aukera bat ere izan al liteke eskolan familien parte-hartzea sustatzea? Horrek komunitatea sendotzen lagunduko al luke?
Bai. Familien partaidetzari dagokionez hainbat rol daude. Oinarrizkoak dira rol egilea eta rol kolaboratzailea. Rol egilea izango litzateke irakasleek familiei zer egin behar duten esaten dietenean: adibidez, mozorrotzeko eta aurpegia margotzeko, zerbait janzteko, San Tomas egunean txistorra prestatzera etortzeko... Familiek parte hartzen dute, baina irakasleek esaten dutena egitera mugatzen dira. Bestea rol kolaboratzailea da: San Tomas azoka egingo den ala ez denen artean erabakitzea, txistorra nork egingo duen, laguntzeko irakasleren bat behar den ala ez… Planteamenduaren oinarrian lankidetza dago eta partaidetzak pixkanaka kolaboratiboagoa izan behar du. Baina horretarako irakasleak albo batera utzi behar du duen boterea. Kolaborazioa nahi baldin badugu, familiak ere ahotsa izan behar du, eta erabakiak hartzeko aukera. Familian bertan, haurrekin ere hori gertatzen da: haurraren autonomia lantzeko guk automatikoki boterea galtzen dugu. Izan ere, agintzen badiegu, ez dira autonomoak izango. Jarduera guztiek ez dute kolaboratiboak izan behar, baina partaidetza soilik egiteko planteamendu horretatik ulertzea akatsa da.
Ikastetxe batzuetan unitate didaktikoak lantzen hasi aurretik familiekin partekatzen dituzte. Bilera egiten dute landu behar dutena eta zertarako landuko duten azaltzeko. Halako planteamenduak egiten direnean, indar handia hartzen da. Zeren, bestela, familiek ez dute ulertzen ikastetxeak egiten duena eta horren atzean dagoen lan profesionala, eta unitate didaktiko horren diseinuaren atzean profesionaltasuna dago. Nik irakasleei hori ere esaten diet: euren profesionaltasuna erakutsi behar dutela. Adibidez, familiak ikasturte amaierako festara hurbiltzen dira eta grabazio labur batean erakutsi diezaiekete zer egiten duten. Kontaktu gutxi izaten da familien eta irakasleen artean, urteko bilerak eta gutxi gehiago, eta garrantzitsua da familiek eskolan zer egiten duten jakitea. Komunikabideek alderdi onen berri eman behar dute eta irakasleek euren produktua saltzen asmatu behar dute.