“Lengoaiak bestea behar du, norbaiten presentzia behar du garatzeko”

2022-11-03

Hik Hasik azaroaren 25ean eta 26an antolatutako 'Hizketan hasi ezinik' izeneko jardunaldietan parte hartuko du Cira Rodriguez logopeda eta psikomotrizistak. Hari egindako elkarrizketa jaso dugu lerrootan. Komunikazioa biren arteko topaketa da. Hizketa ere, biren arteko kontua. Lengoaiak bestea behar du garatuko bada. Azkenaldian, ordea, gero eta gehiago dira hizketarekin arazoak dituzten haurrak eta hitz egiten hasteko unea berandutzen ari da, gero eta gehiago. Izan ere, haur askori bestea falta zaie. Interakzioa falta dute. Inguruan dituzten helduak urrun daude fisikoki ondoan izan arren, Rodriguezek dioenez, eta pantailen erabilera oztopo izaten da maiz interakzio horretarako, komunikaziorako. Hizketaren berandutzeak haurren garapenaren alderdi guztietan eragiten du eta garrantzitsua da adi egotea. Presentzia behar-beharrezkoa da komunikazioa transformatzen ari den aro honetan.

 
 
“Lengoaiak bestea behar du, norbaiten presentzia behar du garatzeko”

Hizketa berandutzen ari da. Espezialistak gero eta kasu gehiago atzematen ari dira. Zergatik ari da berandutzen hizketa?

Gauza asko gertatu zaizkigu. Ziurgabetasuna, segurtasunik eza, konfiantzarik eza, isolamendua bizi izan dugu eta bizitzen ari gara azkenaldian. Horrek guztiak haur asko garapenaren oinarrizko etapetan harrapatu ditu, 0-3 eta 3-6 urte tarteetan alderdi guztiak garatzen ari baitira. Hainbat faktore hartu behar dira kontuan: alde batetik COVID-19a dugu, baina pobrezia maila altuaz ere hitz egin behar dugu. Estatu espainiarrean familien % 38 pobrezian bizi da gaur egun. Pobreziak isolamendua dakar eta zaildu egiten du on line komunikazioetarako sarbidea, adibidez. Familia eta eskola ere hor ditugu. Kontuan hartzen baldin badugu komunikazioa, lengoaiaren garapena, biren arteko topaketa dela, nor dira bi horiek? Alde batetik umea dugu. Etapa jakin batean eta bere esperientziekin, esperimentatzeko, mundua ezagutzeko gogoz dagoena. Baina norekin egin dezake umeak hori guztia? Nor dago hori egiteko prest? Zeren haurrek ere sufritu dute pandemian. Nik uste dut ziur aski helduok baino askoz ere gehiago sufritu dutela. Izan ere, adinak berekin dakartzan berezko beldurrei helduen beldurrak gehitu zaizkie.

Umeek kalera ateratzeko aukera izan zutenean mundu hutsa topatu zuten, debekuz betetako mundua, beldurtia, isolatua. Horrek guztiak eragina du garapenean, etapa guztietan. Eta gero eskolako bizitza berrabiatu zen, baina burbuila taldeetan. Nola bizi izan dute umeek hori guztia? Nork galdetu die nola dauden? Nor geratu da haien ondoan beldur horretan bidelagun izateko? Dena zientzia fikziozko filma baten antzera bizi izan dute haurrek, ezertxo ere ulertu gabe, eta izan dira beldur horretan bidelagun izateko gai izan diren pertsonak, baina ez denak. Horrek guztiak eragin handia du 0-3 urte arteko umeengan. Handiagoei ere eragin die, maila guztietan izan dira ondorioak. Ume handiagoen kasuan lengoaia asko pobretu da, oso teknifikatua dago eta gainera amorru handia erakusten dute, beldurra, haserrea. 

Pandemiak komunikazioaren transformazioa ekarri du. Gero eta gehiago erabili ditugu gailu digitalak gure artean komunikatzeko eta, gainera, isolamendu handia bizi izan dugu. Isiltasuna nagusitu da, baina ez da izan ikasteko aukera, hausnartzeko aukera ematen duen isiltasun hori, baizik eta beldurraren isiltasuna. Eta horrek umeei ez die batere laguntzen. 

 

Pandemiak utzitako ondorioez gain, egunerokotasunean hizketaren berandutzea bultzatzen duten ohiturak hartzen ari al gara? 

Bai. Pandemia alderdi bat gehiago besterik ez da. Aurretik ere ikusten genuen gailu digitalen erabilerarekin transformazioa gertatzen ari zela eta pandemiak erraztu egin zuen transformazio hori. Mundu birtualerako pausoa azkarragoa izan zen eta mundu hori ezinbestekoa bihurtu zen. Baina umeek eta gizakiek, oro har, komunikazioa behar dugu, biren arteko harremana. Aparailu batek ezin du gizakia ordezkatu. Ez ditu keinu berdinak, melodia berdinak, begirada berdina… Umeak pantaila ikusten duenean sentitu egiten du, baina zer pentsatzen du? Nor da ikusten ari den hori hitzez adierazteko, horri buruz hitz egiteko ondoan dagoen heldua? Ipuinak irakurtzen zirenean espresioa jartzen genuen, keinuak, melodiak… Kontatutakoari bizitza ematen zioten horiek guztiek. Baina nola ematen zaie bizitza pantailako ahots metalizatu horiei, arrotzak, hotzak eta urrunekoak diren ahots horiei? 

Nork laguntzen dio umeari mundua ulertzen? Nolako bidelagunak dituzte gaur egun? Are gehiago haurtzaroan. Familiak bidelagun izate horretan misio garrantzitsua du, zaintzeko, gertatzen denari zentzua emateko, lasaitzeko… Eta eskolak ere bai. Komunikazioaren transformazioak eskolan ere ia irakaslearen papera ordezkatu duela ikusten dugu. Dena pantailen bidez egiten da. Baina giza presentzia beharrezkoa da, zeren lengoaiak bestea behar du, norbaiten presentzia behar du garatzeko.

 

Helduaren presentzia gakoa da, beraz. Ez presentzia fisikoa soilik, baizik eta bidelagun den helduaren presentzia. 

Bai. Badira guraso asko presente egonik urrun daudenak. Egoera ekonomikoa ere kontuan hartu behar da: gurasoek lan gehiago egiten dute, urrunago daude, aitona-amona asko erresidentzietan daude… Lehen aitona-amonek bazuten komunikatzeko beste modu bat: poliki hitz egiten zuten, gauzak askotan errepikatzen zituzten… Umearen bizitzarekin bat zetorren erritmo hura. Orain umeak arrastaka eramaten ditugu nonbaitera iritsi behar dugulako, eta inoiz ez gara iristen. Denboraren zentzua ere aztertu behar dugu. Zer ulertzen dugu denbora aipatzen dugunean? Eta zer-nolako kalitatea du? Presentzia aipatzen dugunean laguntzen duen presentziaz ari gara. Presente egoteaz eta denbora eskaintzeaz. Mugak ere jarri behar dira, jakina, zeren topa dezakegu familiaren bat dena umearentzat egiten duena eta gerora ume horrek zailtasun handiagoa izan dezake frustrazioak onartzeko. 

 

Presentzia horretan berebiziko garrantzia du interakzioak. 

Donald Winnicotek esaten zuen ezin garela existitu bestearen presentziarik gabe. Gizakia ez dago prestatua bakarrik egoteko. Denok behar ditugu harremanak, eta are gehiago haur txikiek. Umeak bestea bilatzen du eta interakzioa behar-beharrezkoa da, oinarrizkoa. Lengoaia biren arteko topaketa da, eta presente egon behar dugu. 

Baina, sistemaren aldetik, egiten diren politiken aldetik inbasio handia dugu. Konektatuta egon behar dugu, dena online da. Bestetik, gurasoek zer kontzientzia dute seme-alabak izateaz? Ume bat denaz? Oso garbi izan dezakegu zaintzaren beharrak zein diren: elikadura, higienea, parkera ateratzea… Baina nola ateratzen ditugu parkera? Txakur txiki bat izango balira bezala? 30 urteren bueltako guraso askok, depresio handia izango lukete mugikorra kenduz gero. Zeren mugikorra erabiliz hutsune bat betetzen dute: euren existentziaren hutsunea. Gurasoekin asko hitz egin beharko genuke. Baina zer egingo dugu eskolarekin? Lehen gurasoak irakasleekin biltzen ziren. Orain, berriz, informazio guztia telematikoki jasotzen dute. Ez dago elkarrizketarik, irakasleak ez ditu gurasoak ezagutzen. Orduan, nola lagunduko diete hainbat egoerari aurre egiten? Telebistak ere ez du laguntzen. Komunikazioaren transformazio horretarako nola prestatzen ari garen pentsatu behar dugu zeren oso azkar doa: tresna bat erabiltzen ikasten dugunerako, beste bat dugu esku artean. Eta horrek umeak gainditu egiten ditu, haiek erritmo propioa dutelako. 

 

Esan liteke, orduan, pantailen presentzia gizakiaren presentzia ordezkatzen ari dela?

Alor askotan bai. Zorionez horretaz jabetzen diren pertsona asko daude, horri bestelako kalitatea ematen saiatzen direnak. Baina garraio publikoan, adibidez, beti konektatuta goaz eta horrek pertsonen arteko komunikazioa oztopatzen du. Isolamendua dakar. Eta harremana edo interakzio hori da ikasteko eta pertsona gisa garatzeko aukera ematen diguna. 

 

Zer ondorio ditu haurrengan hizketaren berandutzeak? Garapenaren zein alderditan eragin dezake berandutzeak?

Alderdi guztietan. Haurdunalditik bertatik amak eta umeak komunikazioa dute eta umea jaiotzen denean fisikoki prest dago hitz egiteko, hainbat gauza egiteko… Ahoaren mugimenduei arreta jartzen die, eskuak deskubritzen ditu, zerbait ukitzera doa… Garapen globala da. Lengoaiaren funtzioa sinbolikoa da: zerbait ikusten dut eta zentzua ematen diot, hitza jartzen diot. Horrela hasten da komunikazioa. Haurrak, txikitatik, esperimentazioaren bidez ikasten du: ukitu behar du, hartu, begiratu, errepikatu, ezkutatu… Horrek guztiak pentsamendua eskatzen du eta, beraz, pentsamendua beharrezkoa da edozein arlotan ikasteko. Zeini eragiten dio gehien? Alderdi kognitiboari. Lengoaia ez da soilik gorputz lengoaia, hitzaren aurrekoa deitzen dugun hori. Hitzezkoan ahozkoa eta idatzizkoa dago. Nola ulertzen ditugu hitzak? Entzuten ez bagaituzte, nola joango gara fonema horiek deskodetzen? Bataren eta bestearen arteko aldea bereizten? Nola has gaitezke irakurtzen eta zer ulertzen dugu irakurtzen dugunean? Irakurketak, adibidez, dena hartzen du, umeek ikasi behar duten guztia. Jakintza zabaltzeko oinarrizko pausoak dira, baina jakintza hori erren gelditzen da bidean laguntzen ez bazaio. Eta horrek eragina du. Irakurtzen duzuna ez baduzu ulertzen, erakusten ari zaizkizuna ez baduzu ulertzen, erritmo motelagoan egiten duzu aurrera eta, kasu batzuetan, irakurketa, idazketa eta komunikazioa okertu egiten dira. Umeak ikasten ari dira eta helduok gara ikaskuntza hori zabaltzen joan dadin lagundu behar diegunak. Haien interesak kontuan hartu behar ditugu komunikazio eta harreman hori ezartzeko, segurtasuna emateko eta entzuten ari zaien norbait, ulertzen dituen norbait eta gainera prozesu hori errazten ari den norbait badela pentsa dezaten.

 

Epaiketarik egiten ez duena…

Epaitzea irakaskuntzaren pekatu handietako bat da. Ume batek ez dakiela edota ez duela kasurik egiten pentsatzen dugu, baina zer dakigu benetan umeei buruz? Ba al dakigu nola bizi diren? Galdetzera ausartzen al gara? Gero eta gehiago jolasten dute gailu digitalekin eta gurasoei askotan esaten diet koskorrekoak eta gorputzarekin jolastea faltan botatzen ditudala. Lehen lagundu egiten zitzaien, eutsi, baina orain administraziotik paperak eta paperak datoz, bete beharreko programazioak… Eta nola borrokatu behar da horren aurrean? Kontzientzia handia behar da, bai familian eta baita profesional gisa ere, hori guztia zalantzan jartzeko.

 

Umeak berak ere bere burua isolatzeko joera izan al dezake helduaren presentzia murrizten baldin badugu?

Nik ez dakit hori pentsatzera iritsi ote daitezkeen. Helduaren presentzia oso garrantzitsua da. Umeari espazioa eman behar zaio eta guk geurea hartzen jakin behar dugu. Modu horretan, eskolara iristean haurrak bestearen kontzientzia izango du, atxikimendu harremana ezarrita egongo da. Baina hala ez bada? Hizketari dagozkion arazo asko atxikimendu desegoki baten ondorio dira, lotura txar baten ondorio. Ez dago arazo neurologikorik, harremanen arloan sortutako arazoak dira. Eta horrek guztiak umea isolatzea dakar. Lankide batek esan zidan duela gutxi autismo kasu asko atzematen ari direla, eta nik galdetzen dut: autismoa da ala isolamendua da? Oso erraza da diagnostikoa egitea, baina haurra nola dagoen begiratzen jakin behar dugu, eskolara nola etorri den eta bere erritmoak eta denborak nola errespeta ditzakedan ikusteko. Ez da obligazio kontu bat. Errespetu kontua da. Umearekiko errespetu osoa izan behar dugu.

 

Zer egin dezakete hezitzaileek berandutzea saihesteko? Zer dago haien esku? 

Helduok haurrak esaten diguna jasotzeko eta bereizteko gaitasuna dugu eta eskolatik gauza asko egin daitezke, baina maiz oposaketak ateratzera bideratzen da gure jarduna. Eta behin lanpostua lortuta, zer gertatzen da? Bilatzeari uzten diogu? Ikasteari uzten diogu? Egiten duguna ez dugu zalantzan jarriko? Ez da soilik maila kognitiboan dakidana transmititzea, harago doa: nolako harremanak ditudan, kontzeptuak nola azaltzen ditudan, gauzak nola esaten ditudan… Eta ikasten jarraitzen dudan ala ez. Ikastaroak egiten ditut puntuak behar ditudalako, ala egiten dudana zalantzan jartzeko eta berritzeko aukera ematen didan formazioa jasotzen dut? Bizitza ikasketa etengabea da eta ez badugu ezertxo ere zalantzan jartzen, ez dugu deus ikasiko. Neure buruari galderarik egiten ez badiot, zer galdera egingo dizkiot haurrari? Non kokatzen dugu umea? Ume batekin hitz egiten dugunean nola kokatzen gara bere aurrean? Makurtu egiten gara eta bere altueran jartzen gara biok presente egoteko? Umeak, adibidez, “pilota” esan dezake, baina nik gehiago eman dezaket: “pilota urdina”, edo “pilota urdin handia” esan diezaioket. Hori komunikaziorako gonbidapena da eta egin liteke.

Beharrezkoa da norbere buruarekin zintzotasunez jokatzea arakatzen jarraitutzeko eta borrokan jarraitu behar dugu. Eskolaren eta etxearen artean zer antzekotasun egon daitekeen ere begiratu behar dugu. 

 

Haur batek hizketarekin arazoak dituela atzematean nola jokatu beharko genuke? Beharrezkoa al da espezialista batengana jotzea?

Hizketarekin arazoa dagoenean, umea zein egoeratan dagoen ikusi behar dugu. Gurasoekin hitz egin behar dugu zeren batzuetan etxean hitz egiten du, eta eskola espazio berria denez han ez du hitz egin nahi izaten. Zer dagoen behatu behar dugu eta arazoak ikusten baldin baditugu, eskolako logopedarengana bidal dezakegu. Prozesu ebolutiboa ezagutu behar dugu eta espezialistarengana bidali behar dugu, jakina. Datu guztiak aztertu behar ditugu garapena globala delako eta hizketan defizita dagoen kasuetan nola ibiltzen den, ea gauzak eskatzen dituen, ahozkoa ez den lengoaiarik ba ote dagoen, buruarekin ezetz esaten ote duen… ere begiratu behar dugu. Hau da: besteekin komunikatu nahi du? 

Lau urterekin jada adi egon behar dugu, zeren badira finkatzen diren hizketarako zailtasunak, eta gero zailagoa da horri buelta ematea. Medikuek, agian, normala dela esango digute, baina ez da normala haur batek hiru urterekin ez hitz egitea. Itxaron zerrendak luzeak dira osasungintza publikoan. Haur batek agian urtebete edo hortik gora itxoin behar du espezialista batekin egon arte. Konturatzen al gara zer den urtebete bizitzako etapa horretan? Itxaronaldi horretan laguntzeko gaitasuna eta gurasoekin egoteko gaitasuna izan behar dugu. Guraso asko beldurtu egiten dira eta lan hori irakasleari edo logopedari uzten diote, baina familiak funtzio garrantzitsua du prozesu horretan, eta bete egin behar du. Batzuetan portaera arazoak, atxikimendu arazoak, harremanetan arazoak… izaten dira horren guztiaren atzean. Dugun kontzientzia mailak kezkatzen nau, zeren ez dakigu sistema honek nora eramango gaituen. Eta kexatu egiten gara, baina ez ditugu tresnak ateratzen bizitzen ari garen min hori garbitzen joateko.