Kontseiluaren 'Batuz Aldatu' ekimenera eragile gehiago batu dira

2022-11-07

Azaroaren 5ean, larunbata, Donostiako Parke Teknologikoan elkartu ziren Kontseiluaren Batuz Aldatu ekimenaren bultzatzaileak. Ehundik gora eragileetako ordezkari eta sinatzaileek Lehen Biltzgar Nagusia egin zuten eta 2021eko ekainean adostutakoa berretsi zuten: euskararen erabilera erosorako baldintzak sortzea eta bermatzea esparru desberdinetan, hizkuntza politiketan eragiteko helburuz. Horretara iristeko, ezagutzaren unibertsalizazioa eta euskara erabiltzeko eremuen sorrera eta saretzea funtsezkotzat jo zituzten.

 
 
Kontseiluaren 'Batuz Aldatu' ekimenera eragile gehiago batu dira

Larunbateko biltzarrean hainbat eremutan urtebete honetan egindako urratsak eman ziren ezagutzera: administrazioan, hezkuntza formalean eta ez-formalean, helduen euskalduntzean, kulturgintzan, komunikabideetan eta esparru digitalean.

Hemendik aurrera elkarrekin jarraitzearen garrantzia azpimarratu zuen Kontseiluko eledun Paul Bilbaok. “Zalantzarik ez dugu elkarrekin eraginez gero, emaitza are hobeak erdietsiko ditugula. Izan ere, hizkuntzaren aferan denok dugu zer egin eta zer esan. Garrantzitsua da eragile guztiek hizkuntzaren ikuspegia ere txertatua izatea. Eta horretaz gain elkarrekin eragiteko espazioak eraikitzen baditugu, askoz ere errazagoa izango da hizkuntza-politiketan eragitea, adostasun sozialetatik adostasun politikoetara jauzi egitea”.

Biltzarraren bukaeran, bertaratu diren ordezkariek ongi etorria egin diete dinamikari atxiki zaizkion eragile berriei: Ekonomisten Euskal Elkargoa, GAURGEROA (Euskal Herriko Jubilatu eta Pentsionisten Elkartea), Gazte Euskaltzaleon Sarea, Gipuzkoako Abokatuen Elkargo Prestua, HiTZ (Euskal Teknologiako Zentroa), Lanartea (Euskararen Langile Profesionalen Elkartea), Pantailak Euskaraz, Sukar Horia, UZEI, Xake Espazioa eta XUTI (Ipar Euskal Herriko gazteen erakundea).