Irakasle gisa, zer erronka jarri beharko genioke geure buruari Euskaraldian?
Goiatz Urkijo (Euskaraldiko koordinatzailea) eta Kike Amonarriz (Euskaltzaleen Topaguneko lehendakaria): 2022ko azaroaren 18an hirugarren Euskaraldiari ekingo diogu Hitzez ekiteko garaia lelopean. Hitza delako ariketa honen langai, tresna eta helburu, herritarrak eta era guztietako entitateak aktibatu nahi ditugulako euskararen erabileran urratsak egin ditzaten, eta pandemiak suposatu duen itxialdi, geldialdi eta elkarrengandiko urruntzearen ondoren, berriro kaleak euskaraz hartzeko garaia dela uste dugulako.
Euskaraldia, hizkuntza-ohiturak aldatzeko, edo euskarazko jardunari eusteko proposamena da. Ez da euskararen aldekotasuna erakusteko kanpaina bat, hiztunen praktika errealetan eragin nahi duen ariketa soziala baizik. Horretarako bi rol desberdin proposatzen dira; Ahobiziek euskaraz egingo diete euskaldunei, lehen hitza euskaraz egingo dute beti, eta solaskideak ulertzen duen neurrian euskarari eutsiko diote elkarrizketa elebidunen bidez. Belarriprestek, berriz, euskaldunak beraiekin euskaraz egitera gonbidatzen dituzte, eta egoeraren edota ezagutza-mailaren arabera, beraiek, euskaraz edo erdaraz egingo dute.
Bestalde, joan den ediziotik, era guztietako entitateak gonbidatu ditugu ariketan parte hartzera Ariguneen bidez. Ariguneak sortzeko, partaide guztiek, gutxienez, euskaraz ulertu behar dute, gehienek onartu behar dute ariketan parte hartzea eta zuzendaritzen edo arduradunen oniritzia izan behar dute. Era horretan, euskaraz egiteko leku erosoak, baimenduak eta seguruak sortzen dira. “Estres linguistiko”rik gabeko guneak lirateke.
Testuinguru honetan, irakasleek Euskaraldian beren buruari zer erronka jarri beharko lioketen erantzuten ahaleginduko gara lerrotan.
Norbanako gisa
Irakasleek, lehenik eta behin, beste herritar guztiek bezala, ahobizi edo belarriprest rola aukeratuta har dezakete parte Euskaraldian. Hori da oinarrizko urratsa, baina, oso urrats garrantzitsua.
Irakasleek beraiek, erronka pertsonalak plantea ditzakete beren ingurunean (familia, lagunak, herria...), ikastetxean edo maila orokorrean. Eta ingurukoak ere animatu ditzakete ariketan parte hartzera.
Euskaraldian txapa jantzi duten pertsona gehienek bezala, izango dituzten bizipenek eta lorpenek, balio handiko materiala osatuko dute ikastetxeetako lanari eta ikasleekiko nahiz irakasleekiko harremanei begira.
Ikasleen aurrean
Euskaraldian parte hartzen ari den irakasleak, ikasleei ariketaren zentzua azal diezaieke: zergatik egiten den Euskaraldia, zergatik den horren beharrezkoa gurea bezalako egoera soziolinguistiko batean, zer diren hizkuntza-ohiturak edo estres linguistikoa, ohitura horiek nola aldatu daitezkeen eta abar.
Ikasleei azal diezaieke ere, Euskaraldia 16 urtetik gorako hiztunei zuzenduriko ariketa dela, hizkuntzaren biziberritze-prozesuan helduek duten erantzukizuna nabarmendu nahi delako. Askotan, euskararen berreskurapenean, fokua haur eta gazteengan jartzen da, eta agerikoa da, haur eta gazteek haien hizkuntza-ohiturak aldatuko badituzte eta euskaraz egingo badute, ezinbestekoa dela horretarako espazio eta aukera egokiak eta erosoak sortzea, eta horren ardurarik handiena helduen belaunaldiak du.
Ideia hauek, eta beste batzuk, sakonxeago jorratu genituen 2018ko azaroan Hik Hasi aldizkarian bertan Euskaraldia: herritarren hizkuntza ohituretan eragiteko ariketa soziala artikuluan. Bertara jo dezakezue informazio gehiagoren bila.
Lekukotza pertsonala ere eman dezakete irakasleek, beren biografia eta bizipen linguistikoak ikasleekin partekatuz, Euskaraldian beren buruei jarri dizkieten erronkak azalduz, eta haien eta gelakideen hizkuntza-ohituren inguruan hausnartuz.
Hizkuntza-ohiturez gain, Euskaraldiak aukera ematen du hizkuntzekin loturiko bestelako gaiak ere jorratzeko:
Geletako eta gure herrietako aniztasun linguistikoa. Munduko aniztasun linguistikoa eta une honetan bizi duen arriskua. Biodibertsitatearen galera eta hizkuntza-aniztasunaren galera hizkuntza-ekologiaren ikuspegitik...
Euskal Herriko errealitate soziolinguistikoen aniztasuna. Esku artean ditugun datu soziolinguistiko berriak (Soliziolinguistika Klusterraren kaleko neurketa, zentsuaren azken datuak...).
Euskal Herriko euskararen aldaerak eta hizkeren ugaritasuna. Hizkera guztien balioa, familia eta ingurune erdaldunetatik datozen haur eta gazteen hizkeren balioa nabarmenduz. Hiztunen autoestimu linguistikoa eta konplexuak, eta berauek gainditzeko arrazoiak eta bideak...
Euskara erabiltzeko aukerak, zailtasunak eta arrazoiak.
Euskarazko kultur-eskaintza: zer dagoen, zein neurritan ezagutzen den...
Euskararekin duten harremana lantzea ere interesgarria izango litzateke. Erabiltzen dute? Horrela bada, zergatik? Eta gutxi erabiltzen badute, zergatik gertatzen da hori? Hizkuntza bat erabiltzeko, hizkuntza horrekiko harreman ona ere ezinbestekoa baita.
Ariketa 16 urtetik gorakoentzat izan arren, oso onuragarria da haurrek eta nerabeek helduak zertan ari diren jakitea. Izan ere, horiek izango dira etorkizuneko euskal hiztunak eta euskararen erabileraren motibazioa denon artean sustatzea garrantzitsua da. Ildo beretik, azpimarragarria da haurrek eta gazteek helduengan eragiteko duten gaitasuna: xaxatzaile rola eman izan diegu aurreko bi edizioetan, eta rol hori bete dezakete etxean, dendetan edo eskolaz kanpoko jardueretan. Horrekin lotuta, Haur eta nerabeek egiteko esanguratsua daukate Euskaraldian izenburupean erabilgarri dauden unitate didaktikoak euskarri egokiak izan daitezke lanketa horretarako.
Irakasleen artean
Haurren aurrean, helduak heldu izenburua jarri genion, haurren ingurua osatzen duten kolektiboetako pertsonek beren hizkuntza-ohiturak aldatzeko helburua zuen egitasmoari. “Zer ikasi, hura ikasi” esaera zaharrak iradokitzen duen bezala, haurrek eta gazteek arau sozial nagusira egokitzen dute haien mintzajarduna, nagusiek eskaintzen dieten ereduari jarraiki. Arrue Ikerketaren datuek argi islatzen dute egoera da hau.
Haurren eta gazteen eredu horien artean, gurasoek eta irakasleek berebiziko garrantzia dute. Irakasleen arteko ohiko harreman-hizkuntza euskara bada, eredu egokia emango diegu ikasleei, baina ez bada horrela, nekez izango dugu autoritaterik, haiei euskaraz egin dezaten eskatzeko. Eta zoritxarrez, askotan aipatu izan digute irakasleek, ikastetxeetako euskara arduradunek eta ikasleek beraiek, irakasleen hizkuntza-portaera dela hobetu beharreko aspektu nabarmenetako bat, ikasleen euskararen erabilera sustatu nahi bada. Ez da ikastetxe guztien egoera, baina, nabarmena da zer hobetua badagoela
Euskaraldia oso garai egokia da, ikastetxeetan, maila horretan suma daitezkeen hutsuneen inguruko hausnarketa bultzatzeko, irakasleak motibatzeko eta erabakiak hartzeko.
Ikastetxean
Ikastetxeak, klaustroak edo departamentuak Arigune bihurtzea bide emankorra izan liteke, batez ere, irakasleen arteko euskarazko jarduna bermatua ez dagoen kasuetan.
Euskararen inguruko hausnarketa hori, bestalde, ikastetxeetako hezkuntza-komunitate osoan zabal daiteke, baita jarduera akademikotik kanpoko esparruetara ere: jangeletan edo garraioetan, eskolaz kanpoko jardueretan, guraso-elkarteetan... Euskaraldiak proposatzen duen ariketa esparru horietara zabaltzea guztiz onuragarria izango da.
Gurasoak dira, modu berezian landu daitekeen beste multzoa. Irakasleek Euskaraldian parte hartzera animatu ditzakete, euskaraz ulertzen duten edo erdararako joera duten gurasoak belarriprest izatera, eta aukera dutenak ahobizi jokatzera. Etxeetako hizkuntza-ohiturak aztertu daitezke eta euskararen erabilera sustatzeko neurriak har ditzaten gomendioak eman...
Guraso-bileretako hizkuntza-irizpideak aztertu eta berauek euskaraz egiteko proposamenak egin eta neurriak ere har daitezke, behar dutenei itzulpena eskainiz...
Ondorioak
Euskaraldia hizkuntza-ohiturak aldatzeko proposamena da. Baina, Euskaraldia, gelan, klaustroan edo hezkuntza-komunitatearen edozein eremutan eta esparrutan hizkuntzaren inguruko hausnarketa egiteko eta egitera animatzeko helduleku eta aitzakia ezin hobea ere bada.
Euskaraldiari esker izandako lorpenak ikasleei eta hezkuntza komunitate osoari ezagutaraztea oso garrantzitsua izango da, aurrera begira, ikasleek, irakasleek, bestelako langileek eta gurasoek euskararen erabileraren aldeko pausoak eman ditzaten.
Azkenik, nabarmendu nahi genuke, Euskaraldia abenduaren 2an amaitzen bada ere, egun horietan aldatu diren praktikak eta izan diren lorpenak iraunarazteko eta hobetzeko lanak ikasturte osoan zehar jarraitu behar duela. Euskaraldiak jauzi bat emateko oinarria, testuingurua eta baliabideak eskaintzen ditu. Lortutakoari eustea, eta ahal den neurrian hobetzea, izango da hurrengo hilabeteetako helburua.
Hau guztia dela-eta, irakasle eta ikastetxe guztiak animatzen zaituztegu Euskaraldian parte hartzera! Ikastetxeetan ere Hitzez ekiteko garaia delako!